(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Igerilekuak eskakizun tekniko-sanitarioetara egokitzeko toki entitateentzako laguntzen deialdia onartu da

asteazkena, 2007.eko urtarrilak 10

Toki Administrazioko kontseilariak, Alberto Catalán Higuerasek, Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdia onartzen duen Foru Agindua sinatu du. Laguntzak erabilera kolektiboa duten igerilekuak indarrean dagoen araudiak zehazten dituen eskakizun tekniko-sanitarioetara egokitzeko dira. Horretarako, kontseilariak milioi eta erdi euroko gastua onartu du.


Kontseilariak aipatutako deialdiak erraztasunak eman nahi dizkie toki entitateei, maiatzaren 11ko 123/2003 Foru Dekretuak zehazten dituen eskakizunetara egokitu ahal izateko, igerilekuak berritzeak dakartzan gastu guztiak bere gain hartzerakoan. Nafarroan titulartasun publikoa duten ehun igerileku baino gehiago daude.


Deialdiaren oinarrien arabera, 2007an erabilera kolektiboko igerilekuetan eskakizun tekniko-sanitarioekin zerikusia duten jardueraren bat burutuko duten toki entitate guztiek eska dezakete diru-laguntza. Instalazioez gain, igeri-ontzi eta bere ondoko pasabide edo hondartzaz osatua dagoen bainu-eremuan edo gainazal ez labaingarrian egindako jarduerak ere finantzatu ahal izango dira.


Aipatu ditugun lanak egin ahal izateko, toki entitate bakoitzak gehienez 120.000 euro jaso ahal izango ditu; zenbatekoa gastu osoaren %100 izan daiteke, aipatutako zenbatekoa gainditzen ez duen bitartean. Salbuespen gisa, obren kostuak aipatutako zenbatekoa gaindituko balu, 120.000 eurotik gorako zenbatekoaren %50 ere diruz lagundu ahal izango da, 150.000 euroko mugarekin, betiere Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak aldeko txostena egiten badu.


Eskaeren hautaketa eta lehentasuna markatzeko formula bat izango dute kontuan; formularen arabera, puntuazioaren %50 instalazioaren antzinatasunaren arabera banatuko da; %40 toki entitateko bizilagun kopuruaren arabera; eta %10 obraren kostuaren arabera. Honela, toki entitate baten igerilekuak antzinatasun handiena duenean, haren eskabideari gehieneko puntuazioa emango zaio, eta berdin bizilagun kopuru altuena duen entitateari eta egokitzapen merkeena egin behar duenari ere.


Eskaerak deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean pasa den urtarrilaren 5ean argitaratu zenetik hilabeteko epean, eta ondorengo dokumentaziorekin batera aurkeztu beharko dira: egin nahi diren jarduketen memoria baloratua; jarduketa horien xede den lekuko planoak, bai eta erabakitako konponbidearen edo egin beharreko jarduketaren definizioa ere; toki entitateko idazkariak izenpeturiko ziurtagiria, non adieraziko baita jarduketak hasteke daudela; ziurtagiria, igerilekua duen instalazioaren urteko kostua eta instalazioetan bildu diren tasen zenbatekoa adierazten dituena (instalazioa lehenbiziko aldiz ireki zen data ere azalduko da).


Diru-laguntzak jasoko dituzten toki entitateek deialdi honetan aurreikusten diren jarduerak 2007ko abenduaren 1a baino lehen bukatu beharko dituzte. Jasoko dituzten diru-laguntzak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publikoek edo beste entitate publiko edo pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekin bateragarriak izango dira.


Erabilera kolektiboko igerilekuen eskakizun tekniko-sanitarioak zehazten dituen maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuak igeri-ontzien forma eta ezaugarriak arautzen ditu; hondoaren malda ere bai, igerilekuaren ontzia urez usterakoan egoki egin dadin; pareten estalkia ere zehazten du (0,70 metrotik beherako hondoan igeri-ontziaren zorua ez labaingarria izango da) eta baita igeri-ontziaren hustubidea ere.


Arau horrek igeri-ontzietako uretara sartu ahal izateko higiene-eskakizun egokiak betetzen dituzten eta erabiltzailearen segurtasuna bermatuko dituzten eskailerak jarri beharko direla agintzen du; eskailerek elkarren artean 25 metro baino gutxiagoko distantzia izan beharko dute eta hondoaren malda bat-batean aldatzen den eremuetan ere jarri beharko dira. Igeri-ontzia inguratzen duen pasabidearen edo hondartzaren zorua ere ez labaingarria izan beharko dela zehazten du, baita hezea dagoenean ere, eta 1,20 metroko zabalera izango du gutxienez. Gainera, Foru Dekretuak bainu-eremua hesitua eta sarrera guztiek dutxak izan beharko dituztela zehazten du.


Horri guztiari, aipatutako arauak igeri-ontziaren uraren baldintzak eta tratamenduak arautzen dituela gehitu behar zaio. Horrela, igeri-ontzien ura, ahal bada, kontsumo publikorako hornikuntza-sare batetik etorri behar dela esaten du eta, gutxienez, filtratua, desinfektatua eta desinfekzio ahalmena izan behar du, baina begi, azal eta mukosentzat ez narritagarria. Kapitulu horretan, araudiak birzirkulatzen duen ura tratatu egin beharko dela adierazten du, prozedura fisiko/kimikoaren bidez, beti filtrazio eta desinfekzio sistema gehituz. Era berean, igeri-ontzietako ura egunero aldatu beharko dela xedatzen du, ezarritako mugen barruko ur berri kopurua gehituz.



Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa