(Edukira Joan)

Castellano | Euskara | Français | English

gaixotasunari buruz

Zer da GRIPEA?

Gripea arnasbideetako infekzio akutua da, birus batek sortua. Kalkulatzen da gripe-infekzioen erdiak baino gehiago asintomatikoak direla. Forma sintomatikoetan, aldeak daude: sintomak hoztura arrunt baten antzekoak izan daitezke, baina –beste muturrean– larritasun handi edo txikiko sukar-prozesuak ere badaude.

Gaixotasuna bat-batean hasi ohi da, sukarrarekin eta hotzikarekin; horiekin batera agertzen dira buruko mina, sudurreko kongestioa, eztarriko mina, ezongi sentitzea, muskuluetako minak, gose galera eta eztul lehorra. Eztulak, kongestioak eta energia faltak bi aste arte iraun dezakete; sukarra eta gainerako sintomak kasu gehienetan astebeteko epean desagertzen dira.

Urtaroko gripea normalean konplikaziorik gabe eta ondorenik gabe sendatzen da pertsona osasuntsuetan, baina kasu batzuetan konplikazio larriak sor daitezke. Maizenik agertzen diren konplikazioetako bat pneumonia da.   

  

GRIPEAREN prebentzioa

Gripeari aurrea hartzeko modurik eraginkorrena txertoa jartzea da. Birusa aldatzen denez gero, beharrezkoa da URTERO JARTZEA TXERTOA.

Txertoak bertan sartu diren birusek sortutako gaixotasunetik babesten gaitu kasuen %80an, gutxi gorabehera.

Gripearen aurkako txertoak EZIN du griperik sortu.

Oro har arnasbideetako gaixotasunak eta bereziki gripearen birusak gutxiago hedatu daitezen, oso garrantzitsua da higiene neurri orokorrak hartzea; besteak beste:

  • Eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra estaltzea, paperezko mukizapi batekin edo ukondoaren barruko aldearekin.
  • Eskuak maiz garbitzea.

Aholkatzen da gripeak jotako gaixoa, ahal den neurrian, etxean egon dadila beste pertsona batzuk ez kutsatzeko.

 


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa