(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Aurrezki kutxak :
      • 2/2014 Foru Legea, otsailaren 17koa, Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

2/2014 Foru Legea, otsailaren 17koa, Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituena

2/2014 FORU LEGEA, OTSAILAREN 17KOA, ZENBAIT FUNDAZIOREN ZUZENDARITZA ORGANOAK ARAUTZEN DITUENA

(2014ko 38. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 25ean)

Zioen Azalpena

Nafarroako Foru Komunitateari dagokio aurrezki kutxen eta ekonomiaren sektore publikoaren gaineko eskumen osoa, betiere Estatuak jarduera ekonomiko orokorrerako dituen oinarriei eta antolamenduari eta Estatuaren banku- eta kreditu-politikari jarraikiz, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1 artikuluak xedatzen duenez.

Nafarroak, eskumen hori baliatuz, Nafarroako Aurrezki Kutxen Zuzendaritza Organoei buruzko apirilaren 21eko 7/1987 Foru Legea onetsi zuen.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du Nafarroako Foru Zuzenbideko arauei jarraituz eratzen diren fundazioen arloan, aipatu lege organikoaren 44.20 artikuluarekin bat.

Nafarroako Foru Berriak, 44.etik 47.era bitarteko legeetan, izaera pribatuko fundazioei buruzko xedapenak ditu. Beste alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 125. eta 126. artikuluetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko fundazio publikoei buruzko xedapenak jasotzen ditu.

Uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuan aurrezki kutxen gobernu organoen eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuk arautzen dira. Arau horretan, zeina geroago aldatua izan baitzen otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuaren eta Kreditu entitateak Berregituratzeko eta Desegiteko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen azken xedapenetako hamahirugarrenaren bidez, aurrezki kutxak izaera bereziko fundazio bihurtzea jasotzen eta arautzen zen, 6. artikuluan.

Izaera bereziko fundazio horiek sortu dira aurrezki kutxek beren finantza-jarduerak eta ongintza- eta gizarte-jarduerak banantzetik. Finantza-jarduera, bere ondarearekin batera, beste kreditu-entitate bati eskualdatzen zaio, azken horren zenbait akzioren truke, eta aurrezki-kutxaren jatorrizko muina, berriz, izaera bereziko fundazio bihurtzen da, kreditu-entitatearen izaera galduta.

Arau horiek aplikatuta, aurrezki kutxarik gehienak fundazio berezi bihurtu ziren. Nafarroaren kasuan, Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea desagertu egin zen. Kutxa hori xurgapen bidezko bat-egite baten ondorioz sortu zen; hau da, Nafarroako Aurrezki Kutxak –Nafarroako Foru Diputazioak 1921an fundatu zuen– xurgatu zuelarik Iruñeko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea –Iruñeko Udalak 1872an sortu zuen–. Desagertu aurretik, bere finantza-jarduera Banca Cívica-ri eskuordetu zion lehenbizi, eta, 2012tik aurrera, CaixaBank-i. Desagertzean, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 3ko 1/2013 Foru Aginduaren bidez, aipatutako kutxatik heldutako fundazio bereziaren kudeaketa-batzordea izendatu zen. 2013ko ekainaren 25ean, kudeaketa-batzorde horren erabakiz, Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea izaera bereziko fundazio bihurtu, eta fundazio hori “Nafarroako Kutxa Fundazioa” izendapenarekin eratu zen. Fundazioaren estatutuak onetsi ziren Nafarroako Gobernuaren 2013ko ekainaren 19ko erabaki baten bidez eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren 2013ko ekainaren 20ko agindu baten bidez.

Ondoren, Aurrezki Kutxei eta Banku Fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legeak indarrik gabe utzi ditu bai Aurrezki kutxen gobernu-organoei buruzko oinarrizko arauak erregulatzeko abuztuaren 2ko 31/1985 Legea, bai eta Aurrezki kutxen gobernu-organoei eta entitate horien araubide juridikoaren gaineko beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua ere, babes-sistema instituzionalen araubide fiskalari buruzko tituluak izan ezik. Aipatutako legea dela-eta, banku-fundazioek ordeztu zituzten aurreko fundazio bereziak. Lege horren arabera, izan ere, baldin eta fundazio batek kreditu-entitate batean duen partaidetza, zuzenean edo zeharka, gutxienez ere entitatearen kapitalaren edo boto-eskubideen ehuneko 10ekoa bada, edo partaidetza horrek aukera ematen badio kreditu-entitatearen administrazio-organoaren kideetakoren bat izendatzeko edo kargutik kentzeko, fundazio hori banku-fundaziotzat hartuko da. Aurrezki kutxen eraldatzetik heldutako fundazio bereziek, ez badituzte aurreko baldintzak betetzen, fundazio arrunt daukate bihurtu beharra sei hilabeteko epean, lege horrek indarra hartzen duen egunetik kontatzen hasita. Fundazio arrunt horiek bidezkoa izanen dute sorburu izan duten aurrezki kutxaren izena erabiltzea beren izendapenean eta beren jardunean.

Nafarroako Kutxa Fundazioak, xedapen horien ondorioz, fundazio arrunt du bihurtu beharra, eta gai horren arloko arau orokorrak izanen zaizkio aplikatzekoak; hau da, Nafarroako Foru Berriko aipatu diren arauak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legekoak.

Aurrezki kutxen eraldatzetik heldutako fundazioen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, komeni da fundazioon araubidea osatzea beren zuzendaritza-organoei buruzko zenbait arau espezifikorekin; betiere, Nafarroako Foru Komunitateak fundazioen arloan dituen eskumenen barruan.

Aipatu zuzendaritza-organoak arautzeko foru lege honek oinarritzat hartzen dituen printzipioak honakoak dira: gizarte-interesa, osaeraren sinpletasuna, ordezkagarritasun demokratikoa, gastuaren arloko austeritatea, publizitatea eta gardentasuna, jarduera autonomoa administrazioekiko eta jardueraren kontrola.

Gizarte-interesa bermatzeko, zuzendaritza-organoen jarduerari baldintza gisa ezartzen zaio Nafarroaren eta nafarren onura dakarten gizarte-intereseko helburuak bilatzea betiere.

I. KAPITULUA. Gobernu-, administrazio-, kudeaketa- eta ordezkaritza-organoak

1. artikulua. Zerrenda.

1. Nafarroako aurrezki kutxen transformazioaren ondoriozko fundazioen estatutuetan aurreikusiko da fundazioaren jarduera-eremua Nafarroa dela, eta haren gobernu-organoa bederatzi kidek osatutako patronatu bat izanen dela.

2. Ezertan ukatu gabe fundazioaren helburuei ekitea eta helburu horiek ongintza eta gizarte arlokoak izatea, aurrezki kutxen transformazioaren ondoriozko fundazioen zuzendaritza-organoek beren egintzetan Nafarroaren eta nafarren aldeko helburuak bilatuko dituzte, gizarte-interesekoak.

II. KAPITULUA. Patronatua eta patronatu-kideak

2. artikulua. Patronatua.

1. Patronatua izango da foru lege honen xedapenen menpeko fundazioen zuzendaritza- eta erabakitze-organo gorena.

2. Lehendakari izendatzen duten pertsona arituko da patronatuko buru.

3. Zuzendaritza, hierarkikoki, patronatuaren menpean egonen da.

3. artikulua. Patronatuaren osaera.

1. Patronatua ondoko hauek osatuko dute, patronatu-kide gisa:

a) Lehendakaritzaren titularra.

b) Bost kide Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatuak. Foru parlamentari bakoitzak hiru hautagai bozkatu ahalko ditu, gehienez ere.

c) Nafarroako Gobernuak hautaturiko bi kide.

d) Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak hautaturiko kide bat.

2. Babesletzak patronatu-kide izendatuko ditu aurreko zenbakian aipatzen diren pertsonak.

3. Patronatuaren bileretan izanen dira, halaber, zuzendari eta idazkari izateko izendatutako pertsonak, salbu eta zuzenean dagozkien lan-aferak direnean hizpide. Pertsona horiek hitza izanen dute, baina botorik ez. Ez zuzendaria ez idazkaria ez dira patronatu-kide izanen.

4. artikulua. Patronatu-kideak.

1. Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak Babesletzari jakinaraziko dizkiote patronatu-kide kargurako hautaturiko pertsonen izenak.

Gehienez ere hamar eguneko epean, Babesletzak patronatu-kide kargurako hautatu diren pertsonak izendatuko ditu, hautaturiko pertsonei erreparorik jartzeko aukerarik gabe.

2. Patronatu-kideak dagozkien eginkizunetan hasiko dira kargua espresuki onartu eta onarpen hori jasota gelditu ondoren, pertsonak berak sinatutako agiri batean, Babesletzak ezartzen duen Iruñeko tokian.

3. Patronatu-kide bat ordeztuko edo kargutik kenduko da honako kasu hauetan:

a) Hiltzen denean edo hilda dagoela deklaratzen denean; baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere.

b) Ezgaitasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, legean ezarritakoaren arabera.

c) Ebazpen judiziala dagoenean, legeak aurreikusten dituen kasuetan.

d) Agintaldia amaitzen denean.

e) Ukoa egiten duenean. Uko hori idatziz jasoko da.

5. artikulua. Patronatu-kide karguaren iraunaldia.

1. Patronatu-kidearen karguak legegintzaldiak adina iraunen du, eta hurrengo legegintzaldian berritu arte luzatuko da.

2. Haien agintaldian, patronatu-kideak ezin izanen dira kargutik kendu, salbu eta aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta, kasua denean, aplikatzekoak diren legezko xedapenen arabera.

3. Patronatu-kide kargua pertsonak berak bete beharko du. Hala ere, patronatu-kideak beste kide bati eskuordetu ahal izanen dio boto eskubidea, bere izenean eta bera ordezkatuz patronatuko bileretan aritzeko. Eskuordetze hori idatziz egin beharko da patronatuko bilera bakoitzerako.

6. artikulua. Patronatu-kideen betebeharrak.

Patronatu-kideen betebeharrak dira, indarrean dagoen legediak eta Fundazioko estatutuek xedatzen dituztenez gain, honako hauek:

a) Fundazioaren xedeak zintzo betetzea.

b) Patronatuak onetsiko duen Jokaera Kode Etikoaren printzipioak zorrotz betetzea.

c) Bileretara agertzea.

d) Karguko zereginak ordezkari leial bati dagokion bezala betetzea.

e) Fundazioaren ondasunen eta balioen mantentzea eta zaintzea.

f) Legearen edo estatutuen aurka edo arduragabekeriaz egindako ekintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galeren erantzule izatea fundazioaren aurrean. Ez dute erantzukizunik izanen hori sorrarazi duen erabakiari berariaz aurka egiten diotenek edo, hori hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, hori gertatu izana ez zekitela edo, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo horri berariaz aurka egin diotela frogatzen dutenek.

g) Dokumentazioa zaintzea, fundazioaren iturri den erakunde nagusia sortu zenetik. Hartara, kasua bada, beharrezkoak diren zuzemenak eginen ditu jatorriaren arabera dagokion dokumentazioa berreskuratzeko.

7. artikulua. Patronatu-kideen ordainsariak.

1. Patronatuko kideak doan ariko dira beren karguetan. Horren truke ez dute inoiz inolako ordainsaririk edo dietarik jasoko.

2. Aurrekoa gorabehera, patronatu-kideek beren eginkizuna betetzean sortutako gastuak, behar bezala justifikatu eta gero, kobratzeko eskubidea izanen dute, beharrezkoak diren zenbatekoak eta ez besterik. Kontzeptu horiengatik jasoko dituzten zenbatekoak publikoak izanen dira.

8. artikulua. Patronatuaren eskudantziak.

1. Patronatuari dagokio fundazioaren xedeak betetzea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduta.

2. Patronatuari dagokio fundazio bereziaren eta, baita ere, fundazio bereziaren iturri den erakunde nagusiaren dokumentazio osoa ordenatu, sailkatu eta kudeatzea. Foru parlamentariek eskatu ahalko dute dokumentazio hori. Berariazko protokolo bat sortuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoak edo Nafarroako beste erakunde publikoek dokumentazio hori kontsultatu eta eskuragarri izatearen inguruan.

3. Patronatuak, fundazioaren gobernu organo gorena den heinean, ahalmen osoa du fundazioaren interesekin zerikusia duten gai guztiei buruz erabakitzeko.

Eginkizun horien gauzatze arrunta eta patronatuaren erabakien betearazpena lehendakariaren eta zuzendariaren esku egonen dira. Patronatuak karguan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren ahalmenak eskuordetuko dizkie edo, kasua bada, ahalordetze orokorrak edo bereziak eginen, salbu eta legearen edo estatutuen arabera eskuordeezinak diren gaietan.

4. Besteak beste, honakoak dira patronatuaren eskudantziak eta ahalmenak:

a) Fundazioaren estatutuak eta, kasua bada, haren aldaketak, onestea. Nolanahi ere, ezin izanen dira izan goragoko maila bateko araudian xedatuaren aurkakoak eta, bereziki, foru lege honetan ezarritakoaren aurkakoak.

Patronatuak estatutuen proiektua edo aldaketak onesteko, patronatu-kideen gehiengo osoa beharko da.

Estatutu horiek eta beren aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta fundazioaren web orrian argitaratuko dira.

b) Aurrekontuak prestatzea eta fundazioaren urteko kontuak onestea, ekitaldi bakoitzean.

Aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiak ezin izanen dira izan ekitaldirako aurreikusitako diru-sarreren ehuneko 125etik gorakoak, non eta Nafarroako Parlamentuak berariazko baimenik ematen ez duen.

Halaber, aurrekontuetan jasotako gastu aurreikusiek ezin izanen dute ehuneko 10etik gorako igoerarik izan aurreko ekitaldiko aurrekontuan jaso ziren gastu aurreikusiekin alderatuta, non eta Nafarroako Parlamentuak berariazko baimenik ematen ez duen.

Aurrekontuak eta urteko kontuak onesteko, patronatuko kideen gehiengo osoa beharko da.

Aurrekontu eta kontu horiek, onetsi eta gero, publikoak izanen dira.

c) Jarduketa planak eta programak onestea, aurrekontuetan aurreikusiaren barrenean, eta plan edo programa horiek betearazteko egintzak, haien izaeragatik edo zenbatekoagatik patronatuaren eskumenekoak badira.

Jarduketa-plan eta -programa horiek onesteko, patronatuko kideen gehiengo osoa beharko da.

Egintza horiek publikoak izanen dira.

d) Fundazioaren urteko kontuak auditatuko dituen sozietatea izendatzea.

Izendapen hori eta auditoretzaren txostena publikoak izanen dira.

e) Fundazioaren egitura organikoa eta haren aldaketak onestea, bai eta haren unitateetatik edozein sortzea edo kentzea ere.

Fundazioaren egitura bai eta haren langileen zerrenda ere publikoak izanen dira.

f) Jokaera Kode Etikoa onestea.

g) Ondasunak inbertitu, errealizatu, eraldatu eta gordailatzeko eta fundazioaren xedeetarako aplikatzeko erabakiak.

h) Zuzendaria hautatzea eta ordeztea, eta haren ordainsariak ezartzea. Egintza horiek publikoak izanen dira.

i) Idazkaria hautatzea eta ordeztea, eta haren ordainsariak ezartzea. Egintza horiek publikoak izanen dira.

j) Fundazioaren delegazioak eratzeko erabakia hartzea. Egintza hori publikoa izanen da.

k) Legearen edo estatutuen arabera, edo patronatuaren erabakiaren bidez, esleitzen zaizkion gainerako ahalmenak, eta fundazioaren beste organoei esleitu ez zaizkien gainerako guztiak.

5. Aurreko zenbakian aurreikusitako ahalmenak ez dira inoiz ere delegatuko.

9. artikulua. Patronatuaren funtzionamendua.

1. Patronatua urte bakoitzeko lehen seihilekoan batzartuko da onespena emateko urteko kontuei eta emaitza-aplikazioko proposamenari, lege aplikagarrietan aurreikusten den moduan.

Era berean, ekitaldiko laugarren hiruhilekoan batzartuko da, hurrengo ekitaldiari dagokion jarduketa planari onespena emateko.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ezertan ukatu gabe patronatuak lehendakariak deitzen duen edo gutxienez ere hiru patronatu-kidek eskatzen duten bilera oro egin ahalko du. Hiru patronatu-kidek bilera eskatu eta hilabeteko epean lehendakariak deialdia egiten ez badu, eskatzaileek ahalmena izanen dute deialdi formala egiteko.

3. Patronatua modu baliozkoan eratuko da, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Edonola ere, lehendakariak eta idazkariak egon beharko dute, edo haien ordezkoek.

4. Patronatu-kide bakoitzak boto baterako eskubidea izanen du. Erabakiak bertaratutako kideen edo behar bezala ordezkatutakoen gehiengoaren bidez hartuko dira, espresuki bestelako gehiengo kualifikatu bat eskatzen ez bada.

5. Idazkariak patronatuaren bileren akta eginen du, eta hori onetsi beharko da, bilera bukatzen denean edo hurrengo bileran. Lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute akta. Akta dagokion liburuan idatziko da.

6. Aktan honako hauek zehaztuko dira: bilerako kideak (bertaratu direnak zein ordezkatuta daudenak), bileraren gai-zerrenda, noiz eta non egin den, eztabaiden puntu nagusiak, patronatu-kideek hala eskatzen badute, eta hartutako erabakien edukiak.

7. Bileretarako deialdia idazkariak bidaliko du, lehendakariaren aginduz, bilera egin baino bost egun natural lehenago, gutxienez. Horretarako, jaso izana adierazteko aukera ematen duen edozein baliabide erabiliko da, eta patronatuko kide bakoitzak horretarako adierazi duen lekura edo helbidera igorriko da.

Deialdian bileraren lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita gai-zerrenda ere. Deialdiarekin batera gai-zerrendako puntuak aztertzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak bidaliko dira.

Patronatuko kide guztiak bertan egon eta bilera egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurreko deialdirik egin beharko.

8. Erabakiek hartzen diren unetik aurrera sortuko dituzte ondorioak, salbu eta, legeak hala xedatu edo patronatuak erabakitzen duelako, eragina gerorako uzten bada.

III. KAPITULUA. Lehendakaria

10. artikulua. Hautaketa.

1. Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurari dagokio foru lege honen menpeko fundazioetako lehendakaritza bete behar duen pertsona hautatzea.

2. Hautagai bat baino gehiago badaude, boto gehien lortzen dituena hautatuko da lehendakari. Hautagai bakarra dagoenean, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira hautatuko da hautagaia.

11. artikulua. Eginkizunak.

1. Lehendakariari dagokio fundazioaren ordezkaritza gorena pertsona, agintari, edo entitate publiko zein pribatu guztien aurrean. Horretarako, mota guztietako egintzak, kontratuak eta hitzarmenak egin eta beharrezkoak diren dokumentuak izenpetu ahalko ditu.

2. Patronatuaren erabakiz, lehendakariak eginkizun betearazleak hartu ahalko ditu. Halakoetan, fundazioaren kudeaketa organoen gainean ardura betearazle gorena izanen du.

3. Halaber, lehendakariari dagokio patronatuaren bileren deialdia egitea eta haietarako gai-zerrenda jartzea, patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea, bileretan eta haietan diren eztabaidetan buru eta zuzendari aritzea eta proposatzen diren erabakiak bozkaraztea. Berdinketa dagoenean kalitate-botoa izanen du.

4. Era berean, lehendakariari dagokio gardentasunaren aldeko konpromiso bat, eta kontrol, analisi eta ikerketarako informazio egokia egon dadin begiratzea, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta bestelako erakunde publikoek eskatuta.

12. artikulua. Ordeztea.

Lehendakaria ez dagoenerako, edo gaixorik dagoenerako, edo kargua hutsik dagoenerako, patronatu-kideen artetik haren ordez jardunean ariko dena hautatuko du patronatuak.

IV. KAPITULUA. Zuzendaria

13. artikulua. Eginkizunak.

1. Zuzendariari dagokio fundazioaren zuzendaritza eta ohiko kudeaketaren gaineko ardura, fundazioaren jarduera garatzen den gai guztietan.

Eginkizun betearazleak izanen ditu; bereziki, patronatuaren erabakiak betearaztea, besterik xedatu ez denean. Ardura betearazle gorena izanen du fundazioan lan egiten dutenen gainean. Horretarako, fundazioen kudeaketarako gainerako organoak haren menpean egonen dira, zuzenean eta bitartekorik gabe.

Halaber, patronatuak esleitzen edo eskuordetzen dizkion eginkizunak beteko ditu.

2. Lehendakariaren ordezkaritza ezertan galarazi gabe, zuzendariak fundazioaren ordezkaritza gorena izanen du, pertsona, agintari, edo entitate publiko zein pribatu guztien aurrean. Horretarako mota guztietako egintzak, kontratuak eta hitzarmenak egin eta beharrezkoak diren dokumentuak izenpetu ahalko ditu.

3. Zuzendaria izateko eta eginkizun horretarako izendatua izateko, unibertsitateko goi mailako titulua eskatuko da, eta sektore publikoaren edo enpresaren kudeaketa arloan aski esperientzia egiaztatu izana.

4. Zuzendariak eta bestelako ardura betearazleak dituztenek arrazionaltasuna, profesionaltasuna eta eraginkortasuna izanen dituzte irizpide. Fundazioaren oinarrizko xedeen, estatutuetako manuen eta patronatuaren eta haren menpeko organoen aginduei jarraikiz jokatuko dute, patronatuak onetsiko duen Jokaera Kode Etikoaren printzipioak errespetatuz betiere.

5. Fundazioko zuzendariak erabateko dedikazioko araubidea izanen du, eta bere jarduna bateraezina izanen da edozein jarduera ordaindu publiko nahiz pribaturekin, salbu eta norberaren ondarearen administrazioa bada.

6. Fundazioko zuzendariak eskubidea izanen du patronatuak ezartzen dituen ordainsariak jasotzeko. Ordainsariak publikoak izanen dira.

Karguagatik fundazioaren aldetik jasotzen dituen ordainsariak, gehienez ere, eta kontzeptu guztiengatik, urteko 60.000 eurokoak izanen dira.

7. Patronatuaren erabakiaren bidez zuzendaria kargutik kendu ahalko da.

8. Fundazioko organoek, legean eta estatutuetan ezarritakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen dituzten ahalmenak eta ahalordetzeak eman ahalko dizkiote zuzendariari, karguan jarduteko.

V. KAPITULUA. Idazkaria

14. artikulua. Idazkaria.

1. Lehendakariak proposatuta, patronatuak idazkaria izendatuko du. Zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izan beharko du, eta bost urteko lanbide esperientzia frogatu.

2. Jasoko dituen ordainsariak publikoak izanen dira.

3. Idazkaritzaren titularra ez dagoenean, haren eginkizunak fundazioko langile batek beteko ditu, edo patronatu-kide batek, patronatuak berak xede horretarako gaituko baititu.

4. Idazkariaren eginkizunak honako hauek dira: fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eskatzen dizkioten txosten juridikoak egitea, lehendakariaren aginduz patronatuaren bileren deialdia egitea, bilerei dagozkien aktak idaztea eta behar diren ziurtagiriak eta jakinarazpenak luzatzea.

VI. KAPITULUA. Fundazioaren betebeharrak eta kontrola

15. artikulua. Fundazioaren betebeharrak.

1. Foru lege honen menpeko fundazioen organo guztiak indarrean dagoen legediari eta estatutuei lotuko zaizkie jarduteko, eta etikaren, gobernu onaren eta profesionaltasunaren printzipioak beteko dituzte.

2. Fundazioak urtero emanen dio bere jardunaren berri Nafarroako Parlamentuari, lehendakariak eginiko agerraldi batean.

Nafarroako Parlamentuak fundazioaren organoen titularrak agertzeko eskatu ahalko du. Titularrek laguntza eman beharko diote Parlamentuari, eta eskatzen dien informazioa eskuratuko diote.

Fundazioak, urtarrilaren, apirilaren, uztailaren eta urriaren azken eguna baino lehen, Nafarroako Parlamentuari hiruhileko informazioa igorriko dio, aurrekontu-exekuzioaren mailari buruzkoa.

3. Foru lege honen menpeko fundazioen jarduera urtero fiskalizatu ahalko du Kontuen Ganberak. Ganberari fiskalizazio lana egitea erraztuko zaio.

4. Fundazioaren jardueraren, bere patronatuaren, haien egintza, kontratu, hitzarmen eta diru-laguntza nagusien eta foru lege honetan aipatzen diren egintzen publizitatea fundazioaren web orri baten bidez eginen da.

Aipatu atarian argitaratuko da, halaber, fundazioaren funtsetatik, edozein kontzepturengatik, 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten pertsonen zerrenda, eta kopuru horren kontzeptua eta zenbateko zehatza. Aurrekotik salbuetsita daude fundazioarekin lan harremana duten pertsonen ordainsariak, zuzendariarenak izan ezik.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru lege honetan xedatzen ez den orotan, fundazioei aplikatzekoa zaien foru araubidean ezarritakoari jarraikiko zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Ezertan ukatu gabe Nafarroako Parlamentuaren eta Kontuen Ganberaren kontrola, foru lege honetan eta legeetan oro har ezartzen den moduan, foru lege honen menpeko fundazioen jardueraren autonomia bermatzen da, gainerako edozein erakunde publikorekiko.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Nafarroako Foru Komunitatea jarduera eremu duten foru lege honen menpeko fundazioek bete beharko dute Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak sozietate eta fundazio publikoentzat gardentasun aktiboari buruz xedatzen dituen aurreikuspenak.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Gainera, horretarako ahalmena duten agintariez gain, foru parlamentariek eskubidea izanen dute foru lege honen menpeko fundazioen eta haien babesletzaren eskuetan dauden agiriei buruzko informazioa eskuratzeko.

Bosgarren Xedapen Gehigarria

Foru lege honen menpeko fundazioen patronatuen lehen eginkizuna izanen da fundazioen ondasunen eta betebeharren inbentario edo balantze osoa eta zehaztua onestea.

Seigarren Xedapen Gehigarria

Foru lege honen menpeko fundazioen jarduera urtekako aurrekontuen araberakoa izanen da, eta fundazioek Kontuen Ganberari aurkeztu beharko diote aurrekontu horien garapena, hark audita dezan.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria

Foru lege honen menpeko fundazioek eskatuko dute Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusten den fundazioen araubide fiskal berezia.

Lehen Xedapen Iragankorra

1. Aurrezki kutxen gobernu-organoei eta entitate horien araubide juridikoaren gaineko beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren babesean Nafarroan eratu diren izaera bereziko fundazioek foru lege honetako xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, eta horretarako izanen duten epea izanen da Aurrezki Kutxei eta Banku Fundazioei buruzko abenduaren 27ko 26/2013 Legearen xedapen gehigarrietako lehenbizikoak haiek fundazio arrunt bihurtzeko ematen duen epe bera.

2. Egokitzapen hori egin ezean, epea iragaten denean indarrik gabe eta aplikaziorik gabe geratuko dira foru lege honen xedapenen aurka doazen bere estatutu-xedapen guztiak.

3. Estatutuak onesten direnean, eta, edozein kasutan ere, 1. idatz-zatian aipaturiko epea betetzean, izaera bereziko fundazioetako zuzendaritza-organoetako kideek beren karguak utziko dituzte.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Izendapen proposamena egin behar duten erakundeek patronatuko-kideak hautatuko dituzte, gehienez ere, hiru hilabeteko epean, lehen xedapen iragankorrak aipatzen duen estatutu-onespenetik edo -egokitzapenetik kontatzen hasita, eta, edozein kasutan, zortzi hilabeteko epean, gehienez ere, foru lege honek indarra hartzen duenetik.

Hirugarren Xedapen Iragankorra

Foru lege honen menpeko fundazio bakoitzaren web orria jendearentzat eskuragarri egon beharko da, lau hilabeteko epean, foru lege honek indarra hartzen duenetik, eta bertan ezartzen den edukiarekin.

Laugarren Xedapen Iragankorra

Foru lege honen menpeko fundazioek helburu gisa finkatuko dute 6. artikuluko g) letran aurreikusitakoa betetzea, patronatua eratu eta sei hilabeteko epean.

Azken Xedapenetan Lehena

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa