Castellano | Euskara | Français | English
Nafarroa une garrantzitsu batean dago orain, Normaltasun Berrian lehen urratsak ematen. Une honetan, eremu publikoetako jarduerak pixkanaka berreskuratzen ari baitira. Prozesu honetan aurrera egiteko, balizko kutsatzeak eta berragertzeak murrizteko eta, azken finean, atzerapausorik ez izateko, ezinbestekoa da Nafarroako gizartea inplikatzea. Horrek esan nahi du banaka nahiz taldean ekitea; hots, oinarrizko prebentzio neurriak hartzen jarraitzea koronabirusaren aurrean.
Hona hemen horietako batzuk: etxetik ez ateratzea sintomarik izanez gero, edo berrogeialdian nahiz isolamenduan egonez gero, eta osasun etxera deitzea; pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea uztea; maskara erabiltzea tarte hori utzi ezin denean; eta eskuak maiz eta ongi garbitzea, urarekin eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin.
Neurri horiek oroitarazteko eta herritarrek egunerokoan gogoan izateko, kanpaina bat abiarazi dugu, "1,5 metro, zure konpromisoaren neurria ez da aldatzen" izenekoa. Kanpainak azpimarratzen du zein garrantzitsua den neurri horiek aplikatzea egoera guztietan: lagunekin biltzean, kirola egitera edo paseatzera ateratzean, kultur jarduera batera joatean... Izan ere, honaino ailegatu ondoren, ezin gara lasaitu prebentzio horretan; are gehiago, hori indartu behar dugu. Emaitzak izan dira profesionalen ahaleginari esker eta herritarren eginahala eskatzen zuten neurriei esker.
Horretarako, kanpainan askotariko materialak diseinatu dira: bideoak, irratiko iragarkiak, eraikin publikoetan jarriko diren kartelak eta olanak... Horrekin, Nafarroako herritar guztiei helarazi nahi zaie mezua. Halaber, kanpaina sare sozialetan dago (Twitter, Facebook, Youtube...), etiketa hauen pean: #MetroEtaErdi eta #ZureKonpromisoarenNeurriaEzDaAldatzen, euskaraz eta #MetroYMedio eta #LaMedidaDeTuCompromisoNoCambia, gaztelaniaz. Osasun Departamentuak animatu nahi zaitu horiek erabiltzera, informazio hori partekatzeko eta, horrela, helburu hau lortzen laguntzeko: COVID-19ari aurre egitea, elkartasunez eta zentzuz.