(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Prostituzioan jarduten diren pertsonentzako gizarte-osasun programak 3.000 lagun artatu ditu, 1990az geroztik osteguna, 2008.eko abuztuak 21

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak berariazko programa bat du, prostituzioan jarduten diren pertsonei gizarte-osasun artapena eskaintzeko. 1990ean jarri zuten abian, eta harrezkero, 2.984 lagun artatu dituzte.


Aurelio Barricarte, Koro Ormaetxea eta Pablo Sánchez Valverde

Aurelio Barricarte, Koro Ormaetxea eta Pablo Sánchez Valverde. ( irudia handitu )

2007an, 494 pertsona artatu zituzten (482 emakume eta 12 gizon), gaur goizean Koro Ormaetxea Abiatze Elkarteko hezitzaileak eta Pablo Sánchez Valverde ginekologoak jakinarazi dutenez. Biak aipaturiko programaren baitan jarduten dira. Informazio ekitaldia Osasun Publikoaren Institutuan egin dute, eta Aurelio Barricarte erakundeko Epidemiologia Zerbitzuko buruak aurkeztu du.


2007an artatu zituzten 494 lagunetatik 244 lehenengo aldiz artatu zituzten (236 emakume eta 8 gizon). Iaz 1.582 hitzordu eta ginekologiako 768 azterketa egin zituzten (216 azterketa, berriak, eta 552, jarraipenekoak). Gainera, haurdunaldiaren jarraipenarekin zerikusia duten 20 bisita egin zituzten. 2007an, programako zerbitzuek 54.900 kondoi banatu zituzten.


Programaren eduki nagusia sexuaren eta ugalketaren arloko osasuna da, baina helburu orokorra prostituzioan jarduten diren pertsonen osasun maila orokorra hobetu edo mantentzea da. Horretarako, osasun sare publikoko zerbitzuak erabiltzeko erraztasunak ematen dizkiete, Emakumeak Artatzeko Zentroen bidez. Programa bost zentrotan garatzen dute, hain zuzen (Iruñeko Andraize eta Iturrama, eta Tutera, Etxarri eta Tafallako zentroak).


Programaren onuradun izan daitezkeen pertsonekin harremanetan jartzeko, lanean aritzen diren lekuetara jotzen dute: prostituzio lokaletara, etxebizitzetara edo kalera. Prostituzio lokaletan, zerbitzua aurkezten diete, eta nahi dutenekin hitzordua egiten dute Emakumeak Artatzeko Zentroetan. Kalean jarduten direnekiko harremanak, berriz, Arriskua Murrizteko Programako egonaldien esparruan (Hiesaren Aurkako Herritar Batzordearen programa) eta programaren baitan Caritaseko Betania Zentroan eskaintzen dituzten lantegietan (sexu osasunari buruzko lantegiak) egiten dituzte. Sexu zerbitzuak etxebizitzetan eskaintzen dituzten prostitutei dagokienez, harremanak telefono bidezkoak izan ohi dira (batik bat). Programan parte hartzen dutenetako batzuek gobernuz kanpoko erakundeen eta gizartearen eta osasunaren arloan lan egiten duten zerbitzuen bidez izaten dute haren berri. 2007an artatu zituzten 494 pertsonetatik 320 prostituzio lokaletan jarduten ziren; 116, etxebizitzetan jarduten ziren; eta 58, kalean.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa