(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Diruzaintza :
      • 385/1993 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, justifikatu beharreko fondo libratuak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

385/1993 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, justifikatu beharreko fondo libratuak arautzen dituena

 

(1994ko 8. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 10ean. Aldaketak: 145/1997 Foru Dekretua, ekainaren 2koa)

Atarikoa

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/88 Foru Legeak, justifikatu beharreko fondoen libramenduak, bai kutxa finkoko aurrerakin motakoak, bai justifikatu beharreko benetako ordaintze‑aginduen motakoak arautzen ditu 59. artikuluan.

Aipatu artikuluak ordainketa mota honek bete beharreko oinarrizko arauak ezartzen baditu ere, beharrezko da haien erregelamendua arautzea, ordaintzeko modalitate horien kudeaketa eta kontrola hobeki antolatu ahal izateko.

Bestalde, Foru Lege horren 100. artikuluan aldez aurreko kontuhartzerik behar ez duten gastuak ezartzen dira eta hortik salbuesten ahal direnak ere bai. Kontutan hartuz kutxa finkoko aurrerakin gisa ordaintzen diren gastu gehienak 100. artikulu horretan aipatzen diren gastuak direla, beharrezko da, haren erregelamendua ere garatzea.

8/88 Foru Lege horren lehenbiziko azken xedapenean baimena ematen zaio Nafarroko Gobernuari hura garatu eta betetzeko behar diren arauezko xedapen guztiak eman ditzan.

Horren ondorioz, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko abenduaren hogeian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

I. TITULUA. JUSTIFIKATU BEHARREKO FONDOEN LIBRAMENDUAK

I. KAPITULUA. Kontzeptua eta motak

1. artikulua. Justifikatu beharreko fondoen libramenduak luzatzea.

Ondoko kasuotan izanen da bidezko justifikatu beharreko fondoen libramenduak egitea:

a) Frogagiriak ordaintze‑proposamena egin aurretik ezin aurkeztu direnean, Foru Dekretu honetan ezarri den moduan.

b) Egokitasunagatik edo behar bezala frogaturiko beste arrazoi batzuengatik, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak beharrezkotzat jotzen duenean kredituen kudeaketa arintzeko.

2. artikulua. Justifikatu beharreko fondoen libramendu motak.

Bi mota hauetako bat aukeratu beharko da justifikatu beharreko fondoen libramenduak egiteko:

a) Kutxa finkoko aurrerakinak.

b) Justifikatu beharreko ordaintze‑aginduak.

II. KAPITULUA. Kutxa finkoko aurrerakinak

3. artikulua. Kontzeptua.

Kutxa finkoko aurrerakinak justifikatu beharreko fondo libratuak dira, "ohizko ondasunetako eta zerbitzuetako gastuak" kapituluaren ordainketak egin ahal izateko, hau da, aldizka edo errepikatu egiten diren gastuak, bidaia gastuak, joan‑etorri eta dietakoak salbu, eta, oro har, Foru Dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar zaien zerbitzuek ohizko funtzionamendurako behar dituzten gastu txikiak.

4. artikulua. Kutxa finkoko aurrerakinen eraketa eta zenbatekoa.

1. Departamentu eta Erakunde Autonomo bakoitzerako bere kutxa finkoko aurrerakina eratuko da, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariaren baimena izan beharko duena.

Dena den, organo eskatzaileak behar bezala frogaturiko inguruabar bereziei begiratuz, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak baimena eman ahalko du Departamentu edo Erakunde Autonomo bati kutxa finkoko aurrerakin gehiago emateko. Horrelakoetan, baimenarekin batera zehaztuko da zein den aurrerakin bakoitzaren kudeaketarako erantzukizuna duen organoa.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak finkatuko du kutxa finkoko aurrerakin bakoitzaren zenbatekoa, ordainketak agintzeko mota honen bitartez aurreko ekitaldian egindako ordainketak zein diren ikusita. Oro har, zenbateko hori ez da milioi bat pezeta baino handiagoa izanen.

Dena den, organo eskatzaileak behar bezala frogaturiko inguruabar bereziei begiratuz, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak aipatu kopuru hori gainditzen duten mugak finkatzen ahalko ditu.

3. Esleitutako zenbatekoa Departamentu edo Erakundearen eskura jarriko da kreditu entitate batean irekitako kontu korronte batean. Arlo horretan indarra duten arauei jarraituz irekiko dira kontu horiek.

5. artikulua. Fondoak erabili eta ordainketak egitea.

Baimena duen pertsonak txeke izenduna luzatuz edo banku bidezko transferentzia eginez erabiliko dira fondoak eta eginen dira ordainketak, soilik Foru Dekretu honen 3. artikuluan adierazitako gastuen kargu egiteko.

Nafarroako Gobernuko Kontseilariek, beren Departamentuen esparruan, eta Erakunde Autonomoetako Zuzendari Kudeatzaileek izendatuko dute nork duen baimendutako sinadura fondoak erabili edo ordainketak egiteko.

6. artikulua. Gastuen justifikazioa.

Fondo horien hartzaileek, gastua egindakoan, jasotako diru kopurua zertan gastatu den frogatu beharko dute eta erabili ez diren fondoak aurrerakinaren banku‑kontura berehala itzuliko dituzte.

Gehienez, bi hilabetekoa da kontuak agertzeko epea, fondoak erabiltzen has daitekeenetik, eta dena den, aurrekontuaren ekitaldi barrenean egin beharko da.

7. artikulua. Gastuak kontabilizatu eta fondoak birjartzea.

1. Justifikaturiko gastuak haien aurrekontuetako kredituei aplikatuko zaizkie.

2. Justifikaturiko gastuen zenbateko bera birjarriko da fondoetan haien aurrekontuko aplikazioarekin batera. Ohizko ordainketa prozeduraz birjarriko dira fondoak, baina ordainketen hartzaile kutxa finkoko aurrerakinen banku‑kontuak izanen dira.

3. Ohizko ordainketen prozedura, Kontuhartzailetza delegatuen bidez egiten dena, erabiltzeak, ez dakar aldez aurretik gastuetan kontuhartzea egitea, Foru Dekretu honen 14. artikuluan xedatu bezala.

8. artikulua. Kutxa finkoko aurrerakinak itzuli, berriro ireki eta kitatzea.

1. Aurrekontu ekitaldia amaiturik, Departamentu edo Erakunde Autonomo bakoitzak Diruzaintzari itzuliko dio kutxa finkoko aurrerakinaren kontuan dagoen saldoa.

2. Ekitaldi hasieran, aurreko zenbakian ezarritakoa beterik dela, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak berriro irekiko ditu kutxako aurrerakinak, Foru Dekretu honen 4. artikuluaren arabera behar den zenbatekoarekin.

3. Kutxa finkoko aurrerakinak kitatu eginen dira haiek eratzeko arrazoiak desagertzen direnean, eratzeko eskaria egin zuen organoak hala galdatuta, edo Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak, arrazoietan oinarrituz, horrela erabakitzen duenean.

III. KAPITULUA. Justifikatu beharreko ordaintze‑aginduak

9. artikulua. Kontzeptua

Justifikatu beharreko ordaintze‑aginduak dira Foru Dekretu honen 1. artikuluko kasuetako gastuen kargu egiteko libratzen diren fondoak, kutxa finkoko aurrerakinik aplikatzen ez bazaie.

10. artikulua. Justifikatu beharreko ordaintze‑aginduen eraketa.

1. Aurreko artikuluan aipatzen den gastu bakoitzeko, bere ordaintze‑agindua, justifikatu beharrekoa, eskatuko da. Horrelako ordainketarik egin behar denean, gastu horiek egiteko eskumena duen organoak aldez aurretik baimena eman beharko du eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuari, ezartzen den prozedura erabiliz, justifikatu beharreko ordaintze‑agindua luzatu dezan eskatu.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak baimentzen dituen justifikatu beharreko ordaintze‑aginduen zenbatekoa Departamentu edo Erakunde Autonomo eskatzailearen eskura jarriko da, ordainketa modu horretarako den kontu korronte batean.

11. artikulua. Justifikatu beharreko ordainketak egitea.

Baimena duten bi pertsonek txeke izenduna luzatuz edo banku bidezko transferentzia eginez gauzatuko dira ordainketak, soilik Foru Dekretu honen 8. artikuluan adierazitako gastuen kargu egiteko.

Nafarroako Gobernuko Kontseilariek, beren Departamentuen esparruan, eta Erakunde Autonomoetako Zuzendari Kudeatzaileek izendatuko dute nork erabil dezakeen baimendutako sinadura ordainketak egiteko.

12. artikulua. Justifikazioa eta itzulera.

1. Ordaintze‑agindu horien hartzaileek, gastua egindakoan, jasotako diru kopurua zertan gastatu den frogatu beharko dute eta erabili ez diren fondoak Diruzaintzara berehala itzuli.

2. Gehienez, bi hilabetekoa da kontuak agertzeko epea, desjabetzapenengatiko ordainketak salbu, sei hilabeteko epean agertzekoak baitira. Dena den, justifikatu beharreko ordaintze‑agindua zein aurrekontu ekitalditan eman zen, haren barrenean agertu beharko dira kontuak.

II. TITULUA. KUDEAKETA ETA KONTROL ARAUAK

13. artikulua. Kudeaketa noren esku den.

1. Departamentuetako Idazkaritza Teknikoei eta horien pareko diren Erakunde Autonomoetako unitate organikoei dagozkie justifikatu beharreko fondo libratuak kudeatu, jarraitu eta justifikatzeko behar diren eginkizun guztiak.

2. Departamentu edo Erakunde Autonomo berean kutxa finkoko aurrerakin baterako baino gehiagorako baimena ematen denean, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak bere baimenean izendatzen dituen organoen esku geratuko dira aurreko zenbakian aipatu diren kudeaketa eta kontrol eginkizunak, Foru Dekretu honen 4.1 artikuluarekin bat etorriz.

3. Lauhileko natural bakoitzaren ondoko hilabetean, Idazkaritza Teknikoek, edo aurreko zenbakietan aipatu kudeaketa eta kontrol eginkizunak beren esku dituzten organoek, justifikatu beharreko fondo libratuen egoerari buruzko agiri bat prestatuko dute, bankuaren berdinkatzea eramanen duena.

14. artikulua. Kontuhartzailetzaren kontrola.

1. Kutxa finkoko aurrerakin gisa egindako gastuek, ohizko ondasunetako eta zerbitzuetako gastuen kapitulukoak badira, ez dute aldez aurreko kontuhartzerik beharko.

2. Kontrola eginen zaie geroago aldez aurreko kontuhartzerik ez duten aurreko zenbakiko gastuei, Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Kontuhartzailetza eta Kontabilitate Zerbitzuak ezarriko dituen lagin prozeduren bidez.

3. Justifikatu beharreko ordaintze‑agindu gisako ordainketa proposamenek aldez aurreko kontuhartzea izanen dute.

4. Departamentu edo Erakunde Autonomo bakoitzeko Kontuhartzailetza delegatuek, justifikatu beharreko fondoak zuzen erabili diren ala ez aztertu beharko dute, Ekonomi eta Ogasun Kontseilariak Foru Agindu bitartez ezartzen dituen arauei jarraituz.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun Kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren arau guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa