(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Balio Erantsiaren gaineko Zerga :
      • 3/2014 Legegintzako Foru Dekretua, abenduaren 23koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

3/2014 Legegintzako Foru Dekretua, abenduaren 23koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena

 

(2015eko 14. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 22an)

Zioen Azalpena

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berak aplikatu behar ditu; hala ere, aitorpena eta diru-sarrerak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 54.1 artikuluan, Nafarroako Gobernuaren araugintzarako ahalmena erregulatzean ezartzen duenez, tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak Foru Komunitatean aplikatzera, Nafarroako Gobernuak tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak eman ditzake, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik. Aipatu 14/2004 Foru Legearen 54.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuaren xedapen horiei, aipatu legegintzarako eskuordetzearen ondorio direnean, “tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretu” izena emanen zaie.

Azaroaren 27ko 28/2014 Legeak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea, Kanarietako Araubide Ekonomiko eta Fiskalaren alderdi fiskalak aldatzeari buruzko ekainaren 7ko 20/1991 Legea, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea, eta ingurumen arloko fiskalitate neurri batzuk eta tributu eta finantza arloetako beste zenbait neurri ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legea aldatu zituen; izan ere, aldaketa batzuk egin zizkion BEZaren gaineko araudiari, Europar Batasuneko araudiari are gehiago egokitzeko, esparru juridiko seguruagoa ezartzen ahalegintzeko, iruzur fiskalaren kontrako borroka indartzeko eta, azkenik, zenbait eragiketaren esparru fiskala malgutu eta hobetzeko.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu denez, beharrezkoa da Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu hau ematea Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko, zerga horri dagokionez, Foru Komunitatean aplika daitezen Estatuan indarra duten arau substantibo eta formal berberak.

Tributu Harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu honek, aurretik esandakoarekin bat, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu batzuk aldatzen ditu.

Bestetik, beharrezkoa da foru araua BEZari buruzko zuzentaraura egokitzea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren zenbait epai bete behar baitira, gure barne araudian eragin zuzena dutela ikusirik, eta Europako Batzordeak 2012ko urriaren 24an eman zuen irizpen arrazoitura moldatzea. Irizpen horren xedea fede-emaile publikoek salbuetsitako finantza eragiketekin lotuta emandako zerbitzuen salbuespena da.

Hirugarren aldaketa multzoa iruzurraren kontrako borrokari dagokio: “subjektu pasiboaren inbertsio araua” izenekoa aplikatzeko beste kasu batzuk ezartzea, edo aduanei buruzko araudiaren arloarekin lotura duten aldaketak.

Azkenik, zenbait muga edo betebehar malgutzen dituzten arauen multzo bat bildu da dekretu honetan, hala nola, enpresa txikia edo ertaina duten enpresaburu edo profesionalen kasuetan zerga-oinarria aldatzeko epea luzatzea, edo kutxa-irizpidearen araubide bereziari atxikitako enpresaburuen kasuetan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2013ko urtarrilaren 17an emandako epaian, “osasun produktuei buruzko epaia” izenaz ezaguna den horretan, ezarririk dago zergaren araua aldatu beharko dela osasun produktuei aplikatu beharreko tasei dagokienez.

Zerga tasaren aldaketak eragin die, gehienbat, osasun arloko ekipo, tresneria, produktu eta gainerako lanabesei, erabilera medikoa izan eta ospitaleetan erabiltzen direnei, oro har, ehuneko 10ekoa izatetik ehuneko 21ekoa izatera pasatu delako, eta ehuneko 10ekoa mantendu da, soilik, produktu jakin batzuetarako, alegia, haien ezaugarri objektiboengatik urritasun fisikoak, mentalak, adimenekoak edo zentzumenetakoak dituztenen eta ez beste inoren erabilera pertsonalerako, urritasun horiek arindu edo tratatzeko diseinaturik dauden produktuetarako. Haien zerrenda erantsi da, zergari buruzko foru legearen eranskinari atal berri bat gehituz, bederatzigarrena.

Eranskineko bederatzigarren atal berri horretako zerrendan ageri diren produktu batzuk desgaitasuna duten pertsonentzat dira soilik, esate baterako, ikusmeneko eta entzumeneko urritasuna dutenen eta ez beste inoren erabilera pertsonalerako diseinatutako aparatuak; eta beste batzuk, erabilera mistoa izan dezaketenak, baina desgaitasuna dutenentzat erabilera argi eta objektiboa izanik.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak C-189/11 aferan 2013ko irailaren 26an emandako epaiak, bidaia agentzien araubide bereziari buruzkoak, berarekin dakar araubide berezi honen erregulazioa aldatu beharra.

Aipatutako epaiak nahitaezko egin dituen aldaketez gain, zergaren araubide orokorra aplikatzeko aukera ere erantsi da, eragiketaz eragiketa egin beharrekoa, baldin eta eragiketa horien hartzailea den enpresaburuak edo profesionalak eskubidea badu, neurriren batean, jasandako zerga-kuoten kenkarirako edo itzulketarako; horretarako, kontuan hartu da kide diren beste estatu batzuetan dagoen araubide bereziaren erregulazioa, zehazki araubidearen hartzailea enpresaburu edo profesional bat denean.

Kontraprestazioa diruzkoa ez duten eragiketen balorazio araua ere aldatu da, eta aurrerantzean alderdiek adostutako balioa izanen da, dirutan adierazia, eta hondarreko irizpidea autokontsumoaren balorazio arauak izanen dira.

Beste aldaketa batzuk zergaren doikuntza edo hobekuntza teknikoaren arlokoak dira. Hartara:

–Enpresa ondarea edo ondare profesionala osorik edo zati batean eskualdatzearen ondorio diren zerga loturarik gabeko eragiketen erregulazioa argitu egin da, eta, horretarako Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia sartu da, izan enpresa baten eskualdaketa, izan haren zati batena.

–Ente publikoek egindako eragiketek zerga loturarik ez izateari dagokionez, ezartzen da, batetik, kudeaketa gomendioez baliatuz emandako zerbitzuak ez daudela lotuta, eta, bestetik, lege maila ematen zaio “ente tekniko-juridikoak” izenekoen doktrina administratiboari.

Zerga loturarik ez izateak berarekin dakar lotu gabeko eragiketak egiteko erabiliko diren ondasun eta zerbitzuak eskuratzeagatik jasaten diren kuotak ez direla kengarriak izanen; hori dela eta, aldi berean zergaren menpe dauden eragiketak eta ez daudenak egiten dituzten ente publiko “bikoitzak” deitzen diren horien erregulazioan egindako aldaketari dagokionez argitzen da testuan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia aplikatuz, bi eragiketa motak aldi batera egiteko erabiltzen diren ondasun eta zerbitzuak eskuratzeagatik jasandako kuoten kenkaria zentzuzko irizpide baten arabera eginen dela.

–“Hezkuntz salbuespena” izenekoa aplikatuko da, halaber, ikastetxean eskola-orduen artean ematen zaizkien arreta zerbitzuetan, bai eskolako jantokian egoteko garaian bai eskola ordutegitik kanpo haurtzaindegi zerbitzuan, eta, ondorio horietarako, ikastetxeak ematen dituen zerbitzu horiei zergari dagokionez ematen zaien tratamendua parekatu eginen da, baliabide berekiekin egin edo besteren baliabideekin egin.

–Konpentsazio Batzordearen eta lurren jabeen artean egiten diren lursailen entrega eta esleipenetan aplikatzen zen salbuespena desagertzen da, batzorde horiek urbanizazio prozesuetan izaten zuten esku-hartzeari –izaera fiduziarioarekin jardun edo gabe jardun– zergan tratamendu desberdina emateak distortsioa sortzen zuelako.

–Higiezinen gaineko salbuespenei uko egiteko esparru objektiboa handitu egiten da, ukoa ez baita lotzen enpresaburu edo profesional eskuratzaileak jasandako zergaren kenkari osoa egiteko eskubidea izan beharrarekin higiezina erostean aurreikusten zuen xedearen arabera, baina exijitzen da enpresaburuak eskubidea izatea jasandako zergaren kenkari osoa edo zati batekoa egiteko erosketa egitean edo erositako higiezinerako aurreikusitako xedearen arabera.

–Zerga-oinarria aldatzeko prozedura malgutu egin da, eta horrela, aldaketa egiteko epea, konkurtsoan dagoen zordunaren kasuan, hilabetekoa izatetik 3 hilabetekoa izatera pasatzen da; kreditu kobraezinen kasuan, enpresa txikitzat hartzen diren enpresaburuek 6 hilabeteko epea iraganik aldatzen ahalko dute zerga-oinarria, hori baitzen orain arte eskatzen zen epea, edo gainerako enpresaburuei eskatzen zaien urtebeteko epe orokorra erabil dezakete.

–Hainbanaketa berezia aplikatzeko esparrua handitu egin da, urte naturalean kenkaria izan dezaketen kuoten zenbatekoari dagokionez onar daitekeen aldea ehuneko 20koa izatetik ehuneko 10ekoa izatera pasatzen baita, hainbanaketa orokorra aplikatuta ateratzen diren kuotak hainbanaketa berezia aplikatuta ateratzen direnekin konparatuta.

–Entitate multzoaren araubide berezia aldatzen da multzoko entitateentzako hiru lotura mailen eskakizuna eransteko: ekonomikoa, finantza arlokoa eta antolaketakoa, eta, horrela, BEZaren Zuzentarauaren testuarekin bat etorriko da. Finantza arloko loturak entitatearen kontrol eraginkorra eskatzen du, kapitalean edo boto eskubideetan ehuneko 50etik gorako partaidetza izanez. Aurrekoa gorabehera, aldi baterako araubide bat ezarri da, egun dauden multzoei aukera emanen diena 2015ean zehar betebehar berrietara egokituz joateko.

Adierazten da araubide berezi honetan egindako eragiketak ezin direla kontuan hartu guztientzako hainbanaketa kalkulatzeko jarduerak sektore berezitu batean baino gehiagotan betetzen dituzten enpresaburuen kasuan, entitate multzoaren araubide berezia gorabehera.

–Balio Erantsiaren gaineko Zergan inportazioagatik ordaintzen diren kuoten arloan, aukera ematen da zenbait operadorek zergaren ordainketa atzeratzeko aitorpen-likidazioa aurkezteko unera, kuota horiek horretan sartuz. Aukera hori erregelamenduz garatuko dela ere ezartzen da.

Azkenik, aldaketa batzuen xedea da iruzurraren kontrako borrokan laguntzea, eta, horretarako, “subjektu pasiboaren inbertsio-araua” aplikatzeko kasuei produktu jakin batzuen entregarena gehitu zaie, bereziki, sakelako telefonoak, bideojokoen kontsolak, ordenagailu eramangarriak eta tableta digitalak, berriz salduko dituen enpresaburu bati egindako entregetan edo 10.000 eurotik gorakoetan, bai eta zilarra, platinoa eta paladioa ere.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta 2014ko abenduaren 23an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira, eta ondoren azaldu bezala gelditu:

Bat.–7. artikulua, 1., 4. eta 8. idatz-zatiak.

“1.a Subjektu pasiboaren enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementu ukigarrien edo, kasua bada, ukiezinen multzo baten eskualdaketa, baldin eta berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute edo osatzeko gauza badira eskualdatzailearentzat, foru lege honen 4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera dagokion tributuaren eta beste tributu batzuen esparruan eskualdaketa horri aplikagarri zaion zerga araubidea zein den gorabehera.

Ondoko eskualdaketa hauek aurreko lerroaldean aipatu zerga loturarik ezaren arautik kanpo gelditzen dira:

a) Ondasun edo eskubideen lagapen hutsa.

b) Enpresaburuaren edo profesionalaren izaera dutenek egindakoak, soilik, foru lege honen 5.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskualdaketa horien helburua ondasunen lagapen hutsa denean.

c) Enpresaburuaren edo profesionalaren izaera, bakar-bakarrik, foru lege honen 5.1.d) artikuluan aipatutako eragiketak noizbehinka egiteagatik dutenek egiten dituzten eskualdaketak.

Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, berdin da eskuratzailea aritzea eskuratutako elementuak atxikita zeuden jarduera berean edo beste batean, betiere eskuratzaileak frogatzen badu enpresa edo lanbide jarduera bati atxikita mantenduko dituela.

Zenbaki honetan xedatutakoari loturik, ondasun edo eskubideen eskualdaketa haien lagapen hustzat hartuko da, horiekin batera eskualdatzen ez bada unitate ekonomiko autonomotzat har daitekeen antolamendu egitura bat, bere baitan produkzio-faktoreak (hots, materialak eta giza baliabideak, edo bietako bat) dituena.

Gero batean, eskualdatutako ondasunak eta eskubideak edo horien parte bat desafektatzen badira zerga loturarik ez izatea (zenbaki honetan aurreikusia) dakarten enpresa edo lanbide jardueretatik, desafektazio hori zergari lotua egonen da foru lege honetan kasuan-kasuan ezarrita dagoen bezala.

Zenbaki honetan ezarritako zerga loturarik ezaren arauaz baliatzen diren eskualdaketetako ondasun eta eskubideen eskuratzaileak eskualdatzaileen tokian subrogatuko dira eskubide eta ondasun horiei dagokienez, foru lege honen 17.1.12 artikuluan eta 38. artikulutik 60.era bitartean dauden arauen aplikazioari begira”.

“4.a Inprimakiak edo publizitate arloko gauzak ematea kontraprestaziorik gabe.

Publizitateko inprimakiek agerian idatzirik izan beharko dute ondasunak ekoitzi edo merkaturatzen dituen edo zenbait zerbitzu ematen dituen enpresaburuaren edo profesionalaren izena.

Foru lege honen ondorioetarako, publizitatearen arloko gauzak dira berezko balio komertzialik ez dutenak eta publizitateko aipamen ezabaezina ezarria dutenak.

Idatz-zati honetan xedatutakoari salbuespen gisa, zergaren menpe egonen dira publizitateko objektuen entregak, hartzaile bati urte naturalean emandako hornigaien kostua, osotara, 200 eurotik gorakoa bada, non ez zaizkien ematen beste subjektu pasibo batzuei berriz dohainik banatzeko".

“8.a Ondasun entregak eta zerbitzu emateak, administrazio publikoek zuzenean egindakoak kontraprestaziorik gabe, edo zergari lotutako kontraprestazioarekin.

Ondorio horietarako, honako hauek administrazio publikoak dira:

a) Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak eta Toki Administrazioa osatzen duten entitateak.

b) Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta zerbitzu komunak.

c) Erakunde autonomoak, unibertsitate publikoak eta estatu agentziak.

d) Nortasun juridikoa duen zuzenbide publikoko edozein entitate, aurrekoen menpekoa, sektore edo jarduera jakin baten gainean kanpotik kontrolatzeko edo erregulatzeko eginkizunak esleituta baditu, Legeak aitortzen dion autonomia berezi bat edo independentzia funtzionala duela.

Estatuko entitate publiko enpresarialak eta autonomia erkidegoen eta toki entitateen menpeko antzeko erakundeak ez dira administrazio publikotzat joko.

Sektore publikoko ente, erakunde eta entitateek kudeaketa gomendioen bidez emandako zerbitzuak ez dira zergari loturik egonen, haiek, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategineko (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 6.1.a) eta 8. artikuluetan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko agintzailearen eta haren menpeko botere esleipen-emaileen berezko baliabide instrumentala eta zerbitzu teknikoa badira.

Orobat, sektore publikoko edozein ente, erakunde edo entitatek emandako zerbitzuak ez dira zergari loturik egonen, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategineko 3.1 artikuluan eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 2.1 artikuluan aipatzen den moduan, zerbitzu horiek haien nagusi diren administrazio publikoei edo osorik horien menpekoa den beste bati emandakoak badira, administrazio publiko horiek haien titulartasun osoa dutenean.

Betiere, administrazioek eta sektore publikoko ente, erakunde eta entitateen ondasun entregak eta zerbitzu emateak zergari lotuta egonen dira, ondoren aipatzen diren jarduerak burutzean eginez gero:

a’) Telekomunikazioak.

b’) Ura, gasa, beroa, hotza, energia elektrikoa eta gainerako energia motak banatzea.

c’) Pertsona eta ondasunen garraioa.

d’) Portu eta aireportuetako zerbitzuak eta trenbideko azpiegituren ustiapena; hurrengo 9. idatz-zatian zerga loturarik ez izatetik salbuetsitako emakida eta baimenak ere sartzen dira.

e’) Produktuak lortu, fabrikatu edo eraldatzea, gero eskualdatzeko.

f’) Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen gaineko esku-hartzea, produktu horien merkatua erregulatzera bideratua.

g’) Feria eta erakusketa komertzialak ustiatzea.

h’) Biltegian eta gordailuan uztea.

i’) Publizitateko bulego komertzialen jarduerak.

j’) Enpresa, ekonomato, kooperatiba eta antzeko establezimenduetako kantina eta jantokiak ustiatzea.

k’) Bidaia agentziak.

l’) Irrati eta telebistako ente publikoen merkataritzako jarduerak, instalazioen erabilera lagatzeari buruzkoak barne. Ondorio horietarako, merkataritzako jardueratzat hartzen dira sektore publikotik heldu ez diren publizitateko diru-sarrerak sortzen dituztenak, edo sorten ahal dituztenak.

m’) Hiltegikoak”.

Bi.–8.2. artikuluari 8. zenbakia gehitzea.

“8.a Baloreen eskualdaketak, haiek izateagatik, izatez edo zuzenbidez, higiezin baten edo haren zati baten jabetza, erabilera edo aprobetxamendua bermatzen duenean, Foru Lege honen 17.1.14.k) artikuluan aurreikusitako kasuetan”.

Hiru.–9.1.c) artikulua, c’) azpiletra.

“c’) Finantza-errentamenduko eragiketak, Kreditu Entitateen Antolamenduari, Gainbegiratzeari eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituenak”.

Lau.–17.1 artikulua. 11. zenbakia eta 14. zenbakiko ñ) letra kendu dira.

Bost.–17.1 artikulua, 6., 10.a), 19. eta 26.b) idatz-zatiak.

“6.a Haur eta gazteen hezkuntza, haurren zaintza eta jagoletza, haurrei ikastetxeetan eskola orduen artean, eskola jantokian, edo eskola ordutik kanpoko haurtzaindegiaren zerbitzuko geletan arreta ematea barne, eskolako, unibertsitateko eta graduatu-ondokoentzako irakaskuntza, hizkuntzen irakaskuntza eta lanbide prestakuntza eta birziklapena, zuzenbide publikoko entitateek eginak, edo jarduera horietan aritzeko baimenduta dauden entitate pribatuek eginak.

Aurreko lerroaldean aipatu zerbitzuekin zuzenean loturik dauden zerbitzu emateentzat eta ondasun entregentzat ere izanen da salbuespena, haiek aipatu zerbitzuak ematen dituzten hezkuntzako enpresek berek, beren baliabideekin edo besterenekin, burutzen dituztenean.

Salbuespenean ez dira eragiketa hauek sartuko:

a) Kirola egiteari lotutako zerbitzuak, ikastetxeek ez beste enpresa batzuek emandakoak.

Ez dira inoiz letra honetan sartuko ikastetxeei lotutako ikasleen gurasoen elkarteek emandako zerbitzuak.

b) Ikasle-egoitza nagusiek edo txikiek eta ikasleen egoitzek ostatu eta elikadura arloan emandakoak.

c) Ibilgailu gidarien eskolek egindakoak, A eta B motetako errepideko ibilgailuen gidabaimenei buruzkoak eta kirol edo aisiako itsasontzi edo aireontziak gidatzeko beharrezko titulu, lizentzia edo baimenei buruzkoak.

d) Kostu bidez egindako ondasun entregak".

“10.a) Lur urbanizatuenak edo urbanizatzen ari direnenak, parke eta lorategi publikoetarako edo erabilera publikoko bide-azaleretarako baino ez direnak salbu".

“19.a Zerbitzu prestazioak eta haien osagarri diren ondasun entregak, baldintza hauek betetzen badituzte: legez onarturiko erakunde edo entitateek, irabazteko asmorik ez dutenek eta soil-soilik izaera politiko, sindikal, erlijioso, patriotiko, filantropiko edo zibikoko xedeak dituztenek, beraien kideei zuzenean eginak, beren xede berariazkoak lortzeko, eta betiere erakunde edo entitate horiek jarduketa horien onuradunengandik estatutuetan finkaturiko kotizazioak ez beste kontraprestaziorik jasotzen ez badute.

Ulertuko da aurreko lerroaldean sarturik daudela lanbide elkargoak, ganbera ofizialak, enpresaburuen elkarteak eta atal honek aipatzen dituen erakunde edo entitateak biltzen dituzten federazioak.

Salbuespen hau aplikatzeko, ez du okertzerik eragin beharko lehia aldetik”.

“26.b) Aurreko 10. eta 12. idatz-zatietan ezarritako salbuespenak bidezkoak direnean”.

Sei.–17.2 artikulua.

“2. Subjektu pasiboak, erregelamenduz zehaztuko diren moduan eta baldintzetan, uko egiten ahalko die aurreko ataleko 10. eta 12. idatz-zatiei buruzko salbuespenei, eskuratzailea bere enpresaburu edo lanbide jardueretan ari den subjektu pasiboa denean eta ondasuna eskuratzean jasaten duen zergaren kenkari osokoa edo partziala egiteko eskubidea esleitzen zaionean edo, aurrekoa bete gabe, zer destino izanen duten ikusita, eskuratutako ondasunak kenkarirako eskubidea ematen duten eragiketak egiteko erabili behar direnean, osorik edo hein batean".

Zazpi.–18.5. a) artikulua.

“a) Esportazio horiek egiten dituztenei, ondasunen hartzaileei edo haien aduanako ordezkariei egiten zaizkienean".

Zortzi.–21.1.3. f) artikulua.

“f) Aduanakoa ez beste gordailu erregimen bati lotutako ondasun inportazioak, araubide erkideko lurraldeko zerga arautzen duen Legearen 65. artikuluaren arabera salbuetsiak".

Bederatzi.–24.1.2. bis artikulua.

“2.a bis. Obrak egiten direnean, materialak ekarri zein ez, hartzaileak administrazio publikoak izanik, horiek jasotzen direnean, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 136. artikuluan ezarritakoarekin bat edo, kasua bada, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategineko 235. artikuluan xedatutakoaren arabera, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen".

Hamar.–26.3. artikuluari 4. zenbakia gehitzea.

“4.a Eragiketen prezioari lotu gabeko diru-laguntzak; ez dira halakotzat hartuko hirugarren batek eragiketa horien kontraprestazio gisa ordaindutako zenbatekoak".

Hamaika.–27.1. artikulua.

“1. Kontraprestazioa dirua ez duten eragiketetan, bi aldeen artean adostutako zenbatekoa, dirutan adierazia, hartuko da zerga-oinarritzat.

Besterik frogatu arte, hurrengo 3. eta 4. idatz-zatietan aurreikusitako arauak ezartzetik ateratzen diren zenbatekoak izanen dira zerga-oinarria.

Dena dela, kontraprestazioaren zati bat dirutan bada, dirutan ez den kontraprestazioaren zatiari dagokion zenbatekoari (dirutan adierazia eta aldeek adostua) dirutan emandako zatiaren zenbatekoa gehituta aterako da zerga-oinarria; betiere, emaitza horrek aurreko lerroaldeetan xedatutakoa aplikatzetik ateratzen dena baino handiagoa izan beharko du".

Hamabi.–28.3 artikulua.

“3. Zerga-oinarria gutxitzen ahalko da zergari lotutako eragiketen hartzaileak kuota jasanaraziak ordaindu ez dituenean eta, betiere, eragiketa sorrarazi ondoren konkurtso deklarazioaren autoa ematen bada. Aldaketa izanez gero, ezin izanen da egin Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 21. artikuluko 1. idatz-zatiko 5. zenbakian finkatu gehieneko epea bukatu eta bi hilabete iragan ondoren.

Konkurtsoari buruzko Legearen 176.1 artikuluko 1., 4. eta 5. idatz-zatietan adierazitako arrazoiengatik konkurtsoa amaitzea erabakitzen denean bakarrik, zerga-oinarria aldatu duen hartzekodunak berriro gorantz aldatu beharko du, bidezko kuota jasanarazten duen faktura zuzentzailea erregelamenduz zehaztuko den epean jaulkita".

Hamahiru.–28.4.A) 1.a.

“1.a Jasanarazitako zerga sortu zenetik urtebete igarotzea haren ondoriozko kreditua osorik edo partez kobratu gabe.

Nolanahi ere, eperako edo prezio geroratuko eragiketen kasuan, urtebete igaro beharko da ordaindu gabeko epea edo epeak amaitzen direnetik zerga-oinarria proportzionalki murriztu ahal izateko. Ondorio horietarako, prezio geroratuko edo eperako eragiketatzat hartuko dira kontraprestazioa ordainketa bakarraren edo hurrenez hurrenekoen bidez beteko dela adostu diren horiek; betiere, jasanarazitako zerga sortzen denetik azken ordainketa edo ordainketa bakarra egiteko epea amaitzen den arte urtebete baino gehiago igaro bada.

Gutxitu gogo den zerga-oinarriari dagokion kreditu eskubidearen titularraren (enpresaburua edo profesionala) eragiketen bolumena, 66. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatua, 6.010.121,04 eurotik gorakoa izan ez denean aurreko urte naturalean, 1. baldintza honetan aipatu epea sei hilabetekoa edo urtebetekoa izaten ahalko da.

Kutxa irizpidearen araubide berezia aplikatzen zaien eragiketen kasuan, baldintza hori betetzat joko da foru lege honen 108 terdecies artikuluan aipatzen den abenduaren 31ko mugaeguna aplikatuta ateratzen den zergaren sorrarazpen egunean.

Aurreko lerroaldean aurreikusitakoa gorabehera, epekako eragiketak edo prezio geroratukoak direnean, 1. arau honetan aipatzen den sei hilabeteko edo urtebeteko epeak iragana egon beharko du epearen edo epeen mugaegunetik eragiketaren sorrarazpen eguna arte".

Hamalau.–28.4.B) artikulua.

“B) Aldaketa hiru hilabeteko epean egin beharko da, lehen baldintzan aipatu sei hilabeteko edo urtebeteko epea bukatzen denetik, eta horrez gainera, zerga arloko administrazioari jakinarazi beharko zaio erregelamenduz ezartzen den epean.

Kutxa irizpidearen araubide berezia aplikatzen zaien eragiketen kasuan, aldaketa egiteko hiru hilabeteko epea foru lege honen 108 terdecies artikuluan aipatzen den abenduaren 31ko mugaegunetik hasiko da kontatzen".

Hamabost.–28.5.5.a artikulua.

“5.a Eragiketen hartzailearen kenkariak zuzentzen direnean (foru lege honen 60.2.2 artikuluko laugarren lerroaldean xedatutakoaren arabera egin beharko da) sortuko da Ogasun Publikoaren aldeko kreditua.

Zergari atxikitako eragiketen hartzaileak ez badu zergaren kenkari osorako eskubiderik izan, Ogasun Publikoaren zordun ere izanen da; kenkari gabeko zergaren kuotaren zenbatekoa izanen du zor. Hartzaileak ez badu enpresaburu edo profesional izaerarekin jarduten, eta zor hori ordaindu ez badu, aurreko laugarren zenbakiko C) letran ezarritakoa aplikatuko da".

Hamasei.–31.1.2 artikuluari g) letra gehitzea.

“g) Foru lege honen eranskineko bederatzigarren atalean zehaztutako produktuen entregak direnean:

–Zilarra, platinoa eta paladioa, gordinik, hautsean edo erdi landuta; eskuratzen dituen enpresaburuak edo profesionalak metal horiek eraldatu eta egiten dituen entregen parekoak izanen dira. Betiere, erabilitako ondasunei, artelanei, antzinako gauzei eta bildumagaiei aplikatzen zaien araubide bereziaren aplikazio eremuan sartu gabeko produktuak izan beharko dute.

–Sakelako telefonoak.

–Bideojokoen kontsolak, ordenagailu eramangarriak eta tableta digitalak.

Azken bi marratxoetan aurreikusitakoa honako hartzaile hauei bakarrik aplikatuko zaie:

a’) Ondasun horiek berriz saltzen dituen enpresaburua edo profesionala, zein den ere entregaren zenbatekoa.

b’) Aurreko letran aipatutakoez bestelako enpresaburua edo profesionala, hari egindako ondasun horien entregen (fakturan bakar batean dokumentatuak) guztirako zenbatekoa 10.000 eurotik gorakoa denean, balio erantsiaren gaineko zerga gabe.

Aipatu muga kalkulatzeko, egindako entregen guztirako zenbatekoa hartuko da kontuan, baldin eta faktura batean baino gehiagotan dokumentatuta egon arren, eragiketa bakar bat baino ez dela izan frogatzen denean, baita artifizialki banatu dela ere, arau honen aplikazioa saihesteko, beste ondoriorik gabe.

Ondasuna eskuratu baino lehen edo eskuratzen den aldi berean frogatu beharko da enpresaburu edo profesional izatearen baldintza, aurreko bi letretan aipatu dena, erregelamenduz zehaztuko den moduan.

Ondasun horien entregak, hartzaileak 2. idatz-zati honetan ezarritakoaren arabera zergaren subjektu pasiboak diren kasuetan, faktura batean dokumentatu beharko dira, serie berezi baten bitartez".

Hamazazpi.–35.5.a) artikulua.

“a) Autolikidazioak zuzentzeko prozedura hastea Zerga Administrazioan".

Hemezortzi.–37.Bat artikulua.1, 5.a, 6.a eta 8.a.

“5.a Albaitaritzan erabiltzen diren botikak”.

“6.a Honako ondasun hauek:

a) Nomenklatura Konbinatuko “Farmaziako produktuak” izeneko 30. kapituluan sartutako farmaziako produktuak, azken kontsumitzaileak zuzenean erabil ditzakeenak; ez dira Bat.1 idatz-zati honen 5. zenbakian sartutakoak izanen, ezta artikulu honen Bi.1 idatz-zatiko 3. zenbakian ezarritako tasa aplikatzen zaienak ere.

b) Konpresak, tanpoiak, slip-babesak, preserbatiboak eta botikak ez diren beste antisorgailu batzuk.

c) Medikuen ekipoak, aparatuak eta gainerako tresnak, lege honen eranskineko bederatzigarren idatz-zatian aipatzen direnak, beren ezaugarri objektiboengatik gorputzeko, buruko, adimeneko edo zentzumenetako akatsak dituztenek beren gaitzak bakarrik arintzeko edo tratatzeko diseinatuta daudenak, artikulu honen bi.1 idatz-zatian aurreikusitakoa galarazi gabe.

Ez dira letra honetan sartzen ondasun horien beste osagarri, aldagarri eta ordezko piezak".

“8.a Loreak, landare apaingarri bizidunak, baita haziak, erraboilak, aldaxkak eta haiek lortzeko erabiltzen ahal diren landare jatorrikoak baino ez diren beste produktu batzuk".

Hemeretzi.–37. artikulua. Bi.1, 3.a, 4.a eta 5.a.

“3.a Jendeak erabiltzeko botikak, baita forma galenikoak, formula magistralak eta prestakin ofizinalak ere".

“4.a Mugitzeko gaitasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duenak, bere I. eranskineko 20. zenbakian aipatzen dituenak, Ibilgailuei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak II A eranskinean emandako idazketaren arabera, eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako baizik ez diren gurpil-aulkiak.

Gurpil-aulkian desgaitasunak dituztenak garraiatzeko autotaxi edo autoturismo gisa erabiltzekoak diren ibilgailuak, dela zuzenean, dela aldez aurretik egokiturik, hala nola ibilgailu motordunak, aldez aurretik egokiturik edo gabe, mugikortasun murriztua duten edo gurpil-aulkian ibili beharra duten minusbaliatuak garraiatzen ibiltzeko direnak, kontuan izan gabe haien gidaria nor den.

Aurreko lerroaldean sartzen diren ibilgailuei zerga tasa murriztua aplikatzez gero, eroslearen eskubidea aldez aurretik onartua izan behar da, eta ibilgailua zertarako den frogatu beharko du.

Bigarren idatz-zati honen ondorioetarako, 100eko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenak hartuko dira pertsona minusbaliatutzat. Desgaitasun maila frogatzeko, Foru Komunitateko gizarte ongizateko zerbitzuek luzatutako ziurtagiria edo ebazpena beharko da, edo bestela Migrazio eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo erkidego autonomoetako organo eskudunak luzatutakoa".

“5.a Desgaitasunak dituztenentzako protesiak, ortesiak eta barneko inplanteak".

Hogei.–37. Bi artikulua. 2.1.a.

“1.a Bigarren idatz-zati honen 1.4. zenbakiko lehenengo lerroaldean jasotako ibilgailuak eta gurpil-aulkiak konpontzeko zerbitzuak eta autotaxiak eta autoak eta agindu horren beraren bigarren lerroaldean aipatutako ibilgailu motordunak desgaitasunak dituztenentzat egokitzeko zerbitzuak, horien gidaria edonor izanik ere".

*********************Hogeita bat.–38.1 artikulua.

“1. Subjektu pasiboek kenkariak egiten ahalko dituzte balio erantsiaren gaineko zergaren kuotetan, horiek herrialde barrenean zergapean egindako eragiketetan sorraraziak izanik, baldin eta, lurralde berean jasanarazita, zuzenean jasanarazi badira edo eragiketa hauei badagozkie:

1.a Zergaren beste subjektu pasibo batek egindako ondasun entregak eta zerbitzu-emateak.

2.a Ondasun inportazioak.

3.a Foru lege honetako 9.1. c) eta d); 31.1.2. eta 4. eta 85 quinquies artikuluetan jasotzen diren ondasun entregak eta zerbitzu-emateak.

4.a Foru lege honen 13. artikuluko 1. idatz-zatian eta 16. artikuluan definitzen diren Europar Batasunaren barreneko eskurapenak".

Hogeita bi.–39. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea.

“5. Zergari lotutako eragiketak eta, batera, foru lege honen 7.8. artikuluan ezarritakoa aplikatuz lotu gabeko eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek aldi berean eragiketa batzuk eta besteak egiteko eskuratutako ondasun eta zerbitzuengatik jasandako kuoten kenkaria egiten ahalko dute, zergari lotutako eragiketak garatzeko erabilitako ondasun eta zerbitzuei dagozkien kuotak egozteko arrazoizko irizpide homogeneo baten arabera; ondorio horietarako, foru lege honen 40.1.2. artikuluan aipatzen diren eragiketak sartzen dira. Irizpide horri eutsi beharko zaio, non ez dauden zentzuzko arrazoiak, hura aldatzera eramaten dutenak.

Behin-behinekoz zehazten ahalko da irizpide horren aplikaziotik ateratzen den kalkulua, aurreko urteko datuak kontuan hartuta, urte bukaera bakoitzean bidezkoa den erregularizazioa galarazi gabe.

Aurrekoa gorabehera, foru lege honen 7.8. artikuluan aipatzen diren zergari lotu gabeko eragiketak egiteko baino ez diren ondasun edo zerbitzuen eskurapen edo inportazioengatik jasandako edo ordaindutako kuotak ezin izanen dira kengarri izan inolako proportzioan.

Idatz-zati honetan ezarritako kenkariak foru lege honen VII. tituluko I. kapituluan aurreikusitako baldintza eta beharkizunei ere egokituko zaizkie eta, bereziki, hainbanaketa-erregelari dagozkienak.

Hogeita hiru.–44. artikuluari 5. idatz-zatia gehitzea.

“5. Bidaia bat egiteko, ondasun eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean jasandako edo ordaindutako kuoten kenkarirako eskubidea eragiketa horri dagokion zerga sorrarazten den unean sortuko da; zuzenean bidaiariaren onuraren aldekoak izan beharko dute (foru lege honen 91. artikuluan aipatzen dira) eta haien helburuko eragiketari ezin izanen zaio aplikatu bidaia agentzien araudi berezia, legearen 92. artikuluan aurreikusitakoaren arabera".

Hogeita lau.–47.1 artikulua.

“1. Enpresa edo lanbide jarduerako sektore berezituetan jarduera ekonomikoak egiten dituzten subjektu pasiboek bereizita aplikatu beharko dute kenkarien araubidea haietako bakoitzari buruz.

Foru lege honen 9. artikuluko 1. zenbakiko c) letrako a’), c’) eta d’) letretan xedatutakoa aplikatuz zehazten diren enpresa edo lanbide jarduerako sektore berezituei hainbanaketa bereziaren erregela aplikatzen ahalko zaie, bakoitzari berea.

Betiere, foru lege honen 9.1.c) artikuluko b`) letran xedatutakoa aplikatuz zehaztutako jarduera sektore berezituei dagozkien kenkari araubideak lege horretan araubide berezi erraztuarentzat, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubidearentzat, inbertsioko urre bidezko eragiketen araubidearentzat eta baliokidetasun-errekarguaren araubidearentzat aurreikusitakoaren arabera arautuko dira: zein dagokion, haren arabera.

Ondasunak edo zerbitzuak hainbat jarduera sektore berezituetan batera erabiltzeko eskuratu edo inportatzen direnean, foru lege honen 50. artikuluko 2. idatz-zatian eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da eskurapen edo inportazio horietan jasandako kuotei zer kenkari portzentaje aplikatzen ahal zaien zehazteko; horretarako, sektore berezitu bakoitzean egindako eragiketak kontatuko dira, eta kontuan hartuko da nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziko edo baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziko eragiketek ez dutela kenkarirako eskubiderik sortzen.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren salbuespen gisa, entitate taldearen jarduera sektore berezituan egindako eragiketak ez dira kontuan hartuko. Orobat, eta aipatu lerroaldean aurreikusitakoa aplikatu ezina izanik, ondasun edo zerbitzu horiek aldi berean araubide berezi erraztuaren babeseko jardueretan eta nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren edo baliokidetasun-errekarguarenaren menpeko beste jarduera batzuetan erabiltzen direnean, aipatu kenkariaren portzentajea ehuneko 50ekoa izanen da araubide erraztuaren ondorioetarako, baldin eta ondorioa aipatu araubide berezietako biren menpeko jarduerei buruzko bada; bestela, heren batekoa".

Hogeita bost.–49.2.2 artikulua.

“2. Hainbanaketa orokorraren erregela aplikatuta urte natural bateko kuota kengarrien guztirakoa hainbanaketa bereziaren erregela aplikatuta aterako litzatekeena baino ehuneko 10 edo handiagoa denean".

Hogeita sei.–65. artikuluaren 1. eta 5. idatz-zatiak.

“1. Hauek dira balio erantsiaren gaineko zergaren araubide bereziak:

1.a Araubide erraztua.

2.a Abeltzaintzaren, nekazaritzaren eta arrantzaren araubide berezia.

3.a Ondasun erabilien, artelanen, antzinako gauzen eta bildumagaien araubide berezia.

4.a Inbertsioko urre bidezko eragiketen araubide berezia.

5.a Bidaia agentzien araubide berezia.

6.a Baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia.

7.a Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako eta bide elektronikoz ematen diren zerbitzuei aplikatzen zaizkien araubide bereziak.

8.a Entitate taldearen araubide berezia.

9.a Kutxa irizpidearen araubide berezia".

“5. Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako eta bide elektronikoz ematen diren zerbitzuei aplikatzen ahal zaizkien araubide bereziak foru lege honen 108 noniesdecies eta 108 duovicies artikuluetan aurreikusitako aitorpenak aurkeztu dituzten operadoreei aplikatuko zaizkie.

Hogeita zazpi.– 69.1 artikulua.

“1. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia kapitulu honetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten nekazaritza, baso, abeltzaintza edo arrantzako ustiategien titularrei aplikatuko zaie, non ez dioten hari uko egiten erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

Araubide berezi honen ondorioetarako, honako hauek ez dira nekazaritza, baso, abeltzaintza edo arrantzako ustiategien titulartzat joko:

a) Errentamenduan edo apartzerian lagatzen diren finka edo ustiategien jabeak, edo beste edozein moduz haien ustiaketa lagatzen dutenean, baita finka edo ustiategietako pinuen erretxinaren aprobetxamendua lagatzen dutenean ere.

b) Abeltegiak abeltzaintza integratuaren araubidean ustiatzen dituztenak".

Hogeita zortzi.–69.2.6 artikulua.

“6.a Aurreko urtean, enpresaburuek edo profesionalek beren enpresa edo lanbide jarduera guztietarako eskuratu eta inportatutako ondasun eta zerbitzuak, ibilgetuko elementuei buruzkoak kenduta, 150.000 eurotik gorakoak direnean, balio erantsiaren gaineko zerga kanpo.

Aurreko urtean jardueraren bat hasi bada, eskuratu eta inportatutakoaren zenbatekoa urtean sartuko da".

Hogeita bederatzi.–VIII. tituluko VI. kapitulua.

“VI. KAPITULUA. Bidaia agentzien araubide berezia

86. artikulua. Bidaia agentzien araubide berezia.

1. Honako hauei aplikatuko zaie bidaia agentzien araubide berezia:

1.a Bidaia agentziek egindako eragiketei, beren izenean ari direnean bidaiariak ordezkatuz eta beste enpresaburu edo profesional batzuek entregatutako ondasunak edo emandako zerbitzuak erabiltzen dituztenean bidaia egiteko.

Araubide berezi honen ondorioetarako, bidaiatzat joko dira ostatu emateko zerbitzua edo garraiokoa, horiek batera eman edo zein bere aldetik; orobat, haien osagarriak ere, halakorik bada.

2.a Zirkuitu turistikoen antolatzaileek eta aurreko idatz-zatian aurreikusitako inguruabarrak betetzen dituen edozein enpresaburuk edo profesionalak egindako eragiketei.

2. Bidaia egiteko, garraioko edo ostalaritzako norberaren baliabideak bakarrik erabilita egindako eragiketei ez zaie bidaia agentzien araubide berezia aplikatuko.

Hein batean norberaren baliabideak eta beste hein batean besterenak erabiliz egindako bidaiak direnean, besteren baliabideez egindako zerbitzuei bakarrik aplikatuko zaie araubide berezia.

87. artikulua. Zergaren jasanarazpena.

Araubide berezi hau aplikatzen den eragiketetan, subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen kuota jasanarazia fakturan bereizita ezartzera, eta eragiketaren prezioaren barrenean dela ulertu beharko da.

88. artikulua. Salbuespenak.

Bidaia agentzien araubide bereziaren menpeko subjektu pasiboek emandako zerbitzuak zergatik salbuetsita egonen dira ondasun entregak edo zerbitzu emateak, bidaiariaren onuraren alde egindakoak eta bidaia egiteko erabiliak, erkidegotik kanpo burutzen direnean.

Aipatu ondasun entregak edo zerbitzu emateak hein batean bakarrik egiten direnean Erkidegoaren lurraldean, agentziak lurralde horretatik kanpo egindako zerbitzuen zatiak bakarrik izanen du salbuespenaren onura.

89. artikulua. Zergapeko egitatearen kokalekua.

Bidaia bat egiteko bidaiari bakoitzari buruz agentziek egiten dituzten eragiketak zerbitzu bakar bat gisa hartuko dira kontuan, nahiz bidaia horretan entrega edo zerbitzu bat baino gehiago egin.

Agentziak bere jarduera ekonomikoa egoitza non duen edo eragiketa egiteko non daukan establezimendu iraunkor bat, zerbitzua toki horretan egindakotzat joko da.

90. artikulua. Zerga-oinarria.

Bat.–Bidaia agentzien marjina gordina izanen da zerga-oinarria.

Ondorio horietarako, bezeroari guztira kargatutako diru kopuruaren (eragiketa kargatzen duen balio erantsiaren gaineko zerga kenduta) eta agentziak bidaia egiteko eta zuzenean bidaiariaren onuraren alde beste enpresaburu edo profesional batzuengatik eskuratzen dituen ondasun entregen edo zerbitzu emateen benetako zenbatekoaren (zergak barne) arteko aldea izanen da marjina gordina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren ondorioetarako, agentziak bidaian erabiltzeko eskuratutakotzat joko dira, besteak beste, beste bidaia agentzia batzuek helburu horrekin egindako zerbitzuak, txikizkako agentziek, handizkakoen izenean eta haien kontura, azken horiek antolatutako bidaiak saltzeko egindako bitartekotza zerbitzuak kenduta.

Agentziaren marjina gordina zehazteko, ez dira kontuan hartuko foru lege honen 88. artikuluan xedatutakoaren ondorioz zergatik salbuetsitako eragiketei dagozkien kopuruak edo zenbatekoak, ezta haiek egiteko erabilitako ondasun edo zerbitzuenak ere.

Bi.–Besteak beste, hurrengo zerbitzuak ez dira emandakotzat hartuko bidaia bat egiteko:

1. Atzerriko moneta saldu eta erosteko edo aldatzeko eragiketak.

2. Agentziaren telefono, telex eta postako gastuak, baita antzeko beste batzuk ere.

91. artikulua. Kenkariak.

Araubide hau aplikatzen zaien bidaia agentziek foru lege honen VII. tituluan ezarritako moduan gauzatzen ahalko dituzte beren kenkariak.

Dena dela, ezin izanen dute kenkarietan sartu bidaia egiteko eskuratzen dituzten ondasun eta zerbitzuetan jasandako zerga, horien ondorioa zuzenean bidaiariaren onura izanik.

92. artikulua. Noiz ez den aplikatuko araubide berezia.

Foru lege honen 86. artikuluan aurreikusitakoaren salbuespen gisa, eta erregelamenduz ezarriko den moduan, subjektu pasiboek zilegi izanen dute kapitulu honetan aurreikusitako araubide berezia ez aplikatzea eta bai zerga honen araubide orokorra, eragiketaz eragiketa, egiten dituzten zerbitzuetan, baldin eta, foru lege honen VII. tituluan aurreikusitakoaren arabera, horien hartzaileak kenkarirako eskubidea edo balio erantsiaren gaineko zerga itzultzekoa duten enpresaburuak edo profesionalak badira.

Hogeita hamar.–99.2 artikulua.

“2. Araubide berezi honen menpeko subjektu pasiboak ez dira behartuta egonen likidazioa egitera, ezta Ogasun Publikoari zerga ordaintzera ere, haiek egindako merkataritzako eragiketengatik, horiek araubide berezi honen xedekoak badira, ezta jarduera horietan bakarrik erabilitako ondasun edo eskubideen eskualdaketengatik ere, zergari lotutako eta salbuetsi gabeko ondasun higiezinen entregak izan ezik; izan ere, horiengatik eskualdatzaileak zergaren kuota sorraraziak jasanarazi eta likidatu beharko ditu, batia haien diru-sarrera egin ere.

Edozein eratako ondasunak eskuratu edo inportatzeagatik edo eman zaizkien zerbitzuengatik jasandako kuotak ere ezin izanen dira kenkarietan sartu, baldin eta ondasun edo zerbitzu horiek araubide berezi honen eraginpeko jarduerak egiteko erabiltzen badira.

Inbertsioko ondasunengatiko kenkariak erregularizatzeko, jarduera ekonomikoaren sektore berezitu honi aplikatzen ahal zaion kenkarirako hainbanaketa zero izanen da subjektu pasiboa araubide berezi honen menpe dagoen bitartean. Ez da bidezkoa izanen foru lege honen 56. artikuluan aipatu erregularizazioa egitea araubide berezi honen menpeko jardueretarako bakarrik erabiltzen diren inbertsioko ondasunak eskualdatzen diren kasuetan".

Hogeita hamaika.–108 quinquies artikulua, Bat eta Bi idatz-zatiak.

“Bat.–Entitate talde baten parte diren enpresaburuek edo profesionalek entitate taldearen araubide berezia aplikatzen ahalko dute Hitzarmen Ekonomikoak ezartzen duen moduan. Entitate nagusi batek eta bere menpeko entitateek osatutakoa izanen da entitate taldea; beren artean estu lotuta egon beharko dute finantza, ekonomia eta antolaketa arloetan, erregelamenduz garatuko den moduan eta, betiere, haien guztien jarduera ekonomikoaren egoitzek edo establezimendu iraunkorrek zerga aplikatzen den lurraldean kokatuta egon beharko dute.

Enpresaburu edo profesional bakar batek ere ezin izanen du aldi berean entitate talde baten baino gehiagoren parte izan".

“Bi.–Hurrengo baldintzak betetzen dituena hartuko da entitate nagusitzat:

a) Nortasun juridiko propioa izatea. Dena dela, zerga aplikatzen den lurraldean kokatuta dauden establezimendu iraunkorrak horiei atxikitako partaidetzak dituzten entitateen entitate nagusi izaten ahalko dira, baldin eta lerroalde honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

b) Taldeko entitateen gaineko kontrol eraginkorra izatea, haien kapitalean edo boto eskubideetan ehuneko 50etik gorako partaidetza izanez, zuzenean edo zeharka.

c) Partaidetza hori urte natural osoan mantentzea.

d) Zerga aplikatzen den lurraldean kokatuta dagoen eta nagusi izateko baldintzak betetzen dituen beste entitate baten menpekoa ez izatea.

Aurreko Bat idatz-zatian aurreikusitakoa gorabehera, enpresaburu edo profesional gisa jokatzen ez duten merkataritzako sozietateak entitate nagusitzat hartzen ahalko dira; betiere, aurreko baldintzak betez gero".

Hogeita hamabi.–108 octies artikulua, Hiru.

“Hiru.–Foru lege honen 108. sexies.Bost artikuluan ezarritako aukera erabiltzen denean, artikulu honen lehen idatz-zatian aipatzen diren eragiketek jardueraren sektore berezitua eratuko dute, eta hari atxikitzat joko dira aipatu eragiketak egiteko, zuzenean edo zeharka, erabat edo hein batean, erabilitako ondasun eta zerbitzuak, horiek direla-eta zerga jasan edo ordaindu izanik.

Enpresaburuek edo profesionalek kenkarietan osorik sartzen ahalko dituzte eragiketa horiek zuzenean edo zeharka, erabat edo hein batean, egiteko eskuratu ondasun eta zerbitzuengatik jasan edo ordaindutako kuotak; betiere, ondasun eta zerbitzu horiek kenkarirako eskubidea sortzen duten eragiketak burutzeko erabili beharko dira, foru lege honen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Aipatu ondasun eta zerbitzuek izan dezaketen destinoaren arabera burutuko da kenkari hau, hura aldatuz gero zuzendu beharra galarazi gabe".

Hogeita hamahiru.–VIII. tituluari VIII. kapitulua kentzea eta XI.a gehitzea.

“XI. KAPITULUA. Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako eta bide elektronikoz ematen diren zerbitzuei aplikatzen zaizkien araubide bereziak

1. atala. Xedapen orokorrak

108. septiesdecies artikulua. Definizioak eta baztertzeko arrazoiak.

Bat.–Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako definizio hauek aplikatuko dira:

a) “Telekomunikazioetako zerbitzuak”, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Hiru idatz-zatiaren 3. zenbakian aipatzen diren zerbitzuak.

b) “Zerbitzu elektronikoak” edo “bide elektronikoz emandako zerbitzuak”, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Hiru idatz-zatiaren 4. zenbakian aipatzen diren zerbitzuak.

c) “Irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak”, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 69. artikuluaren Hiru idatz-zatiaren 5. zenbakian aipatzen diren zerbitzuak.

d) “Kontsumoko estatu kidea”, hau da, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak ematen diren tokiko estatu kidea, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. eta 8. zenbakietan xedatutakoaren arabera.

e) “Telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuei eta zerbitzu elektronikoei aplikatzen zaizkien araubide berezien aldian aldiko aitorpen-likidazioak”, hau da, kontsumoko estatu kide bakoitzean dagokion zergaren zenbatekoa zehazteko behar den informazioa jasotzen duen aitorpen-likidazioa.

Bi.–Ondoren aipatzen diren inguruabarretako edozein izan daiteke araubide berezi horietatik baztertzeko arrazoi:

a) Araubide berezi horietako eragiketak uzteko deklarazioa aurkeztea.

b) Araubide berezi horietan sartutako enpresaburuaren edo profesionalaren eragiketak bukatu direla pentsarazten duten egitateak izatea.

c) Araubide berezi horien babesera jotzeko beharrezko baldintzak ez betetzea.

d) Araubide berezi horietako araudiak ezarritako betebeharrak behin eta berriro ez betetzea.

Araubide berezi horietako bakoitzerako definitutako identifikazioko estatu kidearena bakarrik izanen da baztertzeko erabakia.

Hiru.–Aurreko idatz-zatian aurreikusitakoa galarazi gabe, enpresaburuak edo profesionalak bere borondatez ematen ahalko du baja araubide horietan.

Lau.–Erregelamenduz ezarriko dira kapitulu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko beharrezko xedapenak.

2. atala. Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuek edo profesionalek telekomunikazioez, irrati-difusioz edo telebistaz eta bide elektronikoz emandako zerbitzuei aplikatzen zaien araubide berezia

108. octiesdecies artikulua. Aplikazio eremua.

Bat. Erkidegoan finkatuta ez dauden enpresaburuak eta profesionalak, hala jokatuta, atal honetan aurreikusitako araubide bereziari atxikitzen ahalko zaizkio, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak ematen badizkiete enpresaburu edo profesionalen izaera ez duten eta Erkidegoan finkatuta dauden edo ohiko helbide edo bizilekua bertan duten pertsonei.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. eta 8. zenbakietan edo beste estatu kide batzuen legerietan haren pareko direnetan xedatutakoaren arabera, Erkidegoan egindakotzat jo behar diren zerbitzu emate guztiei aplikatuko zaie araubide berezia.

Bi.–Atal honen ondorioetarako, hona zer diren:

a) “Erkidegoan finkatuta ez dagoen enpresaburu edo profesionala”: jarduera ekonomikoaren egoitza Erkidegotik kanpo duten enpresaburu edo profesionalak, Erkidegoaren lurraldearen barnean establezimendu iraunkor bat ez dutenak eta, halaber, beste arrazoi batengatik, Erkidegoan identifikatuta egon beharrik ez dutenak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 164. artikuluko Bat idatz-zatiko 2. zenbakiaren arabera edo beste estatu kide batzuen legerietan baliokide direnen arabera.

b) “Identifikazioko estatu kidea”: Erkidegoan finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak aukeratzen duen estatu kidea Erkidegoaren lurraldean, enpresaburu edo profesional gisa, jardueran hasi dela deklaratzeko.

108. noniesdecies artikulua. Formazko betebeharrak.

Bat.–Espainia izatera Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuak edo profesionalak aukeratzen duen identifikazioko estatu kidea, honako hauetara egonen da behartua:

a) Araudi berezi honetan dituen eragiketen hasiera, aldaketa edo bukaera deklaratzera. Deklarazio hori bide elektronikoz aurkeztuko da.

Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuak edo profesionalak, bere zergapeko jardueren hasiera deklaratzean, identifikazio datu hauek erantsiko ditu: izena, postaren helbidea eta posta elektronikoarena, internet guneen helbide elektronikoak (halakorik erabiliz gero), zer zenbakiren bidez dagoen identifikatuta bere jardueraren egoitza duen hirugarren lurraldeko zerga arloko administrazioaren aurrean, eta deklarazio bat, adierazteko ez dagoela Erkidegoko beste estatu kide batean identifikatuta balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako. Orobat, Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuak edo profesionalak informazio horretan izan daitekeen edozein aldaketaren berri emanen du.

Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan finkatutako enpresaburuen edo profesionalen kasuan, haien zergapeko jardueren hasiera deklaratzean eman beharreko informazioan izena, posta helbidea eta posta elektronikoarena, erabiltzen dituen internet guneen helbide elektronikoak eta Espainiako zerga arloko administrazioak esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia adieraziko ditu.

Araubide honen ondorioetarako, zerga arloko administrazioak zenbaki banarekin identifikatuko ditu Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuak edo profesionalak.

Zerga arloko administrazioak bide elektronikoz jakinaraziko dio Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuari edo profesionalari zer identifikazio zenbakia esleitu zaion.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioa bide elektronikoz aurkeztera hiruhileko natural bakoitzeko, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak eman edo ez. Aitorpenak ezin du negatiboa izan, eta aitorpenaren xedeko epealdi bukaeratik hogei eguneko epean aurkeztuko da.

Aitorpen-likidazio horretan zerga arloko administrazioak aurreko a) letran aurreikusitakoaren arabera jakinarazitako identifikazio zenbakia adieraziko da; gainera, zerga sorrarazi den kontsumoko estatu kide bakoitzeko, aitorpenaren xedeko epealdian eman diren telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuen eta zerbitzu elektronikoen guztirako balioa, eragiketa kargatzen duen balio erantsiaren gaineko zerga kanpo, estatu kide bakoitzari dagokion zergaren kopuru orokorra (zerga tasen arabera xehakatua) eta guztirako zenbatekoa, horien guztien batura, Espainian ordaindu beharrekoa.

Eragiketen kontraprestazioaren zenbatekoa euroa ez den beste moneta batean finkatu bada, eurotan adieraziko da likidazio aldiko azken egunari dagokion kanbio-tasa balioduna aplikatuta. Europako Banku Zentralak egun horretarako argitaratutako kanbio-tasei jarraituz eginen da kanbioa edo, egun horretarako argitalpenik ez bada, biharamunekoei.

Aurkeztutako aitorpenetan jasotako zifretan edozein aldaketa egitekotan, hasierako aitorpena aurkeztu behar zeneko datatik hiru urteko epean, gehienez ere, egin beharko da, autolikidazioak eta aitorpen osagarriak zuzentzeko prozedura baliatuz, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 120.3 eta 122. artikuluetan, hurrenez hurren, eta legea garatzen duen araudian aurreikusita baitago. Dena dela, aipatu epea bukatu ondoren, kontsumoko estatu kideak zuzenketak onartzen ahalko ditu, bere tributu arloko araudi nazionalean aurreikusitakoari jarraituz.

c) Aitorpen bakoitzari dagokion zergaren diru-sarrera egitera, zer berariazko aitorpen dagokion aipatuta; zenbatekoa eurotan sartuko da zerga arloko administrazioak aukeratutako banku kontuan, aitorpena aurkezteko epearen barrenean.

Sartutako zenbatekoen edozein zuzenketa, zergari beste diru-sarrera bat gehitzen diona, egitekotan, dagokion berariazko aitorpena aipatuta egin beharko da, eta ezin zaio geroagoko beste aitorpen bati gehitu edo erantsi.

d) Araubide berezi honetako eragiten erregistroa mantentzera. Erregistro horrek behar bezain zehatza izan beharko du, kontsumoko estatu kideko zerga arloko administrazioa gauza izan dadin aurreko b) letran aipatu aitorpena zuzena den egiaztatzeko.

Erregistro hori identifikazioko estatu kidearen zein kontsumokoaren eskura egonen da, eta Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburua edo profesionala behartua egonen da hura bide elektronikoz aipatu estatuen zerga arloko administrazioen eskura jartzera, haiek eskatu ondoren.

Finkatu gabeko enpresaburuak edo profesionalak hamar urtez gorde beharko du erregistro hori, eragiketa zer urtetan egiten den, haren bukaeratik hasita.

e) Faktura, erregelamenduz erabakiko denaren araberakoa, egin eta aurkeztera, eragiketen hartzailea zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dagoenean edo ohiko helbide edo bizilekua bertan duenean.

Bi.–Erkidegoan finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak araubide berezian hasteko deklarazioa Espainiaz kanpoko beste estatu kide batean aurkeztea aukeratu baldin badu, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 70. artikuluaren Bat idatz-zatiaren 4. eta 8. zenbakietan xedatutakoaren arabera, zerga aplikatzen den lurraldearen barnean egindakotzat hartu behar diren eragiketei dagokienez, aurreko idatz-zatian aipatu deklarazioa identifikazioko estatu kidean aurkeztearekin batera egin behar da eragiketa horiei dagokien zergaren diru-sarrera.

Gainera, Erkidegoan finkatuta ez dagoen enpresaburuak edo profesionalak aurreko Bat idatz-zatian aipatu betebeharrak identifikazioko estatu kidean bete beharko ditu eta, bereziki, idatz-zati horren d) letran adierazitakoak.

108. vicies artikulua. Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea.

Bat.–Araubide berezi honi atxikitzen zaizkion Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuek edo profesionalek ezin izanen dute kenkaririk izan foru lege honen 108 noniesdecies artikuluko Bat idatz-zatiko b) letran aipatzen den aitorpen-likidazioan; alegia, ez dituzte kenkarietan sartuko, aplikagarri diren arauen arabera, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak, araubide honen xedekoak, emateko diren ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean jasandako kuotak.

Aurrekoa gorabehera, araubide berezi honi atxikitzen zaizkion enpresaburu edo profesional horiek eskubidea izanen dute telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak emateko diren ondasun eta zerbitzuak, araubide berezi honen xedekoak, eskuratzean edo inportatzean jasandako balio erantsiaren gaineko zergak itzul dakizkien, haiek kontsumoko estatu kidean egindakotzat jo beharrekoak direnean, kontsumoko estatu kidearen araudian aurreikusitako prozedurari jarraituz, Kontseiluaren 1986ko azaroaren 17ko 86/560/EEE Zuzentarauak xedatzen duena garatzen baitu, 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren 368. artikuluan aurreikusitako moduan. Bereziki, zerga aplikatzen den lurraldean egindakoak salbu, jasandako kuotak itzultzeko eskatuko dute Kanariar Uharteetan, Ceutan eta Melillan finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 117 bis artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.

Bi.–Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 119. artikuluko Bi idatz-zatiko 2. zenbakian xedatutakoa galarazi gabe, Espainia baldin bada kontsumoko estatu kidea, araubide berezi honi atxikitzen zaizkion Erkidegoan finkatu gabeko enpresaburuek edo profesionalek eskubidea izanen dute zerga aplikatzen den lurraldean egindakotzat jo behar diren ondasun eta zerbitzuen eskurapenean edo inportazioan jasandako balio erantsiaren gaineko zergaren kuotak itzul dakizkien; betiere, ondasun eta zerbitzu horiek telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak, araubide berezi honen xedekoak baitira, emateko erabiliko dira. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 119 bis artikuluan aurreikusitakoa izanen da eskubide hori erabiltzeko prozedura.

Horren ondorioetarako, ez da eskatuko zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta dauden enpresaburu edo profesionalen aldeko tratu-elkarrekikotasuna aitortua izatea. Artikulu honetan ezarritakora jotzen duten enpresaburuak edo profesionalak ez daude behartuta zerga arloko administraziorako ordezkaririk izendatzera, ondorio horietarako.

Kanariar Uharteetan, Ceutan edo Melillan finkatutako enpresaburuen edo profesionalen kasuan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 119. artikuluan aurreikusitakoa izanen da balio erantsiaren gaineko zergaren kuotak itzultzeko eskubidea erabiltzeko prozedura, idatz-zati honen xedekoa.

3. atala. Erkidegoan bai baina kontsumoko estatu kidean finkatu gabeko enpresaburuek edo profesionalek emandako telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuei eta bide elektronikoz emandakoei aplikatzen zaien araubide berezia

108. unvicies artikulua. Aplikazio eremua.

Bat.–Erkidegoan bai baina kontsumoko estatu kidean finkatu gabeko enpresaburuak eta profesionalak atal honetan aurreikusitako araubide bereziari atxikitzen ahalko zaizkio, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak ematen badizkiete, enpresaburuak edo profesionalak izan gabe, hala jokatzen duten eta estatu kide batean finkatuta dauden edo ohiko helbidea edo bizilekua bertan duten pertsonei.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 70. artikuluko Bat idatz-zatiko 4. eta 8. zenbakietan edo beste estatu kide batzuen legerietan baliokide direnetan xedatutakoaren arabera Erkidegoan egindakotzat jo behar diren zerbitzu emate guztiei aplikatuko zaie araubide berezia; betiere, araubide berezi honi atxikitako enpresaburuak edo profesionalak jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkorra zer estatu kidetan duen, zerbitzua beste batean emanez gero.

Bi.–Atal honen ondorioetarako, hona zer diren:

a) “Kontsumoko estatu kidean finkatu gabeko enpresaburua edo profesionala”: bere jarduera ekonomikoaren egoitza erkidegoaren lurraldean finkatuta duten enpresaburu edo profesional guztiak, edo bertan establezimendu iraunkor bat dutenak, baina ez horrelakorik kontsumoko estatu kidearen lurraldean.

b) “Identifikazioko estatu kidea”: enpresaburuak edo profesionalak zer estatu kidetan finkatuta duen bere jarduera ekonomikoaren egoitza, huraxe. Enpresaburuak edo profesionalak bere jarduera ekonomikoaren egoitza Erkidegoan finkatuta ez duenean, establezimendu iraunkor bat duen tokiko estatu kidea hartuko da kontuan edo, establezimendu iraunkorrak estatu kide batean baino gehiagotan izatera, enpresaburuak edo profesionalak aukeratzen duen estatua haren establezimendu iraunkorra duten estatu kideen artetik. Azken kasu horretan, estatu kide bat aukeratzeak lotura sortuko dio enpresaburuari edo profesionalari, harik eta errebokatzen ez duen arte; nolanahi ere, aukeraketaren aplikazioak hiru urte naturaleko balioa izanen du, gutxienez ere, zer urtetan egiten den aukera, hura ere barne dela.

Hiru.–Atal honen ondorioetarako, Espainia izanen da “identifikazioko estatu kidea” kasu hauetan:

a) Betiere, jarduera ekonomikoaren egoitza zerga aplikatzen den lurraldean duten enpresaburu edo profesionalentzat, eta jarduera ekonomikoaren egoitza Erkidegoaren lurraldean finkatu gabe baina zerga aplikatzen den lurraldean, eta ez beste inon, establezimendu iraunkor bat edo gehiago dutenentzat.

b) Jarduera ekonomikoaren egoitza Erkidegoaren lurraldean izan gabe, establezimendu iraunkor bat baino gehiago zerga aplikatzen den lurraldean eta beste estatu kideren batean dituzten enpresaburu edo profesionalak izanik, Espainia identifikazioko estatu kide izatea aukeratu dutenentzat.

108. duovicies artikulua. Formazko betebeharrak.

Bat. Espainia baldin bada identifikazioko estatu kidea, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak beste estatu kide bateko araubide bereziari atxikirik ematen dituen enpresaburua edo profesionala honako hauetara behartua egonen da:

a) Araubide berezi honen barreneko eragiketen hasiera, aldaketa edo bukaera deklaratzera. Deklarazio hori bide elektronikoz aurkeztuko da.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpena eta likidazioa bide elektronikoz aurkeztera hiruhileko natural bakoitzeko, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak eman edo ez. Aitorpenak ezin du negatiboa izan, eta aitorpenaren xedeko epealdi bukaeratik hogei eguneko epean aurkeztuko da.

Aitorpen-likidazio horretan zerga arloko administrazioak enpresaburuari edo profesionalari, zergarekin dituen betebeharrei begira, esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia adieraziko da; gainera, zerga sorrarazi den kontsumoko estatu kide bakoitzeko, aitorpenaren xedeko epealdian eman diren telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuen eta zerbitzu elektronikoen guztirako balioa, eragiketa kargatzen duen balio erantsiaren gaineko zerga kanpo, estatu kide bakoitzari dagokion zergaren kopuru orokorra (zerga tasen arabera xehakatua) eta guztirako zenbatekoa, horien guztien batura, Espainian ordaindu beharrekoa.

Enpresaburuak edo profesionalak Espainian ez beste estatu kide batean establezimendu iraunkor bat edo gehiago dituenean, eta haietatik ematen dituenean araubide berezi honen xedeko zerbitzuak, aitorpen-likidazioan, aurreko lerroaldean aipatu informazioa, kontsumoko estatu kide bakoitzaren arabera xehakatua, erantsi beharko du establezimendu iraunkor bakoitzari buruz; horiek zergaren banakako identifikazio zenbakiaz edo establezimenduaren zerga arloko zenbakiaz identifikatuko dira.

Eragiketen kontraprestazioaren zenbatekoa euroa ez den beste moneta batean finkatu bada, eurotan adieraziko da likidazio aldiko azken egunari dagokion kanbio-tasa balioduna aplikatuta. Europako Banku Zentralak egun horretarako argitaratutako kanbio-tasei jarraituz eginen da kanbioa edo, egun horretarako argitalpenik ez bada, biharamunekoei.

Aurkeztutako aitorpenetan jasotako zifretan edozein aldaketa egitekotan, hasierako aitorpena aurkeztu behar zeneko datatik hiru urteko epean, gehienez ere, egin beharko da, autolikidazioak eta aitorpen osagarriak zuzentzeko prozedura baliatuz, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 120.3 eta 122. artikuluetan, hurrenez hurren, eta legea garatzen duen araudian aurreikusita baitago. Dena dela, aipatu epea bukatu ondoren, kontsumoko estatu kideak zuzenketak onartzen ahalko ditu, bere tributu arloko araudi nazionalean aurreikusitakoari jarraituz.

c) Aitorpen bakoitzari dagokion zergaren diru-sarrera egitera, zer berariazko aitorpen dagokion aipatuta; zenbatekoa eurotan sartuko da zerga arloko administrazioak aukeratutako banku kontuan, aitorpena aurkezteko epearen barrenean.

Sartutako zenbatekoen edozein zuzenketa, zergari beste diru-sarrera bat gehitzen diona, egitekotan, dagokion berariazko aitorpena aipatuta egin beharko da, eta ezin zaio geroagoko beste aitorpen bati gehitu edo erantsi.

d) Araubide berezi honetako eragiketen erregistroa mantentzera. Erregistro horrek behar bezain zehatza izan beharko du, kontsumoko estatu kideko zerga arloko administrazioa gauza izan dadin aurreko b) letran aipatu aitorpena zuzena den egiaztatzeko.

Erregistro hori identifikazioko estatu kidearen zein kontsumokoaren eskura egonen da, eta enpresaburua edo profesionala behartua egonen da hura bide elektronikoz aipatu estatuen zerga arloko administrazioen eskura jartzera, haiek eskatu ondoren.

Enpresaburuak edo profesionalak hamar urtez gorde beharko du erregistro hori, eragiketa zer urtetan egiten den, haren bukaeratik hasita.

Bi.–Espainia identifikazioko estatu kidetzat duen enpresaburuak edo profesionalak Espainian bakarrik aurkeztu beharko ditu aitorpen-likidazioak eta, zein den kasua, kontsumoko estatu kide guztietan egindako eragiketa guztiei, araubide berezi honen xedekoei, dagokien zergaren zenbatekoa ordaindu.

108. tervicies artikulua. Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea.

Bat. Araubide berezi honi atxikitzen zaizkion enpresaburuek edo profesionalek ezin izanen dute kenkaririk izan foru lege honen 108 duovicies artikuluko Bat idatz-zatiko b) letran aipatzen den aitorpen-likidazioan; alegia, ez dituzte kenkarietan sartuko, aplikagarri diren arauen arabera, telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak, araubide honen xedekoak, emateko diren ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean jasandako kuotak.

Aurrekoa gorabehera, araubide berezi honi atxiki eta kontsumoko estatu kidean araubide berezi honen xedeko eragiketekin batera beste batzuk egiten dituzten enpresaburuek edo profesionalek, eragiketa horiengatik erregistratuta egotera eta estatu kide horretan aitorpen-likidazioak aurkeztera behartuta egonik, kenkarietan sartzen ahalko dituzte ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean jasandako kuotak, estatu kide horretan aurkeztu behar dituzten zergaren aitorpen-likidazioen bitartez. Aipatu ondasun eta zerbitzuak, aplikagarri diren arauen arabera, kontsumoko estatu kidean egindakotzat hartuak izan beharko dute eta telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak emateko izan, araubide berezi honen xedekoak baitira.

Bi.–Aurreko atalean aurreikusitakoa galarazi gabe, araubide berezi honi atxikitzen zaizkion enpresaburuek edo profesionalek eskubidea izanen dute ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean balio erantsiaren gaineko zerga dela-eta jasandako kuotak itzul dakizkien, haiek araubide honen xedeko telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak emateko izanik, haiek kontsumoko estatu kidean egindakotzat jo beharrekoak direnean, kontsumoko estatu kidearen araudian aurreikusitako prozedurari jarraituz, Kontseiluaren 2008ko otsailaren 12ko 2008/9/EE Zuzentarauak xedatzen duena garatzen baitu, 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren 368. undecies artikuluan aurreikusitako moduan. Bereziki, zerga aplikatzen den lurraldean finkatutako enpresaburuen edo profesionalen kasuan, jasandako kuotak itzultzeko eskatuko dute Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 117 bis artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.

Hiru.–Espainia bada identifikazioko estatu kidea, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean edo inportatzean jasaten diren kuotak kenkarietan sartzen ahalko dira haien aitorpen-likidazioetan zergaren araubide orokorrari jarraituz, zerbitzu horiei atal honetan aurreikusitako araubide berezia aplikatu edo ez; zerga aplikatzen den lurraldean eskuratu edo inportatu beharko dira eta telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak edo zerbitzu elektronikoak emateko erabili.

Lau.–Espainia bada kontsumoko estatu kidea, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 119. artikuluko Bi idatz-zatiko 2. zenbakian xedatutakoa galarazi gabe, araubide berezi honi atxikitzen zaizkion enpresaburuek edo profesionalek eskubidea izanen dute zerga aplikatzen den lurraldean eskuratu edo inportatutako ondasun eta zerbitzuengatik balio erantsiaren gaineko zerga dela-eta jasandako kuotak itzul dakizkien; betiere, ondasun eta zerbitzu horiek araubide berezi honen xedeko telekomunikazioetako, irrati-difusioko edo telebistako zerbitzuak eta zerbitzu elektronikoak emateko izanen dira. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 119. artikuluan aurreikusitakoa izanen da eskubide hori erabiltzeko prozedura.

108. quatervicies artikulua. Zerga aplikatzen den lurraldean bertan finkatutako enpresaburuek edo profesionalek emandako telekomunikazioetako zerbitzuak, irrati-difusioak edo telebistakoak, eta zerbitzu elektronikoak.

Idatz-zati honetan aurreikusitako araubide berezia ez zaie aplikatuko zerga aplikatzen den lurraldean egindako telekomunikazioetako zerbitzuei, irrati-difusiokoei edo telebistakoei eta zerbitzu elektronikoei, lurralde horretan jarduera ekonomikoaren egoitza edo establezimendu iraunkorra duten enpresaburuek edo profesionalek emanik. Zerbitzu emate horiei zergaren araubide orokorra aplikatuko zaie.

Hogeita hamalau.–109.1.4 artikulua.

“4.a Erregelamenduz definitutako moduan ezartzen diren kontabilitatea eta erregistroa eramatea, Merkataritzaren Kodean eta kontabilitateko gainerako arauetan xedatutakoa galarazi gabe".

Hogeita hamabost.–112. artikuluari 3. idatz-zati berria gehitzea.

“3. Ondasunen inportazioetan, aduanako legerian muga-zergako eskubideetarako aurreikusitako moduan likidatuko da zerga.

Erregelamenduz ezarriko den moduan eginen da inportazioaren gaineko zergako kuoten diru-bilketa eta diru-sarrera, eta han ezartzen ahalko da zer baldintza eskatu subjektu pasiboei, administrazioak egindako likidazioa jasotzen duen dokumentua hartzen duten epealdiari dagokion aitorpen-likidazioan kuotak sar ditzaten".

Hogeita hamasei.–115. artikuluaren 2. idatz-zatiari 6., 7. eta 8. zenbakiak gehitzea.

“6.a Foru lege honen 31.1.2 artikuluko e) letrako c´) azpiletran aipatu eragiketen hartzaileek epe barrenean ez aditzera ematea edo oker aditzera ematea eragiketak gauzatzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei enpresaburu edo profesional gisa ari direla eragiketa horietan, erregelamenduz araututako moduan.

“7.a Foru lege honen 31.1.2 artikuluko f) letran aipatu eragiketen hartzaileek epe barrenean ez aditzera ematea edo oker aditzera ematea eragiketak gauzatzen dituzten enpresaburuei edo profesionalei hurrengo inguruabarrak, erregelamenduz araututako moduan:

Eragiketa horiei dagokienez, enpresaburu edo profesional gisa jokatzen ari direla.

Eragiketa horiek lursailak urbanizatzeko edo eraikinak eraiki edo zaharberritzeko prozesu baten barnean gauzatzen direla.

8.a Foru lege honen 112.3 artikuluko bigarren lerroaldean aipatzen diren subjektu pasiboek administrazioak likidatutako inportazio eragiketei dagozkien tributu kuotak autolikidazioan ez adieraztea edo oker adieraztea, nahiz ez osorik".

Hogeita hamazazpi.–116. artikuluko 1. idatz-zatiari 6. eta 7. zenbakiak gehitzea.

“6.a 2. zenbakiko 6. eta 7. idatz-zatietan ezarritakoak, diru-isun proportzionala jarriz: komunikazioaren betebeharra bete ez den entrega eta eragiketei dagozkien kuota sorrarazien %1ekoa; gutxienez ere, 300 euro, eta gehienez ere, 10.000 euro.

“7.a 2. zenbakiko 8. idatz-zatian ezarritakoak, diru-isun proportzionala jarriz: autolikidazioan adierazi gabeko eragiketei aduanek egindako likidazioei dagozkien kuota sorrarazien %10ekoa.

Hogeita hemezortzi.–Seigarren xedapen gehigarri berria gehitzea:

“Seigarren Xedapen Gehigarria. Arauzko erreferentzia.

Foru lege honetan jasotzen diren “Erkidegoa” eta “Europar Erkidegoa” terminoak “Batasunari” buruzkoak dira; aldiz, “Europako Erkidegoak” edo “EEEkoak”, “Europar Batasunari” buruzkoak eta “erkidegokoa” eta “erkidegokoak” “Batasunari” buruzkoak.

Hogeita hemeretzi.–Eranskinari bi atal gehitzea, bederatzigarrena eta hamargarrena:

“Bederatzigarrena.–Foru lege honen 37.Bat.1.6. c) artikuluan aipatzen diren ondasunen zerrenda.

–Betaurrekoak, ukipen-lente graduatuak eta haiek erabili, zaindu eta mantentzeko behar diren produktuak.

–Ziztadako gailuak, glukosa maila automatikoki irakurtzeko gailuak, intsulina txertatzeko gailuak eta diabetesa autokontrolatu eta tratatzeko gainerako aparatuak.

–Gorputz zetonikoak eta odolaren koagulazioa autokontrolatzeko gailuak eta desgaitzen duten gaixotasunak autokontrolatu eta tratatzeko beste gailu batzuk, hala nola, morfina eta botika onkologikoak sartzeko sistemak.

–Pixa biltzeko poltsak, inkontinentziako xurgagarriak eta gernuaren eta eginkarien inkontinentziarako beste sistema batzuk, irrigazio sistemak barne.

–Protesiak, ortesiak, ortoprotesiak eta ebakuntza bidezko inplanteak, osagaiak eta osagarriak barne; bereziki, Osasunaren Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoak.

–Trakeotomiako eta laringektomiako kanulak.

–Aulki terapeutikoak eta gurpildunak, baita eskaren aurkako kuxinak eta haiek erabiltzeko arnesak, makuluak, taka-takak eta desgaitasunak dituen jendea mugitzeko garabiak.

–Plataforma jasotzaileak, gurpil-aulkietarako igogailuak, eskaileretako aulki-egokigailuak, arrapala eramangarriak eta norbera zutik jartzeko barra autosostengagarriak.

–Lesioak edo barreneko malformazioak hobetzeko aparatuak eta gainerako tresneria, hala nola, esekitzaileak eta barizeak estutzeko jantziak.

–Dialisia etxean tratatzeko gailuak eta arnaserako tratamentua.

–Akats edo ezintasun bat konpentsatzeko diren medikuen ekipoak, aparatuak eta gainerako tresneria, ikusteko eta entzuteko urritasuna dutenek beraiek bakarrik erabiltzeko diseinatuta daudenak.

–Gorputzeko, buruko, adimeneko edo zentzumenetako urritasuna dutenek beraiek bakarrik erabiltzeko diseinatuta dauden sostenguko produktu hauek:

“Hamargarrena.–Zilar, platino eta paladio entregak, baita sakelako telefonoak, bideojokoen kontsolak, ordenagailu eramangarriak eta tableta digitalak ere.

NCE KODEA

SALGAIA

7106 10 00

Zilar hautsa.

7106 91 00

Zilar gordina.

7106 92 00

Zilar erdi landua.

7110 11 00

Platino gordina edo hautsa.

7110 19

Platinoa. Gainerakoak.

7110 21 00

Paladio gordina edo hautsa.

7110 29 00

Paladioa. Gainerakoak.

8517 12

Sakelako telefonoak eta hari gabeko beste sare batzuetakoak. Sakelako telefonoei dagokienez bakarrik.

9504 50

Bideokontsolak eta bideojokoen makinak, 950430 azpimultzokoak izan ezik. Bideojokoen kontsolei dagokienez bakarrik.

8471 30

Datuak tratatu edo prozesatzeko makina automatikoak, eramangarriak, 10 Kg-tik beherakoak, prozesuko unitate zentral batez, teklatu batez eta pantaila batez osatuak, gutxienez ere. Ordenagailu eramangarriei eta tableta digitalei dagokienez bakarrik".

Berrogei.–Hemezortzigarren xedapen iragankorra gehitzea.

“Hemezortzigarren xedapen iragankorra. Entitate taldearen araubide berezia.

2015eko urtarrilaren 1ean entitate taldearen araubide bereziaren babesean dauden entitateek, ez badituzte foru lege honen 108 quinquies artikuluko Bat eta Bi idatz-zatietan aipatzen diren atxikipen baldintza berriak betetzen, 2015eko abenduaren 31 arte jarraitzen ahalko dute aipatu araubide horren babesean, 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen indarra zuen araudian eskatzen ziren atxikipen baldintzei lotuta".

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Dena dela:

a) Hamaseigarren idatz-zatian xedatutakoa 2015eko apirilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

b) Hogeita zortzigarren idatz-zatian xedatutakoa 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa