(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bidaiari kopurua %1,35 handitu da, Nafarroan, urteko lehenengo seihilekoan osteguna, 2008.eko abuztuak 21

2008ko urtarriletik ekainera bitarte, Nafarroako ostatu mota guztietako bidaiari kopurua %1,35 (441.097) handitu da, eta bertan igarotako gau kopurua, berriz, %1,77 (880.405), 2007arekin alderatuz gero. Daturik onenak landa turismoarenak dira; izan ere, gaua landetxeetan igaro dutenen kopurua %15,78 handitu da, eta batez besteko egonaldia, berriz, %12,95.


Urteko lehenengo seihileko bidaiarien jatorriari dagokionez, Estatuko merkatu nagusietako turisten kopuruak behera egin du (EAE, Madril eta Katalunia), eta aldiz, atzerriko turisten kopuruak gora egin du, batik bat Europar Batasunetik kanpoko turisten kasuan. Nafarroako barne eskariak ere gora egin du, %9,56. Urteko lehenengo seihilekoan Nafarroara etorri direnen %79,8 Estatuko turistak izan dira, eta %20,2, berriz, atzerritarrak.


Ostatu motei dagokienez, bisitari gehien izan dituztenak hotelak izan dira (bisitarien %79,6), eta haien atzetik daude landetxeak (%9,8), kanpalekuak (%7,2), eta apartamentuak (%3,3). Hotelek eutsi egin diete goranzko joerari (bidaiari kopurua %2,79 handitu da eta hoteletan igarotako gau kopurua, berriz, %2,55, 2007arekin alderatuz gero). Gorakada nagusia atzerriko eskariari zor zaio (%7,68ko gorakada), eta Estatuko bidaiariei dagokienez, %1,5 egin dute gora. Nolanahi ere, okupazio mailak behera egin du, aurreko urteekin alderatuz gero; izan ere, hotel eta plaza eskaintza eskaria baino gehiago handitu da (%8,78 eta %6,55, hurrenez hurren).


Ostatuei dagokienez, joera beheranzkoa izan da, aurreko hilabeteetan bezalaxe. Hartara, bidaiari kopuruak %4,99 egin du behera, eta ostatuetan igarotako gau kopuruak, berriz, %5,09. Okupazio mailak eta ostatu eta plaza eskaintzak ere behera egin dute. Beherakadaren arrazoiak bi dira: batetik, Estatuko bidaiari kopuruaren beherakada; eta bestetik, ostatuetan igarotako gau kopuruaren beherakada (Estatuko zein atzerriko bidaiariei dagokienez).


Apartamentuen kasuan, erabiltzaile kopuruak gora egin du, %8,82, eta ostatuetan igarotako gau kopurua ere handitu egin da, %0,36. Estatuko batez bestekoak, berriz, honako hauek izan dira: -%1,15 eta -%1,93. Hala ere, bezeroek 2007an baino denbora gutxiago igaro dute apartamentuetan, eta okupazio maila ere txikiagoa izan da. Beherakadaren arrazoiak bi izan daitezke: batetik, egoera ekonomikoa; eta bestetik, apartamentu eta plaza eskaintza eskaria baino gehiago handitu izana (%24,48 eta %25,57, hurrenez hurren).


Krisialdi ekonomikoak eragin txikia izan du Nafarroako landa turismoan, eta ekainera bitarte, bidaiarien ia %10ek landetxeak hautatu dituzte. Datu guztiak aurreko urteetakoak baino hobeak dira, batik bat landetxeetan igarotako gau kopuruari eta batez besteko egonaldiari dagokionez (%15,78 eta %12,95eko gorakadak, hurrenez hurren). Bidaiari kopuruak %6,61 egin du gora. Gainera, landetxeen eskaintza handitzen ari da, etengabe, %15etik gora (landetxeak zein plazak), eta sektoreak iaz baino %9,32 lanpostu gehiago sortu ditu.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa