(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitateak 8.900 gaixoren jarraipena egin du, 1987az geroztik asteazkena, 2008.eko azaroak 5

Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitateak min kronikoa duten 8.900 lagun tratatu ditu 1987an sortu zutenetik. Horixe bera azaldu dute, gaur, María Jesús Calvo Guitián Nafarroako Ospitaleko zuzendariak, Marta Martín Vizcaíno Anestesia eta Suspertze Zerbitzuko Mina Tratatzeko Unitateko buruak eta José Ignacio Calvo Sáez Unitateko atal buruak.


Ezkerretik eskuinera, María Jesús Calvo, Nafarroako Ospitaleko zuzendaria, Martín Vizcaíno doktorea eta Calvo Sáez doktorea.

Ezkerretik eskuinera, María Jesús Calvo, Nafarroako Ospitaleko zuzendaria, Martín Vizcaíno doktorea eta Calvo Sáez doktorea. ( irudia handitu )

Gainera, Mina Tratatzeko Unitatean 2008ko irailera bitarte honako artapen hauek egin dituztela azaldu dute: lehenengo bisitak, 543; azterketak, 1.229; sail arteko kontsultak, beste unitate batzuetan ospitaleratutako gaixoekin, 279; ospitaleratutako gaixoen jarraipenak, 1.362; jarduera terapeutiko espezifikoak, 1.902; eta kirurgia prozedurak, 24.


Bestalde, 2007an honako artapen hauek egin zituzten: lehenengo bisitak, 543; azterketak, 1.134; sail arteko kontsultak, 333; ospitaleratutako gaixoen jarraipenak, 2.304; jarduera terapeutikoak, 1.712; kirurgia prozedurak, 20; eta telefono bidezko kontsultak, 100.


Gaixoen jatorriari dagokionez, artatzen dituzten gaixoen %40 onkologia arlokoak dira. 2007an, zehazki, artatutako gaixoen %37 Lehen Mailako Artapenetik bideratu zituzten Mina Tratatzeko Unitatera; %63, berriz, Artapen Espezializatutik; eta %3,7, azkenik, Larrialdietatik.


Gastuari dagokionez, Mina Tratatzeko Unitateak 149.405 euroko inbertsioa egin zuen 2007an, honela banatuta: 21.200 euro, infusio ponpetarako; 87.567 euro, neuroestimulagailuetarako; 13.658 euro, larruazalean zeharreko estimulagailu elektrikoetarako (TENS); eta 26.967 euro, gordailuetarako.


Mina eta Mina Tratatzeko Unitatea


Mina gorputzak erasoen aurrean egiten duen alarma seinalea da, baina bere egitekoa bete duenean gaixotasun gisa tratatu eta kontrolatu behar da, gaixoak ondoriorik jasan dezan saihesteko (ondorio fisikoak, emozionalak, sozialak eta lanekoak). Gainera, mina kronikoa bada, mesfidantza eta depresioa ere eragin ditzake, eta horri guztiari minaren tratamenduak osasun gastu handia sortzen duela eta mina neurtzea zaila dela gehitu behar zaizkio (pertsona bakoitzak modu subjektiboan jasaten du mina).


Hiru min mota daude: min akutua (iraupen laburreko mina leku jakin batean, antsietatea eragin dezakeena); min kroniko onbera (3-6 hilabeteko iraupena duen mina, gaixoaren bizia arriskuan jartzen ez duena eta hainbat ondorio dituena -nortasun edo pisu aldaketak, lorik egin ezina...-); eta min kroniko gaiztoa (gaixoaren bizia arriskuan jartzen duten prozesuetako mina -onkologia prozesuak kasu-, depresioa eta beldurra eragin ditzakeena).


Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitatearen helburu nagusia ahal den neurrian sufrimendu fisikoa arintzea da; izan ere, gaixoek eskubide hori dute. Helburu hori erdiesteko, trebakuntza egokia eta minaren balioespenaren eta tratamenduaren arloko eskarmentu zabala duten osasun langileak ditu Mina Tratatzeko Unitateak, eta gaixoak bertara iristen direnean minaren ezaugarriak eta eragileak kontu handiz ebaluatzen dituzte. Gainera, gaixoaren historia kliniko zehatza egiten dute eta zer azterketa osagarri eta tratamendu egin daitezkeen aztertzen dute, ondoren ebaluatu eta jarraipena egiteko.

Unitatean tratatzen dituzten min mota nagusiak erditzekoa, operazioen ondorengoa, onkologia prozesuetakoa edo min kronikoa dira (neurri handi batean muskuluetako eta eskeletoko arazoen ondorio dena). Unitatean hainbat tratamendu mota erabiltzen dituzte: sendagaiak, nerbioen blokeoa (mina transmititu dadin saihesteko); nerbioen estimulazioa (minaren intentsitatea kontrolatzeko), eta seruma edo ponpak (gaixoaren bizkar-muinetik gertu jarri eta sendagaiak askatzen dituzten gailuak), besteak beste.


Gainera, Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitateak informazio lanak (ahaideei begira) eta irakaskuntza lanak (hainbat espezialitatetako -anestesiologia, suspertzea, familiako medikuntza...- egoiliarrekin eta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikasleekin) ere egiten ditu. Bestalde, minari eta terapiei buruzko ikerlanetan parte hartzen du.


Nafarroako Ospitaleko Mina Tratatzeko Unitatean Anestesiologiaren, Suspertzearen eta Minaren Terapien Zerbitzuko hiru kidek, hiru erizainek eta administrari batek egiten dute lan gaur egun.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa