(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Aurrezki kutxak :
      • 643/1992 Foru Agindua, abuztuaren 31koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Komunitateko aurrezki kutxen publizitatea arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

643/1992 Foru Agindua, abuztuaren 31koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Komunitateko aurrezki kutxen publizitatea arautzen duena

 

(1992ko 113. NAOn argitaratutako testua, irailaren 18an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateak Aurrezki Kutxen arloan zituen zenbait eskumen garatzen dituen ekainaren 29ko 244/1992 Foru Dekretuaren 9. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari esleitzen dio Entitate hauek Nafarroan egiten duten publizitatearen gaineko kontrola.

Foru Agindu honen helburu nagusia da sistema finantzarioan arlo honetan gero eta nabariago den liberalizazioa eta publizitate horrek iragartzen dituen eragiketen edukinei egokitu eta eusteko beharra bateragarri egitea.

Hortaz, eragiketen kostua edo errentagarritasuna aipatzen duen publizitateak besterik ez du Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimena beharko, bestelako publizitatea kontrol honetatik at geratuko delarik. Era berean, Foru Komunitatean aritzen diren Aurrezki Kutxek Departamentu horri bidali behar dioten publizitate ihardueraren inguruko informazioa arautzen da.

Horiek horrela, agindu dut:

1. artikulua

Foru Agindu honetan bildutako xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

a) Helbide soziala Nafarroan duten Aurrezki Kutxei.

b) Helbide soziala Nafarroatik at duten Aurrezki Kutxei, baldin eta publizitatea Nafarroako Foru Komunitatean dauden establezimentuetatik egiten bada.

2. artikulua

Bezeroarendako kostua edo errentagarritasuna, agerian nahiz izkutuan, aipatzen duten eragiketa, zerbitzu edo produktu finantzarioen inguruan Aurrezki Kutxek egindako publizitateak, edozein motatakoa izanik ere, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimena beharko du. Gainontzeko publizitateak ez du horrelako administrazio kontrolik beharko.

3. artikulua

1. Baimenen eskaerak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzenduko zaizkio, eta horiekin batera aurkeztu beharko dira, komunikabideen arabera, testuak, zirriborroak, egitura grafikoa, irrati kuinak edota filmazioak, bakoitzaren neurriak eta iraupena ere zehaztuko direlarik.

2. Baimena lortu ahal izateko, publizitateak, argi eta garbi eta konpetentzia errespetatuz, eskaintza finantzarioaren ezaugarriak aurkeztu beharko dizkio publikoari. Horretarako, eskaintzen den produktuaren deskripzio zehatza egin beharko da, horren ezaugarri nagusiak azalduz.

3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, eskabideak jaso eta, gehienez ere, zortzi laneguneko epearen barruan, baimenei buruzko ebazpena emanen du. Epe hori dagokion entitateari ezer jakin erazi gabe amaiturik, publizitateak baimena lortu duela hartuko da. Epe hori etenen da, Departamentuak Entitateari edozein aldaketa edo agiri osagarri aurkeztea eskatzen dion une berean. Publizitatea egiteko baimenei emandako ezespen guztietan arrazoiak azaldu beharko dira.

4. artikulua

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eskatzen ahal die Aurrezki Kutxei baimena ez duen edota hura emateko baldintzak errespetatzen ez dituen publizitatea aldatzea edo bertan behera uztea.

2. Baimena duen publizitateak aipatzen dituen eragiketetan edo horien baldintzetan aldaketarik suertatuz gero, aipatu Departamentuari jakin eraziko zaio eta honek, nahi izanez gero eta beti ere horretarako arrazoiak azalduz, emandako baimena indarrik gabe uztea erabaki ahal izanen du.

Halaber, baimena indarrik gabe utzi ahal izanen da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak hura emateko oinarritzat hartu zituen erizpideetan aldaketa nabarmenik izan dela antzemateko arrazoi aski baldin badu, emandako datuak faltseatu edo aldatzeagatik Entitateari eska dakizkiokeen erantzukizunak ezertan ere kaltetu gabe.

5. artikulua

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa