(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

2006ko Erdi Aroko Ikerketen Asteko aktak eta José María Lacarraren omenezko liburua aurkeztu dira ostirala, 2007.eko maiatzak 11

Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilariak eta Mª José Fernández Lizarrako alkateak, Ángel Martín Duquek, Ángel Sesmak eta Mª Carmen Lacarrak Lizarrako Erdi Aroko Ikerketen Astearen hurrengo edizioko programa aurkeztu dute, hain zuzen ere, uztailaren 16tik 20ra egingo dena. Horrez gain, iazko edizioko aktak eta José María Lacarraren lan sakabanatuen bildumako lehen liburukia, bere jaiotzaren mendeurrena dela-eta argitaratu dena, aurkeztu dituzte.


EAIAren XXXIV. edizioa uztailaren 16a eta 20a bitartean egingo da, "Movimientos migratorios, asentamientos y expansión (siglos VIII-XI)" izenburupean. Egoitza, berriro ere, Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoa izango da, eta bertan, mundu osoko adituek parte hartuko dute. Aurtengo edizioa berezia da, José María Lacarra omenduko baita, Lizarrako Erdi Aroko aditua eta Erdi Aroko Ikasketen Astearen sustatzaileetako bat izan zen. Astea irekitzeko ekitaldian, Ángel Sesma Muñoz irakaslea omenduari buruz arituko da, eta 40ko hamarkadatik 60ko hamarkada arteko ikerketen barruan izan zuen eginkizuna azalduko du. Itxiera-ekitaldian, Angel Martín Duquek hitzaldia emango du, omenduaren lanak duen garrantziari eta eraginari buruz.


Gainera, zientzialarien erkidegoak José María Lacarrari omenaldia egin nahi izan dio bere jaiotzaren mendeurrenean eta, horretarako, sakabanatutako lan guztien bilduma bat argitaratuko da. Bilduma horretako lehen liburukia gaur goizean aurkeztu da.


Era berean, gaur goizean aurkeztu dira aurreko edizioko Erdi Aroko Ikerketen Asteko aktak, "Mercado inmobiliario y paisajes urbanos en el Occidente Europeo (siglos XI-XV)" izenburupean egin zen. Mila ale argitaratu dira, eta 12 euroko prezioan erosi ahal izango dira.


EAIAren edizio honetarako, izena emateko berrogei eskaera jaso dira, eta gaur goizean, Batzorde zientifikoak parte-hartzeko hogei bekak eman ditu, meritu akademikoak, aurkeztutako abalak, jatorria eta aurreko edizioetako parte-hartzea kontuan hartuta. Beken hartzaileak izena emateko gastuetatik, mantenu-gastuetatik eta ostatu-gastuetatik salbuetsita egongo dira.


José María Lacarra Lizarran (Nafarroa) jaio zen 1907ko maiatzaren 24an, eta Zaragozan hil zen 1987ko abuztuaren 5ean. Zaragozako Unibertsitatean Erdi Aroko Historiako katedraduna izan zen 1940ko azaroaren 21etik 1977an erretiroa hartu zuen arte. Honoris causa doktore izendatu zuten Tolosako (Frantzia), Euskal Herriko, Zaragozako eta Nafarroako Unibertsitateek. Era berean, Historiaren Errege Akademiako kide osoa izan zen (1971) –sarrera-hitzaldia "El Juramento de los Reyes de Navarra" izan zen–, baita Zaragozako Nobles y Bellas Artes de San Luis Akademian ere. Alfontso X.a Jakituna Ordena Irakaskuntza Merituari (1973) jaso zuen, baita omenaldi publiko ugari ere, besteak beste, Premio Inmortal Ciudad de Zaragoza saria eta hiriko adopzio-semearen izendapena (1976), Nafarroako Urrezko Domina (1984), Aragoiko Gobernuaren San Jorge Saria (1987), Zaragozako Udaletxeko Urrezko Domina, Lizarrako seme kutunaren titulua eta, hil ondoren, sorterriko Urrezko Domina.


Erdi Aroko Ikerketen Asteak, erkidego zientifikoaren omenaldi moduan, José María Lacarraren lan osoa argitaratuko du. Lan sakabanatuak 1927 eta 1987 urte bitartekoak dira: 150 artikulu inguru luzera eta formatu desberdinekin, 2.500 orrialde gutxi gorabehera.


Adituek bost etapa bereizten dituzte, eta horietako bakoitzari dagokio bildumako bost liburukietako bakoitza:


1927tik 1944ra. Prest dagoen liburukia da eta trebakuntza-aldiari dagokio, 1917 eta 1944 bitartean. Lehenengo hogeita hamar lanak biltzen ditu, 400 orrialde inguru. 1945etik 1949ra: 28 lan eta "Estudios de Edad Media de la Corona de Aragón" aldizkariak markatutako barne batasuna, "Las peregrinaciones" liburua argitaratzearen ondorioak eta Ebro haranaren birkonkistari eta birpopulatzeari buruzko dokumentazio guztia prestatzea. Guztira 480-500 orrialde izango dira.


1950etik 1957ra: 25 lan inguru. Fakultateko dekano aritu zen lehen urteekin bat dator. Ikasketa-plan berrien diseinuan eta abian jartzean zuzenean esku hartu zuen, eta Hezkuntza Ministerioaren eraldaketak ere garai honetakoak dira.


1958tik 1969ra. Goren-unea da. Ekoizpen handia, hogeita hamar bat lan biltzen ditu. Lacarra nazioartera irekitzen da, eta Erdi Aroari buruzko Europako foro nagusietan parte hartzen du.


1969tik 1987ra. Azken liburuki honetan, hogei bat lan biltzen dira, eta Lacarra Nafarroari buruzko ikerketetara itzultzen da. Erresumako historia politikoa eta Errege Akademian sartzeko hitzaldia idazten hasten da. Etapa honetan, hizkuntzaren bizitasuna erakusten du berriro, eta orrialde gutxitan alderdi txikiei buruzko interpretazio susmagaitzak egiten ditu, historialari eta idazle bikainari dagokion "modernitatearekin".


Bildumako lehen liburukia gaur aurkeztu da. 1.000 ale atera dira, eta 15 euroko prezioan eskuratu ahal izango da.


Argibideetarako: http://www.cfnavarra.es/medieval/


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa