Asma arnasbideetako gaixotasun kronikoa da. Gaixotasun honetan, zenbait estimulu direla-eta, bronkioek, hau da, airea pasatzen den hodiek, neurriz gorako erreakzioa izaten dute, eta haien mukosa puztu egiten da, eta, beraz, hodia estutu edo itxi. Horrek denak ondorio bat du: nekezago hartzen eta botatzen da arnasa. Bronkioen ixte hori berez pasatzen da batzuetan, baina beste batzuetan botikaren bat behar izaten da inflamazioa gutxitzeko.
Hauek dira sintoma nagusiak:
- “Itolarria”, hatsandia, arnasestua, edo arnasa falta, teknikoki “disnea” deitzen duguna.
- Eztul lehor eta errepikatua, gauaz gehienbat.
- Hotsak arnasa hartzean, “txistu-hotsak”, sibilantzia ere deituak.
- Bularrean presioa edo tentsioa sentitzea.
- Aznahia sudurrean, atija edo doministituak, sudurra tapatuta izatearen sentsazioa...
Gaixotasun hau agertzeko arrazoi edo faktore nagusiak hauek dira:
- Familian asma edo gaixotasun alergikoren bat duen norbait egotea. Asmadunen erdiek badute gaixotasun bera izan duen ahaideren bat.
- Alergia akaroei (etxeko hautsean bizi diren intsektu txikiak, gehienbat giro hezean), polenei (gramineoak, arbolak, sastrakak...), animaliei (txakurra, katua, hamsterra, zaldia...), haizeak daramatzan onddoei...
- Produktu kaltegarriekiko kontaktua: tabakoa, eguratsaren gai kutsagarriak (errekuntzaren partikulak, diesela), etab.
- Zenbait lanbidetan alergia sortzen duten gaiak (okindegia, ile-apaindegia, abeltzaintza, pistolarekin margotzea, industria kimikoa, etab.).
Aurreko guztiaz gainera, badira beste faktore batzuk, asma izateko joera izan dezaketen pertsonengan gaixotasuna piztu dezaketenak:
- Arnasbideetako infekzioak: katarroa, gripea, sinusitisa, bronkitisa.
- Klimarekin zerikusia duten faktoreak: hotza, hezetasun maila, elurra.
- Jarduera fisiko handia.
- Elikagai batzuk prestatzean sortzen den lurruna arnastea (batez ere itsaski eta arrainekin).
- Estresa edo emozio biziak.
- Botikak: aspirina, antiinflamatorioak, betablokeatzaileak (hipertentsioaren tratamendua, kolirioak…), etab.