(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Aurrezki kutxak :
      • 642/1992 Foru Agindua, abuztuaren 31koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako aurrezki kutxen zenbait eragiketa arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

642/1992 Foru Agindua, abuztuaren 31koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako aurrezki kutxen zenbait eragiketa arautzen dituena

 

(1992ko 113. NAOn argitaratutako testua, irailaren 18an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateak Aurrezki Kutxen arloan zituen zenbait eskumen garatzen dituen ekainaren 29ko 244/1992 Foru Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari esleitzen dio Goi Karguak partehartzaile diren eragiketen gaineko kontrola, indarra duten xedapenetan zehaztutakoaren arabera.

Era berean, Nafarroako Aurrezki Kutxetako errektore-karguei buruzko apirilaren 21eko 7/1987 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen ditu, orokorrean, Aurrezki Kutxek Goi Karguekin egin beharreko eragiketetan zenbait mugapen.

Foru Agindu honen helburua da pertsona horiei aplikatzen ahal zaizkien zenbait mugapen zehaztea eta, aldi berean, aldez aurreko baimena behar duten eragiketak finkatzea eta hori lortzeko jarraipideak ematea.

Horiek horrela, agindu dut:

1. artikulua

Foru Agindu honetan bilduriko xedapenetan, helbide soziala Nafarroan duten Aurrezki Kutxek Administrazio Kontseiluko edo Kontrol Batzordeko kideren batekin edo Zuzendari Nagusiarekin burutzen dituzten zenbait eragiketatarako arauak ematen dira. Arau berak aplikagarri izanen dira eragiketa horietan haien ezkontideek nahiz aurretiko, oinordeko edo lerro bereko senitartekoek, bigarren mailara artekoak, parte hartzen dutenean.

2. artikulua

1. Apirilaren 21eko 7/1987 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, berariazko baimena ematen da arau horrek aipatzen dituen karguak betetzen dituzten pertsonek zein administraziotan parte hartzen duten hango Aurrezki Kutxetako kreditu, abal edo bermeak lor ditzaten.

2. Edozein kasutan ere, kreditu, abal eta berme hauek, bai eta Foru Agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren ondorioz lor daitezkeenak, Entitate horretako Administrazio Kontseiluak onartu beharko ditu.

Kreditu edo abal horiek, berez nahiz metaketaren ondorioz, lau milioi pezetatik gorako arriskua dakartenean, Entitate horrek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakin erazi beharko dio, eman direneko hilabetea amaitu baino lehen.

3. artikulua

Nolabaiteko lotura duten elkarteei kredituak, abalak edo bermeak emateko aldez aurreko baimena beharko da, horien helburua eta mota edozein delarik ere.

Foru Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, loturarik dagoela hartuko da 1. artikuluan zehaztu pertsonaren batek, bakarrik nahiz elkarturik, elkarte horretan gehieneko partaidetza duenean edo, bestela, Elkarte horretako Presidentea, Kontseilaria, Administratzailea, Kudeatzailea, Zuzendari Nagusia edo antzeko karguren bat betetzen duenean. Izaera juridiko independientea duen edozein entitate hartuko da elkartetzat.

4. artikulua

Foru Agindu honen 1. artikuluan aipatu pertsonarenak edo loturarik duten elkartearenak diren ondasun, eskubide edo baloreak eskuratu ahal izateko Aurrezki Kutxek baimena eskatu beharko dute.

5. artikulua

Aurrezki Kutxek, bakarrik nahiz elkarturik, elkarte batetako kapitalaren %20 baino gehiago hartu ahal izateko, berariazko baimena eskatu beharko dute.

6. artikulua

Baimenen eskaerak Ekonomia eta Ogasun Departamentura igorri beharko dira eta honek, eskaerak jaso eta hamabost egunetako epean, ebatziko ditu. Epe hori ezer jakin erazi gabe amaiturik, baimena emantzat hartuko da. Baimenak emateko ezespen guztietan arrazoiak azaldu beharko dira.

Kasu guztietan, baimenen eskaerarekin batera Administrazio Kontseiluaren erabakia, elkartearekin dagoen lotura mota eta eragiketaren deskripzioa aurkeztuko dira. Horretaz gain, honako arau hauek bete beharko dira:

1. 4. artikuluan zehaztu eragiketak burutzeko, aurreko agiri horiekin batera honakook eranstea:

a) Erosketa hori arrazoitzen duten zergatiak.

b) Eragiketaren xede diren ondasun, eskubide eta baloreen zerrenda zehaztua, bai eta horien gainean egon daitezkeen zama, karga edo menpekotzak ere.

c) Egindako balorazioa, hura zehazteko oinarri izan diren elementuak azalduz.

2. 5. artikuluak aipatu partaidetzak erosteko, elkarte horren ezaugarri eta helburu nagusiak azalduko dira eta horiekin batera, Egoeraren Balantzea eta Emaitzen Zerrenda, berrikien egindakoak.

7. artikulua

Urtero Aurrezki Kutxek honako agiri hauek bidaliko dizkiote Ekonomia eta Ogasun Departamentuari:

a) Foru Agindu honen 1. artikuluan azaldu titularrei dagozkien arrisku orokorren egoera.

b) 5. artikuluak zehaztu elkarteen zerrenda, horietako bakoitzean zenbateko partaidetza duen adieraziz, ehunekoetan.

8. artikulua

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa