(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erro eta Mezkiritzeko tuneletako proiektuak idazteko kontratua egiteko baimena eman du Gobernuak

astelehena, 2008.eko ekainak 9

Nafarroako Gobernuak Pirinioetako ibarretako irispidea hobetzeko gauzatu nahi ditu bi proiektuok; izan ere, Frantziak Nafarroa-Pirinio Atlantikoak Bide Lotura eraikitzeko proiektua etetea erabaki zuen.


Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariari, “Erroko tunela” eta “Mezkiritzeko tunela” eraikitzeko proiektuak idazteko kontratua egiteko. Lanen aurrekontua 550.000 eurokoa da, honela banatuta: 300.000 euro, 2008an; eta 250.000 euro, 2009.


Nafarroako Gobernuak Pirinioetako ibarretako irispidea hobetzeko gauzatu nahi ditu bi proiektuok; izan ere, Frantziak Nafarroa-Pirinio Atlantikoak Bide Lotura eraikitzeko proiektua etetea erabaki zuen.


Erro eta Mezkiritzeko tuneletako proiektuak ez daude aurreikusita Nafarroako Errepideen II. Plan Zuzentzailean (2002-2009). Aitzitik, Nafarroako Gobernuak eta PSN alderdiak hitzartu eta maiatzaren 23an Parlamentuak onartu zuen Nafarroa 2012 Planaren baitan daude.


Erroko tunelaren proiektua


Proiektuaren baitan, N-135 (Iruñea-Frantzia, Luzaidetik barrena) errepidearen trazadura Zubiri eta Erro artean aldatzea aurreikusten dute, Erroko mendatea tunel baten bidez zeharkatu ahal izateko. Galtzadak 3,50 metroko bi bide eta 1,50 metroko kanpo bazterrak izan beharko ditu.


Proiektuari hasiera emateko, erdian itxaroteko bidea duen elkargunea diseinatu beharko dute, tarte berria eta gaur egungo errepidea (N-135) lotzeko, iparralderanzko norabidean, ezkerreko aldetik. Elkargunetik aurrera, trazadurak ekialderantz eginen du, eta Arga ibaia zeharkatuko du, 150 bat metro luzeko egitura baten bidez.


Aldez aurretiko azterlanen arabera, Arga ibaia igaro ondoren bi aukera daude Erroko mendatea zeharkatzeko:


• Iparraldeko aukera: Erroko mendatea 2.300 metroko tunel baten bidez zeharkatzea.


• Hegoaldeko aukera: Erroko mendatea bi tunelen bidez zeharkatzea (1.650 eta 250 metroko bi tunel).


Tunelaren irteeratik proiektuaren amaierara arte, trazadurak iparralderantz eginen du, Errotik gertu NA-2330 (Errotz-Erro) errepidearekin bat egin arte. Era berean, NA-2330 errepidearekiko lotura eta haren jarraipena ere diseinatu beharko dituzte, eta hautatutako aukeraren arabera, baliteke beste tarte bat eraiki behar izatea.


Proiektua gaur egungo N-135 errepidearekiko elkargunean amaituko da, Erro igaro ondoren. Erro eta Orondritzeko sarbideak ere proiektatuko dituzte. Tartearen hasieratik tuneleraino paretak eraiki beharko dituzte, 1.600 metro orotara.


Proiektuaren guztizko luzerak honako hauek dira, aukeraren arabera: 6,6 kilometro, iparraldeko aukerari dagokionez; eta 6,8 kilometro, hegoaldeko aukerari dagokionez.


Mezkiritzeko tunelaren proiektua


Proiektuaren baitan, N-135 (Iruñea-Frantzia, Luzaidetik barrena) errepidearen trazadura aldatzea aurreikusten dute. Proiektuaren luzera 2,5 kilometrokoa da, eta galtzadak 3,50 metroko bi bide eta 1,50 metroko kanpo bazterrak izan beharko ditu. Proiektuaren hasiera dokumentuan bertan zehaztuko dute, baina Mezkiritzeko elkargunetik laurehun metrora egon beharko du, Mezkiritz eta Aurizberri artean. Tartea Aurizberriko sarreran amaituko da.


Aurreikuspenen arabera, errepide berriko lehenengo kilometroa gaur egungo errepidetik gertu egonen da, baina trazadura hobetuko dute. Ondoren, tunela hasiko da, eta hartara, Mezkiritzeko mendatea saihestuko dute. Aurreikusita dagoenez, tulenak 500 metro izanen ditu, eta N-135 errepidearekin bat eginen du, Aurizberriko sarreran. Nolanahi ere, Mezkiritzeko mendaterako irispidea bermatu beharko dute.

Dokumentazioa:
Erro eta Mezkirizko tunelen proiektua
Erroko tunelaren proiektua
Mezkirizko tunelaren proiektua

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa