(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Estatistika :
      • 11/1997 Foru Legea, ekainaren 27koa, Nafarroako Estatistikari buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

11/1997 Foru Legea, ekainaren 27koa, Nafarroako Estatistikari buruzkoa

 

Testu bateratua

Jatorrizkoa: 1997ko 83. NAO, uztailaren 11koa.

Aldaketak: 19/2010 Foru Legea, azaroaren 23koa

Atarikoa

Espainiako Konstituzioaren 149.1.31gn. artikuluak Estatuari bakarrik dagozkion eskumenen artean "helburu estatalerako estatistika" sartzen du.

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeak 1945eko Estatistikari buruzko Legea ordezkatu eta helburu estatalerako funtzio estatistikoa arautu zuen.

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 44.21 artikuluak Nafarroari bakarrik dagozkion eskumenen artean "Nafarroarako interesgarria den estatistika" ezartzen du.

Foru Komunitateko Administrazioan funtzio estatistikoak jada bide luzea egin du, bi hamarkada gainditu ditu eta. Foru Diputazioak Estatistika Zerbitzua sortu zuen 1974. urtean. Zerbitzu horri, besteak beste, estatistika alorreko lanak eginarazi zizkion. Lan horiek hasiak ziren ordurako Ogasun Zuzendaritzako Idazkaritza Teknikoan.

Nafarroako Administrazioen unitateek estatistika lan ugari eginak dituzte.

Jarduera konplexu bati buruz eskumen eremu esklusibo bat izateak, zeinetan bat egiten baitute eskubideak eta betebeharrak, kautelak eta arau-hausteak, antolamendu eskariak eta plangintza, e.a., erregulazio egokia eskatzen du, bai eta antolakuntza zehatza izatea ere.

Azaroaren 25eko 522/1991 Foru Dekretuak eskari honi erantzuten zion, aldi baterako baldin bazen ere. Izan ere, zioen adierazpenean honako hau agertzen zen: "Harik eta behar den Foru Legearen bitartez gure Foru Komunitateko estatistika jarduera arautu arte, bidezko da oraingoz aipatu jarduera arautzea Foru Dekretu honen bitartez".

Hainbat komunitate autonomok jada arautuak dituzte beren estatistika jarduerak.

Honako Foru Lege honen egitura Hasierako Titulu batek eta lau tituluk osatzen dute.

Hasierako tituluak zehazten ditu Foru Lege honek arautzen duen estatistika jardueraren helburua eta aplikazio eremua.

I. tituluak zehazten ditu estatistika jarduera arautu behar duten printzipioak, bertan parte hartzen duten agente desberdinen eskubideak eta betebeharrak finkatzen dituelarik. Era berean, estatistika jardueraren plangintza prozedurak finkatzen ditu. Hala eta guztiz ere, ez du erregulazio eremua agortzen, zeina osatu beharra egonen baita Nafarroako Estatistika Planari buruz aterako diren legeen bitartez.

II. tituluak Nafarroako Foru Komunitatearen Estatistika Sistema arautzen du. Sistema hori ondoko hauek osatzen dute: Nafarroako Estatistika Institutuak, Nafarroako Estatistika Kontseiluak eta Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuen eta erakunde autonomoen eta haien menpeko enteen estatistika unitateek. Estatistika Sistema hau sistema koordinatu bat da estatistika jardueraren plangintzari dagokionez, bai eta definizio, kode eta izenen erabilpenari, lurraldeetako estatistika unitateei eta beste alorrei dagokienez ere, baina informazio estatistikoaren ekoizpenean eta zabalkundean argiro deszentralizatua dago.

Titulu horretan xedatutakoari lotuta "Nafarroako Estatistika Institutua" sortu da, Nafarroako Foru Komunitateko Estatistika Sistemaren gunea dena. Institutu horren esku dago Nafarroarako interesgarria den estatistika publikoaren jarduera zuzendu, koordinatu eta sustatzea.

Halaber, aholku organo bat ere sortu da, Nafarroako Estatistika Kontseilua hain zuzen. Horren eginkizuna da informazio estatistikoaren ekoizleen arteko harremanak eta horien eta informazioaren erabiltzaileen artekoak erraztea.

III. tituluaren gaia da Nafarroako toki entitateen estatistika unitateena.

IV. tituluan zehazten da Foru Lege honetan ezarritako arauak eta betebeharrak betetzen ez dituztenei dagokien arau-hauste eta zehapenen erregimena.

HASIERAKO TITULUA. XEDEA ETA EREMUA

1. artikulua. Xedea.

1. Foru Lege honek Nafarroarako interesgarria den estatistika jarduera publikoa arautzea du xede, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak bere 44.21 artikuluak aipatu bezala.

2. Foru Lege honen ondorioetarako:

a) Estatistika jardueratzat hartzen dira estatistikak prestatzeko datu kuantitatibo edo kualitatiboak biltzea, eskuratzea, tratatzea eta zaintzea, emaitzak argitaratu eta zabaltzea eta antzeko beste edozein ekintza.

b) Estatistika publikotzat hartzen da Administrazio Publikoetako unitateek gauzatutakoa.

c) Nafarroarako interesgarria den estatistika jardueratzat hartzen da Foru Komunitatearen lurraldeari, demografiari, gizarte eta ekonomiari buruzko informazio estatistikoa ematen duena.

2. artikulua. Ezarpen-eremua.

1. Foru Lege hau aplikatuko zaie:

a) Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde autonomoek eta menpeko ente eta enpresek gauzatutako estatistika jarduerari.

b) Nafarroako toki entitateek, haien erakunde autonomoek, ente eta enpresek gauzatutako estatistika jarduera publikoari, beti ere Foru Komunitaterako interesgarri denean.

2. Foru Lege hau ez zaie aplikatuko:

a) Konstituzioaren 149.1.31 artikuluak aipatzen duen helburu estataleko estatistika jarduerari, eta berdin dio delako jarduera Estatuko Administrazio Orokorraren organo eskudunek hitzarmen, itun edo nolanahiko lankidetza mota baten bidez zuzenean gauzatua izan zein beste edozein entitatek.

b) Foru Lege honen 2.1 artikuluan sartzen ez diren pertsona fisiko nahiz juridiko pribatu edo eskubide publikodunek gauzatutako estatistika jarduerari.

c) Nafarroako Estatistika Planean sartu ez diren hauteskunde zundaketa eta iritzi inkestei.

I. TITULUA. ESTATISTIKA JARDUERAREN ARAUKETA

I. KAPITULUA. Printzipio orokorrak

3. artikulua. Estatistika jardueraren printzipioak.

Foru Lege honek arautzen duen estatistika jarduerak, izaera orokorrez, kontutan hartuko ditu emaitzen interes publikoa, gardentasuna, homogeneotasuna, proportzionaltasuna, zabalkundea eta argitalpena, informazioa gorde eta zaintzea, Administrazio Publikoen arteko lankidetza, sekretu estatistikoa izatea eta informazioa eman beharra.

1. atala. Interes publikoa

4. artikulua. Interes publikoa.

Foru Lege honek arautzen du interes publikoa dela medio garatutako estatistika jarduera oro. Nafarroako Parlamentuari dagokio estatistika baten interes publikoa neurtu eta kalifikatzea, Nafarroako Estatistika Planaren onespenaren bidez, 28. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

2. atala. Gardentasuna

5. artikulua. Gardentasuna.

1. Gardentasun printzipioa aplikatuz estatistika xedea duten datuak ematen dituzten subjetuek eskubidea dute datu horiek babesteko behar adina informazio eskuratzeko, datuok zertan erabiliko diren eta erantzuna nahitaezkoa izanen den edo ez jakiteko. Estatistika jarduera burutzen duten unitateak beharturik daude informazio hori ematera.

2. Foru Lege honek arautzen duen estatistika eragiketa bakoitzeko galdesorta edo galdeketa orotan agerrarazi beharko dira:

a) Egiten den estatistika jardueraren ezaugarriak.

b) Datuen helburu nagusia.

c) Lankidetzan aritzeko beharra, hala behar denean.

d) Sekretu estatistikoaren babesa.

3. atala. Homogeneotasuna

6. artikulua. Homogeneotasuna.

Foru Lege honek arautzen duen estatistika jarduera burutzeko aplikatuko dira estatistika eta lurralde mailako unitate, izen, kode, sailkapen eta definizioen multzo bateratu bat, bai eta estatistika jardueraren homogeneotasuna lortzeko lagun dezakeen beste edozein ezaugarri ere.

Arau horiek Foru Dekretu bidez onetsiko dira eta nahitaez betebeharrekoak izanen dira.

Ezartzen diren unitate, izen, kode, sailkapen eta definizioak bateragarriak izanen dira Estatuko Administrazio Orokorrak eta Europako Batasunak ezarritakoekin, datuak homogeneoak eta alderagarriak izan daitezen.

4. atala. Proportzionaltasuna

7. artikulua. Proportzionaltasuna.

Foru Lege honek arautzen dituen estatistika jardueretakoren bat gauzatu behar duen edozein unitatek proportzionaltasun printzipioa aplikatu beharko du lortu nahi diren emaitzen eta eskatzen den informazioaren izaera eta tamainaren artean.

5. atala. Emaitzen zabalkundea eta argitalpena

8. artikulua. Zabalkunde estatistikoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa berak burutzen dituen estatistika jardueraren emaitzen zabalkundeaz arduratuko da, eta orobat, argitaratzen ez diren emaitzak erabiltzaileen esku izan daitezen behar diren baliabideak jartzeaz. Arlo honetan ere irizpideak izanen dira interes publikoa, kostuen arrazionaltasuna eta legeak errespetatzea.

9. artikulua. Estatistika ofizialen argitalpena.

Foru Lege honen ondorioetarako, estatistika ofizialtzat hartuko dira Nafarroako Estatistika Planean sartutakoak eta Foru Dekretu baten indarrez gauzatutakoak, Foru Lege honen 28.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Estatistika ofizialen emaitzak argitaratu eginen dira eta inpartzialki eta modu zabalean hedatuko dira, beti ere, datu gehigarriak emanez, eta datu indibidualak aipatzeke, sekretu estatistikoari buruz Foru Lege honetan araututakoari jarraikiz.

10. artikulua. Emaitzen ofizialtasuna.

Edozein estatistika ofizialen emaitzak ofizialak izanen dira argitalpenetan edo bestelako euskarrietan argitaratzen diren unetik aurrera.

Foru Lege honek araututako estatistika jarduerak burutzen dituzten unitateei atxikitako langileek eta unitate horiekin akordioak, hitzarmenak edo kontratuak direla medio lankidetzan jarduten duten pertsona fisiko nahiz juridikoek beren lan profesionala dela eta, emaitzak argitaratu arte erabat isilean gorde beharko dituzte, non ez duen unitate estatistikoaren arduradun nagusiak berariazko baimena ematen. Isilpean gordetze hori sekretu estatistikoa betetzetik heldu diren betebeharretik apartekoa da.

11. artikulua. Metodologiaren argitalpena.

Eragiketa estatistiko baten emaitzak argitaratzearekin batera argitaratuko dira, halaber, emaitza horiek lortzeko erabilitako metodologiaren ezaugarriak ere.

12. artikulua. Ustiapen bereziak.

Eragiketa estatistiko bat prestatzen duen Foru Komunitateko Administrazioaren unitateak, dituen baliabideei egokitutako epean eta arauz onetsiko den prozesu baten bidez, argitaratu diren informazio estatistikoez gainera beste batzuk ere eman beharko ditu, estatistikaren ezaugarri teknikoek horretarako bide ematen badute eta sekretu estatistikoa hausten ez bada. Eskatzen den zerbitzu horri dagokion prezioa jarri ahalko da.

6. atala. Informazioa gorde eta zaintzea

13. artikulua. Informazioa gorde eta zaintzea.

Estatistika unitateek estatistikak prestatzeko bildutako informaziorako galdesortak eta bestelako euskarriak gorde eta zainduko dituzte, horien beharra den artean, eta Foru Lege honen printzipioak bermatzeko segurtasun neurriak hartu beharko dituzte.

7. atala. Administrazio publikoen arteko lankidetza

14. artikulua. Administrazio Publikoen arteko lankidetza.

Eragiketa estatistikoan baliabide publikoak hobeki erabiltzearren, Nafarroako Foru Komunitatearen estatistika sistemak, bere eskumenen esparruan, Udalbatzekiko lankidetza sustatu eta bultzatuko du, bai eta Estatuko Administrazio Orokorraren estatistika sistemarekin, Komunitate Autonomoetakoekin, Europako Batasunarekin eta beste Erakundeekin, estatistika jardueraren maila guztietan.

8. atala. Sekretu estatistikoa

15. artikulua. Sekretu estatistikoaren eremua.

Sekretu estatistikoak babestu eta gerizatuak egonen dira pertsona fisiko edo juridikoei dagozkien datu babestuak.

Pertsona fisiko edo juridikoen datu babestuak dira zuzenean interesatuak identifikatzeko bide ematen dutenak edo datuen egitura, edukia edo desagregazio graduengatik zeharkako identifikaziorako bide ematen dutenak.

16. artikulua. Sekretu estatistikoaren edukia.

Sekretu estatistikoak estatistika jardueran ari diren unitateei debekatzen die aurreko artikuluak aipatzen dituen datu babestuak -estatistika jardueraren ondorioz ezagutzen direnak- hedatzea edo adieraztea. Era berean behartuak daude ezagupen horretaz ez baliatzera.

17. artikulua. Unitate estatistikoen arteko komunikazioa.

Sekretu estatistikoaren babespeko datu estatistikoak administrazio publikoen estatistika organoei eskurarazten ahal zaizkie, ondoren zehazten diren baldintzak, datuak zaintzen dituen unitate estatistikoak ikuskatuta, betetzen badira:

1. Aipatu unitateak batez ere eginkizun estatistikoetan jardutea eta indarra duen legezko arautegiak espreski sekretu estatistikoari lotutakotzat hartuak izatea.

2. Igorri behar den informazioak benetako lotura izatea aipatu unitateen esku utzi diren eginkizun estatistikoekin.

3. Unitate estatistiko destinatarioek behar diren baliabideak izatea sekretu estatistikoa gordetzeko.

18. artikulua. Xede zientifikoetarako komunikazioa.

Ikerketa zientifikoen institutuek eta ikertzaileek zilegi izanen dute sekretu estatistikoak babestutako datuak erabiltzea, datu horiek zuzeneko identifikaziorako bidea ematen ez badute eta instituzio nahiz pertsona horiek datu babestuen babes fisikoa eta informatikoa bermatzeko eta dibulgazio ez-zilegizkorako edozein arriskutik saihesteko araubidez ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte. Datuak erabiltzeko tenorean horren berri eman beharko zaio Datuak Babesteko Agentziari edo Nafarroako Foru Komunitatean dagokion organoari.

19. artikulua. Sekretu estatistikoak babestutako datuen erabilpena.

Debekatua dago sekretu estatistikoak babestutako datuak erabiltzea estatistikaz kanpoko xedeetarako, legez aurreikusitako salbuespenetan izan ezik.

20. artikulua. Sekretu estatistikoa gorde behar dutenak.

Sekretu estatistikoa gordetzera behartuta daude ondoko hauek:

1. Estatistika jardueran ari diren Nafarroako Foru Komunitateko zerbitzu edo unitateei lotutako langileak eta Nafarroako Foru Komunitaterako interesgarri diren estatistika jardueretan ari diren toki entitateetako zerbitzu edo unitateetako langileak, beren eginkizunak bukatu ondotik ere.

2. Zernahi kontratu, akordio edo hitzarmen motaren medioz prozesu estatistikoaren edozein fasetan parte hartu dutela eta, sekretu estatistikoak babestutako datuen berri duten pertsona oro, fisiko nahiz juridikoak. Sekretu estatistikoa gorde beharrak iraun eginen du sekretua gordetzera behartuak dauden pertsonek estatistika zerbitzuekiko lotura bukatu badute ere. Sekretu estatistikoa gorde beharra babestutako informazioa eskuratzen den une berean hasiko da.

21. artikulua. Sekretu estatistikoa ez betetzea.

Sekretu estatistikoa betetzen ez bada horrek sortutako kalteengatik egokitzen diren ordainei erantzun beharko zaie, ordenamendu juridikoan ezarritako eran, funtzionario eta gainerako langile publikoei eska dakizkiekeen erantzukizun penal edo disziplinarioak eta Foru Lege honen IV. Tituluak aipatzen duen zehapen ahalmena deusetan galarazi gabe.

22. artikulua. Sekretu estatistikoaren salbuespenak.

Sekretu estatistikoaren babesetik at gelditzen dira:

1. Jendeak ezagutzen duen eta pertsonen intimitatea ukitzen ez duen babestutako edozein datu.

2. Administrazioaren erregistroetan eskuratutako edozein datu. Horrelakoetan aplikagarri diren lege bereziek zehazten dituzten konfidentzialtasuna eta hedapen irizpideak gorde beharko dira.

3. Izena, identifikatzaileak, tokia, jarduera erakusleak, tamaina eta bestelako ezaugarri orokorrak bezalako datuak, hedapen orokorreko erregistroetan edo direktorioetan sartu ohi direnak, besterik ez dituzten direktorioak.

4. Identifikatzaileak, tokia, unitate mota eta bestelako ezaugarri orokorrak bezalako datuak, hedapen orokorreko erregistroetan edo direktorioetan sartu ohi direnak, besterik ez dituzten eraikin eta etxebizitzei buruzko direktorioak.

5. Datu babestuak, interesatuak idatziz adierazten duenean sekretu estatistikoaren babesari uko egiten diola.

6. Duela hogeita bost urte baino gehiago hil ziren pertsona fisikoen gaineko datu babestuak.

7. Unitate estatistikoetan duela hamabost urte baino gehiago jasotako pertsona juridikoen gaineko datu babestuak.

8. Unitate estatistikoetan duela berrogeita hamar urte baino gehiago jasotako pertsona fisikoen datu babestuak.

9. atala. Informazioa derrigorrez eman beharra

23. artikulua. Derrigorrez erantzun beharreko estatistikak.

1. Derrigorrez erantzun beharreko estatistikak izanen dira Nafarroako Estatistika Planean eta Estatistikako Urteko Programetan halaxe espresuki zehazten direnak eta, Planean edo Programan sartuak egon ez arren, Foru Dekretu bidez onetsiak eta halakotzat kalifikatu direnak.

2. Derrigorrez erantzun beharreko estatistikak izanen dira, halaber, xede estatalerako gauzatzen direnak, dagokion legeriaren arabera derrigorrez erantzutekoak direla deklaratutakoak, horien gainean Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza akordioak edo hitzarmenak sinatzen dituenean Estatuko Administrazio Orokorrarekin.

3. Derrigorrezko elkarlanaren menpe ez dira egonen Espainiako Konstituzioaren 16.2 eta 18.1 artikuluek aipatzen dituzten datu eskuraketak. Kasu horietan elkarlana borondatezkoa izanen da beti.

24. artikulua. Informazioa ematera behartuta dauden pertsonak.

Aurreko artikuluan zehaztu estatistika jardueretan ari den unitateari informazioa ematera behartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean bizilekua edo helbidea izan edo jardueraren batean ari diren pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko edo pribatu guztiak. Betebehar hori heda daiteke Nafarroatik kanpora egiten diren jardueretara, estatistikaren xederako egoki denean eta haren arau erregulatzailean halaxe aurreikusita dagoenean.

25. artikulua. Informazioa emateko modua.

Foru Lege honek araututako jardueren esparruan informazioa ematen duen pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko edo pribatu orok egiaz eta oso-osorik erantzun beharko du, erantzuteko jarritako epean, eta estatistika jardueren arau erregulatzaileetan agertzen diren gainerako xehetasunak errespetatu beharko ditu.

II. KAPITULUA. Estatistika jardueraren plangintza

26. artikulua. Nafarroako Estatistika Plana.

1. Nafarroarako interesgarria den estatistika jarduera publikoa sustatu, antolatu eta planifikatzeko tresna Nafarroako Estatistika Plana izanen da.

2. Nafarroako Estatistika Plana Foru Lege baten bidez onetsiko da.

3. Plan horrek lau urteko indarraldia izanen du, edo beste edozein Foru Legean bertan horrela adierazten bada, eta Plan bakoitza luzatu eginen da harik eta ondorengoa indarrean jarri arte. Luzapen mekanismoei ez zaizkie lotuko erroldak eta beste eragiketa batzuk, horiek sartzea edo ez sartzea hasteko edo amaitzeko ezarritako aldien edo epearen menpe baldin badago.

4. Plan horrek gutxienez hauek bilduko ditu:

a) Planaren helburu nagusien eta Plan horretan aurreikusitako estatistika jardueraren helburu berezien zehaztapena.

b) Estatistika arloan izan beharreko instituzioen arteko lankidetza.

c) Plana burutzeko irizpideak eta lehentasunak.

27. artikulua. Estatistikako Urteko Programak.

1. Nafarroako Estatistika Plana Estatistikako Urteko Programen bidez garatuko da. Programa horiek Gobernuak onetsiko ditu Nafarroako Estatistika Institutua zein Departamenturi atxikitzen zaion, bertako kontseilariak proposatuta.

2. Estatistikako Urteko Programak ondoko zehaztapenak bederen bildu beharko ditu:

a) Nafarroako Estatistika Planari egokitzea.

b) Egiten ari diren eragiketa estatistikoen eta bere indarraldian zehar eginen diren eragiketa berrien zerrenda, honakoak adieraziz:

-Haien edukia eta helburua, xehetasun teknikoak eta hedapenerako irizpideak.

-Lan hori zein unitatek edo zerbitzuk egin behar duen.

-Laguntza eman beharra, hala eskatzen denean.

-Eragiketen kostu balioetsia.

c) Agerraraziko dira Nafarroako Foru Komunitatearen eta beste administrazio edo erakundeen arteko hitzarmen edo akordioetan sortutako eragiketak.

3. Estatistikako Urteko Programa Aurrekontuei buruzko Foru Legean sartuko da. Foru Lege horren bidez bideratuko dira ekitaldi bakoitzari dagokion Urteko Programa burutzeko behar diren baliabide guztiak.

Estatistikako Urteko Programa besterik gabe luzatuko da Urteko Aurrekontua luzatzen bada.

28. artikulua. Beste estatistika batzuk.

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa edozer dela ere, Nafarroako Gobernuak, hala komeni denean edo presakoa baldin bada, Foru Dekretu bidez baimena eman dezake Estatistika Planean edo Urteko Programan jasotzen ez diren eragiketa estatistikoak egin daitezen. Estatistika horiek ofizialtzat joko dira.

2. Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek, beren beharretarako, Estatistika Planean edo Urteko Programan sartzen ez diren eragiketa estatistikoak buru ditzakete, Foru Lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ezartzen diren printzipioak eta arauak betez, beti ere.

Eragiketa estatistiko horiek pertsona fisiko nahiz juridikoei informazioa eskatu beharra dakartenean, beren eginkizunei tokatzen zaizkien harreman administrazioetatik aparte, horretarako Foru Komunitateko estatistika organoaren aldez aurreko eta aginduzko txostena beharko dute, bikoiztasunik gerta ez dadin eta behar den koordinazioa segurtatzearren.

II. TITULUA. NAFARROAKO ESTATISTIKA SISTEMA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

29. artikulua. Nafarroako Estatistika Sistema.

1. Nafarroako Foru Komunitateko estatistika jarduera Nafarroako Estatistika Sistemak Foru Lege honetan ezarritako moduan gauzatuko da.

Nafarroako Estatistika Sistema osatzen dute ondoan ematen diren unitateek eta berauen jarduera koordinatzeko haien artean ezartzen diren harremanek.

Estatistika Sistemaren unitateak ondoko hauek dira:

a) Nafarroako Estatistika Institutua.

b) Departamentuetako unitateak eta haien menpean diren organismo, ente edo enpresak, baldin estatistikan jarduten badute.

c) Nafarroako Estatistika Kontseilua.

2. Nafarroako Estatistika Sistemaren unitateak zuzenean jardun dezakete estatistika arloan edota beste administrazio publikoekin eta entitate pribatuekin egindako akordio, hitzarmen edo kontratuen bidez. Horiek guztiak estatistikari dagokionez Foru Lege honen menpean geldituko dira.

3. Estatistika jardueraren planifikazio, normalizazio eta koordinazio teknikoa Nafarroako Estatistika Institutuak bilduko ditu. Produkzio eta zabalkundekoak, berriz, Estatistika Sistemaren unitateen artean banatuko dira, Foru Lege honetan ezarritakoaren arabera eta bere garaian Nafarroako Estatistika Planak, Urteko Estatistika Planek eta horiek garatzen dituen arautegiak ezarritakoari jarraikiz.

II. KAPITULUA. Nafarroako Estatistika Institutua

30. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Estatistika Institutua Nafarroako Foru Komunitatearen estatistika organoa da, Nafarroarako interesgarria den estatistika jardueraren arduraduna.

2. Nafarroako Estatistika Institutuaren izaera eta egitura organikoa Nafarroako Gobernuak definituko ditu Foru Dekretuaren bidez.

3. Nafarroako Estatistika Institutua Ekonomi eta Ogasun Departamentuari atxikiko zaio.

31. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Estatistika Institutuaren eginkizunak ondoko hauek dira:

a) Nafarroarako interesgarria den estatistika jarduera publikoa sustatu, zuzendu eta koordinatzea.

b) Nafarroarako interesgarria den estatistika jarduera publikoaren oinarri, xede eta gainerako xehetasunak zabaltzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioko eta Toki Administrazioetako Estatistika Sistemaren gainerako unitateen lankidetzaz Nafarroako Estatistika Planaren Aurreproiektua egitea.

d) Datuen sailkapenerako eta emaitzen aurkezpenerako kontzeptu, definizio, sailkapen, izen eta kodeei buruzko arauak proposatzea, horien erabilera bultzatzea Nafarroako estatistika jardueran eta koordinazio metodologikoa sustatzea toki erakundeen, komunitate autonomoen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Europako Batasunaren eta beste erakundeen estatistika jarduerarekin.

e) Estatistikako Urteko Programetan bere esku uzten diren estatistika eragiketak egitea.

f) Demografia, ekonomia eta gizartearen estatistikari buruzko sistema integratuak burutzea.

g) Estatistika unitateen direktorioak burutzea eta lurralde, populazio, etxebizitza eta jarduera ekonomikoari buruzko oinarrizko parametroak eta markoak sortzeko eta eguneratzeko behar diren errolda eragiketak egitea.

h) Estatistika ikerketak eta alor horretan jarduten duten langileen trebakuntza zein lanbide prestakuntza bultzatzea.

i) Foru Komunitatearen Administrazioa ordezkatzea toki unitate eta erakundeekin, autonomi erakundeekin zein estatuko edo nazioartekoekin izan ditzakeen harremanetan eta estatistika jardueran haiekiko koordinazioa eta elkarlana sustatzea. Ordezkaritza lan horretan departamentuetako laguntza izanen du eta halaxe behar denean haien esku utziko du bere ordezkaritza.

j) Estatistika Sistemaren unitateekin batera sekretu estatistikoa aplikatu eta errespeta dadin zaintzea.

k) Nafarroari buruzko estatistiken zabalkundea bultzatzea.

l) Estatistika jarduera tresna edo xedetzat harturik Foru Komunitateko Administrazioak parte hartzen duen hitzarmen edo akordio proietu guztiei zein zerbitzu kontratazioei buruzko txostenak, nahitaezkoak, prestatzea.

m) Nafarroako Foru Administrazioaren unitateek gauzatu behar dituzten estatistika eragiketei buruzko txostenak prestatzea, baldin haien ardurako administrazio harremanetatik at diren pertsona fisiko nahiz juridikoei informazioa eskatzea badakarte.

n) Nafarroako Estatistika Planaren barreneko estatistika eragiketak egiteko beharrezko diren erregistroak ukitzen dituzten galdeketa, administrazio prozedura eta informatika aplikazioei buruzko txostenak prestatzea.

o) Foru Lege honek araututako estatistika jarduera burutzen duten unitateek estatistikak egiterakoan erabilitako galdeketa zein metodoen eraginkortasuna neurtzeko ikerketak aurrera eramatea.

p) Legearen barrenean agintzen zaion beste edozein estatistika jarduera.

2. Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu bidez, artikulu honen 1. idazatian araututako eginkizunak gehitu ahalko ditu.

32. artikulua. Baliabide tekniko eta pertsonalak.

Nafarroako Estatistika Institutuak behar diren baliabide tekniko, pertsonal eta ekonomikoak izanen ditu bere eginkizunak garatzeko eta, batez ere, datuen konfidentzialtasuna eraginkortasunez babesteko sekretu estatistikoaren bidez.

1. Estatistika jarduerako alor berezietako langile espezializatuak izanen ditu. Horiek hautatzeko nahiz beraien lan egoera arautzeko dagokion legedira joko da.

2. Bere eginkizunak betetzeko baliabide teknikoak eta instalazio egokiak izanen ditu, batipat sekretu estatistikopean dagoen informazioa babesteko.

3. Era autonomoan eta etengabe bere eginkizunak betetzeko baliabide informatikoak izanen ditu.

III. KAPITULUA. Departamentuetako estatistika unitateak

33. artikulua. Departamentuetako estatistika unitateak.

1. Departamentuetako estatistika jardueran diharduten unitateei dagokie beren eginkizunak betetzeko estatistika informazioa bildu, sortu eta zabaltzea, arreta berezia jarriz administrazio jardueran sortzen diren datuen ustiapen estatistikoan.

Unitate horiei dagokie, halaber, Urteko Estatistika Programetan agintzen zaizkien eragiketa estatistikoen exekuzioa, legez ematen zaien beste edozein estatistika eginkizun eta Foru Lege honen 28.2 artikuluak ezartzen duen moduan eginiko beste edozein estatistika jarduera.

2. Departamentuek, beren eskumenen barrenean, Nafarroako Estatistika Institutuarekin lankidetzan jardungo dute ondoko hauetan: Nafarroako Estatistika Planaren eta Urteko Estatistika Planaren prestakuntza, datuen tratamendurako definizio, sailkapen, izendapen eta kodeen normalizazioa eta emaitzen gauzatzea.

3. Departamentuek, beren eskumenen barrenean, arlo estatistikoko hitzarmenak edo akordioak sustatu edo garatu ahalko dituzte beste erakunde publikoekin.

34. artikulua. Departamentuetako estatistika organoak.

Estatistikaren garapena sustatzeko, baliabideak razionalizatzeko eta estatistika jardueran lankidetza errazteko Departamentuek unitate bat antola dezakete bertako estatistika organo gisa. Unitate hau, Departamentuaren organo estatistikoa den heinean, estatistikari emana egonen da osorik eta Departamentuaren estatistika jardueraren koordinazioaren erantzule izanen.

Organo honek bere eginkizunak betetzeko behar den gaitasun funtzionala izanen du eta Lege honetan ezarritako eran sekretu estatistikoaren menpean egonen da, arauz ezarritako baldintzak betetzen baditu. Arauz ezarriko da, orobat, Departamentuetako estatistika organoek sekretu estatistikoaren eskubide eta betebeharrez jabetzeko prozedura.

35. artikulua. Estatistika jarduerari buruzko memoria.

Departamentu bakoitzak urtero eginen du bere estatistika jarduerari buruzko memoria eta Nafarroako Estatistika Institutura igorriko du.

IV. KAPITULUA. Nafarroako Estatistika Kontseilua

36. artikulua. Izaera eta osaketa.

1. Nafarroako Estatistika Kontseilua Nafarroako Estatistika Sistemaren kontsultarako eta partehartzeko organoa da. Bere xedeak dira estatistika unitateen arteko harremana erraztea eta unitateek informatzaileekin eta erabiltzaileekin dutena aisetzea.

2. Nafarroako Estatistika Kontseiluan ondoko hauek izanen dira:

a) Kontseiluburua, Nafarroako Estatistika Institutua zein Departamentutan dagoen, bertako titularra dena.

b) Buruordea, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.

c) Nafarroako Estatistika Institutuko funtzionario bat, zuzendariak izendatua, Kontseiluko idazkari lanetan jardungo duena.

d) Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuetako ordezkari bana.

e) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

f) Iruñeko Udaleko ordezkari bat.

g) Estatistikako Institutu Nazionalaren ordezkari bat.

h) Ordezkari gehien duten enpresarioen elkarteen bi ordezkari.

i) Ordezkari gehien duten sindikatuen bi ordezkari.

j) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat.

k) Gizarte erakundeen bi ordezkari, kontseiluburuak izendatuak.

l) Estatistika arloan nabarmendu diren bi pertsona, kontseiluburuak izendatuak.

3. Antolakuntza eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko dira.

37. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Estatistika Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Estatistika Planei eta Urteko Estatistika Planei buruzko aginduzko txostena egitea.

b) Estatistika unitateen eta informatzaileen arteko harremanei buruzko aholkuak ematea, batez ere sekretu estatistikoaren aplikazio praktikoari dagokionean.

c) Nafarroako Gobernuak nahiz edozein kontseilukidek eskatutako gai estatistikoei buruzko txostenak egitea, arauz ezartzen den prozedurari jarraikiz.

d) Estatistika alorrean aldeek beren borondatez aurkezten dizkioten auziak ebaztea.

38. artikulua. Baliabideak.

Nafarroako Estatistika Kontseiluak bere jardueran behar dituen baliabideak Nafarroako Estatistika Institutuak emanen dizkio.

III. TITULUA. HARREMAN ESTATISTIKOAK TOKI ENTITATEEKIN

39. artikulua. Toki Administrazioen estatistika unitateak.

1. Nafarroako toki entitateen eta hauen menpeko erakunde eta enpresen estatistika unitateek, estatistikan jarduten badute, beren arautegi berezia izanen dute.

2. Nafarroako toki entitateek beren borondatez eta dituzten eskumenen barrenean, Nafarroako Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Planetan sartzen diren estatistikak, baita 28.1 artikuluan ezarritakoak ere, burutu eta zabaldu ahalko dituzte.

3. Nafarroako toki entitateek bere intereseko estatistikak Nafarroako Estatistika Planaren aurreproiektuan eta Urteko Estatistika Planetan sartzea eskatu ahalko dute. Eskaerari ondoko hauek erantsiko zaizkio: estatistikaren interes publikoari eta ezaugarri teknikoei buruzko txostena, txosten ekonomikoa, finantzaziorako proposamena eta gauzatzeko ardura izanen duen unitatearena.

4. Nafarroako toki entitateek estatistika emana egonen den unitate bat izenda dezakete beren estatistika organo gisa. Estatistika organo hau sekretu estatistikopean egonen da Foru Lege honek ezarritakoaren arabera, baldin erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen baditu.

IV. TITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA

40. artikulua. Arau-hausteak.

Foru Lege honetan edo bera osatzen edo garatzen duten arauetan diren betebeharrak ez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko estatistika arloko administrazio arau- haustetzat hartuko da.

41. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

1. Foru Lege honetan ezarritako arau-hausteen erantzuletzat hartuko dira arau-haustea sortu duen egintza edo omisioa egozten ahal zaien pertsona fisiko edo juridikoak.

2. Pertsona juridikoak beren organo, langile edo agenteek egindako arau-hausteen ondorioz ezartzen zaizkien zehapenen erantzule izanen dira.

42. artikulua. Laguntza ematera behartuak daudenen arau- hausteak.

1. Laguntza estatistikoa ematera beharturik dauden pertsona fisiko edo juridikoen arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira.

2. Arau-hauste arinak izanen dira:

a) Nahitaez eman beharreko informazioa ez ematea, horrek kalte larririk sortzen ez badu.

b) Eskatutako informazioa epez kanpo, gezurrezko datuak edo osatugabeak erabiliz edo ezarritako modua ez den beste batez ematea, aurreko ekintza horiek kalte larririk sortzen ez badute.

3. Arau-hauste larriak izanen dira:

a) Nahitaez eman beharreko informazioa ez ematea edo eskatutako informazioa epez kanpo, gezurrezko datuak edo osatugabeak erabiliz edo ezarritako modua ez den beste batez ematea, aurreko ekintza horiek kalte larria sortzen badute.

b) Arau-hauste arinak behin eta berriro errepikatzea.

4. Arau-hauste oso larriak izanen dira:

a) Gezurrezko datuak ematea era engainagarrian, erantzuna borondatezkoa zein nahitaezkoa izan.

b) Arau-hauste larriak behin eta berriro errepikatzea.

43. artikulua. Estatistika jardueran egin daitezkeen arau-hausteak.

1. Foru Lege honek arautzen duen estatistika jardueran diharduten unitateei egozten ahal zaizkien arau-hausteak, bertako langileek egindakoak zein aipatu unitateekin akordio, hitzarmen edo kontratu bidez lankidetzan aritzen diren pertsona fisiko zein juridikoek egindakoak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.

2. Arau-hauste arinak izanen dira:

a) Informazio emaileak era ez-egokian tratatzea.

b) Galde-sortak edo antzeko agiriak osatzerakoan bete behar diren arauen berri ez ematea edo arau horiek bere osotasunean ez ematea. Orobat, ez adieraztea ez betetzeak ekartzen ahal dizkien zehapenak.

3. Arau-hauste larriak izanen dira:

a) Arau-hauste arinak behin eta berriro errepikatzea.

b) Estatistika arloan onetsitako arau teknikoak ez betetzea.

c) Estatistikako langilearen izaera egiaztatzen duen agiria ez erakustea halaxe eskatzen duen informatzaileari.

4. Arau-hauste oso larriak izanen dira:

a) Arau-hauste larriak behin eta berriro errepikatzea.

b) Sekretu estatistikoaren babespean diren datuak jakiteko baimenik ez duten pertsonei zabaltzea edo aditzera ematea.

c) Datu estatistikoak xede ez-estatistikoetarako erabiltzea.

d) Informazioa emanaraztea derrigor, horretara behartua ez egonik ere.

e) Emaitzak zabaltzea ofizialki jendaurrera atera ez direnean edo dagokion unitate estatistiko arduradunaren baimenik gabe.

44. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

1. Arau-hauste arinek gehienez ere 100.000 pezetako isuna izanen dute.

2. Arau-hauste larriek 100.001 pezetatik 500.000 pezeta arteko isuna izanen dute.

3. Arau-hauste oso larriek 500.001 pezetatik 5.000.000 pezeta arteko isuna izanen dute.

4. Arau-hausleak etekin ekonomikoa lortzen duen hutsegiteen kasuan, lortutako etekinaren halako biko zehapena jarri ahalko zaie.

5. Aurreko idazatietan ezarritako zehapenen zenbatekoak graduatuko dira kontuan harturik kasu bakoitzean arau- haustearen larritasuna, egindako kalte-galeren izaera eta arau-hausleek lehenago erakutsi duten jokabidea, aldez aurretik zehapena kalifikatzerakoan kontuan hartu ez bada, behinik behin.

6. Arau-hausteak funtzionario publikoek edo Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko lan-kontratudunek eginak badira, artikulu honetan ezarritako zehapenak ez dira aplikatuko, aurreko idazatietan aurreikusitakoa deusetan gutxietsi gabe. Direlako arau-hausteak kasu bakoitzean aplikagarria den legeria berezian araututako zehapen erregimenaren menpean geldituko dira.

45. artikulua. Zehatzeko nahitaezko baldintza.

Foru Lege honen 42 eta 43. artikuluetan biltzen diren arau-hausteen ondoriozko zehapenak ezarriko dira izandako jokabidea legez arau-hauste gisa aurreikusi denean soil-soilik.

46. artikulua. Ahalmena eta zehapen prozedurak.

1. 42.2 eta 43.1 artikuluek aipatzen dituzten arau- hausteen zehapenak Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariak ezarriko ditu. 42. artikuluaren 3. idazatiak eta 42. artikuluaren 2. idazatiak aipatzen dituzten zehapenak Nafarroako Estatistika Institutua zein Departamentutan den, bertako titularrak jarriko ditu. 42. artikuluaren 4. idazatiak eta 43. artikuluaren 3. idazatiak aipatzen dituzten zehapenak Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu.

2. Zehapenak jarri, Nafarroako Foru Komunitatean zehapen prozedura garatzen duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jarriko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiondako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera.

47. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste arinak urte baten buruan preskribituko dira, larriak bi urteren buruan eta oso larriak bost urteren buruan, egin zirenetik kontatzen hasita.

48. artikulua. Beste erantzukizunak.

Titulu honetan aipatzen diren administrazio zehapenak ezarriko dira aurki daitezkeen beste erantzukizun zibil edo beste gisakoen kaltetan izan gabe.

V. TITULUA. NAFARROAKO POPULAZIOAREN ERREGISTROA

48. artikulua. Nafarroako Populazioaren Erregistroaren sorrera.

Nafarroako Populazioaren Erregistroa sortzen da. Erregistroan datu hauek jasoko dira: izena, abizenak, helbidea, sexua, jaioteguna eta NANaren zenbakia, edo atzerritarren kasuan, agiri horren ordezkoa. Datu horiek Nafarroako Foru Komunitateko udal guztietako biztanleen erroldetan eta hautesle-erroldan agertzen direnak izanen dira.

49. artikulua. Nafarroako Populazioaren Erregistroko datuak lortzea.

Nafarroako Populazioaren Erregistroko datu pertsonalak Estatistikako Institutu Nazionalak emanen ditu, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

50. artikulua. Interesdunen eskubideak erabiltzea.

Interesdunek datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Nafarroako Estatistika Institutura joz.

51. artikulua. Nafarroako Populazioaren Erregistroaren helburua.

1. Nafarroako Populazioaren Erregistroaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta lurralde honetako biztanleen arteko komunikazioa, organo horiek esleiturik dituzten eskumenak erabiltzearen ondoriozko harreman juridiko-administratiboen esparruan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek Nafarroako Populazioaren Erregistroko datuak ukitutako pertsonaren aurretiko baimena izan gabe erabiltzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, beren eskumenak erabiltzeko behar baldin badituzte, eta egoitza edo helbidea jakitea datu garrantzitsua denean besterik ez.

3. Nafarroako Populazioaren Erregistroko datuak Nafarroako Estatistikako Institutuari eskatuko zaizkio. Informazio hori zertarako behar den adieraziko dute eskatzaileek eta, horrekin batera, frogatu egoitza edo helbidea datu garrantzitsua dela kasu horretan.

4. Nafarroako Estatistika Institutuak ematen dituen fitxategiaren kopietan datu hauek agertuko dira bakarrik: izen-abizenak, helbidea, sexua eta jaioteguna.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek Nafarroako Populazioaren Erregistroko datuak erabiltzen ahalko dituzte, orobat, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera estatistika ofizialak egiteko.

52. artikulua. Konfidentzialtasuna.

Aurreko artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik, Nafarroako Populazioaren Erregistroko datu pertsonalak konfidentzialak dira eta haiek ikusteko Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta ordezko gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari.

53. artikulua. Nafarroako Populazioaren Erregistroko datuak erabiltzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek titulu honetan adierazitako bideetatik lortu duten informazioa ezin izanen da manipulatu, ez eta laga ere. Nafarroako Estatistika Institutuari igorritako eskaeran adierazitako eginkizunetarako baizik ez da erabiliko eta eskatutako xedeko lana bukatu ondoren suntsitu beharko da.

54. artikulua. Segurtasun neurriak.

Nafarroako Populazioaren Erregistroko segurtasun neurriak oinarrizkoak izanen dira, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren VIII. tituluan ezarritakoaren arabera.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio Foru Lege honetan aurreikusitako zigorren zenbatekoa urtero berraztertzeko, Kontsumorako Prezioen Indize Orokorrean izandako aldaketei egokitzearren.

Lehen Xedapen Iragankorra

Ekonomi eta Ogasun Departamentuak estatistika alorrean aldez aurretik sinatutako hitzarmen edo akordioek beren arautegiari jarraituko diote.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Estatistika Plan bat, Nafarroako Parlamentuak onetsitakoa, ez dagoen bitartean, estatistika jardueren aurrekontua -eta zehazki Nafarroako Estatistika Institutuarena- ohiko prozeduraren bidez finkatuko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Lege honetan aurreikusitakoaren kontrako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena

Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere bi urteko epean, Gobernuak Nafarroako Estatistika Planari buruzko Foru Lege proiektu bat igorriko du Nafarroako Parlamentura.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Nafarroako Estatistikako Institutuaren izaera eta egitura organikoari buruzko Foru Dekretua onetsiko da, Foru Lege honi egokitzearren.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Gobernuak Nafarroako Estatistika Kontseiluaren antolakuntza eta funtzionamenduaren Erregelamendua onetsiko du. Urtebeteko epea baino lehen osatuko da Nafarroako Estatistika Kontseilua.

Azken Xedapenetan Laugarrena

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa