(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

51/1998 Foru Dekretua, otsailaren 16koa, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren esparruko hainbat eragiketetan zerga likidatu eta ordaintzeko prozedura gisa autolikidazio araubidea ezartzen duena

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 28. NAOn argitaratua, martxoaren 6an. Aldaketak: 35/1999 Foru Dekretua, otsailaren 2koa)

 

Atarikoa

Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga erregulatzen duen Arauaren azken xedapenetako hirugarrenak, Foru Parlamentuak 1981eko martxoaren 17an onetsitako hark, Foru Diputazioari baimena eman zion autolikidazio araubidea erregulatzeko Zerga likidatu eta ordaintzeko prozedura gisa.

Araubide hori zerga osoa hartzeko moduko likidazio sistema bakartzat ezartzea ezinezkoa da, baina beharrezkotzat jo da subjektu pasiboarentzat ezartzea, beti ere aukeran duela. Horretarako arrazoi hauek aipatu dira: kasu batzuetan likidazio-bulegoetan sartzen diren dokumentuak arinago izapida daitezkeela eta beste kasuetan zerga kuota zehaztea errazagoa izanen dela.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamaseiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua. Erregimenaren izaera eta irispidea.

1. Foru Dekretua, honetan aratzen den autolikidazio erregimena nahitaez aplikatuko zaie honako operazioei:

a) Ibilgailu erabilien eskualdaketa diru bidezkoa.

b) Subjektu pasiboari zerga horren inolako modalitateren azpian ez dauden egintzak besterik ez dutela iruditzen zaizkion operazio guztiak: Diru bidezko ondare eskauldaketak eta egintza juridiko dokumentatuak.

c) Aurreneurrizko anotazioak.

2. Zilegi izango da, halaber, Foru Dekretu honetan arautzen den autolikidazio erregimena honako operazioetan erabiltzea:

a) Enpresaburuek beren enpresa jardunean inter vivosko egintzen bidez etxebizitzak, garaje postuak eta trastegelak lehenbizikoz diru bidez eskualdatzea, eskualdatze hori Balio Erantsiaren Zergaren azpian sartzen bada, eta bai eskualdatze horretatik eratorritako hipoteka subrogazioa ere, halakorik gertatzen bada, Egintza Juridiko Dokumentatua izateagatik zerga eman behar duenean.

b) Finantza entitateek emandako hipotekazko maileguak eratzea, haien eskrituratze publikoa egintza juridiko dokumentatua izateagatik zerga eman beharrean badago Foru Parlamentuak 1981eko martxoaren 17ko Erabakian onetsitako Zergaren gaineko araueko 22. artikuluaren 2. zenbakiak agintzen duenaren arabera.

2. artikulua. Autolikidazioen aurkezpena eta dirua sartzea.

1. Foru Dekretu honetan arautzen den erregimena aplikatzen duten subjektu pasiboek, zerga sortzen den egunetik bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute autolikidazioa Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hartarako propio itxuratu duen inprimaki ereduan, pagatu beharreko dirua sartu ondoren, hala tokatzen bada.

2. Autolikidazioaren zenbatekoa sartu ondotik, subjektu pasiboek likidazio bulegoan aurkeztu beharko dute agiri publikoa, jatorrizkoa eta kopia bakarra, edo, agiri pribatua baldin bada, jatorrizkoa eta kopia bat, praktikatutako autolikidazioaren ale bat atxikiz.

3. Bulegoan likidazio aurkezleari jatorrizko agiria itzuliko diote, egindako dirusarrera eta kopiaren aurkezpena egiaztatzen duen ohar bat daramala. Sarreraren ohar bera agertaraziko da kopian ere, bulegoan gordeko dena, zergagaia aztertu eta kalifikatzeko eta, hala beharko balitz, likidazio osagarriak zuzendu, aztertu eta praktikatzeko.

4. Autolikidazioa eginik, sartu beharreko zerga- kuotarik ateratzen ez bada, autolikidazioa eta agiri guztiak likidazio bulegoan aurkeztuko dira. Bertan autolikidazioa zigilatuko da eta jatorrizko agirian ohar bat ezarriko da, bidezkoa den kalifikazioa agertaraziz, interesatuen arabera; gero aurkezleari itzuliko zaio eta kopia bat bulegoan geldituko da aurreko zenbakian adierazitako ondorioetarako.

3. artikulua. Ondoko jarduketak.

1. Oinordetza, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak agirietan kontsignatutako zergagaiak aztertu eta kalifikatuko ditu, gero bidezko diren likidazio osagarriak burutzeko, besteak beste hutsegite materialen edo kalifikaziozkoen ondoriozkoak, edo interesatuek autolikidatu ez dituzten zergagaiak agertu direlako, baloreen frogantzan bai eta salbuespenetan, hobarietan edo bidezkotzat jotzen ez diren zergetan oinarritzen diren likidazioak.

2. Aitorpenak eta agiriak aurkeztu eta gero, zergagaiak kalifikatzeko datu eta aurrekari guztiak lortu badira, baloreen frogantza egin beharrik ez bada behintzat, Oinordetza, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak egintza edo kontratu aitortua kalifikatuko du praktikatutako autolikidazioa behin betikotzat jotzeko edo bidezko izan daitezkeen likidazio osagarriak burutzeko.

3. Likidazio osagarriak praktikatzeko interesatuek datu berriak edo aurrekinak aurkeztu beharko balituzte, hamabost eguneko epea emanen zaie horiek lortzeko. Hala eginik eta beharrezkoa baldin bada baloreen frogantza egitea, aurreko zenbakian adierazten den bezala eginen da. Datuok aurkezten ez badira eta bidezko izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, behin-behineko likidazio osagarriak praktikatzen ahal dira, lehenago aurkeztutako datuetan eta Administrazioak izan ditzakeenetan oinarrituta.

4. Behar diren datu eta aurrekin guztiak izanik ere, baloreen frogantza egin beharra balego, lortutakoen gainean behin betiko likidazioak praktikatuko dira, eta horien berri emanen zaio aurkezleari edo subjektu pasiboari.

5. Baloreen frogantza egiteko Administrazioaren Adituen irizpena behar izanez gero, Oinordetza, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak behar diren zerbitzu teknikoei igorriko die baloratu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda, eta ondoren horretarako tituludun direnek hamabost eguneko epean eskatutako irizpena, behar bezala arrazoitua, eman dezaten.

6. Oinordetza, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak burututako likidazioetan, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioz, atzerapenagatiko interesak sartuko dira eta jakinaraziko zaizkie subjektu pasiboei, horien izaera eta arrazoiak adieraziz eta baita dirusarrera non, zein epetan eta nola sartu ere. Gainera adieraziko da zein diren jar daitezkeen errekurtsoak, zein epetan eta organoren aurrean jarri behar diren.

4. artikulua. Erregistro itxiera.

1. Jabetza Erregistroek, Merkataritzakoek eta Industri Jabetzakoek, inskripzioa edo anotazioa egiterakoan, ez dute onartuko 1. artikuluan aipatu kontzeptuei atxikitako egintza edo kontraturen bat daukan agiririk, baldin eta dagokion autolikidazioaren ordainketa edo horren salbuespena justifikatzen ez bada.

2. Aurreko zenbakian aurreikusitako ondorioetarako, zergaren ordainketa egiaztatutzat joko da agiriak ordainketa frogatzen duen oharra badarama eta behar den autolikidazioarekin batera badator, likidazio bulegoak behar bezala zigilatua eta bertan agertaraziz lotura ezaren edo salbuetsia egotearen alegazioa.

3. Kasu horietan autolikidazioaren kopia bat gordeko da Erregistroan eta Erregistratzaileak inskripzioaren bazter bateko ohar baten bidez agertaraziko du eskualdatutako ondasuna edo eskubidea likidazio osagarriaren ordainketari atxikiko zaiola, hori praktikatu beharreko kasuetan. Ohar horretan nahitaez adieraziko da autolikidazioan ordaindutako zenbatekoa, non ez den salbuespena edo lotura eza alegatzen.

4. Oharra ofizio bidez luzatuko da, eta eraginik gabe geldituko da eta kantzelatu beharko da aipatu likidazio osagarriaren ordain gutuna aurkezten denean, eta nolanahi ere, luzatu zen egunetik bost urte iragan ondoren.

5. artikulua. Likidazioaren ordainsariak.

Ez da ordainsaririk sortuko ez subjektu pasiboek aurkeztutako autolikidazioetan ezta, kasua bada, Oinordetza, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergen Atalak praktikatu beharreko likidazio osagarrietan ere.

6. artikulua. Arau osagarriak.

Foru Dekretu honetan espreski erregulatzen ez den orotan 27/1982 Foru Dekretuak onetsi zuen Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Erregelamenduan antolakuntza, eskumena, likidazio bulego eta kudeaketa prozeduraren gainean biltzen diren xedapenek arautuko dute, beti ere horiek aplikagarri baldin badira.

Azken Xedapenetako Lehena

Foru Dekretu honek indarra hartuko du Ekonomi eta Ogasun kontseilariak Foru Aginduaren bidez finkatzen duen egunean eta egun horretatik aitzina likidazioa egitera aurkezten diren agiri guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere Zergaren sortzapen eguna.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Ekonomi eta Ogasun kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak dikta ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa