(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Iruritako Jauregia Dorretxea irailaren 1ean zabalduko dute, eta Corpas kontseilaria bertan izan da ostirala, 2008.eko abuztuak 22

Iruritako (Baztan) Jauregia Dorretxea irailaren 1ean zabalduko dute, eta Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria bertara joan da, gaur goizean. Hain zuzen ere, Jabego Partikularrak Zabaltzeko 2008ko Programaren baitan dagoen eraikinetako bat horixe bera da. Programa Nafarroako Gobernuak jarri du abian, eta hari jarraiki, Tafallako Mencos Jauregi Etxea ere zabalduko dute, bihar.


2007ko udazkenean, berriz, Donamariako Dorretxea zabaldu zuten. Gainera, beste 68 jabego Interes Kulturaleko Ondasuntzat (IKO) jo dituzte (gazteluak, garaiak, etxeak edo jauregiak, besteak beste), eta Nafarroako Gobernuaren laguntzen bidez zaharberritu ondoren, zabaldu egin dituzte. Izan ere, IKOak nahitaez zabaldu behar dira. Bestalde, Nafarroako Gobernuak bisitak finantzatzen ditu, hainbat herrigune eta eraikinetara (Oibar, Corella, Zangoza, Lesaka, Bera, Doneztebe, Elgorriaga, edo Pirinio, Erronkari eta Lizarrerriko partzuergoetan, besteak beste).


Era berean, elizak eta monumentuak zabaltzeko programaren baitan, hamahiru eliza eta monumentu zabaldu dituzte. Honako hauek, hain justu: Urdazubiko San Salvador Monasterioa; Tafallako Santa Maria eliza; Tafallako San Pedro eliza; Erriberriko Santa Maria eliza; Erriberriko San Pedro eliza; Lizarrako San Pedro eliza; Lizarrako San Migel eliza; Tuterako Magdalena eliza; Cabanillasko Jerusalemgo San Juan eliza; San Martin Unxeko eliza; Artaitzeko San Martin eliza; Nagoreko San Julian eliza; eta Artzeko Sorkunde eliza.


Iruritako Jauregia Dorretxeari 2.200 euroko diru laguntza eman diote (ez itzultzeko diru laguntza). XIV. mendearen amaieratik XV. mendearen hasierara bitarte eraiki zuten, eta XVII. eta XVIII. mendeetan handitu egin zuten. Harrizkoa da, oso-osorik, eta oraindik ere jatorrizko leiho eta ate batzuk ditu. Haritzezko egitura du, jatorrizkoa. Teilatuak, berriz, gangatilazko egitura du, eta XVIII. mendekoa da.


Bisitak doakoak izanen dira, eta familiako kide bat arituko da gidari lanetan. Iraupena ordu eta erditik bi ordura bitartekoa izanen da, eta gehienez ere 10 pertsonako taldeak osatuko dituzte. Bisiten ardatz nagusia altzariek osatuko dute, eta horien bidez XVII. eta XVIII. mendeetako nobleen bizimoduaren berri emanen dute. Bisitak honako egun eta ordutegi hauetan eginen dituzte: ostiraletan, 11:00etan eta 17:00etan, irailaren 1etik urriaren 31ra arte. Erreserbak egiteko Bertizko Partzuergoko telefono zenbakia (948 59 23 23, bisita bezperako 18:00etara arte) edo posta elektronikoa (bertiz@consorciobertiz.org) erabil daitezke.


Tafallako Mencos Jauregi Etxeari dagokionez, 2.000 euroko diru laguntza eman diote (ez itzultzeko diru laguntza). XVI. mendearen amaierako jauregi etxea da, hain zuzen. Bertan, erregeak eta erreginak egon izan dira, gerretan okupatu izan dute, eta Gurutze Gorriaren ospitale, polizia etxe eta ofizialen eskola gisa ere erabili izan dute. Azkeneko belaunaldiak zaharberritu eta familiako edukiez bete du.


Bisitei dagokienez, Jauregia Dorretxearen kasuan bezalaxe, familiako kide bat arituko da gidari lanetan. Iraupena ordu eta erdi ingurukoa izanen da, eta gehienez ere 10 pertsonako taldeak osatuko dituzte. Bisitak gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez egin ahal izanen dira. Bisitariei jauregiko hainbat gela erakutsiko dizkiete, hala nola Joaquín Mencos y Ezpeletaren bulegoa, errege-erreginen logela eta egongela, egongela nagusia, jangela, kapera, galeria, erdiko patioa edo upeltegia. Bisitak honako egun eta ordutegi hauetan eginen dituzte: jaiegunetan eta asteburuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, abuztuaren 23tik urriaren 26ra arte. Astean zehar ere egin ahal izanen dira bisitak, jabeek aukerarik baldin badute. Erreserbak: info@fundacionmencos.org (bisita baino bi egun lehenago). Jauregiko bisitak doakoak izanen dira. Gainera, bisitariek "125 años de recuerdos en San Fermín" erakusketa ikusi ahal izanen dute, 1,5 euroren truke (tarifa murriztua).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa