(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Iruñean aurkitu zuten legenardun baten oina ikusgai egonen da Bartzelonako Museu Egipci-Clos Fundazioan

osteguna, 2008.eko irailak 4

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, Iruñean aurkitu zuten legenardun baten oina utziko dio Bartzelonako Museu Egipci-Clos Arkeologia Fundazioari. Hain zuzen ere, Iruñeko Gaztelu Plazan 2001etik 2003ra bitarte egin zituzten indusketa arkeologikoetan aurkitu zuten 139E legenardunaren oin bat da.


Pie de leproso

Oina Iruñeko Gaztelu Plazan egin zituzten indusketetan aurkitu zuten. ( irudia handitu )


Zehazki, erromatarren garaiko legenardun baten oina da, eta gaur egunera arte, Espainian aurkitu duten zaharrenetako bat da. 2006ko Fisika eta Auzitegi Antropologiako Jardunaldietan aurkeztu zuten, Alacanten, eta María Paz de Miguel antropologoak eta Gabinete Trama SL enpresako taldeak aztertu dute.


Oina "Esquelets malats" erakusketan egonen da ikusgai, azaroaren 13tik aurrera, lau hilabetez. Erakusketan Estatuko eta Europako bildumetako piezak bilduko dituzte, eta hartara, Estatuan estreinakoz, historiaurretik gaur egunera bitarteko gaixotasunen berri emanen dute.


Erakusketako piezek hainbat alterazio dituzte: sortzetiko anomaliak, traumatismoak, infekzioak, tumoreak, artikulazioetako patologiak, trepanazioak, edo indarkeriak eragindako lesioak. Gainera, erakusketako ataletako bat antzinako ADNari eta Bartzelonako Museu Egipci-ko bildumako momia baten (Kemet-eko Dama) endoskopiari eskaini diote.


Erakusketako komisarioak honako doktore hauek izanen dira: Albert Isidro, Katalunia eta Balearretako Paleopatologia Elkarteko presidentea, eta Assumpció Malgosa, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologia Biologikoko irakasle titularra.


Pieza paleopatologiko infekziodunei buruzko erakusketa batera ere eramanen dute oina; hain zuzen ere, 27th Annual Meeting of the European Bone & Joint Infection Society dela-eta antolatuko duten erakusketara.


Antzinako gaixotasunak aztertzen dituen zientziak, Paleopatologiak, iraganeko gizakien ezaugarri fisikoak hobeto ezagutzen eta gizataldeetako osasun egoera ebaluatzen laguntzen du (hilkortasun tasa, gaixotasunak, bizirik irauten zutenak, zaintzak, eta batzuetan, heriotzaren arrazoia).


Oina 2008ko azaroaren 1etik 2009ko martxoaren 30era bitarte utziko du Nafarroako Gobernuak, bere gain inolako gasturik hartu gabe. Gainera, oina erakusgai egoteak Foru Komunitateko Ondare Historikoa ezagutzera emateko balio izanen du. Publizitatean eta herritarrentzako informazioan Nafarroako Gobernuko Kulturaren Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzaren berri emanen dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa