(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sendagaiak ordaintzeko laguntza berriak urriaren 1etik aurrera eska daitezke Internet bidez edo osasun-zentroetan osteguna, 2017.eko irailak 28


Osasun Departamentuak 50.000 informazio-liburuxka banatuko ditu osasun-zentroetan, farmazietan eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetan


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak sustatutako sendagaien koordainketarako laguntza berriak urriaren 1etik aurrera eska daitezke, igande honetatik aurrera, Internet bidez, eta astelehenetik aurrera, administrazio-langileak dituzten osasun-zentroetan eta kontsultategietan.

Sendagaien koordainketa

Nafarroako Gobernuak laguntza berriak sustatu ditu sendagaiak erosteko. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak sustatutako sendagaien koordainketarako laguntza berriak urriaren 1etik aurrera eska daitezke, igande honetatik aurrera, Internet bidez, eta astelehenetik aurrera, administrazio-langileak dituzten osasun-zentroetan eta kontsultategietan.

Laguntza hauen helburua da finantzazio publikoa duten sendagaien kostua eragozpena izatea saihestea, pertsonarik ahulenek adierazitako tratamendu medikoak osa ditzaten. Diotenez, 242.000 nafar dira onuradunak.

Estatuko arautegiak ez du uzten zuzeneko deskontua egitea sendagaia erosten den unean bertan, nahi izango litzatekeen bezala. Horren ordez, "Gizarte-arloko laguntza deialdi" bat egitera behartzen du, aldez aurretik eskaera eginda. Horrek, informazio publikoko kanpaina bat egitea eskatzen du.

Horretarako, Osasun Departamentuak laguntza horiei buruzko informazio-kanpaina bat atera du gaur, eta 50.000 liburuxka eta 500 kartel banatzea jasotzen da, laguntzak eskatzeko jarraibideekin.

Gaur goizean, Luis Gabilondok, Osasuneko zuzendari nagusiak, eta Antonio Lopezek, Farmaziako zuzendariordeak, arau berria eta aplikatu beharreko prozedura gogoratu eta kanpainaren materialak aurkeztu dituzte. Osasun zentroetan eta kontsultategietan, ospitale-sarean, arreta espezializatuko zentroetan, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan, Nafarroako 599 farmazietan eta zentro soziokulturaletan banatuko dira.

Kanpainak Eskubide Sozialetako Departamentuaren, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren eta Iruñeko Udalaren laguntza izango du.

Eskatzeko lehen epea urriaren 1etik 31ra

Laguntza horiek eskatzeko lehen epea igandean irekiko da, urriak 1, eta hil beraren 31n amaituko da. Salbuespenezko kasua da, izan ere, urte honetako uztailaren 1etik dagoeneko erositako sendagaietarako laguntzak ordaintzeko izango da.

Hemendik aurrera laguntzak eskatzeko deialdia urterokoa izango da eta urte bakoitzaren abenduaren 15etik aurrera aurkeztuko dira. Beraz, urrian eskaera aurkeztu ez dutenek beste aukera bat izango dute egiteko datorren abenduaren 15ean.

Eskaera 2017ko urrian egiten dutenek ez dute berriro egin beharko 2018ko abendura arte.

Laguntzak Internet bidez, www.ayudasmedicamentos.navarra.es eta www.botiketarakolaguntzak.nafarroa.eus web-orrien bidez eskatu ahalko dira. Horietan, jarraibideak eta Nafarroako Gobernuaren Izapideen Katalogorako esteka barne hartzen dira. Azken esteka horretan eskaera egin daiteke. Departamentuak eskaera-bide hori lehentasunez erabiltzea gomendatzen du, hala ere, administrariak dituzten osasun-zentroetan eta kontsultategietan ere egin daiteke, eta Iruñeko Conde Oliveto osasun-zentroan (Bakearen plaza, z.g., 4. solairua) kokatuta dagoen Farmazia Prestazioaren Kudeaketa zerbitzuan.

Izapidea osasun-txartelaren titularrak egin behar du, sendagaiak bere izenean edo bere onuradunen izenean ordaintzeko. Txartelaren titularraren behar bezalako baimenarekin beste batek ere egin dezake haren izenean.

Agiri gisa, NAN edo osasun-txartela aurkeztu beharko dira, akreditatzeko, eta abonuak jaso nahi dituen bankuko kontu-zenbakia. Erosketa-txartelak bakarrik aurkeztu beharko dira Nafarroatik kanpo erositako sendagaien edo paperez egindako errezeten kasuan (kasu horretan, paperez egindako preskripzioaren egiaztagiria ere beharko da). Laguntzak hiruhilero ordainduko dira eskatzaileak adierazitako banku-kontuan.

242.000 onuradun egon daitezke Nafarroan

Balioespenen arabera, 242.000 nafar inguru izango dira laguntza berrien onuradunak, eta horietatik, 197.000, urtean 18.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten pertsonak dira, eta 45.000, 6.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten pentsiodunak. Horiek guztiek, gehienez, 8,23 euro ordainduko dituzte hilero sendagaiengatik. 6.000 eta 18.000 euro arteko errentak dituzten pentsiodunek ez dute egoera aldatu, dagoeneko 8,23 euroko gehieneko mugaz baliatzen direlako. Horrez gain, tratamendu berezia ezarri da urtean 6.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzten pertsonentzat, gehienez, 2,6 euro ordainduko dituztelako hilean, Nafarroarako 2014. urtean ezarritako pobrezia handiko diru-tartearen arabera. Lehen aldia da Espainian diru-laguntza jarduneko langileei eta pertsonei ere ematen zaiena.

Balioespenen arabera, neurriaren kostua gutxi gorabehera 2 milioi eurokoa da urtero, eta lehen urte honetarako 1 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa egin da, uztailetik abendura bitarteko aldiari dagozkion laguntzak barne hartuko dituena.

16/2012 Errege Lege Dekretua

Gogoratu behar dugu koordainketa-sistema 16/2012 Errege Lege Dekretu bidez ezarri zela premiazko neurri gisa Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko. Koordainketak errenta mila eta jarduneko pertsona edo pentsioduna izatea ala ez kontuan hartzen duela, eta zenbait taldek ez dutela koordainketarik (sindrome toxikoa dutenak eta desgaitasuna duten pertsonek, berariazko arautegian jasotzen diren kasuetan, gizarteratze-errentak jasotzen dituzten pertsonek, kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzten pertsonek, langabezia-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duten langabeek, egoera horretan jarraitzen badute, eta lan-istripu eta gaixotasun profesional batetik eratorritako tratamenduak).

16/2012 Errege Lege Dekretuak ezartzen du pentsiodunek, arau horren aurretik koordainketatik salbuetsita zeudenek, publikoarentzako salmenta prezioaren (PSP) % 10 ordaindu behar dutela, gehienez, 8,23 euro izanda, urtean 18.000 euro baino gutxiago kobratzen badituzte; 18.000 eta 100.000 euro arteko urteko errenta dutenek, PSPren % 10 kobratzen jarraituko dute, baina hileko gehienekoa 18 euro izango dira, eta, azkenik, 100.000 euro baino gehiago kobratzen dituztenek, PSPren % 60a ordaindu behar dute, hileko gehienekoa 60 euro izanda. Bestalde, aktiboek, antzina PSPren % 40 ordaindu behar zutenak, Errege Dekretua indarrean sartu zenetik PSPren % 50 ordaintzen dute 18.000 eta 100.000 euro arteko errentetarako, eta PSPren % 60a 100.000 eurotik gorakoek. Errenta 18.000 euro baino txikiagoa bada, PSPren % 40 ordaintzen jarraitu da.

Ekitaterik ezeko egoerak

Egoera horrek kontsumo farmazeutikoaren jaitsiera nabarmena ekarri zuen, izan ere, lehen aldiz, pentsiodunek ekarpen ekonomikoa egin behar zuten farmazia-prestaziorako.

Bestalde zalantzak sortu ziren neurriaren ekitate ezaren eta errenta txikiagoa duten pertsonen sendagaiak eskuratzeko zailtasunaren inguruan: 18.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten aktiboek sendagaien prezioaren % 40 ekartzen jarraitzen zuten.

Testuinguru honetan, Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak, Ogasuneko Departamentuarekin eta Farmaziako Zuzendariordetzarekin lankidetzan, Nafarroako pazienteek beraien sendagaiengatik errenta-tarteen arabera egiten zuten benetako ekarpenaren azterketa egin zuen, sendagaiak eskuratzeko zailtasun-egoerak aurkitzeko, eta koordainketaren ondorioz tratamendu farmakologikoa betetzen zuten ala ez ikertzeko.

Azterketak ondorioztatu zuen 2014ko urtarriletik 2016ko urtarrilera 18.000 eurotik beherako errentak dituzten pertsona landunek aginduta zituzten sendagaien ia % 12 jaso gabe utzi zituztela. Hala ere, 18.000 eurotik beherako errenta duten pentsiodunen artean, ehunekoa % 2,4koa da.

Horrez gain, egiaztatu zen urtero sendagaiak erosteko 300 euro baino gehiago ekartzen dituzten errenta baxuko 1.300 paziente aktibo baino gehiago daudela. 6.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten 780 pazientek baino gehiagok 300 euro baino gehiagoko ekarpena egin zuten, eta 6.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten 15 pazientek 1.000 euroko koordinaketa egin behar izan dute.

Departamentuak uste du ez dela bidezkoa gaur egun 18.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten pentsiodunek bakarrik izatea hilero gehienez 8,23 €-ko (98,8 € urtean) ekarpena egiteko beharra, eta kopuru horretatik beherako errentak dituzten paziente aktiboek kasu batzuetan 1.000 euro arteko ekarpena egin behar izatea.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa