(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako turismoak urteroko jaia egin du Erriberrin sektoreko 300 eragilerekin baino gehiagorekin asteartea, 2014.eko maiatzak 13


Barcina Lehendakaria izan da buru Nafarroako BPGren % 5 eta % 6 artean hartzen duen sektorea aintzatesteko ekitaldian.


Dolores Redondo turismoari eskainitako galan.

Dolores Redondo aipamen bereziarekin, ondoan Barcina Lehendakaria duela. ( irudia handitu )

Nafarroako turismoak urteroko jaia egin du gaur, asteartea, Erriberrin. Bertan, Nafarroako Landa Hotelen Elkarteak (Rekrea), Villa Clementina hotelak, Ultzamako Benta jatetxeak eta Olloko Gure Sustraiak aterpetxeak  "Reyno de Navarra" Turismoko Sariak jaso dituzte, baita Dolores Redondo idazleak ere; hari aipamen berezia egin diote.

Ekitaldia Erriberriko Jauregian izan da. Yolanda Barcina Nafarroako Lehendakaria izan da burua eta bertan izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin bigarren lehendakariorde eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Carlos Erce Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia eta sektoreko 300 eragile baino gehiago.

Ekitaldia hasteko, minutu bateko isilunea egin dute atzo hil zuten Isabel Carrasco Leongo Diputazioko lehendakariaren omenez, eta Barcina Lehendakariak dolua agertzeko hitz batzuk esan ditu. Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Navarra Televisión kateak emango du telebistaz ekitaldia.

Esan duenez, Isabel Carrascok guztien interesaren eta onuraren alde egin zuen lan, eta, erantsi du, gizarteak errrotik kendu behar duela intolerantzia eta indarkeria hitzez eta legeekiko errespetuaz baliatuz.

Ekitaldiaren helburua Nafarroako BPGren % 5 eta % 6 hartzen duen sektorearen ahalegina eskertzea izan da. 2013ko turismoaren egoerari buruzko txostenaren arabera, bidaiarien kopuruak % 2,2 egin zuen gora iaz, estatuko bate bestekoa baino gehiago, eta 1.102.000 bisitari izatea lortu zuen.

Barcinak esan duenez, , "Nafarroa da gogobetetasun-maila handieneko turisten kopuru handiena duen autonomia-erkidegoa". Hori dela-eta, eskerrak eman dizkio sektoreari "horrek erakusten duelako gauzak behar bezala egiten ari direla". 


Turismoaren Jaian izan direnek minutu bateko isilunea gorde dute atzo hil zuten Isabel Carrasco Leongo Diputazioko lehendakariaren alde. ( irudia handitu )

Turismoaren alorreko sariak

Ekitaldian, Nafarroako turismoak aipamen berezi baten bidez aintzatetsi du Dolores Redondo idazlearen lana, Baztango turismoa indartzen lagundu baitu idatzi duen trilogiaren ("El guardián invisible", hainbat hizkuntzatara itzuli dena, eta "Legado en los huesos") lehen bi emanaldiek izandako arrakastari esker. Trilogia osatzen duen hirugarren liburua "Ofrenda a la tormenta" da.

Toki-entitate, turismo-partzuergo eta elkarteen sailean, saria Nafarroako Landa Hotelen Elkarteak (Reckrea) irabazi du, eratu zenetik hogei urte bete dituenean. Erakundea Espainiako landa-hotelen lehen elkartea izan zen, gaur egun 5 eta 30 gela artean dituzten 23 landa-establezimenduk osatzen dute, eta hotelak familiek kudeatzen dituzte.

Bestalde, turismoko enpresa eta enpresarien kategoriako saria, ostatuen modalitatean, Murelu-Longidako Villa Clementina hotelak jaso du. 4 izarreko landa-hotela da, egoitza modernista bihurtutakoa. 2011n Turismoaren alorreko kalitatearen Q ziurtagiria eskuratu zuen eta, 2012an, tripadvisor webgunearen bidez, bezeroen balorazioan oinarrituta, Nafarroako hotelen artean lehen postuan lortu zuen.

Kategoria berean baina jatetxeen modalitatean, Belate mendatean dagoen Ultzamako Benta jatetxea saritu da. Jatetxea 1890. urtean sortu zen bidaiariei ostatu eman eta garai hartan garraiobide gisa erabiltzen ziren zamari eta diligentziei arreta emateko. Gaur egun, ostatu- eta jatetxe-zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dute inguru lasaian.

Amaitzeko, turismo-zerbitzuen ikerketa, garapen, berrikuntza eta eskaintzaren modalitatean, Olloko "Gure Sustraiak" aterpetxe turistiko eta baserri-eskolak jaso du saria. Iragan otsailaren 11tik guztientzako ibilerraztasunaren eta ingurumen-iraunkortasunaren irizpideetan oinarrituta diseinatu eta eraikitako aterpetxe berritzailea da. Zehazki, estatuan aitzindariak diren zuzkidurak ditu, urritasunen bat dutenek ere turismoaz goza dezaten, baita trebakuntzarako, kirolerako eta aisia terapeutikorako egonaldiez ere.

Bidaiari kopuruaren hazkuntza

Ekitaldian 2013ko turismoaren balantzaren berri eman da. Nafarroako establezimendu turistikoek 1.101.958 bidaiariri eman zien ostatu, aurreko urtean baino % 2,2 gehiago, eta 2.310.294 gau egin zituzten.

Hazkuntza hotelen establezimenduetan erregistratutako bezeroen gorakadak eragin zuen. Zehazki, Nafarroako hotelek 680.084 bidaiari hartu zituzten 2013an, 2012an baino % 6,6 gehiago. 1.255.778 gau pasa zituzten, horiek % 5 egin zuten gora. Beraz, hoteletan ostatu hartzen duten turistak bidaiari guztien % 61,7 dira eta pasatako gauen % 54,4.

Eskariak ere gora egin zuen apartamentu turistikoen kasuan, baina behera landetxe eta kanpinetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera.

Ostatu hartu zuten guztiak kontuan izanda, barnekon eskaria igo zen, hau da, nafarrena, eta jaitsi egin zen katalan eta madrildarrena, nahiz eta bisitari gehienen jatorriak horiek izan. Merkatu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko bisitariena da (bisitarien % 15,5), ondoren Madrilgoena (% 12), Kataluniakoena (% 11,6) eta Nafarrena (% 10,7).

Bestalde, 63.866 erromesek zigilatu zituzten euren kredentzialak Orreagan. Kopuru horrek % 11 egin du gora 2012. urtearekin alderatuta.

Sektoreak Nafarroako BPGren % 5 eta % 6 artean hartzen du, eta Iruñearen kasuan % 8 da ehunekoa. Turismoko 1.513 ostatu (2012an baino % 3,9 gehiago) eta 37.606 plaza (% 7,1 gehiago) daude erregistratuta.

Gastronomiari eskainitako jaia

Nafarroako Turismoaren X. Jaian umore-ukituko eszenak antzeztu dira, bideo eta mintzaldiekin txandakatuta.

Erriberriko Jauregia aukeratu da gazteluko bizitzan barrena ibilbidea egiteko. Nafarroako errege-erreginak aipatu dira eta gastronomiari loturikoak etengabe esan dira, azken horren aldeko apustua egingo baita 2014an bereziki. Hortik dator ekitaldiari eman zaion izena, "Navarra: el Reyno de la Buena Mesa" (Nafarroa: mahai onaren erresuma).

Ekitaldian, turismoaren sariak banatu eta sektoreko datu nagusien berri emateaz gain, "Déjate abrazar por la gastronomía" bideoa eta Nafarroa helmuga turistiko gisa sustatzeko irratian, sareko prentsan, bidaien webguneetan eta sare sozialetan gauzatuko den hedabideen plan berria aurkeztu dira Bideoak Foru Komunitatera egiten den bidaia bat agertzen du, Samanta Villar kazetariak egin eta kontatutakoa.

Gogorarazi behar da sektorearen lehen gala 2005eko apirilaren 29an egin zela Baluarten. 2006tik 2009rako jaiak egoitza berean izan ziren eta, 2010ean, ibiltariak izaten hasi ziren, Nafarroako txokoak sustatu ahal izateko. Urte hartan Zugarramurdiko leizeetan izan zen, 2011n Xabierko gazteluan, 2012an Tuteran eta 2013an Irantzuko monasterioan.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa