(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Aurrezki kutxak :
      • 244/1992 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateak aurrezki kutxen arloan dituen zenbait eskumen garatzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

244/1992 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateak aurrezki kutxen arloan dituen zenbait eskumen garatzen dituena

 

(1992ko 93. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 3an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1 artikuluan ezarrita denez, iharduera ekonomiko orokorraren eta Estatuaren moneta, kreditu, banku eta aseguruetako politikaren oinarri eta antolamenduari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio eskumen osoa Aurrezki Kutxen arloan, Konstituzioaren bidezko aginduetan esan bezala, eta hori, arlo horretako Hitzarmenen erregimen berezia inolaz ere eragotzi gabe.

Bestalde, aipatu Lege Organikoaen 57. artikuluan Nafarroaren esku uzten da, Estatuko oinarrizko legeriaren esparruaren barrenean, kredituaren antolamenduari buruzko gaien lege garapena eta exekuzioa.

Halaber, Konstituzio Auzitegiak martxoaren 22an emandako 49/1988 Epaitzan, Aurrezki Kutxen Zuzendaritza Organoen gaineko Oinarrizko Arauak erregulatzen dituen abuztuaren 2ko 31/1985 Legearen zenbait agindu Konstituzioaren aurkakotzat eta ez oinarrizkotzat hartzeaz gain, Autonomiaren eta Estatuaren eskumen esparruak mugatzen dira Finantza Sistemaren atal nagusi honen gainean. Garrantzi berezia du eskumenak Komunitate Autonomoen gain uzteak, Aurrezki Kutxen iharduerak beren helbideko Komunitatetik kanpo burutzen direnean.

Horregatik guztiagatik, aipatu eskumenak erabiliz, Foru Dekretu honek arautzen ditu gure Komunitatearen garapen ekonomiko sozialean eragin eta ondorio handiena izan behar duten Aurrezki Kutxen iharduerak, eta zehaztu egiten du, egoerak hala behartzen duenean, xedapen ezberdinen zenbaterainokoa, aipatu entitateen helbidearen arabera, 1. artikuluan zehazturiko ezarpen esparruarekin bat etorriz.

Azkenik, nabarmendu beharra dago, Foru Dekretuan ezarri den erregulazioak ez duela kalterik sortzen Hitzarmenen Erregimenean, horiek beren babesa baitute Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.f) artikuluan.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamabiko ekainaren hogeitabederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua. Ezarpen esparrua.

Foru Dekretu honetako xedapenak ondoko hauei aplikatuko zaizkie, aipatzen den alkantzu eta edukiarekin:

a) Beren helbidea Nafarroan duten Aurrezki Kutxei.

b) Helbidea Nafarroatik kanpo duten Aurrezki Kutxei, Foru Komunitateko lurraldean egindako iharduerengatik.

2. artikulua. Aurrezki Kutxak sortu, elkartu, banatu eta likidatzea.

Beren helbidea Nafarroan duten Aurrezki Kutxei dagokienez, Nafarroako Gobernuari dagokio ondoko hau, Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak proposaturik:

a) Bere aburuz eta behar diren izapideak eginik, baimena ematea Aurrezki Kutxa berriak sortzeko, eta lehendik daudenak elkartu eta banatzeko.

b) Haien Estatutu eta Erregelamenduak onestea, horren gainean indarra duten xedapenei egokitzen ez diren gorabeherak alda daitezen agindua eman ahalko duelarik.

c) Aurrezki Kutxak desegin eta ezabatzeko erabakiak berrestea, nahitaezko baldintza bezala.

3. artikulua. Aurrezki Kutxen hedapena.

Nafarroan ari diren Aurrezki Kutxek aldez aurretik jakin erazi beharko diote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zein bulego ireki, tokiz aldatu, lagatu, eskuz aldatu eta itxi behar dituzten Foru Komunitateko lurraldearen barrenean.

4. artikulua. Aurrezki Kutxen Erregistroa.

1. Aurrezki Kutxen Erregistroa sortzen da Ekonomia eta Ogasun Departamenduan, non adierazi beharko baitira:

a) Entitatearen izena.

b) Entitatearen helbidea.

c) Fundazio eskrituraren data.

d) Fundatzaile diren Korporazio, entitate edo pertsonak.

e) Estatutuak eta Erregelamenduak.

2. Beren helbidea Nafarroan duten Aurrezki Kutxek aipatu Departamentuari eskatu beharko diote, beren iharduerei hasiera eman aurretik, Erregistroan onar ditzan.

3. 1. artikuluko b) letran aipatzen diren entitateek onarpen eskaeraren ordez, beren Komunitate Autonomoko Aurrezki Kutxen Erregistroan edo Herri Aurrezki Kutxa Orokorren Erregistro Berezian izena emandakoren ziurtagiria beharko dute ukan.

5. artikulua. Zuzendaritza Organoetako Goi Karguen eta Kideen Erregistroa.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuan Aurrezki Kutxen Zuzendaritza Organoetako Goi Karguen eta Kideen Erregistroa sortzen da, eta bertan inskribatuko dira Batzarre Nagusi, Administrazio Kontseilu, Kontrol Batzordeko kideen izendapen, hautapen berri eta kargu uzteak, bai eta Zuzendari Nagusiarena ere.

Aipatu Erregistroan inskribatzeko Aurrezki Kutxek, esandako Departamentuari, informazio hau igorriko diote:

a) Kontseilari Nagusiei buruz: haien izen-deiturak, ordezkaritza taldea eta izendapen eguna.

b) Administrazio Kontseilu, Kontrol Batzorde eta Zuzendari Nagusiari buruz, igorri beharreko dokumentazioak Espainiako Bankuari emandakoaren munta eta eduki bera izanen ditu.

6. artikulua. Kreditu eta kudeaketa ihardueraren kontrola.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio, indarra duten xedapenetan esan bezala, Foru Komunitatean iharduten duten Aurrezki Kutxen kreditu eta kudeaketa eragiketen kontrola. Bereziki, eta beren helbidea Nafarroan duten entitateei dagokienez, ondoko honi begiratuko zaio:

a) Baliabide bereki aski duen ala ez egindako inbertsioak eta hartutako arriskuak ikusita.

b) Sozietateetan duten partaidetzak, bakarka edo taldeka, sozietatearen kapitalaren %20a gainditzen duenentz, Departamentuak espreski emandako baimena beharko baita.

7. artikulua. Eragiketak Goi Karguekin.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak indarra duten xedapenak betetzen diren ala ez begiratuko du, Nafarroan helbidea duten Aurrezki Kutxetako Goi Karguek parte hartzen duten eragiketetan, bai eta haien ezkontide, aurreko, ondorengo eta albokideek ere bigarren gradu bitarte, eta bidezko denean, behar den baimena emanen du.

8. artikulua. Inbertsioen kalifikazioa.

Nafarroako Gobernuak aktibo gisa gai direla deklaratu ahalko ditu Foru Komunitateak jaulkitako tituluak eta arlo honetan aplikagarri den arauteriaren barrenean konputagarritzat kalifikatzen dituen titulu edo kredituak, Foru Komunitatean diharduten Aurrezki Kutxek beren inbertsio betebeharrak gauza ditzaten.

9. artikulua. Publizitatea.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldez aurreko baimen erregimenari loturik dago Nafarroan diharduten Aurrezki Kutxek edozein baliabidez egiten duten publizitatea, eragiketa, zerbitzu edo finantz produktuetan jendearendako kostua edo etekina aipatzen denean.

10. artikulua. Emaitzen banaketa eta gizarte-ongintzarako zuzkidura.

1. Emaitzen banaketa onetsi ondotik, indarra duen arauteriari jarraikiz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio hari baimena ematea, eta bereziki:

a) Urteko aurrekontuko zuzkidurak lehendik ezarritako gizarte-ongintzako obrak sostengatzeko, nahiz bereak izan nahiz lankidetzan hartuak.

b) Gizarte-ongintzako obra berriak egiteko esleipenak.Horretarako, aipatu Departamentuari haien helburu, inbertsioaren zenbateko eta haiek sostengatzeko urteko aurrekontuan sartutako gastuaren berri emanen zaio.

c) Gehienez ezarritako portzentaitik gaineko gerakinak pilatzeko baimena ematea, ekitaldi bakoitzean eskuratutakoek ez badute egin gogo diren gizarte-ongintzako obrak osorik burutzeko adina ematen.

d) Aurrezki Kutxek, beraiek bakarrik edo zenbait entitaterekin lankidetzan, era ditzaketen fundazio edo Patronatuen Estatutei baimena ematea, gizarte-ongintzako obrak kudea eta administra daitezen.

2. Horretarako, Nafarroan helbidea duten Aurrezki Kutxek aipatu Departamentuari igorriko diote aurreko atalean eskaturiko informazioa, hark onets dezan, urte bakoitzeko lehen urterdiaren barrenean.

11. artikulua. Ekonomia eta Finantza arloko informazioa.

1. Beren helbidea Nafarroan duten Aurrezki Kutxak beharturik daude hurrengo hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuari igortzera:

a) Balantzea eta Emaitzen Kontua bere egoera-orri osagarri guztiekin, Espainiako Bankuari igortzen zaion aldiro eta epe berberetan.

b) Finantz egoeren Kontu-ikuskaritza, hala nola, behar diren txosten eta memoriak.

c) Urtean, zuzenean nahiz zeharka, haien menean dituzten sozietateen finantzen egoera-orriak.

d) Arrisku aktiboen osaketari buruzko aitorpena sei hilabetetik behin, Espainiako Bankuari igortzen zaizkion modu berberean.

2. Foru Dekretu honen 1. artikuluko b) letran aipatzen diren entitateek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari igorri beharko diote Foru Komunitatearen lurraldean burututako kreditu iharduera eta gordailuak hartzeko informazioa.

3. Dena den, aipatu Departamentuak Nafarroan diharduten Aurrezki Kutxei beharrezko iruditzen zaion informazio guztia eskatu ahalko die, Dekretu honetan jasotako ahalmenak erabiltzeko edo sektoreetako estatistikak egiteko.

12. artikulua. Ikuskapen eta zehapen erregimena.

Arlo honetan Espainiako Bankuak dituen ahalmenak galerazi gabe, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren gain izanen da Foru Komunitatearen esparruan diharduten Aurrezki Kutxen gaineko disziplina, ikuskapen eta zehapen kontua.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Foru Dekretu honetan xedatutakoak ez du galeraziko arlo honetan den Hitzarmen erregimena.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru Dekretu hau argitara ematen denetik aitzina, bi hilabeteko epean, Nafarroan diharduten Aurrezki Kutxek ondoko hau igorriko dute Ekonomia eta Ogasun Departamentura:

a) Foru Komunitatearen lurraldean irekita dituzten bulegoen zerrenda, noiz ireki ziren, zuzendaritza eta udalerria zehaztuz.

b) Foru Dekretu honen 4.3 artikuluan aipatu den informazioa.

Azken Xedapen Bakarra

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari neurriak hartu eta behar diren adina xedapen har ditzan Foru Dekretu hau bete eta aurrera eramateko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik, indarrik gabe geldituko dira haren aurka doazen lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak eta, batez ere, urriaren 3ko 213/1986 Foru Dekretua.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa