(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

165/1999 Foru Dekretua, maiatzaren 17koa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 83. NAOn argitaratua, uztailaren 5ean. Aldaketak: 16/2003 Foru Legea, martxoaren 17koa; 13/2000 Foru Legea, abenduaren 14koa; 2/2001 Foru Dekretua, urtarrilaren 8koa; 16/2004 Foru Dekretua, urtarrilaren 26koa)

Atarikoa

Berriki Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduaren testu bategina onetsi da, jatorrizko araua zaharturik baitzegoen eta anitz aldaketa izan baitzituen bere indarraldian, eta testu bategin hartan hainbat aldiz erregelamenduaren erreferentzia egiten delarik eta Zergaren inguruko kudeaketa prozedurak arautu beharrak direlarik, nahitaezkoa da Erregelamendu hau onestea.

Erregelamenduak 110 artikulu ditu, 2 Xedapen Gehigarri, Indargabetzaile bat eta 2 Azken Xedapen, eta bost Titulu ditu egituratzat, Kapitulu eta Ataletan partituak.

Hasierako Tituluak zergaren xedapen orokor oinarrizkoak ditu, zergaren izaeraren eta lurralde irispidearen gainekoak.

Lehendabiziko kapituluak zergaren izaera, edukia eta abiaburu orokorrak jorratzen ditu.

II. kapituluak zergaren modalitate diferenteen aplikazio eremua jasotzen du, Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak sinatu duten Hitzarmen Ekonomikoko irizpideen arabera.

Lehenbiziko tituluak zerga honen "Kostubidezko Ondare Eskualdaketa" kontzeptua arautzen du.

Zerga gaiari dagokionez, lehenbiziko kapituluan jasotzen da zein diren zergapeko eskualdeketen kasuak, zein diren haien baliokide diren egintzak eta zein zergaz kanpoko egintzak, eta bai ere nola koordinatu behar diren Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

II. kapituluak xedatzen du Zergaren subjektu pasiboa zein den, bai zergadun gisa eta bai erantzule subsidiario gisa.

III. kapituluak xedatzen du, artikulu bakar batean, zerga oinarria finkatzeko arau orokorrak zein diren.

IV. kapituluan, "zerga kuota" izenburupean, zerrendatu egiten da zein diren modalitate honi aplikatzeko diren zerga tasak, eta bai, halaber, Hiri Finkak Errentatzeko Kontratuentzako tarifa berariazkoa ere.

V. kapituluak hainbat arau berezi biltzen ditu zerga honetako "diruzko ondare eskualdaketa" kontzeptuaren gainekoak, argitzeko egintza jakin batzuk zergapean daudela eta zenbait kasutan zerga oinarria nola finkatu behar den. Askotariko kasuak arautzen dira, izan ere: lagatzearen baldintzapeko enkanteak, Komisio bidezko edo pagatzeko enkargu bidezko adjudikazioak, administrazio lagapenak, jabariaren tinkotzea, Erabilera eta biztantze eskubideak, kontratuen agintza eta aukerak, erroldak, transakzioak, erretraktoak, maileguak, bermedunak nahiz gabeak, eta kreditu eta eskubideen eskualdaketak.

II. tituluak zerga honetako "sozietate eragiketa" kontzeptua arautzen du, aurrekoaren egitura bera erabiliz.

Lehenbiziko kapituluak zergapean diren eragiketak arautzen ditu eta bai haien baliokidetzat jotako beste batzuk ere, eta enpresa jarduera batentzako ondasun komunitateak eratu eta desegiteko eragiketak berariaz garatzen.

Modalitate honetako subjektu pasiboari dagozkion xedepenetan bereizi egiten da zergaduna nor den eta erantzule subsidiarioa nor den, aurreko tituluan egiten den moduan.

III. kapituluak generikoki erregulatzen ditu zerga oinarria finkatzeari buruzko arauak.

IV. kapituluak arautu egiten du Titulu honetan araututako eragiketei aplikatzeko zaien zerga tasa zein den.

III. Tituluak zerga honetako "egintza juridiko dokumentatua" kontzeptua arautzen du.

Lehenbiziko kapituluak, artikulu bakar batean, kontzeptu honen modalitateak jasotzen ditu.

II. kapituluak notario dokumentuen tributazioaz ari da, honakoak jorratzen dituzten lau ataletan partiturik: zerga gaia, subjektu pasiboa, zerga oinarria eta zerga kuota, dela kuota finkoa, dela kuota graduala.

III. kapituluak arautzen du merkataritza dokumentuen tributazioa, eta hark ere lau atal berberak ditu. Zerga kuotako atalean, partikularzki, arau oinarrizkoak finkatzen dira efektu tinbredunak itxuratu eta trukatzearen gainean, eremu honetako zenbait zerga eginkizun pagatzeko.

IV. kapituluak, Dokumentu judizialen gainekoak, arautu egiten du, bere lau ataletan Aurrearretazko idaztoharren tributazioa, gaur den egunean ez baitago eremu honetako beste kasurik zergapean dagoenik.

IV. Tituluak Zergaren arestian aipatu hiru kontzeptuen xedapen komunak arautzen ditu, hau da, onura fiskalen gaineko xedapenak, bai Zergaren testu bateginean jaso direnak nola beste zenbait arau sustantibotan araututakoak, balioak egiaztatzearen gaineko xedapenak, perito tasazio kontrajarria bereziki garatuz, eta zergaren sortzapenari eta preskripzioari buruzko arauak.

Xedapen gehigarriek pezetatan emandako dirutzei eta eurozko baliokideei dagozkie, eta zergaren gaurko Erregelamenduan araututa dauden zenbait kudeaketa arau mantendu beharrari.

Xedapen Iragankorrak barrutiko Likidazio Bulegoei dagozkie eta Ondorengotza eta Emaitzen gaineko zergaren erreferentziei.

Hori horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak hala proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten da, eta ondoren haren testua agertzera ematen.

ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

LEHEN KAPITULUA. Jitea, edukia eta abiaburu orokorrak

1. artikulua. Zergaren modalitateak.

1. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga zeharbidezko tributua da, eta hurrengo artikuluetan finkatzen den moduan honakoak kargatuko ditu:

1.-Kostubidezko ondare eskualdaketak.

2.-Sozietate eragiketak.

3.-Egintza Juridiko Dokumentatuak.

2. Inoiz ez da zilegi izanen egintza bat bera kostu bidezko Ondare Eskualdaketa kontzeptuan eta sozietate eragiketen kontzeptuan likidatzea.

2. artikulua. Egintza edo kontratuaren kalifikazioa.

1. Zerga eskatzeko, likidatu beharreko egintza edo kontratuaren izaera juridiko benetakoa hartuko da aintzat, zein ere den parteek eman dioten izena, eta baliotasuna edo efikazia gutxitu lezaketen formazko nahiz berezko akatsei jaramonik egin gabe.

2. Baldintzaren baten peko egintza edo kontratuetan kalifikazioa egiteko, Nafarroan indarra duen legeria zibileko aginduak hartuko dira aintzat. Baldintza hori etendurazkoa izaten bada, baldintza bete arte ez da Zerga likidatuko, eta likidazioaren etendura jaso eginen da kasuko erregistroan ondasunak inskribatzerakoan. Baldintza ebazpenezkoa izaten bada, berehala eskatuko da zerga, nahiz eta gero, baldintza betetzen denean, pagatutakoa itzuli behar izan, 7. artikuluak agindu bezala.

3. Kontratuan ezartzen bada jabaria erreserbatzen dela itundutako prezioa osorik pagatu arte, zerga likidatu eta pagatzeko ulertuko da eskualdaketa itundu bezalako prezioa pagatu ezeko baldintza ebazpenezkoaren azpian egiten dela.

3. artikulua. Zerga eskatzeko kasuak.

Zerga hau eskatu ahal izanen da, aurrena gertaera batek zergapeko egintza juridikoki sortzen duenean, kontratugileek espreski konbentzio bat jasotzen dutenean edo eskualdaketa izan dela frogatzeko moduko deklarazio idatzia dagoenean, edozein notario edo erakunde publikotan egina eskualdaketa horrek bertan izan dezan bere ondorioa, edo beste egintzaren batetik, zuzenbidearen printzipioen arabera logikaz eta legez parteen borondatea edo asmoa ondorioztatzen bada, kontratuaren klausula edo estipulazioetan ageri den bezala, egoki interpretatua edo dokumentu bidez kreditatua.

4. artikulua. Ondasunen kalifikazioa.

1. Zergari dagokionez, ondasunak beren izaeraren, destinoaren, erabileraren edo aplikazioaren arabera kalifikatzeko, horren gainean Nafarroan indarra duen legeria zibilak edo, halakorik ez badago, Administrazio Zuzenbideak agintzen dituenak hartuko dira aintzat.

2. Ondasun higiezintzat hartuko dira, zergari dagokionez, edozertariko instalazio iraunkorrak, nahiz eta beren itxurapenak tokiz mugitzeko aukera ematen dien eta nahiz beren kokalekuko terrenoa ez den instalazio jabeena.

5. artikulua. Konbentzioen elkar-jotzea.

Konbentzio bakar bati eskubide bakar bat pagatzeko baizik ezin zaio eskatu, baina dokumentu edo kontratu bakar batek banaka zergapean dauden konbentzio bat baino gehiago dituenean, haietako bakoitzari eskatuko zaio aipatu eskubidea, non eta espreski besterik agintzen ez den.

6. artikulua. Eskualdatutako ondasunen obligazioak.

1. Eskualdatutako ondasun eta eskubideak, nor ere den haien jabea, eskualdaketa horiek kargatzen dituzten zergak pagatu beharraren obligaziopean geratuko dira, non eta jabea ez den Erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, ondasunak establezimendu industrial edo komertzialetan on beharrez eta titulu justuz erosi direla justifikatzen ez den. Obligazio hori notarioek jasoko dute, egiaztatzen dituzten dokumentuetan haren gaineko oharra eginaz. Erregistroan obligazioa espreski jasota dagoenean, hirugarrena ez da hartuko Erregistroko fede publikoak babestutzat.

2. Legez salbuespen, bonifikazio edo murrizketa onura bat eman eta emandakoa gauzatzeko baldintzatzat jarri delarik zergadunak legez ezarritako edozein betekizun betetzea, dokumentua jaso duen bulegoak zehaztu eginen du, onura fiskal hori jasotzeko oharrean, zein izango zen kobratu beharreko likidazioaren zenbateko osoa emandako salbuespena, bonifikazioa edo murrizketa tarteko izan ez balitz.

Jabetza edo merkataritza erregistratzaileek zehaztu eginen du orri bazterreko ohar batean eskualdatu diren ondasunek zenbateko hori pagatzeko duten obligazioa, jabea nor ere duten, onura horiek gauzatzeko jarri diren epeak betetzen ez diren kasuetarako.

3. Erregistratzaileek jasoko ere dute, orri bazterreko oharrean, jabaria jabetasun soilean eta usufruktuan zatiturik dagoenetan, ondasun horiek zer obligazio duten hura itzaltzetik heldu den likidazioa pagatzeko. Hartarako, autolikidazioa jaso duen bulegoak kasuan kasuko likidazioa jasoko du, behin-behinekoz eta gero bateko zuzenketak ezertan galarazi gabe, usufruktua eratu zen denboran aplikatzekoak ziren oinarri eta tasen arabera.

4. Aurreko 2 eta 3. atalek aipatu dituzten oharrak jasota ez badaude, jabetza edo merkataritza erregistratzaileek ofizioz eginen dute kasu haietarako aurreikusten zen zerga obligazioa zehazteko oharra, jaso duen bulegoak zigilatutako autolikidazioa ikusirik, bertan jasoaz tributua pagatu dela edo ez dagoela zergapean edo zerbaitengatik salbuetsita dagoela, Erregelamendu honen 89. artikuluan aurreikusten denaren arabera.

7. artikulua. Dirua itzultzea.

1. Epaile batek edo administrazioak ebazpen irmo baten bidez deklaratzen edo aitortzen dutenean egintza edo kontratu bat baliogabetu, desegin edo ebatzi dela. Zergadunak eskubidea du pagatutako zerga kuota itzultzeko, beti ere irabaziak izan ez bazituen eta lau urteko epean eskatzen badu diru hori itzultzeko, ebazpena irmotu zenetik kontatuta.

Irabaziak izan direla ulertuko da ez bada frogatzen interesatuak Nafarroako Zuzenbide Zibilaren bildumako 506. legeak eta Kode Zibilaren 1.259 artikuluak aipatzen dituzten elkar-itzulketak egin beharrean daudela.

Egintza edo kontratuak irabaziak sortu baditu, egindako likidazioa zuzendu eginen da, hartarako oinarri hartuz denbora usufruktuaren balioa, Erregelamendu honetako 19. artikuluak agindu bezala kalkulatua, egintza edo kontratuak iraun duen denboraren arabera edo jaso den prezio zatiaren zenbatekoaren arabera baldin ezinezkoa bada usufruktua izan dela juzkatzea, eta zergadunari likidazio horren eta lehengoaren artean haren alde ateratzen den diferentzia itzuliko zaio.

Egintza edo kontratuak irabaziak sortu ez baditu ere, desegitea edo ebaztea deklaratzeko arrazoia izan bada zergapean dagoen kontratugileak bere obligazio fiskalak bete izan eza, ez da ezer itzuliko.

2. Kontratua kontratugile bien akordioz baliogabetzen bada, ez da itzuliko pagatutako zergarik eta zergapeko egintza berritzat joko da. Halako akordioz aditzen dira Adiskidetze saioaren bidezko abenitzea eta eskaerari amore emate hutsa.

3. Atzera erosteko itunpeko salerosi batean atzera erosi egiten denean, ez da zerga itzultzeko eskubiderik izanen.

8. artikulua. Zerga pagatzaileak aldatzea.

Ez da zilegi izanen, kasuko zerga pagatu dela edo salbuespena dagoela frogatu gabe, edozein tributu edo exakzioren subjektu pasiboa aldatzea baldin aldaketa horrek zuzen nahiz zeharbidez ondasunen, eskubideen edo Zerga honen peko egintzen eskualdaketa ekartzen badu.

9. artikulua. Prezio gerokotuko kontratuak.

Prezio bat tarteko duten kontratuetan, nahiz prezio hori gerokotua izan, zergaren likidazioa eta berehalako ordainarazpena zenbateko osoarentzat eginen da.

10. artikulua. Atzerriko diruzko balioa.

Ondasun edo eskubideen balioa atzerriko diruan kalkulatua badago, likidazio oinarria finkatzeko diru nazionalera trukatuko da, kasuko diru klaserako ofizialki finkatu diren truke tasak aplikatuz, eta bat baino gehiago baldin badira, altuena hartuko da, beti ere kasu bietan ulertuz truke tasak Zergaren sortzapen egunekoak direla.

Balioa nola diru nazionalean nola atzerrikoan finkaturik badago, oinarria kalkulatzeko bataren eta bestearen arteko baliorik handiena hartuko da aintzat, lehenbiziko horrentzat aurreko lerroaldeko araua aplikatuz.

Lehen lerroaldearen arau hori aplikatuko ere da baldin balioa merkatuan gainprezioa duen diruan seinalatua badago.

II. KAPITULUA. Zergaren aplikazio eremua

11. artikulua. Zerga eskatu ahal den kasuak.

1. Foru Komunitateari dagokio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga eskatzea, honako kasu hauetan:

A) Kostu bidezko Ondare Eskualdaketak:

1.-Ondasun higiezinak kostu bidez eskualdatzen badira, eta bai ondasun horien gaineko edozertariko eskubideak kostu bidez lagatzen (berme eskubideak ere bai), ondasun horiek Nafarroan daudenean.

Hartarako, Balioen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 108. artikuluak aipatzen dituen kostu bidezko balio eskualdaketak joko dira Ondasun higiezinen eskualdaketatzat.

2.-Ondasun higigarriak, berebilak eta kredituak eskualdatzen direnean kostu bidez, eta bai haien gaineko eskubideak kostu bidez lagatzen, baldin eta erostunak, pertsona fisikoa delarik, Nafarroan badu ohiko bizilekua eta, pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko entea delarik, baldin Nafarroan badu helbide fiskala.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena gora behera, akzioak, harpidetza eskubideak, obligazioak eta eite bereko tituluak eta bai partaidetza sozialak ere, eskualdatzen direnean, baldin eragiketa Nafarroan formalizatzen bada.

3.-Ondasun higiezinen gaineko edozertariko eskubideak (berme eskubideak ere bai) kostu bidez eratzen direnean, ondasunak Nafarroan badaude.

4.-Ondasun higigarrien, berebilen eta kredituen gaineko edozertariko eskubideak eratzen direnean, baldin eta erostunak, pertsona fisikoa delarik, Nafarroan badu ohiko bizilekua eta, pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko entea delarik, baldin Nafarroan badu helbide fiskala.

Aurreko lerroaldean finkatzen dena gora behera, hipoteka mobiliarioa eta leku-aldatzerik gabeko bahiak eratzen direnean, baldin bermea Nafarroako lurraldean inskriba daitekeenetakoa bada.

5.-Maileguak eratzen direnean, mailegu hartzaileak, pertsona fisikoa delarik, Nafarroan badu ohiko bizilekua eta, pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko entea delarik, Nafarroan badu helbide soziala.

Hala ere, benetako bermedun maileguak direlarik, hipotekatzen diren ondasun higiezinak Nafarroan badaude edo kasuko hipoteka mobiliarioak edo leku-aldatzerik gabeko bahiak Nafarroan inskriba daitekeenetakoak badira.

Mailegu beraren bermea baldin bada Nafarroako eta Amankomuneko lurraldean dauden ondasun higiezinen gaineko hipoteka bat edo bi lurraldeetan inskriba daitekeen hipoteka mobiliarioa edo leku-aldatzerik gabeko bahia, administrazio bietan emanen du zerga, batari eta besteari esleitu zaion erantzukizunaren proportzioan, eta eskrituran ez bada hori espreski zehazten, ondasunen balio egiaztatuaren proportzioan.

6.-Fidantzak, higiezinak ez diren gaien errentamenduak eta pentsioak eratzen direnean, fidantza hartzaileak, errentatzaileak edo pentsioduna, pertsona fisikoa delarik, Nafarroan badu ohiko bizilekua eta, pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko entea delarik, baldin Nafarroan badu helbide fiskala.

7.-Administrazioak Ondasun kontzesioak egiten dituenean, ondasun horiek Nafarroan badaude, eta obra exekuzioetan edo zerbitzu esplotazioetan, Nafarroan exekutatu edo eman egiten direnean.

B) Sozietate Eragiketak

1.-Sozietateak eratzen direnean eta sozietateak lehengo sozietateak desegin ondoren batzen direnean, sortu den erakundearen helbide soziala Nafarroan baldin bada.

2.-Kapitala gehitu edo gutxitzeko kasuetan, edo sozietateak absortzioz batzen, eraldatzen, desegiten eta erdibitzen direnetan, baldin eta aldatu den, bestea beretu duen, desegin den edo erdibitu den sozietateak Nafarroan badu helbide soziala.

C) Egintza juridiko dokumentatuak:

1.-Notario batek emandako eskritura, akta eta lekukotzetan, baldin eta Nafarroan egiaztatzen, ematen edo luzatzen direnean.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena gora behera, Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko kargaren kuota gradualaren azpiko diren kasuetan, baldin ondasun edo egintza horiek inskribatu edo notatu behar diren Erregistroa Nafarroan badago.

2.-Truke letretan eta igorpen eginkizuna duten dokumentuetan, edo letra horien ordeko direnetan, baldin eta Nafarroan libratzen direnean, eta, atzerrian luzatu badira ere, baldin haien lehenbiziko edukitzaileak Nafarroan badu ohiko bizilekua edo helbide fiskala, segun eta zer den: pertsona fisikoa edo pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko entea. Nafarroako Foru Komunitateak amankomuneko lurraldean indar duen tributazio beraren azpian jarriko ditu esandako zerga gaiak.

3.-Ordezkagiri edo gordailuko ziurtagiri eskualdagarrietan, baldin eta haiek luzatu edo eman dituen entitatearen helbide soziala Nafarroan bada.

4.-Saldoka luzatzen diren ordainduko, bono, obligazio eta eite bereko besteren kapitalen ordezkatzaile diren beste tituluetan, baldin eta kontraprestazio bat pagatzen bada, luzatzean pagatutako zenbatekoa eta epeburuan pagatzeko konpromisoak dioenaren arteko diferentziaz kalkulatua, beti ere Nafarroan luzatzen bada.

5.-Merkataritza fede emaileek, balore-tituluak izenpetu dituztenei jabetza titulua emateko luzatutako polizetan, Nafarroan hartzen bada haien kontu.

6.-Aurrearretazko idaztoharretan, Nafarroako erregistroetan egiten direnean.

Anotazio bat bera Nafarroan eta amankomuneko lurraldean dauden ondasunen gainekoa bada, anotazioa agindu duen agintaritzak jurisdikzioa duen Administrazioan pagatuko da zerga.

7.-Jurisdikzio izaera duten beste Egintza Juridiko Dokumentatuetan, baldin eta egintza horiek gertatzen direneko organoak, edo haien jatorri denak, Nafarroan badu egoitza eta, administrazio izaera duten kasuetan, Nafarroatik ematen direnean.

2. Amankomuneko lurraldean indar duen tributazio beraren azpiko izanen da aurreko 1. idazatiaren A) letrako 2. zenbakiko bigarren lerroaldeak aipatzen duen balio eskualdaketa eta sozietateen kapitala eratu, gehitu edo gutxitzeko egintzak eta sozietateak eraldatu, batu, erdibitu eta desegiteko egintzak.

3. Sozietateen bidezko zerga itzurpenari buruzko arauak aplikatzeari dagokionez, Estatuaren Administrazioak izanen du esku likidazioak egiteko ondasun higiezinak amankomuneko lurraldean daudenean, eta Foru Komunitateko Administrazioak ondasun horiek Nafarroan daudenean.

Sozietateen aktiboen edo aportazioen artean bi lurraldeetan dauden ondasun higiezinak badaude, Administrazio bakoitzak dagokion likidazioa eginen du bere lurraldeko ondasun higiezinen balioaren arabera.

LEHEN TITULUA. KOSTU BIDEZKO ONDARE ESKUALDAKETAK

LEHEN KAPITULUA. Zerga gaia

12. artikulua. Zergapeko eskualdaketak.

Honako Ondare Eskualdaketak dira zergapekoak:

A) Inter vivosko egintzengatik pertsona fisiko nahiz juridikoen ondarearen osagai diren edozertariko Ondasun eta eskubideak kostubidez eskualdatzen direnean.

B) Eskubide errealak, maileguak, fidantzak, errentamenduak, pentsioak eta administrazio kontzesioak eratzen direnean, salbu eta administrazio kontzesio horien helburua baldin bada portu eta aireportuetan eraikinak edo instalazioak erabiltzeko eskubidea.

Eskubideak geroago gehitu nahi badira, eskubide eratze gisa likidatuko da baldin horrek titularrari ondare gehikuntza ekartzen badio, eta gehikuntza hori hartuko da tributua eskatzeko oinarri.

Hala ere, errentamendu kontratuen luzapen nahitaezkoak ez daude zergapean, berariako legeriak agintzen duenez.

13. artikulua. Eskualdaketen balio berekotzat jotzen diren egintzak.

1. Zerga likidatu eta pagatzeko, honakoak jotzen dira Ondare Eskualdaketatzat:

A) Zorren pagamendutako eta zorrak pagatzeko adjudikazioak. Zorrak pagatzeko adjudikaziodunek frogatzen badute bi urteko epean hartzekodunari eskualdatu dizkiotela, bere kreditua pagatzeko, hari adjudikatu zitzaizkion Ondasun eta eskubide berak, edo bestela frogatzen badute hartarako hirugarren bati eskualdatu dizkiotela, zilegi izango dute adjudikazio horiengatik pagatu duten zerga itzultzeko eskatzea.

B) Deklaratutako adjudikazio soberakinak, salbu eta kode Zibilaren 821, 829, 1. 056-2 eta 1. 062-1 artikuluetan eta oinarri bereko Foru xedapenetan agintzen dena betetzetik heldu direnak.

C) Jabari espedienteak, nabaritasun aktak, Hipotekei buruzko Legearen VI. Tituluak aipatzen dituen dokumentu publikoen akta osagarriak eta lege bereko 206. artikuluak agintzen dituenetarako eman diren ziurtagiriak, non eta frogatu ez den zerga pagatu dela, zergaz salbuetsita dagoela edo ez dagoela zergapean horiek titulua ordezten dioten eskualdaketagatik edo batzuen eta besteen gai diren ondasun berberengatik.

D) Pertsona jakin baten alde egiten diren jabari aitormenak, aurreko letran egin den salbuespen berarekin.

2. Hipotekei buruzko legearen 11. artikuluak aipatzen dituen salerosiak ebazteko baldintza esplizituak berdindu eginen dira prezio gerokotuaren pagamendua saldutako finkarekin berarekin bermatzen duten hipotekekin. Prezio gerokotuaren pagamendua bermatzen duten salerosiak ebazteko baldintza esplizituek, enpresek Balio Erantsiaren gaineko Zergaren peko ondasun higiezinak eskualdatzen dituzten kasuetan, ez dute tributurik emanen ez zerga honetan eta ez "Kostu bidezko Ondare Eskualdaketak" kontzeptuan. Erregimen bera aplikatuko zaie prezio gerokotua bermatzen duten hipotekei, enpresek ondasun higiezinak eskualdatu eta eskualdaketa hori eskualdatzen diren ondasunen beren gainean eratzen dutenean.

3. Zerga honen ondorioetarako, erdirako eta azpierrentamendu kontratuak errentamendukoekin berdinduko dira.

14. artikulua. Balio eskualdaketa.

1. Balio eskualdaketek, merkatu bigarrenkari ofizial batean negoziatzeko onartuak izan ala ez, eskualdaketa gisa zerga eman beharretik salbuetsita badaude, dela Balio Erantsiaren gaineko Zergan, dela Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren "kostubidezko Ondare Eskualdaketak" kontzeptupean, beharko dute halere zerga eman, kasu bietan, ondasun higiezinen eskualdaketa gisa honako kasuetan:

A) Eskualdatu diren baloreek sozietateen, fondoen elkarteen eta aktiboaren gutxienez ehuneko 50 Espainiako lurraldean diren eraikinez osatua duten beste entitateen kapital sozialaren edo ondarearen parte alikuotak direnean, beti ere baldin eskualdaketa horren ondorioz erostunak ondare horren titulartasun osoa bereganatzen badu, edo gutxienez entitate horien gaineko esku osoa edukitzeko moduko egoeran jartzen bada.

Merkataritza sozietateak direlarik, esku hori lortu dela juzkatuko da zuzen nahiz zeharbidez lortzen denean kapital sozialean 100eko 50 baino gehiagoan parte hartzea.

Eraikinez osatutako aktiboaren 100eko 50 hori kalkulatzeko, ez da kontuan hartuko, salbu eta terrenoak eta orubeak, helburu sozial bakartzat eraikuntza edo eraikin sustapeneko jarduera duten entitateen aktibo zirkulantea.

B) Eskualdatu diren akzioak edo partaidetza sozialak, sozietateak eratzean edo haien kapital soziala gehitzean ondasun higiezinak aportatzeagatik jaso badira, baldin eta beti ere, aportazio datatik eskualdaketa datara urtebete iragan ezbada.

2. Aurreko idazatiaren a) letran ezarri den tributu erregimena aplikatuko zaie, halaber, merkatu primarioetan lehentasuneko harpidetza eta obligazioak akzio bihurtzeko eskubideak erabiliz erositako balioei, bertan aipatzen diren baldintzak gertatzen direnean.

3. Aurreko idazati biek aipatzen dituzten balio eskualdaketa edo erosketetan, kostubidezko Ondare Eskualdaketei dagozkien karga tasa aplikatuko zaie, eta zerga oinarritzat haien balio benetakoa hartuko da, Erregelamendu honetako arauen arabera kalkulatua.

15. artikulua. Zergaren peko ez diren kasuak.

1. Aurreko artikuluetan aipatu eragiketek ez dute Titulu honetan arautzen den "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan zerga eman beharrik izanen baldin enpresagizonek edo profesionalek beren enpresa edo lanbide jardueran eginak badira eta, beti ere, baldin Balio Erantsiaren gaineko zergaren peko ondasun-entrega edo zerbitzu emateak badira. Hala ere, zergaren peko izanen dira ondasun higiezinen entregak edo errentamenduak eta bai ere haien gaineko erabilera edo gozamen eskubide errealen eraketa ere, baldin eta eragiketa horiek Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita badaude, salbu eta subjektu pasiboak salbuespenari utzi egiten badio zerga hori arautzen duen Foru Legeak jasotzen dituen inguruabarretan eta baldintzetan, eta bai ere enpresa ondare oso baten eskualdaketan sartuta dauden eraikinak entregatzean baldin eta kasuko zirkunstantziengatik ondare horren eskualdaketa ez badago Balio Erantsiaren gaineko Zergaren pean.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren peko eta salbuetsi gabeko ondasun higiezinen eskualdaketa guzti-guztiak zerga horretantxe likidatuko dira, 58. artikuluak Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergari buruz aurreikusten duena ezertan galarazi gabe.

2. Aurreko idazatian xedatzen denagatik ere autolikidazioa Titulu honetan arautzen den "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan egiten bada, horrek ez die inoiz Balio Erantsiaren gaineko Zergaren peko subjektu pasiboei kontzeptu horrengatik duten tributu obligaziorik kenduko, beharrik gabe pagatutako dirua atzera eskuratzeko eskubidea, hala tokatzen bada, ezertan galarazi gabe.

3. Era berean, "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan likidazioa egitea tokatzen delarik, arauz kontra Balio Erantsiaren gaineko Zerga egozten bada, horrek ez die inoiz kenduko Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren subjektu pasiboei beren tibutu obligaziorik, nahiz eta saltzaileak eskubidea duen Balio Erantsiaren gaineko Zerga horrengatik beharrik gabe sartutako dirua atzera eskuratzeko, hala tokatzen bada.

II. KAPITULUA. Subjektu pasiboa

16. artikulua. Zergaduna.

Zein ere diren parte kontrarioek ezarri dituzten estipulazioak, honako zergadunak daude zerga eman beharrean:

A) Edozertariko ondasun eta eskubideen eskualdaketan, haiek erosten dituena.

B) Jabari espedienteetan, nabaritasun aktetan, dokumentu publikoen akta osagarrietan eta Hipotekei buruzko Legearen 206. artikuluak aipatzen dituen ziurtagirietan, haiek sustatu dituen pertsona, eta pertsona jakin baten alde egindako jabari aitormenetan, pertsona hori bera.

C) Eskubide errealak eratzean, egintza hori bere alde duena.

D) Edozertariko maileguak eratzean, mailegu hartzailea.

E) Fidantzak eratzean, fidantza hartzailea.

F) Errentamenduak eratzean, errentatzaileak.

G) Pentsioak eratzean, pentsioduna.

H) Administrazio kontzesioetan, kontzesioduna; kontzesioaren eite berekotzat jotako administrazio egintza eta kontratuetan, onuraduna.

17. artikulua. Erantzule subsidiarioak.

1. Honakoek beharko dute Zerga subsidiarioki pagatu:

A) Maileguak eratzean, mailegu emailea, osorik nahiz partez jasotzen baditu interesak, kapitala edo mailegatu den gauza, mailegu hartzaileari zerga hori pagatu duelako ziurtagiririk eskatu gabe.

B) Errentamenduak eratzean, errentatzaileak, errentaren lehen epea maizterrari halako ziurtagiririk eskatu gabe jaso badu.

2. Halaber, subsidiarioki, edozein tributu edo exakzio foral, estatal, autonomiko edo lokaletan subjektu pasiboa aldatzeko baimena eman duen funtzionarioak pagatu beharko du zerga baldin aldaketa horrek zuzen nahiz zeharbidez, zerga honen peko eskualdaketa osatzen duenean eta berak ez bazuen aurrez pagatu delako ziurtagiria eskatu.

III. KAPITULUA. Zerga oinarria

18. artikulua. Zerga oinarria.

1. Zerga oinarria finkatzeko, oro har, eskualdatu den ondasunaren edo eratzen edo lagatzen den eskubidearen balio benetakoa hartuko da aintzat. Benetako balio hori Administrazioaren egiaztapenak finkatuko du, interesatuek deklaratu dutena baino handiagoa bada.

2. Eskualdatzen diren ondasun eta eskubideen balio benetako finkatzeko, zilegi izango da Administrazioak egiaztatu duen baliotik kentzea ondasunek dituzten eta zuzenean haien gainean ezarrita dauden karga betiereko, aldi bateko edo erosteko modukoak. Ildo horretatik, eskualdatu diren ondasunen kapitala edo balioa benetan gutxitzen duten kargak kendu ahalko dira, hala nola zentsoak, baina ezin kenduko dira, aldiz, erostunaren obligazio pertsonala diren kargak ez eta pagatu beharreko prezioa bai baina eskualdatzen denaren balioa gutxitzen ez duten kargak, bahi edo hipoteka bidez bermatuta badaude ere.

3. Aurkeztu diren dokumentuetan ez bada espreski jasotzen kentzen ahal diren pentsio, kargen iraupena, mugagabea dela juzkatuko da.

4. Eskualdatu diren ondasunen baliotik zentsoa kentzerakoan, haren balioa zentsoa berrerosteko eman beharreko kapitalarena bera izanen da, Kode Zibileko edo Foru Legeetako arauen arabera.

5. Zentsoa berrerostean, ondasunak erosten dituena erosi zenean indar zuen karga tasak ematen duen kapitalari dagokion zerga eman beharrean egonen da.

6. Suposatutzat emanen da karga guztiak, izenez kengarriak izan ala ez, beheratu dituztela interesatuek prezioa finkatzerakoan eta beraz deklaratutako balioa finkatzeko gehitu eginen zaizkio prezio horri artikulu honen arabera kengarri ez diren kargak, non eta kontratugileek ez duten espreski estipulatu karga horiek kenduta zeudela finkatutako preziotik edo erostunak prezioaren parte bat beretzat gordetzen ez duen karga haiek pagatzeko.

19. artikulua. Arau bereziak.

Zerga oinarria finkatzeko honako arauak aplikatuko dira:

A) Aldi bateko usufruktuaren balioa ondasunen balio osoaren proportziokoa dela juzkatuko da, urtebete bakoitzeko 100eko 2 kalkulatuz, 100eko 70etik gora joan gabe. Aldi bateko usufruktuaren balioa kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko urtebete baino gutxiagoko urte zatiak, baina urtebete baino gutxiagoko usufruktua ondasunen 100eko 2an kalkulatuko da.

Hil arteko usufruktuetan juzkatuko da balioa ondasunen balio osoaren 100eko 70ekoa dela baldin usufruktudunak hogei urte baino gutxiago baditu, urtez goiti joaten den heinean urteko ehuneko 1 kenduz, gutxieneko muga delarik balio osoaren 100eko 10.

Pertsona juridiko baten alde eratzen den usufruktua, hogeita hamar urte baino gehiagotarako edo denbora mugagabez ezartzen bada, fiskoaren ikuspuntutik duseztatze baldintzaren peko jabetza osoaren eskualdaketatzat hartuko da.

Jabetza soilaren eskubidearen balioa kalkulatzeko, aintzat hartuko da usufruktuaren balioak eta ondasunen balio osoak duten diferentzia. Aldi berean hil arteko eta aldi bateko diren usufruktuetan, jabetza soila aplikatzeko, balio txikiena ematen diena hartuko da aurreko arauetatik.

Ondorengo usufruktuetan jabetza soilaren balioa kalkulatzeko portzentaia handieneko usufruktua hartuko da aintzat eta usufruktu hori itzaltzean jabe soilak pagatu eginen du jabetza soilak izandako balio gorakadagatik eta horrela aurrerakoan gainerako usufruktuak itzaltzean ere. Arau bera aplikatuko zaio aldi berean bi edo gehiago pertsonaren alde eratutako usufruktuari, baina jabaria tinkotzeagatiko likidazioa azkena hiltzen denean baizik ez da eginen.

B) Erabilera eta biztantze eskubide errealen balioa kalkulatzeko, eskubide horiek kargatzen zituzten ondasunen ehuneko 75ari aldi bateko edo hil arteko usufruktuen balorazioari dagozkion arauak aplikatuko zaizkio, kasuan kasuan.

C) Hipotekak, bahiak eta antikresiak obligazioaren edo kapital bermatuaren zenbatekoan baloratuko dira, interesengatik, kalte-ordainengatik ez betetzeagatiko zigorrengatik edo antzeko zerbaitengatik aseguratzen diren dirutzak ere barne direla. Bermatutako dirutzaren zenbatekoa espreski jasotzen ez bada, kapitala eta hiru urteko interesa hartuko da oinarritzat.

D) Aurreko ataletan sartzen ez diren eskubide errealak, parteek eratu zituztenean itundutako kapital, prezio edo balioaren aldera sortuko dira, urteko errenta edo pentsioko dirua legezko interesean kapitalizatzetik heldu dena bera edo handiagoa izaten bada; bestela azken hori hartuko da.

E) Errentamenduetan kontratuak irauten duen guztian pagatu beharreko dirutza osoa hartuko da oinarri; espreski jasota ez badago, sei urte kontatuta eginen da likidazioa, denbora horretatik aurrera segitzen baldin badu emendiozko likidazioak egitea ezertan galarazi gabe; hiri finkak errentatzeko nahitaez luzatu beharreko kontratuetan, gutxienez hiru urteko iraupena kontatuko da.

F) Pentsioen zerga oinarria kalkulatzeko diruaren legezko interesean pentsioa kapitalizatu eta hortik heldu den kapitaletik, usufruktuak kalkulatzeko arauen arabera pentsiodunaren adinari dagokion partea hartuko da, pentsioa hil artekoa bada, edo pentsioaren iraupena aldi batekoa bada. Pentsioaren zenbatekoa diru unitatetan kuantifikatuta ez badago, zerga oinarria profesioarteko soldata gutxienekoaren urtebeteko dirutza kapitalizatuz kalkulatuko da.

G) Obra, zerbitzu edo hornidura kontratu batetik kontratuaren adjudikaziodunari sortzen zaizkion eskubideak kostu bidez eskualdatzean, prezio itundua hartuko da oinarri, eta prezio hori espreski finkatu ez bada edo gutxiagokoa bada, kontratuaren gai den eta eginkizun dagoen prestazioaren prezioaren 100eko 6.

H) Ureztatzeko ura inskribatzeko baimentzen diren nabaritasun aktetan, dela Jabetzaren Erregistroan nola Administrazioaren Erregistroetan, Lurralde Kontribuzioan ur horiek ureztatu beharreko lurrei egozten zaien katastro balioaren 100eko 25.

I) Landa finken erdirako kontratuetan, lurralde kontribuzioan kontratu-gai den finkari egozten zaion katastro balioaren 100eko 2 hartuko da oinarri, eta fabrika edo industrietarako kontratuetan, berriz, aurreko biurtekoan izandako batez besteko onuraren herena bider, kasu bietan, kontratuak irauten duen urte kopurua.

J) Mailegu-hartzailearen berme pertsonala beste bermerik ez duten maileguetan, fidantza bidez aseguratuetan eta zorra aitortzeko kontratuetan, obligazioaren kapitala eta gordairu ordainduko kontratuetan, gordailatu den zer horren balioa.

Kreditu kontuetan, mailegu hartzaileak benetan erabili duena.

Bahi, hipoteka edo antikresi bidez aseguratutako maileguetan, atal honetako c) letran adierazten dena begiratuko da.

K) Fiantzetan, bermatutako kapitala hartuko da oinarri.

IV. KAPITULUA. Zerga kuota

20. artikulua. Karga tasak.

1. Hurrengo artikuluetan xedatzen dena ezertan galarazi gabe, zerga kuota kalkulatzeko honako tasak aplikatuko zaizkio likidazio oinarriari:

A) 100eko 6 ondasun higiezinak eskualdatzen badira eta bai haien gaineko eskubide errealak eratu eta lagatzen badira, Bermeko eskubide errealen kasuan ezik.

B) 100eko 4, ondasun higigarri eta berebilak eskualdatu badira eta bai ere haien gaineko eskubide errealak eratu eta lagatzen badira, salbu eta honakoak: bermeko eskubide errealak, Turismo erabilerarako ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeari eta tributu arauei buruzko abenduaren 15eko 42/1998 legeak aipatzen dituen eskubideak eskualdatzea eta atal honetako beste letretan sartu gabeko beste edozein egintza zergapeko.

C) 100eko 1 berme, fidantza, pentsio edo maileguko eskubide errealak eratzen badira, bai eta Obligazioetan ordezten direnak ere, eta edozertariko kredituak lagatzen direnean.

2. Egintza edo kontratu bat berak ondasun higiezin edo higigarriak dituenean osagai eta haietako bakoitzari zein balio zati dagokion zehazten ez bada, Higiezinen karga tasa aplikatuko zaie.

21. artikulua. Errentamenduentzako tarifa.

1. Hiri finken errentamenduetan zilegi izango da tributu zorra pagatzeko efektu tinbredunak erabiltzea, honako eskala honen arabera:

5.000 pezetataraino: 15 pezeta.

5.000,01etik 10.000ra: 30 pezeta.

10.000.01etik 20.000ra: 65 pezeta.

20.000,01etik 40.000ra: 130 pezeta.

40.000,01etik 80.000ra: 280 pezeta.

80.000,01etik 160.000ra: 560 pezeta.

160.000,01etik 320.000ra: 1. 200 pezeta.

320.000,01etik 640.000ra: 2.400 pezeta.

640.000,01etik 1. 280.000ra: 5.120 pezeta.

1.280.000,01etik aurrera: 1.000 bakoitzeko edo zatiko 4.

2. Zerga dirutan likidatuko da eta aipatu karga eskala horren arabera errentamenduak eratzean ez bada efektu tinbredunik erabiltzen zerga kuota lortzeko.

V. KAPITULUA. Arau bereziak

22. artikulua. Lagatzearen baldintzapeko enkanteak.

Epaitegi-enkantearen bidez egiten diren eskualdaketetan, eta errematea adjudikatu zaion enkantelariak enkantean ari zela lagatzeko eskubidea erabili badu, enkantea gobernatzeko araudiak agintzen duen moduan, eskualdaketa bakarra izan dela juzkatu eta likidatuko da lagatzailearen alde. Enkantea izan eta gero deklaratzen bada postura hori lagatzekotan egin dela, juzkatuko da bi eskualdaketa izan direla: bata errematearen adjudikaziodunaren alde eta beste bat errematearen lagatzailearen alde eta biak banaka likidatuko dira.

23. artikulua. Komisio bidezko adjudikazioak.

Ondasun higiezinak edo eskubide errealak komisio bidez edo pagatzeko enkargu bidez adjudikatzen direnean, Zergaren likidaziora frogagiria aurkeztean beste dokumentu fede emaile baten bidez frogatzen bada adjudikaziodun horrek ordurako besterenduak zituela edo erregelamenduzko epean behin betiko adjudikatuak hartzekodunari, eta eskualdaketa horiei zegokien zerga pagatua zela, ez zaio zergarik eskatuko Zorrak pagatzeko adjudikazioagatik.

Zein ere den ondasun higiezinok edo eskubide errealok besterentzearen, lagatzearen edo ajudikatzearen dirutza, zorrak pagatzeko ardura duenak zergagatik pagatu zuen dirutza baizik ez du eskubiderik izanen itzultzea eskatzeko, adjudikazio gisa, lagatako edo besterendutako ondasun edo eskubideen aldera.

24. artikulua. Akzesio printzipioa.

Eraikinen bat gainean duten orubeak sal-erosi edo beste edonola kostu bidez eskualdatzen direnean, zerga oinarritzat bai lurzorua bera eta bai zoru gainekoa hartuko da, non eta eskualdatzaileak ez duen gaineko hori erreserbatu edo erostunak frogatzen ez duen obretarako lizentzia berak eskatu zuela eta bere izenean eman ziotela.

25. artikulua. Administrazio Kontzesioak.

1. Administrazio kontzesioek, beti ere, eskubide eratze gisa emanen dute zerga, Erregelamendu honetako 20. artikuluko 1. idazatiko b) letran finkatu den tasan, zein ere den haien izaera, iraupena eta zein ere ondasunen gainekoak diren.

2. Zerga honi dagokionez, Administrazio kontzesioen balio berekotzat jotzen dira administrazio egintza eta negozioak, zein ere den haien modalitatea edo izena, baldin partikularren aldeko ondare lekualdaketa sortzen badu zerbitzu publikoak kudeatzeko ahalmenak emateagatik edo jabari edo erabilera publikoko ondasunen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia esleituta edukitzeagatik.

3. Arau orokortzat, zerga oinarria finkatzerakoan, kontzesiorako sortu den eskubidearen benetako balioa kalkulatzeko ondoren esaten diren arauetatik, kontzesiodunak dituen eginkizunen arabera kasurako direnak aplikatuko dira:

A) Administrazioak dirutza oso bat ezartzen badu kontzesiodunak pagatu beharreko prezio edo kanontzat, zenbateko horrexegatik.

B) Administrazioak kontzesiodunak epez epe pagatu beharreko kanon, prezio, partaidetza edo gutxieneko onura bat ezartzen badu eta Kontzesioaren iraupena ez bada uretebetez goitikoa, epez epeko prestazio guztien baturagatik. Kontzesioak urtebete baino gehiago irauten badu, kontzesiodunak pagatzen duen urteroroko dirutza 100eko 10ean kapitalizatuz.

Arau hori aplikatzeko urteko dirutza bat kapitalizatu behar eta dirutza hori, erreferentziatzat indize objetiboak hartzen dituzten prezio-berritze klausulak aplikatzearen ondorioz aldakorra izaten bada, lehenbiziko urtekoa kapitalizatuko da. Kontzesioa ematerakoan jakinda zegoen arrazoi matematikoa duten beste inguruabar batzuek sortu badute aldaketa, kontzesioak iraun artean kontzesiodunak pagatu behar dituen dirutzen batez bestekoa izanen da kapitalizatu beharreko dirutza.

C) Kontzesioduna ondasun jakin batzuk Administrazioari itzuli beharrean badago, kontzesiodunak abenduaren 20ko 1643/1990 Errege Dekretuak edo haren ordezko arauak agintzen duena betetzeko eratu behar duen itzultze fondoa kontatuko da.

4. Kasu bereziren batean, kontzesioaren nolakotasunagatik, zerga oinarria ezin izaten bada aurreko ataleko arauaren arabera finkatu, honako arauen arabera finkatuko da:

a) Kasuko esplotazioari, erabilerari edo aprobetxamenduari esleituta dauden aktibo finkoen balioari kontzesioak irauten duen urte bakoitzeko 100eko 2ko portzentaia aplikatuz, gehienekoa aktiboon balioa bera delarik.

b) Aurreko balorazio holakorik ez badago, kasuko Administrazio Publikoak finkatzen duena hartuko da.

c) Aurreko bi arauek huts egiten badute, interesatuek deklaratzen duten balioa hartuko da, nahiz eta Administrazioak eskubidea duen Erregelamendu honetako 78. artikuluaren baliabideekin balio hori egiaztatzeko.

26. artikulua. Jabariaren tinkotzea.

1. Kostu bidez zatikatutako jabaria tinkotzean, zatikatze hori aurreikusitako epea bete delako edo ondare eskualdaketaren usufruktuduna hil delako gertazen bada, jabe soilak kasuko zerga pagatu gabe duen jabetza osoaren balioaren portzentaia pagatu beharko du, jabetza soila erosi zuen kontzeptu eta titulu berberengatik eta indar duten zerga tasen arabera eta ondasunak sendotzea gertatzen denean duten balioaren arabera.

Sendotze hori beste negozio juridiko batengatik gertatzen bada, jabe soilari eskatuko zaio aurreko lerroaldean aurreikusten diren likidazioetan handiena eta usufruktua itzaltzea ekarri duen negozio juridikoari dagokiona.

Usufruktuari uko egiten bazaio, ukoa hutsa eta soila bada ere, fiskoari dagokionez usufruktudunak jabe soilari egiten dion emaitza dela juzkatuko da.

Sendotzea usufruktudunarengan gertatzen bada, harxek pagatuko du jabetza soila eskuratu dion negozio juridikoari dagokion likidazioa, sendotzean jabetza horrek zuen balioa oinarri hartuta.

Tinkotzea usufruktu eta jabetza soilaren eskubideak batera erosi dituen hirugarren batengan gertatzen bada, erosketa horiei dagozkien likidazioak besterik ez dira eginen.

2. Kostu bidez zatikatutako jabaria sendotzeko, Ondorengotzen eta Emaitzen gaineko Zergaren arauak hartuko dira aintzat.

27. artikulua. Erabilera eta biztantze eskubidea.

Erabilera eta biztantze eskubideak erosten dituenak, erostean pagatuko du zerga, bere tituluaren izaera juridikoa zein den, eskubide horien balioaren aldera, eta kontzeptu horretan egiten den likidazioaren oinarria kendu eginen da usufruktudunari, edo usufruktudunik ez badago jabe soilari, eginen zaionetik.

Erabilera edo biztantze eskubideak itzaltzean usufruktudunari eskatuko zaio zerga (halakorik badago), usufruktuaren balioan izandako gehikuntzagatik, eta halako usufrukturik ez badago, jabe soilari eginen zaio eskubide horien beren itzaltzeari dagokion likidazioa. Usufruktua erabilera eta biztantze eskubideak baino lehen itzaltzen bada, jabe soilak pagatuko du usufruktu eskubide hori itzaltzeagatik gertatu den partezko sendotzeari dagokion likidazioa, hortaz bere jabetza soilaren balioan izandako gehikuntzagatik.

28. artikulua. Promesak eta kontratu aukerak.

Zergapeko promesa eta kontratu aukerak horien balio berekotzat joko dira, eta itundutako prezioa hartuko da oinarri. Halakorik ez badago, edo prezio hori gutxiagokoa izaten bada, kontratu horiei aplikatzeko den oinarriaren 100eko 5a, haiengatik tokatzen den likidazioa ezertan galarazi gabe.

29. artikulua. Zentso enfiteutikoak eta erreserbazkoak.

Zentso enfiteutikoak eta erreserbazkoak eratzerakoan, kontzeptu horrengatiko likidazioa ezertan galarazi gabe, ondasunak beren balioaren aldera lagatzeari dagokion likidazioa eginen da, kapitala haien arabera kalkulatuta.

30. artikulua. Ondasunak pentsio truke lagatzea.

Ondasunak hil arteko edo aldi baterako pentsioen truke lagatzen direnean, lagatzaile eta pentsiodunaren kontu eginen dira kasuko likidazioak likidazio oinarri osoaren gainean, lagapenean pentsio-oinarri izan zen kapitala kendu gabe.

Lagapenerako hartzen den zerga oinarria 100eko 20an eta 2.000.000 pezetatatan handiagoa delarik pentsioarena baino, ondasunak lagatzen dituenaren kontuko likidazioa bi oinarriok bat egiten duten balioaren aldera eginen da eta bien arteko aldearen aldera beste bat eginen zaio emaitza kontzeptuan.

31. artikulua. Transakzioak.

Transakzioetan, liskarpean diren ondasunak ondasun edo eskubideak adjudikatu, deklaratu edo aitortu egiten diren tituluaren arabera eginen da zergaren likidazioa, eta halako titulurik ageri ez bada, kostu bidezko eskualdaketa kontzeptuan.

Transakzio batean tarte dabiltzarik liskar-gaiaz kanpoko prestazioak, hala nola pentsio eraketak, eskubide errealen aitormena, diruzko entregak, ondasun truke edo permutak edo bestelakoak, eta horiek partez nahiz osorik aldatzen badituzte transakziopeko ondasunak edo eskubide errealak, demanda hastean edukitzen zen tituluaren edo egintzaren izaera, egintza edo titulu hori alde batera utzi eta oinarria finkatzeko aurreko kontzeptuari dagokiona hartuko da aldeketa osorikakoa bada eta, parte batezkoa bada, berriz, aldatutako parteari dagokiona, aldatu gabeko parteari dagokiona bere hartan utzita.

Transakzioaren ondorioz liskarpeko ondasun eta eskubideak lehengo jabearen esku gelditzen badira, liskarrean aurkeztutako tituluaren birtutez, ez da zerga eskatuko frogatzen bada titulu hargatik pagatu zela edo zergak indarrik ez zuen garaian egin zela erosketa.

Zergari dagokionez, transakzio bat transakziotzat hartzeko, nahitaez behar du kasuko demanda ohikoa hasi ondoren egina. Hortaz, kontua ez bada oraindik erabat liskar bihurtu eta eskubide aitormena edo lagapena parteen arteko hitzarmen publikoz edo pribatuz egiten bada, (aurreko prozedura judizialak hastearen ondorio ez diren hitzarmena alegia) egintza horiek kontratuaren arabera egin diren kontzeptu juridikoagatik eginen da likidazioa, zein ere izan parteek transakzioaren oinarritzat alegatu zuten titulua.

32. artikulua. Atzera erosteko itunaren peko salmenta.

1. Ondasun eta eskubideak atzera erosteko itunaten pean eskualdatzen direnean, prezio deklaratua hartuko da oinarri, prezio hori ondasun eta eskubide horien balio egiaztatuaren bi heren edo gehiago baldin bada.

2. Atzera erosteko eskubidea eskualdatzen delarik, eskualdatu diren ondasun eta eskubideen balio egiaztatuaren herena hartuko da oinarri, non eta prezio deklaratua handiagoa ez den.

3. Retracto eskubidea erabiltzen bada, atzera erositako ondasun eta eskubideen balio egiaztatuaren bi herenak hartuko dira oinarri, beti ere atzera erostearen prezioa edo gehiagoko baldin bada.

4. Atzera erosteko eskubidea itzaltzen denean, estipulatutako edo legeak agindutako epea iragaiteagatik, ondasun eta eskubideen erostunari edo haren kausadunei eginen zaie kasuko likidazio osagarria, eta hartarako oinarri hartuko da lehendik egindako likidazioaren eta ondasunen balio egiaztatu osoaren arteko aldea, alderik badago.

5. Atzera erosteko eskubidea estipulatutako epea iragan ondoren erabiltzen bada, eta beti ere kontratuaren datatik hogei urte iragan badira, eskualdaketa berriaren kontzeptuan likidatuko da zerga.

6. Erretraktoa erabiltzea zilegi den epea luzatzea ez da zergapean egonen "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan, Erregelamendu honetako 58. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

7. Atzera erosteko eskubidea baloratu behar den beste kasuetan, eskubideak eragiten dien ondasun eta eskubideen balio osoaren herena dela juzkatuko da, non eta prezio deklaratua handiagoa ez den.

33. artikulua. Legezko erretrakto bidez erostea.

Norbaitek finka edo eskubide erreal bat legezko erretraktoz erosten badu, Erregelamendu honetako 74.I.B).2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, ez da zerga pagatu beharrean egonen atzera erosi duenak lehendik pagatua bazuen, baina hori hala dela jaso beharko da Erretrakto dokumentuaren orri azpiko ohar batean.

Aurreko lerroaldean aurreikusten denerako, Administrazioak juzkatuko du erretraktoa zilegi den ala ez, erretraitzaileak demanda judiziala jarri beharrik gabe.

34. artikulua. Bermedun maileguaren tributazioa.

1. Fidantza, bahi, antikresi edo bestelako berme benetako batez bermatutako maileguak eratzen direnean, mailegu kontzeptuan baizik ez da zergarik eman behar izanen, beti ere baldin bermearen eratzea mailegua ematearekin batera egiten bada edo maileguaren ematean ondoren bermea eratzea aurreikusita badago.

Balio Erantsiaren gaineko Zergaren pean daudenak, ordea, zerga honen pean ere egonen dira "Egintza Juridiko Dokumentatu"en kontzeptuan, 58. artikuluak eartzen duen moduan, bertan aurreikusten diren baldintzak gertatzen direnean.

2. Mailegu pertsonal gisa likidatuko dira kreditu kontuak, zor aitormena eta gordairu ordaindua.

35. artikulua. Kreditu kontuak.

Inoiz -kreditu kontuetan, kasu-, mailegu eragiketa egiteko moduagatik ezin izaten bada hasieratik zenbatekoa finkatu, kreditua urtero likidatzen denean kobratuko da zerga edo lehenago ere bai eragiketa bukatzen bada, eta kobratu ere mailegu hartzaileak buruan erabili duen kapitalaren gainean. Kontuak denbora tarte horretan izan duen zor-saldorik handiena hartuko da halakotzat.

36. artikulua. Azalera eskubideak.

Azalera eskubidearen eta antzeko eskubideen zerga oinarria finkatzeko, aldi bateko usufruktuari buruzko 19. artikuluko a) letran ezartzen diren arauak aplikatuko dira.

37. artikulua. Eskubideen subrogazioa.

Bahi, hipoteka edo antikresi bidezko hartzekodunaren eskubideetan subrogatzea eskubide eskualdaketatzat hartuko da eta Erregelamendu honetako 20. artikuluko 1. idazatiko c) letran ezarri den tasan emanen du zerga.

38. artikulua. Kreditu edo eskubide eskualdaketa.

Kredituak, eskubideak edo akzioak eskualdatzen direnean ondasun jakinak eta estimatzeko modukoak bereganatzeko, ondasun eta eskubide horien beren kontzeptu eta tasa berberetan eskatuko da zerga.

II. TITULUA. SOZIETATE ERAGIKETAK

LEHENBIZIKO KAPITULUA . Zerga gaia

39. artikulua. Zergapeko eragiketak.

1. Hona zergapeko sozietate eragiketak:

1.-Kapitala eratu, gehitu eta gutxitzea, sozietateak batu, erdibitu eta desegitea.

Batze eta erdibitze eragiketatzat hartuko dira Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 133. artikuluaren 1, 2 eta 3 zenbakietan definitzen direnak.

2.-Sozioek sozietatearen galerak berdintzekoe giten dituzten ekarriak.

2. Akzioak jaulkitzeagatiko sariekin soilik eratutako erreserben kontura gehitzen bada kapitala, ez da zergapean egonen.

40. artikulua. Sozietateen balio berekotzat jotako entitateak.

Zerga honi dagokionez, honakoak dira sozietateen balio bereko:

1. Irabazi asmoz ari diren eta sozietate ez diren pertsona juridikoak.

2. Partaidetzako kontu kontratuak.

3. Itsasontzien jabekidetza.

4. "Inter vivos"ko egintzen bidez osatutako ondasun komunitatea, baldin eta enpresa lanak egiten baditu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeak agitzen dituenak ezertan galarazi gabe.

5. "Mortis causa"ko egintzengatik eratu edo sortutako komunitate hori bera, baldin eta sortzailearen negozioaren esplotazioak banaezintasun erregimenean segitzen badu hiru urte baino gehiagoan. Likidazioak, jakina, ez du galaraziko komunitatea epe hori iragan baino lehen desegiten bada tokatuko den itzultze eskubidea.

41. artikulua. Ondasun komunitatea.

Bi edo gehiago pertsonak ondasunen batzuk "pro indiviso" erosi dituztela frogatzen duten dokumentu edo eskrituretan jaso egiten bada erositako ondasunekin enpresa jarduerak egiteko asmoa dagoela, zergaren likidazioari dagokionez, juzkatuko da, erosketaz gainera ondasun komunitate bat osatzeko hitzarmen bat ere badagoela, "sozietate eragiketa" kontzeptuan zergapean dena.

42. artikulua. Ondasun komunitateak desegitea.

Aurreko artikuluan esan bezala zergapeko diren sozietateak desegiten direnean, zergari dagokionez, juzkatuko da sozietate desegiketa izan dela eta partzuer bakoitzari adjudikatu zaizkion ondasun, eskubide edo zatien balioagatik eginen da likidazioa.

Enpresa jarduerarik izan ez duten ondasun komunitateak desegiten direnean, beti ere adjudikazioetan titulartasun kuotekin behar bezalako proportzioa badago, Egintza Juridiko Dokumentatuen kontzeptuan baizik ez dute zergarik emanen, halakorik badago.

II. KAPITULUA. Subjektu pasiboa

43. artikulua. Zergaduna.

Honakoak daude zerga zergadun gisa pagatu beharrean, zein ere den parteek horren kontra finkatu dituzten estipulazioak:

A) Sozietateak eratzean, kapitala gehitzean, sozietateak batzean, erdibitzean edo sozioek galerak berdintzeko kapitala ekartzen dutenean, sozietatea.

Partaidetzako kontu kontratua eratzen denean, sozio kudeatzailea bera izanen da subjektu pasiboa.

B) Sozietateak desegitean edo kapital soziala gutxitzen denean, jasotako ondasun eta eskubideen sozioeak, jabekideak, partalierrak edo partaideak.

Partaidetza gisako kontu kontratua itzaltzen denean negozioan parte hartzen duena izanen da subjektu pasiboa.

44. artikulua. Erantzule subsidiarioak.

Sozietateak eratzean, kapitala gehitzean, batzean, erdibitzean, desegitean edo sozioek galerak berdintzeko kapitala ekartzen dutenean, zergapeko egintza juridikoan esku hartu duten sozietate sustatzaile, administratzaile edo likidatzaileak izanen dira zerga pagatu beharraren erantzule subsidiario, beti ere ekarritako kapitalaz kargutu badira edo ondasunak entregatu badituzte.

III. KAPITULUA. Zerga oinarria

45. artikulua. Arau orokorrak.

1. Sozietateak eratu eta haien kapitala gehitzen denean, horrek nplaerebait sozioen erantzukizuna mugatzen badu, zerga oinarria hauxe izanen da, kapitalaren zenbateko nominala, hasieran finkatua edo jaulkitzeagatiko sariak erantsiz gehitua, halakorik eskatzen bada.

2. Aurrekoak ez bezalako sozietateek egindako eragiketak direlarik, eta sozioek dirua ekartzen badute sozietatearen galerak berdintzeko, zerga oinarria hauxe izanen da: Ekarritako diruaren balio netoa, hau da: ekarritako ondasun eta eskubideen balio benetakoa ken kentzekoak diren karga eta gastuak eta ekarri hori egiteagatik sozietateak beretu dituen zorren balioa.

3. Sozietateak erdibitu edo batu egiten direnean, zerga oinarria finkatzeko, sozioei entregatu zaizkien ondasun eta eskubideen balio benetakoa bera hartuko da, gastu eta zorrak kendu gabe.

4. Kapitala gutxitzean eta sozietateak desegitean, zerga oinarriak bat eginen du sozioei emandako ondasun eta eskubideen balio benetakoarekin, gasturik eta zorrik kendu gabe.

5. Partaidetzako kontuen kontratua finkatzeagatik zerga ematerakoan, hitzarmenak agindu bezala merkatariak beste merkatarien operazioetako emaitza onerako nahiz txarrerakoetan parte hartu behar duen kapital zatia hartuko da oinarri.

46. artikulua. Balioak egiaztatzea.

Sozietate eragiketetan zerga oinarria ondasun eta eskubideen balio benetakoak finkatzen badu, Administrazioak balio benetako hori egiaztatu eginen du Erregelamendu honetako 77. eta hurrengo kapituluetan agintzen denaren arabera.

Hala tokatzen bada, Erregelamendu honetako 19. artikuluan eta I. Tituluko V. kapituluan aipatzen diren zerga oinarria finkatzeko arauak.

47. artikulua. Ekarriak eta itzuliak.

Egintza edo kontratu batek sozioek ekarri berriak egitea edo haiei dirutzak edo ondasunak itzultzea ekartzen badu, dibidendo-banaketaz landara, kasuan kasuan kapital gehikuntza edo sozietate desgiketa kontzeptuengatik emanen du zerga, eta oinarritzat ekarri berrien balioa hartuko da edo sortzen diren itzulien edo entregen balioa, aurreko artikuluetan agintzen dena ezertan galarazi gabe.

48. artikulua. Sozietate zibilak.

1. Titulu honetako xedapenak kode zibilaren 1. 672tik 1678.Era bitarteko artikuluek aipatzen dituzten sozietateei aplikatuko zaizkie.

2. Irabazien Sozietate Unibertsalean ulertu eginen da sozioen edozertariko ondasunen usufruktua ekarri dela, Kode Zibilaren 1. 675. artikuluaren arabera.

49. artikulua. Irabazien Sozietatea.

Kontratua egin duten sozietate edo pertsonak merkataritzakoak izan ala ez, haiek irabazi dituzten onura edo irabaziak edo ondasun, enpresa edo negozio jakin batzuen produktuak amankomunatu edo itundutako proportzioan banarazi egiten dituen kontratua irabazien sozietatetzat hartuko da, eta oinarritzat, sozietatearen helburuko produktu edo zerbitzuen ondasunen balioari usufruktua baloratzeko arauak aplikatzetik heldu dena hartuko da, non eta negozio, enpresa edo ondasunen administrazio bakar komunik ez dagoen eta eratzen ez den.

Kasuko negozio, enpresa edo ondasunentzako administrazio bakar komuna eratzen bada, zerga honi dagokionez sozietatea eratzearen kontzeptuan emanen du zerga ondasunen osotarako balioagatik.

IV. KAPITULUA. Zerga kuota

50. artikulua. Karga tasa.

Zerga kuota ateratzeko, likidazio oinarriari 100eko 1eko karga tasa ezarriko zaio.

III. TITULUA. EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUA

LEHEN KAPITULUA. Printzipio orokorrak

51. artikulua. Modalitateak.

1. Honakoak izanen dira kargaren azpiko, hurrengo artikuluetan zehazten den moduan:

A) Dokumentu notarialak.

B) Merkataritza dokumentuak.

C) Dokumentu judizialak.

2. Tributua kuota aldakorrez edo finkoz pagatuko da, segun eta zerga formalizatu, eman edo luzatzeko dokumentuak kopuru edo gauza baloragarria duen ala ez bere indarraldiko momentu batean.

3. Dokumentu notarialak nahitaez paper tinbredunean emanen dira.

II. KAPITULUA. Dokumentu notarialak.

Lehen atala. Zerga gaia

52. artikulua. Arau orokorra.

Eskriturak, aktak eta lekukotza notarialak dira zergapeko, hurrengo artikuluek xedatzen duten moduan. Kopia sinpleak ez dira zergaren azpiko.

2. atala. Subjektu pasiboa

53. artikulua. Zergaduna.

Subjektu pasiboa ondasuna edo eskubidea erosten duena izanen da eta, halakorik ez badago, dokumentu notarialak eskatu edo sortarazi egiten dituena, edo egiten zaizkiona.

Bermedun mailegua eratzeko eskriturak direlarik, mailegu hartzailea hartuko da erostuntzat.

3. atala. Zerga oinarria

54. artikulua. Arau orokorra.

1. Kopuru edo gauza baloragarria helburu zuzen duten eskitura publikoen lehenbiziko kopietan balio deklaratua hartuko da oinarri, Administrazioaren egiaztapena ezertan galarazi gabe.

2. Akta notarialetan aurreko idazatian agindu dena begiratuko da, protestokoetan ezik, horietan zerga oinarria protestatutako efektuaren edo protestoa sortu duen dirutzaren balio nominalaren herena izanen da.

3. Egintza gai baloragarririk gabekoa dela juzkatuko da baldin eta indarraldi guztian, bai eta itzaltzerakoan ere, ezin bada oinarriaren zenbatekoa finkatu. Oinarri hori ezin bada egintza egiten denean finkatu, gai ez baloragarrien kasuan bezala eskatuko da zerga, zenbatekoa finkatzen denean likidazioa osatzea ezertan galarazi gabe.

55. artikulua. Zerga oinarria nola finkatu.

Sozietate eragiketetan ondasun eta eskubideen balio benetakoak finkatzen badu zerga oinarria, Administrazioak egiaztatu eginen du benetako balio hori Erregelamendu honetako 77. eta hurrengo artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Hala tokatzen denean, aplikatzekoak izanen dira Erregelamendu honetako I. tituluko V. kapituluko 19. artikuluan dauden zerga oinarria finkatzeko arauak.

56. artikulua. Arau bereziak.

1. Obra berria deklaratzeko eskrituren zerga oinarria deklaratu den obra berriaren benetako balioak osatzen du.

2. Jabetza horizontaleko erregimenaren peko eraikinen eratze eskrituretan, bai obra berriaren benetako balioa nola terrenoaren benetako balioa sartuko dira.

3. Finkak batu, erantsi eta bereizteko eskrituretan, kasuan kasuan batutako finken balioak, handiagoko bati erantsitako finkaren balioak eta beste batetik berezi den finkaren balioak osatzen dute zerga oinarria.

4. atala. zerga kuota

57. artikulua. Kuota finkoa.

1. Notarioen akta eta eskrituren matrizeak eta kopiak, eta lekukotzak ere bai, pleguko 50 pezetako paper tinbredunean emanen dira, edo folioko 25 pezetakoan, fede emaileak nahiago duen bezala.

2. Aurreko idazatian xedatzen dena emaile beraren izenean ematen diren bigarren eta gehiagogarren kopiei ere ezarriko zaie.

58. artikulua. Kuota graduala.

Eskritura eta akta notarialen lehenbiziko kopiak, kopuru edo gauza baloragarria helburu dutenean, jabetzako, Merkataritzako eta jabetza Industrialeko Erregistroetan inskribatzeko moduko egintzak edo kontratuak dituztenean, Ondorengotza eta Emaitzen gaineko Zergatik libreak edo Erregelamendu honetako 1. 1. artikuluko 1. eta 2. idazatietako kontzeptuetatik ere libreak, 100eko 0,50eko tasan ere emanen dute zerga egintza edo kontratu gisa. Tasa beragatik eta efektu tinbredunak erabiliz emanen dute zerga protestoko akten kopiek.

59. artikulua. Desegite klausula esplizituak.

Erregelamendu honetako 13.2 artikuluak aipatzen dituen enpresa eskualdaketetan hitzartzen diren desegite baldintza esplizituak "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan zergapeko ez izateak ez du ezertan galaraziko Egintza Juridiko Dokumentatuen kontzeptuan zerga eman beharra, honen aurre-aurreko artikuluak agintzen duenaren arabera.

60. artikulua. Maileguak.

1. "kostubidezko ondare eskualdaketa" kontzeptuan zergapeko diren maileguak dokumentatzen dituzten eskritura notarialen lehenbiziko kopiak ez dira dokumentu notarialen gaineko "Egintza Juridiko Dokumentatuak" karga gradualaren azpiko izango.

2. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren azpiko maileguak eratzea dokumentatzen duten kopiak, berriz, aipatu karga gradual horretan emanen dute zerga baldin jabetzaren Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan inskribatzeko modukoak badira.

3. Egintza Juridiko Dokumentatuen karga gradual horren berorren azpiko izanen dira edozertariko maileguak itzaltzea dokumentatzen duten eskritura notarialen lehenbiziko kopiak, beti ere jabetzaren Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan inskribatzeko modukoak badira.

61. artikulua. Sozietateak luzatzea.

1. Akzioak jaulkitzeagatiko sariez soilik osatutako erreserben kontura egindako kapital gehikuntza dokumentatzen duen eskritura notarialaren lehenbiziko kopiak "sozietate eragiketa" kontzeptutik libreak, Erregelamendu honetako 58. artikuluak aipatzen duen Egintza Juridiko Dokumentatuen karga gradualean emanen du zerga.

2. Sozietatearen helburua partez nahiz osorik aldatzeagatik egindako sozietate aldaketa bat dokumentatzen duen kopiak, sozietateak lehenago izaten zituen jarduerekin lotura izan ala ez izan, aldaketa "sozietate eragiketa" kontzeptutik libre delarik, ez du zergarik emanen aipatu"Egintza Juridiko Dokumentatuen" karga gradualean.

3. Sozietatea luzatzeko "sozietate eragiketa" kontzeptutik libre diren eragiketentzako kopiak, "Egintza Juridiko Dokumentatuen" karga gradualean emanen dute zerga eta oinarritzat sozietateak erabakia hartu zuen unean zeukan haber likidoa hartuko da. Hartarako, aktibo benetakoaren eta pasibo eskagarriaren arteko aldea hartuko da aktibo likidotzat.

4. Kapital gutxitzearen eskriturak ere, gutxitze horrek ez badu ondasun eta eskubideak itzuli beharra ekartzen eta ez likidaziorik sortzen "sozietate eragiketa" kontzeptuan, ez du zergarik emanen "Egintza Juridiko Dokumentatuen" karga gradualean.

5.

6. Akzioen ordezkaritza modua dokumentatzen duten eskriturak, titulutik kontuko anotaziora pasatuz edo alderantziz, ez dira"Egintza Juridiko Dokumentatuen" karga gradualaren azpiko izanen.

III. KAPITULUA. Merkataritza dokumentuak

Lehen atala. Zerga-gaia

62. artikulua. Zergapeko merkataritza dokumentuak.

1. Honako dokumentuak dira zergapeko: truke letrak, igorpen eginkizuna duten dokumentuak edo haien ordeko direnak, gordairu eskualdagarrien ordainagiri edo ziurtagiriak, ordaindukoak, bonoak, obligazioak eta antzeko beste titulu saldoka jaulkitakoak, 18 hilebate baino gutxiagoko denboran, besteren kapitalen adierazgarriak, haiengatik prestazio-ordain bat pagatzen bada, jaulkitzeagatik pagatu den zenbatekoaren eta epeburuan itzultzeko konpromisoa hartu den zenbateakoaren arteko aldean kalkulatua.

2. Dokumentu batek igorpen baten eginkizuna egiten duela juzkatuko da baldin eta frogatzen badu fondoak edo balio bereko zeinua toki batetik bestera bidali direla edo pagamendu agindu bat badakar berekin, hura eman zen berean bada ere edo bertan "agundura" klausula bat ageri bada.

3. Aurreko zenbakiari begira, honakoak dira igorpen baten balio berekoak:

A) Truke ordaindukoak, salbu eta "ez agindura" klausularekin edo balio bereko beste edozeinekin eman direnak.

B) Agindurako txekeak edo endosatu beharrekoak.

C) Merkataritza trafikoan emandako dokumentuak baldin eta berez literalki eta beren gain frogatzen badute haien edukitzaile legitimoaren eskubide ekonomikoa diruzko edo diru ordezko zeinu batezko kopuru bat kobratzeko berak izendatzen duten pertsonagandik eta dokumentuak esandako tokian eta datan, non ere eta noiz ere jaulkia den.

Aurre horretan xedatu denari begira, dokumentua da zerbait frogatu, kreditatu edo jaso egiten duen edozer euskarri idatzi, informatikoak ere bai.

4. Igorpen eginkizunik gabekotzat joko dira zor bat kitatu dela frogatzea beste helbururik gabeko dokumentuak, zorraren zenbatekoa aditzera ematekoak, edo aurreko atalaren c) lerroaldean sartzen ez den antzeko edozein helburu dutenak.

2. atala. Subjektu pasiboa

63. artikulua. Zergaduna.

1. Zergak truke-letraren gainean ezartzen duen karga igorpentzaileak ordaindu behar du, truke-letra atzerrian ematen denean izan ezik, zeren halakoetan Nafarroako lehenbiziko edukitzaileak ordaindu beharko baitu, baldin eta Espainiako lehenbiziko edukitzailea ere bada.

2. Zergak igorpen-agiriak edo truke-letren ordezkoak kargatzen dituenenan, edo gordailuko gordekinak eta ordaindukoak, bonuak, obligazioak eta saldoka jaulkitzen diren antzeko tituluak, subjektu pasiboak haiek ematen dituzten pertsonak zein erakundeak izanen dira.

64. artikulua. Erantzule solidarioak

Zerga ordaindu beharraren erantzule solidario izanen da aurreko artikuluan aipatu diren efektuen negoziazioan edo kobrantzan esku hartzen duen pertsona edo erakunde oro.

3. atala. Zerga oinarria

65. artikulua. Arau orokorrak.

1. Truke-letretan, zerga-oinarria igortzen den kopurua izanen da; gordailu-ziurtagirietan, beraien zenbateko izendatua.

2. Truke-letren mugaeguna jaulkipen egunetik zenbatuta sei hilabete baino luzeagoa denean, oinarria halako bikoari dagokion kopurua eskatuko da Zergagatik.

Ekintza zein negozio juridiko bati dagokion truke-letraren ordez bi letra edo gehiago ematen badira eta ondorioz Zergaren zioz ordaindu beharra txikitzen bada, haien oinarriak batu beharko dira, aldea eskatu ahal izateko. Adierazitako zatikaketa ez dela gertatu ulertuko da efektuen mugaegunen artean hamabost egun baino gehiago igarotzen direnean edo kobrantza agiri bidez igorpen mailakaturik epeka egitea ituntzen denean.

3. Aurrean finkaturiko erregelak, halaber, igorpenaren funtzioa betetzen duten edo truke-letrak ordezten dituzten agiriei aplikatuko zaizkie, aurreko idazatiko lehenengo lerroaldean aipatutako salbuespenarekin.

4. Besteren kapitalen adierazgarri diren ordainduko, bonu, obligazio eta saldoka jaulkitzen diren gainerako antzeko tituluei dagokienez, kontraprestazio gisa jaulkipenagatik ordaindutako zenbatekoaren eta mugaegunean emateko hitzartutakoaren arteko aldea ordaintzen bada, oinarria jaulkitzaileak itzultzeko hitzartzen duen kapitalaren zenbatekoa izanen da.

4. atala. Zerga kuota

66. artikulua. Efektu tinbredunak eta dirutako pagamendua.

1. Truke-letrak beren zenbatekoari dagokion motako efektu tinbredunean emango dira nahitaez. Baldin eta letra zenbateko txikiagoko efektu tinbredunean ematen bada, agiriak ez du izanen legeek iratxikitako betearazpen-eraginkortasunik. Zerga-ordainketa jarraiko eskalaren arabera eginen da:

4.000 pezeta jo arte: 10 pezeta.

4.001 eta 8.000 pezeta bitartean: 20 pezeta.

8.001 eta 15.000 pezeta bitartean: 40 pezeta.

15.001 eta 30.000 pezeta bitartean: 80 pezeta.

30.001 eta 60.000 pezeta bitartean: 160 pezeta.

60.001 eta 125.000 pezeta bitartean: 330 pezeta.

125.001 eta 250.000 pezeta bitartean: 700 pezeta.

250.001 eta 500.000 pezeta bitartean: 1. 400 pezeta.

500.001 eta 1. 000.000 pezeta bitartean: 2.800 pezeta.

1. 000.001 eta 2.000.000 pezeta bitartean: 5.600 pezeta.

2.000.001 eta 4.000.000 pezeta bitartean: 11. 200 pezeta.

4.000.001 eta 8.000.000 pezeta bitartean: 22.400 pezeta.

8.000.001 eta 16.000.000 pezeta bitartean: 44.800 pezeta.

16.000.001 eta 32.000.000 pezeta bitartean: 89.600 pezeta.

32.000.000 pezetatik gora joz gero, 3 pezeta milako edo zatikiko, beti ere eskudiruz likidatuko direnak. Epearen barnean likidatzera aurkeztu ezean, legeek iratxikitako betearazpen-indarra galduko da.

2. Igorpen-funtzioa betetzen duten agiriengatik, truke-letrak ordezten dituzten agiriengatik eta gordailu-ziurtagiriengatik aurreko karga eskalaren araberako kopurua ordaindu da, tinbre mugikorren bidez.

3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimena eman ahal izanen du eskudiruz gabe efektu tinbredunez ordaintzeko, noiz eta merkataritzako trafikoa edo mekanizazio-prozesua dela eta hala egitea komeni denean; horrelakoetan, agiria identifikatzeko eta hari dagokiona sartzeko behar diren neurriak hartuko dira, hark bere betearazpen-eraginkortasuna galdu gabe.

4. Besteren kapitalen ordezkagarri izanik saldoka jaulkitzen diren ordainduko, bonu, obligazio eta gainerako antzeko tituluengatik hiru pezeta ordainduko dira milako edo zatikiko, baldin eta epea hemezortzi hilabetekoa baino luzeagoa ez badute eta beraiengatik jaulkipenean ordaindutako zenbatekoaren eta mugaegunean itzultzeko hitzartutakoaren arteko aldeagatik ezarritako kontraprestazioa ordaintzen bada.

5. Atzerrian emandako truke letrak, Nafarroan zerga ematea tokatzen bada, dirutu eginen dira artikulu honetako 1. atalean finkatu den tarifaren arabera.

67. artikulua. Efektu tinbredunak egitea.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarriko ditu efektu tinbredunen forma, irarketa, mota, ezaugarriak eta zenbaketa, bai eta tinbre zuzena lortzeko kasuak eta prozedura, efektuak trukatzeko baldintzak, haiek baliogatzeko era eta tinbre-makinen erabilera ere.

2. Efektu tinbredunak sortu eta aldatzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabakiko du aurrez hartarako administrazio espediente bat eratuta. Ebazpena Nafarroako Aldizkari OfizialEan argitaratuko da.

3. Arauak edo tarifa aldatzeagatik inoiz efektu tinbredun berriak erabili beharra sortzen bada, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak behar diren arauak emanen ditu lehenagokoak baliogabetu eta trukatzeko.

4. Zenbait dokumenturen edo bestelako zerga gairen gaineko zerga pagatzeko legeen edo erregelamenduaren aginduz erabili behar diren bezalako efektu tinbredunik ez dagoenean, zilegi izango da interesatuek eskatzea Ogasun Zuzendaritza Nagusiak paper arrunta edo legez erabili behar direnez bestelako efektuak erabiltzeko baimena eman dezala.

68. artikulua. Trukea.

1. Efektu tinbredunak erosten dituztenek ez dute eskubiderik izanen haiek jaulki dituen entitateak haien prezioa itzultzeko, zein ere den hori eskatzeko oi9narri hartzen duten arrazoia.

2. Efetu batzuk beste batzuez trukatzea, honako kasuetan onartuko dute efektuak gordetzeko eta saltzeko entitateek, hartarako bost pezeta pagatuta:

A) Idaztean baliogabetzen diren truke letrei dagokienez, baldin eta erabiliaren arrastorik ez badute, ez eta inolako errubrika edo sinadurarik edo halakoak ezabatu izanaren arrastorik edo nolabait efektua egin izanaren inolako igarbiderik.

B) Gainerako efektu tinbredunei dagokienez, idaztean edo beste edozergatik baliogabetzen direnean, ez baldin badira erabili eta ez badute efekturik izan.

3. Zilegi izango da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzea aurreko idazatiko a) letran esan bezala trukatu diren truke letrengatik sobera pagatutakoa itzultzeko.

69. artikulua. Zerga pagatzearen ondorioak.

Merkataritza dokumentuetan zerga pagatzen denean, beraietan dauden klausula guztiak estaltzen dira, kontzeptu horretan zerga emateari dagokionez.

IV. KAPITULUA. Epaitegi dokumentuak

Lehen atala. Zerga gaia

70. artikulua. Zergapeko dokumentuak.

Aurrearretako idaztoharrak zergapean egonen dira beraien xedea eskubide edo korritu baloragarria denean eta epai-agintaritza batek ofizioz agintzen ez dituenean.

2. atala. Subjektu pasiboa

71. artikulua. Zergaduna.

Aurrearretako idaztoharra eskatzen duen pertsonak kopurua ordaindu beharko du zergadun gisa.

3. atala. Zerga oinarria

72. artikulua. Arau orokorra.

1. Aurrearretako idaztoharren zerga-oinarria bermatzen, argitaratzen edo eratzen den eskubide edo korrituaren balioa izanen da.

2. Enbargo-idaztoharretako zerga oinarria ez da inoiz izanen enbargatu diren ondasunen benetako baliotik gorakoa eta ez enbargoaren idaztoharra sortu duen zenbatekoaren dirutza osotik gorakoa ere.

4. atala. Zerga kuota

73. artikulua. Zerga tasa.

Erregistro publikoetan egiten diren aurrearretako idaztoharrengatik 0,50ko karga-tasa ordainduko da; ordaindu beharrekoa eskudirutan likidatuko da.

IV. TITULUA. BATERAKO XEDAPENAK

I. KAPITULUA. Zerga onurak

74. artikulua. Onura orokorrak.

Kasu bakoitzean honako Erregelamendu honetako 1. artikuluan aipatutako hiru karga-tasei aplikatzen ahal zaizkien zerga-onurak jarraiko hauek izanen dira:

I. A) Salbuespen subjektiboa izanen dute:

a) Nafarroako Gobernuak eta Foru Administrazioko gainerako organismoek eta haien ongintza, kultura, irakaskuntza edo zientzien arloetako establezimenduek.

b) Estatuak eta lurralde eta erakunde jiteko administrazio publikoek eta haien ongintza, kultura, irakaskuntza edo zientzien arloetako establezimenduek.

c) Herri onurako adierazitako elkarteek, hain zuzen ere haurrak, gazteak, zaharrak, gorputz zein adimen minusbaliodunak, baztertuak, alkoholzaleak, toxikomanoak edo hil-hurrengo gaixoak babestu, laguntzen edota gizarteratzen dihardutenak.

d) Espainiako Gurutze Gorriak.

B) Salbuetsita egonen dira:

1. Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itun edo hitzarmenen bidez salbuetsita dauden eskualdaketak eta gainerako egintza eta kontratuak.

2. Legezko atzera-eskuratzea dela bide egiten diren eskualdaketak, baldin eta hura baliatzean aurka egiten zaion eskuratzaileak Zerga ordainduta badu jada.

3. Ezkontideek ezkon-sozietateari ekartzen dizkioten ondasunak eta eskubideak, ezkontza desegitean haien alde eta beraiek ordaintzeko egiten diren adjudikazioak eta kari horrengatik ezkontideei egiten zaizkien eskualdaketak.

4. Ondasunen prezio gisa edo zerbitzu pertsonal, kreditu edo kalteordainengatik ordaintzen diren diru kopuruak. Era berean, salbuetsita daude hipoteka-maileguen eskriturak betearazteko kreditu eta aurrezki erakundeek kopuruak emateaz luzatzen dituzten aktak, baldin eta Zerga behar bezala likidatzen bada edo bidezko salbuespena adierazi bada.

5. Estatuak eta lurralde nahiz erakunde administrazio publikoek ematen dituzten korritu gabeko aurrekinak.

6. Lurzati berrantolamenduak sortzen dituen eskualdaketak eta gainerako egintza eta kontratuak, baserri-finken derrigorrezko trukaketak, Nekazaritzaren Eraldaketa eta Garapenerako Institutuak baimentzen dituen borondatezko trukaketak, eta baserri-errentamenduen legeriatik eratorritako jabetza lortzekoak eta Nekazaritzaren Eraldaketa eta Garapenerako Institutuak lurgintza pertsonal eta zuzenaren erregimeneko nekazarien alde egiten dituen adjudikazioak.

7. Poligono jabeek konpentsazio batzuentzako lehenbiziko ekarpen gisa egiten dituzten lur-eskualdaketak eta jabe horientzat ekarritako lurren heinean egiten diren orube-adjudikazioak.

Lurzatiketek aurreko lerroaldean adierazitakoaren arabera sortarazten dituzten egintza eta kontratu eurak.

Salbuespen honek ondoko baldintza izanen du: hirigintzako legeriak ezarritako beharkizun guztiak bete beharra.

8. Tutoreek beren karguetan aritzearen bermetzat egiten dituzten berme-egintzak.

9. Industria eta negozio bankuek jaulkitako kutxako bonuen bidez ordezkaten diren maileguak.

10. Balore-eskualdaketak, bigarren mailako merkatu ofizialetan negoziaziorako onartu zein ez, zerga-aldarazpenei buruzko urriaren 20ko 12/1992 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoari lotuz.

11. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legean sozietateen bategite, bereizketa, aktibo-ekarpen eta balore-trukaketez ezarrita dagoena aplikatzen ahal zaien eragiketak.

12. Administrazioak baimentzen dituen balantze-erregularizazioak direla bide gertatzen diren sozietate-eragiketak.

13. Babes ofizialaren erregimeneko eraikinak eraikitzeko asmoarekin egiten diren eskualdatzen diren orubeak eta lagatzen diren lurren gaineko eskubideak; babes ofizialeko etxebizitzekin zerikusia duten egintzak eta kontratuak formalizatzeko eskuesten diren eskritura publikoak, egintza juridiko dokumentatuen gaineko kargari dagokionean; babes ofizialeko etxebizitzen jabetzaren "inter vivos" lehen eskualdaketa, baldin eta behin betiko kalifikazioaren egunetik zenbatu beharreko sei urteen barruan gertatzen bada; behin betiko kalifikazioa eduki baino lehen eraikitzeko eskatzen diren maileguak, hipotekoak zein beste; xede bakartzat babes ofizialeko erregimeneko eraikinak eraikitzea duten sozietateen eraketa, kapital zabalketa, eraldakuntza eta bategitea.

14. Eskualdaketak eta gainerako egintzak eta kontratuak, baldin eta beraien xedea Zerga ordaindu beharra ekarriko zuten aurreko beste egintza batzuen eraginkortasunik eza salbatzea bada eta ez egotea edo deuseztasuna dakarren akatsen bat badute.

15. Eskudirutan egiten diren gordailuak eta maileguak, zeinahi dela ere haiek bideratzeko era, are ordainduko, bonu, obligazio eta antzeko tituluek ordezkatzen dituztenak ere. Salbuespena, gordailua edo mailegua agiriz frogatzen duten tituluen geroagoko eskualdaketara hedatuko da, bai eta, jaulkipenean ordaintzen den zenbatekoaren eta mugaegunean ordaintzeko konpromezuaren arteko aldearen zioz kontraprestazioa ordaintzea dakarten besteren kapitalen ordezkari izanik, hemezortzi hilabete baino epe laburragorako saldoka jaulkitzen diren ordainduko, bonu, obligazio eta antzeko tituluen gainean zamatzen diren egintza juridiko dokumentatuen gaineko kargara ere.

16. Uztailaren 29ko 26/1988 Legearen xedapen gehigarrietatik zazpigarrenean aipatutako finantza-errentamenduko eragiketak egin ohi dituzten enpresentzako eraikuntzen eskualdaketak, haien xedea eskualdatzailea ez beste bati errentatzea denean, erosteko aukerarekin, baldin eta eragiketok Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita badaude.

Onura hau gozatu ahal izateko, ezinbesteko beharkizuna izanen da eskualdatzailearen eta eskuratzaile edo errentariaren artean zuzeneko edo zeharkako lotura-harremanik ez egotea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1984 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

17. Errepidetik ibiltzeko motore mekanikodun ibilgailu erabilien eskualdaketak, eskuratzailea halakoen salerosketan jardun ohi duen enpresaria bada eta saltzeko eskuratzen baditu.

Salbuespena behin-behinean emandakotzat joko da; behin betikoa izan dadin, eskuratutako ibilgailuaren salmenta eskuraketa frogatu beharko da eskuratzen den egunetik aurrera zenbatu beharreko urtebeteko epean.

18. Aurrezki kutxek beren gizarte obretarako egiten dituzten eskuraketak.

II. Gainera, jarraiko xedapenetan aintzatetsitako salbuespen eta hobariak haietan ezarritakoari zorrotz lotuz aplikatuko dira:

1. Foru Parlamentuak 1982ko ekainaren 23an Industriako Politikako Abaguneko eta Inbertsioa eta Lana sustatzeko Neurriez onetsi duen Araua, batez ere udalei udal poligonoak sortzeko lurrak eskualdatzeko ematen zaizkien laguntzei eta udalek poligono haietan kokatzen diren enpresentzat ezartzen dituzten laguntzei dagokienez eta maiatzaren 2ko 3/1989 Foru Legearen 61. artikuluan eta otsailaren 26ko 5/1991 58. artikuluetan arautu diren laguntzei dagokienez, aipatu arauaren 34. artikuluan ezarritako laguntzei heltzen dieten enpresez denaz bezanbatean, sozietateei egiten zaizkien ekarpenak kargatzen dituzten "sozietate-eragiketak" kontzeptuarengatik, eta gehienez ere laguntza horiei heldutako inbertsioen zenbatekoagatik, baldin eta ordainarazpenaren eskumena Nafarroako Ogasunak badu.

2. Urtarrilaren 2ko 1/1984 Foru Legea, Nafarroako Garapenerako Sozietatearen sorkuntzari buruzkoa, sozietate horren eraketari, kapital gehikuntza edo urripenari, eta bere xedeetarako egiten dituen jesapen-jaulkipenei dagokienez.

3. Martxoaren 4ko 1/1985 Foru Legea, krisian dauden enpresak saneatu eta indarberritzeko laguntzei buruzkoa, 3. artikuluko a) letran ageri diren mailegu, jesapen eta kapita-lzabalkuntzei dagokienez.

4. Maiatzaren 2ko 3/1989 Foru Legea, Foru Komunitatearen edo Lurraren Sustapen eta Ekipamendurako Sozietate Estatalaren industri poligonoetako lurrak ekualdatzea kargatzen duen Zergari dagokionez, poligono horiek hark Nafarroako Gobernuarekin sinaturiko lankidetza-akordioaren itxalpean eraikiak direnean, baldin eta poligonoetan kokatuko diren enpresek egiten badituzte.

5. Zergen arloko aldaketei buruzko urriaren 20ko 12/1992 Foru Legearen 5 eta 6. artikuluak, xede ekonomikodun elkartzeen eraketari, bazkideen ekarpenei, kapital gehikuntza eta urripenari, desegiteari eta likidazioari dagokienez, eta haiek eratzeko behar den aurrekontua legez prestatzeko behar diren kontratuez eta gainerako agiriez denaz bezanbatean. Halaber, salbuespena aplikatuko zaie enpresen aldi baterako batasunen eraketa, zabalkuntza, urripen, desegite eta likidazioko eragiketei eta haiek eratzeko behar den aurrekontua legez prestatzeko behar diren kontratuei eta gainerako agiriei ere.

6. Urriaren 20ko 12/1992 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik hirugarrena, kapital finkoko higiezin inbertsioko sozietateak eta arrisku kapitaleko sozietateak eratzeari eta haien kapital gehitzeari dagokienez, sozietate-eragiketaz denaz bezanbatean, baldin eta haiei buruzko arau zehatzetan ezarritako baldintzak eta beharkizunak betetzen badira.

7. Inbertsio eta jarduera ekonomikoen sustapenari eta zergen arloko beste neurri batzuei buruzko azaroaren 15eko 12/1993 Foru Legearen 26 eta 27. artikuluak, higiezin inbertsioko sozietate eta fondoen eraketari, bategiteei eta haien kapital gehikuntzari dagokienez, haien xede bakarra hiriko etxebizitza edo higiezinetan inbertitzea denean, haiek errentatzeko eta etxebizitzak eskuratzeko asmoarekin, eta uztailaren 7ko 19/1992 Legean ezarritako hipoteka-tituluetako fondoak jartzeko egiten diren "sozietate-eragiketei" dagokienez.

8. Azaroaren 15eko 12/1993 Foru Legearen 28. artikulua, kapital finkoko higiezin inbertsioko sozietateak eratzeari, desegiteari eta haien kapitala gehitzeari dagokienez, baldin eta beraien kapitala Espainiako bigarren mailako balore-merkatuetako batean negoziaziorako onartzen diren balorez osaturik badago.

9. Azaroaren 15eko 12/1993 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik hirugarrena, hain zuzen ere Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoan ageri diren eliza, konfesio eta erlijio komunitateen inguruko estatu-legerian ezarri diren zerga-hobariak Nafarroan aplikatzen ahal direla ezarri duena; hobariok jasotzeko, aipatu taldeok nortasun juridikoa aintzatetsita izan behar dute, Justizia Ministerioan sortutako Erregistro Publikoan inskribaturik egon behar dira eta Estatuarekin lankidetzarako akordioa edo hitzarmena hitzarturik eduki behar dute, aipatu lege organikoaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta beti ere kasuan kasuko akordio edo hitzarmenean ezarritakoa betetzen dutela.

10. Apirilaren 19ko 3/1994 Foru Legea, zergen arloko hainbat alderdi arautu dituena, hain zuzen ere hipoteka-maileguak subrogatu eta aldatzeari buruzko martxoaren 30eko 2/1994 Legean aipaturiko hipoteka-maileguen subrogazio eta aldaberriketako eragiketen berri ematen duten eskritura publikoei dagokienez.

11. Ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legea, kooperatiben zerga-erregimena arautu duena, kooperatiba, batasun, federakuntza eta kooperatiba federakuntzentzat eta eraldakuntzako nekazaritzako sozietateentzat ezarritako hobariei dagokienez.

12. Abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea, Nekazaritzako Azpiegituren Eraldekuntzari buruzkoa, finken jabetza-eskualdaketei eta errentamendu edo erdirako kontratuei dagokienez, ustiapeneko oinarrizko azaleradun ustiategiak eraikitzeko egiten direnean.

13. Zenbait zerga eta zergen arloko beste neurri batzuk partzialki aldarazi dituen abenduaren 29ko 25/1994 Foru Legearen 11. artikulua, elkarrekiko bermeko sozietateek egiten dituzten eragiketa batzuei dagokienez, haiei Foru Komunitateko Sozietateen gaineko Zergari buruzko arauak aplikatzen ahal zaienean.

14. Nafarroako Lurraldeko Aberastasunaren Zerga Erregistroa arautu duen martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik bigarrena, zenbait erregistro-finka, Nafarroako Lurraldeko Aberastasunaren Zerga Erregistroan lurzati bakar gisa ageri direnak, elkartzea formalizatzeko egilesten diren eskritura publikoei dagokienez, emaitzako finka Jabetza Erregistroan inskribatzeko.

15. Aseguru pribatuen antolamenduari eta gainikuspenari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legea, hain zuzen ere bertan aseguru-erakundeen egokitzapenerako eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen eraldakuntzarako ezarritako zerga-hobariei dagokienez, abenduaren 29ko 14/1995 Foru Legearen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

16. Babeseko Fundazio eta Jardueren Erregimena arautu duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen 29. artikulua, fundazioek, Zergapeko subjektu pasibo gisa, egiten dituzten egintza eta kontratuei dagokienez, hain zuzen ere bertan xedemateaz eta erabileraz ezarritako beharkizunak betetzen dituztela. Halaber, salbuespen hori, eta balizko euretan, Foru Legearen xedapen gehigarrietatik bigarrenean aipaturiko erakundeei ere aplikatuko zaie.

17. Apirilaren 28ko 6/1997 Foru Legearen xedapen gehigarria, Nafarroako Gobernuak industri lurzorua sustatzeko eratzen duen sozietatearen eraketari eta kapital-zabalkuntzei dagokienez, eta sozietate horrek bere xedeak betetzeko egiten dituen jesapen-jaulkipenei dagokienez, haiek kargatzen dituen Zergaren kuoten %99ko hobariaez denaz beznabatean, eta industri poligonoak sustatzeko asmoarekin lurrak eskuratzeari dagokienez, bai eta poligonoetako lurzati urbanizatuak saltzeari dagokienez ere, Zergaren kuotaren %95eko hobartiaz denaz bezanbatean.

18. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko abenduaren 20/1997 Foru Legea, nekazaritzako ustiategien gaineko jabari osoa edo biziarteko gozamena zeinahi tituluz (inter vivos zein mortis causa) eskualdatu edo eskuratzeari, landalurreko finken borondatezko trukaketei, eta bertan adierazitako hipoteka-maileguak aldatu edo kitatzeari dagokienez.

19. Abenduaren 30eko 22/1997 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik bigarrena, ondoko guztiak kargatzen dituen Zergaren salbuespenari dagokionez: lan sozietateen eraketa-eragiketak eta haien kapitala gehitzeko egiten diren eragiketak, eta maileguen %99ko hobaria, are obligazio eta bonu bidezkoetan ere, haien zenbatekoa jarduera egiteko behar diren inbertsio edo aktibo finkoetarako den heinean, lan sozietateko langile-bazkide gehienak datozen enpresaren ondasunen eskuraketak eta sozietate anonimoaren edo erantzukizun mugatuko sozietatearen lan-kalifikazioa lortzeko eskriturak eta lan sozietate anonimoak lan sozietate mugatu bihurtzea eta alderantziz egitea.

20. Administrazio, zerga eta gizarte neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legea, bertan "1999 Donejakue urtea" eta "Konpostelako Santiago Europako Kulturaren Hiriburua 2000. urtean" ospakizunen inguruko egitarau eta jarduerei aplikatzeko ezarrita dauden zerga-hobariei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen xedapen gehigarrietatik zazpigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

21. Zergen arloko aldaketei buruzko apirilaren 6ko 14/1999 Foru Legearen xedapen gehigarria, sozietateen kapitalaren zenbatekoa aldatzeko eragiketei eta, aldakuntza horren ondorioz, sozietateen akzio, partaidetza eta kuoten balio izendatua hurbileneko zentimora doitzeko eragiketei dagokienez; eragiketa horiek euroa erabiltzen hasteari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legean arautu dira.

75. artikulua. Zerga hobariak zabaltzea.

Zerga-hobariak inoiz ere ez zaizkie aplikatuko ez truke-letrei, ez haien ordezko agiriei, ez igorpen eginkizunak dituzten agiriei, ez arau honetako 22.1. artikuluan kargaturiko eskritura, akta eta lekukotzei.

76. artikulua. Zerga hobariak behin-behingoz zabaltzea.

Salbuespen edo bonifikazio hobaria eman eta hobari horrek benetan indar izateko gero batean hobari hori erregulatzen duen araudiaren betekizunen bat bete behar bada, hobaria behin-behingoz eta betetze horren baldintzapean ematen dela ulertuko da.

II. KAPITULUA. Balioen egiaztapena

77. artikulua. Balioen egiaztapena.

1. Eskualdatzen diren ondasun eta eskubideen edo, hala denean, sozietate eragiketaren edo egintza juridiko dokumentatuaren benetako balioa Administrazioak egiaztatuko du, likidazio-oinarria benetako balioaren araberakoa denean.

2. Interesatuek deklaratu duten balioa egiaztapenetik heldu dena baino handiagoa delarik, hura hartuko da zerga oinarritzat.

78. artikulua. Egiaztabideak.

1. Egiaztapena jarraikoen bidez eginen da:

A) Zergen arloko erregistro ofizialak.

B) Nafarroako Gobernuak onesten dituen ebaluazio-taulak.

C) Merkatuko batez besteko prezioak.

D) Alde edo barruti berean ondasun berberen edo antzekoen azken besterenganaketan ageri den salmenta-prezioa.

E) Aseguru-kontratuetako polizetan ondasunei atxikitako balioa.

F) Finkak hipotekatzen direnean, hipotekei buruzko legerian ezarritako betez enkanteratzeko jarritako balioa.

G) Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergaren ondoreetarako, lurrei atxikitako balioa.

H) Administrazioaren perituen irizpena.

I) Administrazioak dituen balantzeak eta datuak.

J) Nazioko eta atzerriko merkatuetako kotizazioak.

K) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritako erregelak.

L) Peritu-tasazio kontrajarria.

2. Administrazioak zilegi izango du aipatu egiaztabide horietako edozein aukeran erabiltzea, baina ez ditu nahitaez denak erabili behar haietako baten bidez iristen den emaitzak ongi frogatzen badu benetako balioa. Bide horietako edozein erabiltzeak ez du galarazten beste bat edo beste batzuk ere erabiltzea gogoanbeharra sortzen bada bide haren bitartez iritsi zen emaitzak ez duela ongi islatzen ondasunen benetako estimazioa.

3. Administrazioak eskua badu bere irispideko bideak erabiliz kreditu, eskubide eta akzioen balioa finkatzeko interesatuek hartarako epean hala egin ez bazuten eta hurrengo tarteko kontratuetan ez bada haren zenbateko osoa jasotzen eta interesatuek ez badute hartarako behar den deklarazio behin-behinekoa egiten.

79. artikulua. Balorazioen inpugnazioa.

Balio egiaztapenetik interesatuek deklaratu baino handiagoko balioak ateratzen badira, interesatuek zilegi izango dute balio horiek inpugnatzea haiek jakinarazi eta hilabeteko epean. Balio berriek eskualdatzaileentzat zerga ondorioak izan baditzakete, banaka jakinaraziko zaizkie, aukera izan dezaten epe berean inpugnatzeko edo peritu tasazio kontrajarriaz zuzentzea eskatzeko; erreklamazio edo zuzenketa ontzat hartzen bada, partez nahiz osorik, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergaren subjektu pasiboek ere hartuko dute ematen den ebazpenaren onura.

80. artikulua. Peritu tasazio kontrajarria.

1. Balioen egiaztapenaren emaitzakoa zuzentzeko, interesatuek peritu-tasazio kontrajarria eragiten ahal izanen dute, arauz ezartzen den bezala eta ezartzen diren epeetan.

2. Baldin eta peritu-tasazio kontrajarria eskualdatzaileak eragiten badu, eskabide-orria egiaztapenaren jakinarazpenaren ondorengo 15 egunetan zehar aurkeztu beharko da.

3. Peritu tasazio kontrajarria egiteko eskaera aurkezteak, balioak eta balio horiek oinarri izandako likidazioak batera jakinarazi egiten badira, egindako likidazioak kobratzetik gelditzea ekarriko du eta kontrako erreklamazioa egiteko epeak ere gelditzea.

81. artikulua. Peritu Tasazio Kontrajarriaren prozedura.

Peritu Tasazio Kontrajarria tramitatzeko honako arauak segituko dira:

1. Espedientean lehendik ez bazegoen jasota Administrazioaren peritu batek egindako balorazioa, bulego kudeatzaileak, baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda bidaliko die kasuko zerbitzu teknikoei, haiek, behar bezalako titulua duten langileak erabiliz hamabost eguneko epean prezio-jartze orria eman dezaten, bi aletan, zeinean egindako balorazioaren emaitza ez ezik, baloratze hartan erabilitako irizpideak ere jasoko baitira.

2. Administrazioaren perituaren balorazioa jasota, edo espedientean lehendik zegoena, interesatuei helaraziko zaie, eta zortzi eguneko epea emango peritu bat izendatzeko aukera izan dezaten, baloratu beharreko ondasun eta eskubideentzat egoki den tituluaz hornitua. Zergadunak peritu hori izendatu duelarik, ondasun eta eskubideen zerrenda emanen zaio, berriz ere hamabost eguneko epean baloratze orria eman dezan, behar bezala oinarritua.

3. Zortzi egun iragan eta periturik izendatu ez bada, juzkatuko da interesatua ados dagoela egiaztatu zen balioarekin eta espedientea bukatutzat eman eta tokatzen den behin-behineko likidazioa eginen da.

4. Administrazioaren perituaren tasazioak ez badio 100eko 10 baino gehiagoan goiti egiten eta ez bada interesatuak egin duena baino 20.000.000 pezeta handiagoa, deklarazio horretako balioa hartuko da oinarritzat, deklaratutako balioaz gorako bada, eta bestela interesatuaren tasaziokoa. Lehenbiziko kasuan, tokatzen den behin-behineko likidazioa eginen da.

5. Administrazioaren perituaren tasazioak aurreko arauan esan diren mugei goiti egiten badie, Ogasun Zuzendari Nagusiak jendaurreko zozketaren bidez izendatuko du hirugarren peritu bat Elkargo, Elkarte edo Gorporazio profesionalek bidalitako zerrendetan ageri diren elkargokide edo elkartekideen artetik, edo, hala tokatzen bada, Espainiako Bankuari eskatuko zaio izenda dezala kasuko erregistro ofizialean inskribatuta dagoen tasazio sozietate bat. Behin hala izendaturik, izendatu den pertsona edo entitateari bidaliko zaio baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda eta bai aurreko perituen baloratze orrien kopia, hamabost eguneko epean tasazio horietako bat konfirmatu edo beste balorazio bat egin dezan, behin betikoa.

6. Inoiz ez da hartuko perituaren tasazioa likidazioaren oinarritzat interesatuek deklaratutako balioa baino gutxiagokoa denean.

7. Peritu tasazio kontrajarrian izan den emaitza ikusirik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, tokatzen den behin-behineko likidazioa eginen du, gero batean inpugnatzea ezertan galarazi gabe.

8. Subjektu pasiboaren perituaren lansariak subjektu pasiboak berak pagatuko ditu. Hirugarren perituaren tasazioa deklaratutako balioa baino 100eko 10ean handiagoa bada, peritu-lanen gastu guztiak subjektu pasiboak pagatuko ditu, eta, aitzitik, gutxiagokoa bada, administrazioak pagatuko ditu.

82. artikulua. Administrazioak erosteko eskubidea erabiltzea.

1. Egiaztatzen den balioak deklaratu zenari 100eko 100 baino gehiagoan goiti egiten badio, Nafarroako Foru Komunitateak eskubidea izango du eskualdatutako ondasun eta eskubideak beretzat erosteko. Eskubide hori, Zergaren likidazioak irmotasuna hartu duen datatik hurrengo sei hilabeteetan baizik ezin erabiliko da.

2. Eskubide hori erabiltzen den guztietan, itzuli eginen da kasuko eskualdaketagatik pagatu zen dirutza. Ondasun eta eskubideak okupatu baino lehen, prezioa osorik pagatu behar da (balio deklaratua gehi eskualdaketagatik pagatu diren notario eta erregistro gastuak, behar bezala kreditatuak).

III. KAPITULUA. Sortzapena eta preskripzioa

83. artikulua. Sortzapena. Arau orokorrak.

1. Zergaren sortzapen-aldia:

A) Ondare eskualdaketetan, kargaturiko egintza edo kontratua egiten den egunean. Hartarako, 13. artikuluko 1. idazatiko C) eta D) letretan aipatzen diren zerga gaietan, kasuan kasu lekukotza, espedientearen kopia edo jatorrizkoa, akta edo ziurtagiria ematen den egunean izanen da sortzapena, edo aitormen fede-emangarria egiten den egunean.

B) Sozietate-eragiketetan eta egintza juridiko dokumentatuetan, kargapeko egintza formalizatzen den egunean.

2. Ondasunen eskuraketaren eraginkortasuna baldintza, termino, fideikomiso edo beste zeinahi mugaketaren bat dela bide etenda dagoenean, eskuraketa mugaketa horiek desagertzen diren egunean egintzat joko da, eta data hori hartuko da aintzat bai ondasunen balioa finkatzeko nola zerga tasak aplikatzeko.

84. artikulua. Sortzapena sozietate eragiketetan.

1. Sozietate eragiketetan sortzapena finkatzeko, kasuko eskritura publikoaren ematea hartuko da karga peko egintzaren formalizaziotzat.

2. Aurreko idazatian xedatzen dena gora behera, kasuren batean ez bada beharrezkoa eskritura publikoa ematea, merkataritza eta erregistroko legeek ez baitute hala eskatzen, ulertuko da zerga sortu dela kontzeptu honetan kargatu egiten den zerga gaia osatzen duten egintza, kontratua edo dokumentua formalizatu edo ematen direnean.

85. artikulua. Preskripzioa.

1. 

2.

3.

4.

5. Preskripzioaren ondoreetarako, likidaziorako aurkeztu behar diren agiriei dagokienez, agiri pribatuen eguna aurkezpenarena dela ulertuko da, lehenago Kode Zibilaren 1227. artikuluan aurrikusitako inguruabarretako bat gertatu ezean, hala izanez gero eransketa, inskripzio, heriotza edo ematearen eguna konputatuko baita, kasuan kasukoa. Dokumentu bidez islatu gabeko kontratuetan, interesatuek Erregelamendu honetako 87.1 artikuluak agintzen duena betetzen duten eguna emanen zaie data suposatutzat, ondorio berorietarako.

V. TITULUA. ZERGAREN KUDEAKETA

LEHEN KAPITULUA. Eskumena

86. artikulua.  

II. KAPITULUA. Hasiera

87. artikulua.  

88. artikulua. deklaratzeko obligazioa.

1. Subjektu pasiboak Erregelamendu honek aipatzen dituen zerga gaiak besarkatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharrean egonen dira, eta halako dokumenturik ez badago, Erregelamendu honetako 91, 92 eta 93. artikuluetan seinalatzen diren toki eta epeetan deklarazio bat aurkeztu.

2. Aurkeztu behar ez direnak:

A) Merkataritza artekari ofizialek eta balio agentzia eta sozietateek esku hartutako efektu publikoak, akzioak, obligazioak eta edozertariko titulu balioak formalizatzen dituzten dokumentuak.

B) Hiri finkak errentatzeko kontratuak, efektu tinbredunetan emanak direnean.

C) Kopuru edo gauza baloragarriak xedetzat ez dituzten eskritura eta notario akten kopiak eta edozertariko notario lekukotzak, salbu eta Zergapeko egintzak eduki bai baina pagamendu, salbuespen edo libretasunari buruzko oharra ez daukaten dokumentuenak.

D) Truke letrak eta protestoko aktak, salbu eta Erregelamendu honetako 66. artikuluak aurreikusten dituen kasuetan.

E) Ahalmenak, fakturak eta Merkataritza trafikoko antzeko dokumentuak.

F) Beste edozein dokumentu baldin eta haien gai diren egintza edo kontratuetarako Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erabakitzen badu nahitaez efektu tinbredunak erabili behar direla zerga kobratzeko bidetzat.

89. artikulua. Eskumen arazoak.

Dokumentua edo deklarazioa aurkezten den bulegoak juzkatzen badu ez duela eskumenik likidatzeko, ofizioz helaraziko dio dokumentazioa Administrazio eskudunari, eta aurkeztaileari aditzera emanen dio bere eskumen eza deklaratzen duen erabakia, eta dokumentazioa bidali duela.

90. artikulua. Dokumentuen harrera.

1. Aurreko artikuluan xedatzen denaren arabera aurkeztu beharrik ez duten dokumentuak ezik, ez da onartuko, eta ez dute ondoriorik sortuko bulegoetan ez Erregisto publikoetan, Zergapeko egintzak edo kontratuak dituzten dokumentuek, ez bada frogatzen zerga pagatu dela, salbuetsita daudela edo libre daudela, Hipotekei buruzko legeetan agintzen dena salbu.

2. Epaitegi eta Auzitegiek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari bidaliko diote likidaziora aurkeztu izanaren oharra ez duten dokumentuen kopia.

3. Aurreko idazatietan aurreikusten diren ondorioetarako, juzkatuko da zerga pagatu izana frogatuta dagoela dokumentuak horren ohar frogagarria daramanean eta tokatzen den autolikidazioarekin aurkezten denean, hura jaso duen bulegoak behar bezala zigilatua eta bertan jasota delarik zerga pagatu dela, salbuetsita dagoela edo libre dagoela.

4. Kasu horietan Erregistroan artxibatu eginen da autolikidazio horren kopia eta Erregistratzaileak jaso eginen du, inskripzioaren orri bazterreko ohar batean, eskualdatu den ondasun edo eskubidea likidazio osagarri bat pagatu beharrean dagoela halakorik egitea tokatzen bada. Ohar hartan, nahitaez zehaztuko da zenbat pagatu den autolikidazioagatik, salbu eta salbuespena edo libretasuna alegatu bada.

5. Ohar hori ofizioz emanen da, eta esan den likidazio osagarri horren pagamendu karta aurkezten denean indarra galdu eta iraungi egin beharko da eta beti ere, eman denetik lau urte iragan direnean.

91. artikulua. Aurkezteko epea.

1. deklarazio-likidazioak aurkezteko epea, dokumentuarekin edo dokumentuaren ordeko deklarazio idatziarekin batera, sortzapenaren egunetik bi hilabetekoa izanen da.

2. Bai Nafarroako Foru Komunitatean eta bai lurralde komunean zerga eman behar duten egintza edo kontratuak hartzen dituzten dokumentu publiko edo pribatu horietan, aurrena lurralde komuneko Likidazio Bulegoan aurkezten badira, aurkezteko epeak automatikoki hamabost egun luzatutzat joko dira, Likidazio Bulego horrek jartzen duen oharraren egunetik kontatuta.

3. Usufruktu eta pentsioak norbait hiltzeagatik iraungitzeari buruzko dokumentuak aurkezteko epea sei hilabetekoa izanen da, usufruktu edo pentsioduna hil zenetik kontatuta hiltzea Espainian gertatu bada, eta hamar hilabetekoa atzerrian gertatzen bada.

4. Epaitegi agiriak direnean, egintza edo kontratua gertatutzat joko da kasuko ebazpen judiziala irmotzen den egunetik.

92. artikulua. Aurkezteko epeak etetea.

1. Ondasun eta eskubideen eskualdaketan inork auzirik sortzen badu, eten eginen dira demanda jartzen denetik Erregelamendu honek dokumentuak aurkezteko jartzen dituen epe guztiak eta berriz hasiko dira kontatzen auzia bukatzen duen ebazpen behin betikoa irmotzen den egunetik aurrera.

2. Auzia, aurkezteko epeak bukatu ondoren sortzen bada, Administrazioak hala ere eskatu eginen ditu dokumentuak eta Zergaren pagua, eta gauzatu eginen ditu interesatuek beretu dituzketen erantzukizunak.

3. Artikulu honen ondorioetarako, ulertuko da auzia demanda aurkezten den egunean hasten dela.

4. Ondorio horietarako, balio berekotzat jotzen dira auziak eta eskualdaketa sortzen duen dokumentuaren faltsutasunari buruzko prozedura kriminalak.

5. Auzitako parteek sei hilabetez auziari aurrera eragin gabe egoten badira, Administrazioak zilegi izango du autolikidazioak egiteko eskatzea, tokatzen diren diru sarrerekin, gero batean auzia bukatu eta ondoriorik izaten ez badu tokatzen den dirutza itzultzekotan.

6. Auzitegiek deklaratzen badute auzia sortu duen instantzia iraungi dela, epeak ez dira hortaz etengo, eta Administrazioak tokatzen diren autolikidazioak egin eta sartzea eskatuko du, kasuko isunekin eta atzerapen interesekin, dokumentuak aurkezteko erregelamenduak jartzen dituen epeak bukatu eta biharamunetik kontatuta. Autoen tramitatzioa eteten bada, parteek hala adostuta, etendura eskatzen den egunetik berriz hasiko da etendako aurkezpen epea.

7. Aurreko zenbakietan aurreikusten diren kasuetan eten eginen da Administrazioak zerga likidatzeko egintzaren preskripzio epea.

93. artikulua. Non aurkeztu.

Zergaren deklarazioak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bulego nagusietan aurkeztu behar dira.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak baimena ematen ahalko du oinordekotza eta dohaintzen gaineko zergaren likidazio bulegoetan ere aurkezteko eta Administrazio Publiko, Entitate eta Erakundeekin itunak izenpetzen ahalko ditu, haiek deklarazio-likidazio horiek aurkezten eta kudeatzen laguntzeko.

94. artikulua. Autolikidazioa.

1. Subjektu pasiboek zergaren deklarazioa aurkezten dutenean zehaztu beharko dute tokatzen den tributu zorra eta Erregelamendu honetan eta haren xedapen osagarrietan finkatzen diren tokian, moduan eta epean sartu.

2. Zergari, oro har, autolikidazioa eginen zaio, salbu eta zergapeko egintzak Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren likidazioa egiteko Administrazioari aurkeztutako dokumentu bakar batean jaso badira.

3. Subjektu pasiboek Zerga Administrazioaren organo eskudunetan aurkeztu behar dute Zergaren Autolikidazioa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hartarako berariaz onetsi duen deklarazio-likidazio inprimakian egina, eta harekin batera, Zerga sortzen duen egintza jasotzen duen notario, epaile edo administrazio-agiriaren kopia autentiko bat ere aurkeztuko da, eta bai kopia sinple bat ere. Dokumentu pribatuak direnean, bi ale aurkeztuko dira, orijinala eta kopia, deklarazio-likidazio inprimakiarekin batera.

4. Egintza edo kontratua ez badago dokumentu bati erantsia, subjektu pasiboek deklarazio-likidazioarekin batera 88. artikuluak aipatzen duen dokumentuaren ordeko deklarazio idatzia aurkeztu beharko dute, zeinean likidaziorako ardurako diren inguruabarrak jasotzen diren.

5. Aurreko ataletan xedatzen dena gora behera, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zilegi izango du autolikidazio prozedura simpletuak onestea, zenbait zerga gai jakinetarako.

95. artikulua. dokumentuaren aurkeztailea.

Dokumentuaren aurkeztaileak, aurkezte hutsagatik, zerga pagatu beharrean daudenen mandatari izaera beretuko du, eta aurkeztu duen dokumentuaren gainean egiten zaizkion jakinarazpen guztiak eta sinatzen dituen dilijentzia guztiak, interesatuekin berekin eginak balira adinako balioa eta ondorioak izanen dituzte.

96. artikulua.

97. artikulua.  

III. KAPITULUA. Tramitazioa

98. artikulua. Autolikidazioen sartzea.

1. Subjektu pasiboak, 90 eta 91. artikuluek finkatu dituzten epeetan autolikidazioa egin eta, hala tokatzen bada, haren dirutza sartu eginen du.

2. Autolikidazioen dirutza sartu delarik, subjektu pasiboek zerga sortzen duen egintza edo kontratua zehazten duen edo jasotzen duen dokumentuaren orijinala eta kopia sinplea aurkeztu beharko dituzte hartarako baimena duten bulegoetan, egindako autolikidazio bakoitzaren ale batekin batera.

3. Haiek jasotzen dituen bulegoak dokumentu orijinala itzuliko dio aurkeztaileari, bertan egindako sarrera eta kopiaren aurkezpena kreditatzeko ohar bat idatzita. Sarrera ohar hori bera kopian ere jasoko da, eta kopia atxiki eginen da zerga gaia aztertu, kalifikatu eta, hala tokatzen bada, autolikidazio osagarria edo osagarriak egiteko.

4. Autolikidazioan sartu beharreko zerga kuotarik ateratzen ez bada, dokumentuekin batera esandako bulegoetan zuzenean aurkeztu eta haiek autolikidazioa zigilatu eta dokumentu orijinalean ohar bat eginen dute zein kalifikazio tokatzen den jasotzeko, interesatuek diotenez; aurkeztaileari itzuli eta kopia sinplea berentzat atxikiko dute aurreko lerroaldean esan direnetarako.

99. artikulua. Ondorengo jokabideak.

1. Deklarazio-likidazioa aurkeztu delarik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, hala tokatzen bada, likidazio osagarriak eginen ditu, balioak egiaztatzean agertzen bada zerga oinarriaren balioa handitu dela edo irizten zaionean alegatu den salbuespena, bonifikazioa edo libretasuna ez dela bide, edo egiaztatzen denean hutsen bat dela medio sartutako kuotan diferentzia zegoela.

2. Deklarazioak eta dokumentuak aurkeztuta agertzen bada zerga gaiak kalifikatzeko behar diren datu eta dokumentu guztiak daudela, beti ere balioak egiaztatu behar ez badira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak kalifikatu eginen du deklaratzen den egintza edo kontratua, egindako autolikidazioa behin betikotzeko edo tokatzen diren likidazio osagarria edo osagarriak egiteko.

3. Inoiz sortzen bada, likidazio osagarriak egiteko, interesatuek datu edo aurrekari berriak aurkeztu beharra, hamabost eguneko epea emanen zaie hala egin ahal izateko. Hala egiten dutenean, eta balioak egiaztatu beharrik ez badago, aurreko idazatian aditzera ematen den moduan eginen da. Hala egiten ez badute, ordea, eta tokatzen diren zehapenak ezertan galarazi gabe, zilegi izango da behin-behineko likidazio osagarriak egitea aurkeztutako datuen eta Administrazioak bere esku dituenen gainean.

4. Behin behar diren datu eta aurrekari guztiak bere esku edukita, balioak egiaztatu behar diren kasuetan, tokatzen diren likidazioak eginen dira lortutako datuen gainean, eta behar bezala emanen zaizkio aditzera aurkeztaileari edo subjektu pasiboari.

5. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egin dituen ekintzen ondorioz subjektu pasiboak sartu duena baino handiagoko dirutza ateratzen bada pagatu beharra, berandutze interesak sortuko dira bien arteko aldeagatik, kasuko deklarazioa aurkezteko zegoen epea bukatu zenetik, tokatzen diren errekargu eta zehapenak ezertan galarazi gabe.

6. Balioak egiaztatzeko Administrazioaren perituen irizpena eskatzen bada, kasuko zerbitzu teknikoei bidaliko zaie baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda, hartarako titulu egokia duten langileek hamabost eguneko epean eman dezaten eskatutako irizpena, behar adina arrazoitua.

7. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zilegi izango du aurreko ataletan aurreikusten diren ekintzak Erregelamendu honetako 93. artikuluak aipatzen dituen likidazio bulegoek berek egin dezaten baimentzea.

100. artikulua.

101. artikulua.

102. artikulua.

103. artikulua. Diru bilketa.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiten dituen likidazioetatik heldu den tributu zorra, jakinarazi eta hurrengo hilabetean pagatu beharko da.

2. Exekuzio aldia aurreko idazatian finkatu zor likidatuak pagatzeko epea bukatu eta biharamunean hasiko da. Zorrak exekuzio aldian premiamendu bidetik pagarazteko, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeko 17.2. artikuluan xedatzen dena hartuko da aintzat.

V. KAPITULUA. Agintarien, funtzionarioen eta partikularren eginkizunak

104. artikulua. Lagun egiteko eginkizun orokorra.

Auzitegi eta Administrazioen organoek, fede-emaile publikoek, Erregistro zaindariek eta edozertariko beste agintariek eman behar dizkiote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari hark eskatu eta haiek beren esku dituzten datu, berri eta dokumentuak; aditzera eman behar ere dizkiote Departamentu horri zerga pagatu izana dagoela edo salbuetsita edo libre egotea frogatzen ez den zergapeko egintza edo kontratu guztiak.

105. artikulua. Epaiak eta aurkibideak bidaltzea.

1. Auzitegietako organoek hilero bidaliko dizkiote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari exekuziopean diren edo epai irmoa diren epaien zerrenda, edozertariko ondasun eta eskubideak eskualdatzen badituzte, salbu eta ondasunen, zerbitzu pertsonalen, kredituen edo kalteordainen prezio diren kopuruak baldin badira.

2. Notarioek hiruhileko bakoitzaren lehenbiziko hamabostaldian bidali beharko diote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari aurreko hiruhilekoan baimendu dituzten dokumentu guztiak hartzen dituen errolda edo aurkibidea, salbu eta azken borondatezko egintzak, seme-alabak aitortzekoak eta Erregelamendu honen arabera aurkeztu beharretik salbu dauden besteak. Epe berean bidaliko ere diote sinadurak ezagutu edo aitortzeko aurkeztu zaizkien zergapeko kontratuak dituzten dokumentu pribatuen zerrenda. Halaber, jaso eginen dute, zergapeko dokumentuetan legezko oharrarazpenetan eta espreski, zein epetan behar dituzten interesatuek likidaziorako aurkeztu, eta bai, ondasun eskualdaketarik egin bada, ea ondasunok eskualdaketa horri dagokion zerga pagatu beharrean dauden, eta zer erantzukizun sortuko diran aurkeztea egiten ez bada.

106. artikulua. Enkanteak eta Administrazio kontzesioak.

Administrazioko agintariek, ondasun eta eskubideen enkanteak onesten dituztenean edo edozertariko kontzesioak ematen dituztenean, hala eman beharko diote aditzera Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, enkantatu diren ondasunek edo eman diren kontzesioek zenbat balio zuten zehaztuz, eta bai enkante edo kontzesioa nolakoa zen, noiz egin zen, zer helbururekin eta Enkantea beretu edo kontzesioa jaso zuenak zer izen zuen.

107. artikulua. Katastroak.

Partikularzki, katastroen mantenimenduaz arduratzen diren langileek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari bidaliko diote eskuartera heldu eta zergaren pagamendua, salbuespena edo libretasuna frogatzeko behar den oharra ez daramaten dokumentuen kopia.

108. artikulua. Beste eginkizun batzuk.

Auzitegi organoek, Bankuek, Aurrezki Kutxek, elkarteek, sozietateek, funtzionarioek, partikularrek eta beste entitate publiko nahiz pribatu guztiek, ez dute erabakiko ondasunak titularra ez beste norbaiti entregatzea aurrez frogatu ez bada zerga pagatu dela, salbuetsita zegoela edo libre zegoela, non eta Administrazioak hartarako baimena eman ez duen.

V. KAPITULUA. Lege hausteak eta zehapenak.

109. artikulua.

VI. KAPITULUA. Baliabideak

110. artikulua.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Erregelamenduan pezetetan adierazitako dirutzak aipatzen direnean.

Erregelamendu honetan pezetetan adierazitako dirutzak aipatzen direnean, jakintzat ematen da eurotan adierazitako dirutza baliokidea ere aipatzen dela, truke tasaren arabera kalkulatua eta hala tokatzen bada, Euroa sartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 11. artikuluan agintzen denaren arabera borobildua, eta bien ahala biek balio eta indar berbera izanen dutela.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Likidazio arauak.

Honakoak izanen zaizkie aplikatzekoak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egin behar eta Erregelamendu honetako 94.2 artikuluak aipatzen dituen Ondorengotzen eta Emaitzen gaineko zergaren peko egintzak dituzten dokumentuen likidazioei: abenduaren 23ko 27/1982 Foru Dekretuak onetsitako Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendu honetako 95. eta hurrengo artikuluetako xedapenak, eta gainera Ondorengotzen gaineko eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergak ordainarazteko Arauen V. Tituluak aipatzen dituen eskumen arauak ere, Foru Diputazioaren apirilaren 10eko Erabakiak eta ondorengo xedapen osagarriek onetsiak.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra. Barrutiko likidazio bulegoak.

Erregelamendu honetako bigarren xedapen gehigarrian agintzen dena ezertan galarazi gabe, barrutiko likidazio bulegoek, jabetzaren Erregistratzaileen ardurapekoek, beren eskumenen alorrean likidatuko dituzte bertan aurkezten diren zergaren dokumentuak edo deklarazioak Erregelamendu honek indar hartzen duen arte.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Ondorengotzen eta emaitzen gaineko Zerga.

1. Ondorengotzen eta Emaitzen gaineko Zergak indar hartzen ez duen artean, emaitzak eta "inter vivos"ko beste diru eskualdaketak, eta gainera ezkontideek ezkon-sozietateari egindako ondasun eta eskubide ekarpenek, ezkon sozietatea desegitean haien alde eta ekarpen horien pagutan egiten diren adjudikazioek eta halako kariaz ezkontideei ganantzial edo konkisten pagutan egiten zaizkien eskualdaketek, oraindik ere Ondorengotzen gaineko eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergak ordainarazteko Arauen V. Tituluak aipatzen dituen eskumen arauak ere, Foru Diputazioaren apirilaren 10eko Erabakiak eta ondorengo xedapen osagarriek onetsiak izanen dituzte araubide.

2. Erregelamendu honetan Ondorengotzen eta Emaitzen gaineko aipua egiten denean, Foru Diputazioaren apirilaren 10eko Erabakiak eta ondorengo xedapen osagarriek onetsitako Arauetan erregulatzen den Ondorengotza Zerga aipatzen dela ulertu behar da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Erregelamendu honek indar hartzen duenean indargabetu eginen dira haren edukiari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko beste xedapen guztiak, eta bereziki Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 23ko 27/1982 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa. Indar hartzea.

Erregelamendu honek 1999ko abuztuaren 9an indar hartuko du eta egun hartatik aurrera aurkezten diren dokumentuei izanen zaie aplikatzeko, zein ere den zergaren sortzapen data.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Araudia egiteko eskumena.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari esku ematen zaio Erregelamendu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa