(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Beste arau batzuk :
      • 5/2014 Foru Legea, apirilaren 14koa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

5/2014 Foru Legea, apirilaren 14koa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duena

 

(2014ko 81. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 28an)

Zioen Azalpena

Ukaezina da gobernuz kanpoko erakundeek garrantzi handia dutela krisi testuinguru honetan. Nafarroako errealitate sozialari buruz duten ezagutzatik abiatuta, lan paregabea egiten dute, ez soilik solidaritate-balioen prestakuntzari dagokionez, ezpada zailtasunak dituzten pertsonei lagun egiteari dagokionez ere.

GKE-en lan-esparrua oso zabala eta askotarikoa da, garapenerako lankidetzaren arloko lanetik hasi eta ezgaitasun motaren bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen saiatzen diren erakundeetaraino, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte-entitateetatik pasatuta.

Hortaz, erkidego honetan eta une honetan, gizarte-entitateen sektorea esparru estrategiko bat da, gizarte-, giza eta ekonomia-garrantzi handia duenez babestu eta sendotu beharra dagoena.

Edozein estamenturentzat garrantzitsuak dira laguntza publikoak, haien kantitatea, egonkortasuna eta iraunkortasuna, baina are garrantzitsuagoak dira, hil ala bizikoak, gisa honetako gizarte-entitateentzat, garatutako elkartasun-lana eraginkorra izanen bada.

Hortaz, diru-laguntzen eta laguntza publikoen deialdian egonkortasuna beharko litzateke urtez urte laguntza horiek emateko datari dagokionez, entitate horien plangintza bateragarria izan dadin egiten duten lanarekin eta ematen dituzten zerbitzuekin. Ezin da egon gaur gertatzen denaren moduko desfase handia, ezin da gertatu martxoan oraindik egin gabe egotea zenbait diru-laguntzaren deialdiak eta beste zenbait ebatzi gabe egotea, zeren egoera horrek ezegonkortasun eta ziurgabetasun ekonomikoa sortzen baititu, eta ezin dugu ahantzi ziurgabetasun horrek eragina daukala entitate horiek ematen dituzten prestazioen eta martxan jartzen dituzten neurrien kalitatean. Sektore honek Nafarroan duen garrantziari buruzko oinarrizko adostasuna baldin badago, garrantzi horren araberako finantzaketa-sistema bat eduki behar dugu.

Azterketa eta analisi ugarik bat etorririk adierazten dute Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko (GEHS) entitateak diruz laguntzeko Administrazio Publikoak baliatzen duen sistema desegokia eta eskasa dela, eta ez dela egokitzen errealitatera eta sektore horrek azken hamarkadetan izandako bilakaerara, eta hori oztopo oso handia da sektorearen garapenerako. Finantzaketa desegoki hori erakundeek gure gizarteko pertsona ahulenei ematen dizkieten zerbitzuen kalterako da, eta horrek konparaziozko bidegabekeria bat dakar bestelako entitate batzuekin alderatuz gero. Egungo krisi egoeran, finantzaketa arazo egiturazkoak larritu eta are gehiago geratu dira agerian, ahal bada; izan ere, zerbitzuak eta programak gainezka egiten ari dira, halako moduz non gizarte entitateek zabaldu eta areagotu egin behar baitute ematen duten arreta, eta dituzten finantzabideak, aldiz, murriztu eta prekarizatu egiten baitira.

GEHSko entitateek era jarraituan egiten dituzten jardueretatik asko, interes publikokoak izateaz gain, behar-beharrezkoak dira gizartean; izan ere, pertsona ahulenen sustapenera bideratuta daude, oinarrizko beharrizanei erantzuten diete, eta gizarte zerbitzuekiko eta bestelako zerbitzu publikoekiko lankidetza estuan gauzatzen dira. Hala ere, denboran zehar sendotu eta eraginkortasuna erakutsi arren, eta Administrazioak berak eta gizarteak premia bizikotzat hartu arren, praktikan baldintza prekarioetan jardun behar izaten dute, batzuetan etenak eginez, deialdien atzerapena dela-eta, denbora aldetiko zalantzengatik eta kudeaketa-baldintza eta administrazio-kontrol desegokiagatik.

GEHSk hazkunde garrantzitsua izan du azken urteotan, bere jardueren kalitatea hobetu egin da, Administrazioekiko lankidetza gero eta estuagoa da, eta bere eginkizun soziala ezinbestekoa da. Hala ere, garatzen dituen jarduerak finantzatzeko formula egokirik ez aurkitzeaz gain, egun daudenak konplexuago egin dira, eta, ondorioz, gero eta zailagoa da proiektuen bideragarritasuna.

GEHSari eta horrek gauzatzen duen jarduerari egokitutako legedirik edota indarrean dagoen foru legeari egokitutako arau-garapenik ez izatearen ondorioz, Administrazioaren eta gizarte entitateen arteko harremana, askotan, baldintzatuta egoteaz gain, diru-laguntzak eskuratzeko eta justifikatzeko administrazio-prozeduren kontrolera murriztuta geratzen da. Lehentasuna ez du elkarlanak, helburu komunak lortzeko lankidetzak, non bi aldeek elkarrekin jarduten duten eta ahalegina egiten duten, ezta azken onuradun izanen diren pertson en ikuspegiak eta haien beharrizanak asebetetzeak ere. Aitzitik, gastuaren kontrola da dena baldintzatzen duena, eta administrazio-konplexutasuna eta burokratizazioa gero eta handiagoak dira; hori oztopo bihurtzen da entitate txikiek diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eta, horretaz gain, gastuak areagotzen ditu, efizientzia murrizten du eta azken helburua bistatik galtzea eragiten du.

Zorpetze-ratioa oso txikia bada ere, hamar entitatetik seik onartzen dute likidezia arazoak dituztela. Datu horrek adierazten du entitateek egoera ekonomiko saneatua dutela, baina kezkatzekoa da, kontuan hartzen badugu likidezia arazoak dituzten entitate askok beren burua behartuta ikusten dutela hornitzaileei eta langileei egin beharreko ordainketak atzeratzera, edota beren jarduera atzeratzera. Horrekin lotuta, egiaztatu da horietatik ehuneko 40 baino gehiagok mailegu edo kreditu pertsonalak eskuratzen dituztela.

Likidezia arazoen ondorioz, entitateek bi zailtasun mota izaten dituzte: alde batetik, kredituak eskuratzea, batzuetan entitatearen sustatzaileen ondasunen abalarekin –Administrazioak ez ditu bere gain hartzen kreditu horien kostu finantzarioak, eta, hala, gehiegizko arriskuak, beharrezkoak ez direnak, areagotu egiten dira–, eta, bestetik, kredituak eskuratzeko zailtasunak, finantza-entitateek aplikatzen dituzten arrisku-balorazioko sistemak ez daudelako sektorearen errealitatera egokituak. Eta horixe bera gertatzen da abalak izatea beharrezkoa denean. Ez da lanik egin Administrazioaren eta finantza-entitateen artean akordioak lortzeko, gizarte-entitateei likidezia errazte aldera, horrela entitate horiek ordainketak egitean duten atzerapena zuzen dezaten. Horretaz gain, sektorearen beharrizanetara eta errealitatera egokitutako tresna finantzarioak falta dira.

Hori dela eta, foru lege honen xedea da Foru Komunitateko Administrazioak gizarte-entitateei ematen dizkien diru-laguntzen izapidetzea, epeak eta ordainketa arintzea eta erraztea, edozein entitatek kontuak emateko oro har duen betebeharra bazter utzi gabe.

1. artikulua. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari 5. bis artikulu berri bat gehitzen zaio:

“5. bis artikulua. Plangintza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diru-laguntzen plan estrategiko orokor bat ezarriko du hiru urtetik behin, departamentuen eta jarduketa lerroen arabera xehakatuta. Plan horrek, onetsia izan aurretik, arlo ekonomikoan eskumena duen departamentuaren baimena lortu beharko du.

Diru-laguntzen plan estrategiko hori urtero berrikusiko da, eta bertan gehituko dira beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo doikuntzak.

Diru-laguntzen plan estrategikoa Nafarroako Parlamentuko ekonomiaren arloko batzorde eskudunari aurkeztu beharko zaio urtero, apirilaren 30a baino lehen.

2. Urte bakoitzeko lehen lauhilabetekoan, departamentu eta erakunde autonomoek aurreko ekitaldiko deialdien ebaluazio-txostenak prestatuko dituzte. Txosten horietan aztertuko dira deialdi bakoitzean banaka planteatutako helburuen betetzea eta diru-laguntza emateko prozeduran ezarritako epeen betetze-maila, bai eta deialdiei lotutako gai garrantzitsuak ere.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren txostenak Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzaren dokumentu gisa igorriko zaizkio, onetsi ondoren eta ezarritako epearen barruan, Nafarroako Parlamentuan ekonomiaren arloko eskumena duen batzordeari”.

2. artikulua. Aldatu egiten da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikulua, eta 4. idatz-zati berri bat gehitzen zaio:

“4. Oinarri arautzaileetan ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez badira, onuradunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatu ahalko diote diruaren legezko interesa ordaintzeko.

Halaber, ez-betetze horren ondorioz galerak edo ondorio ekonomiko negatiboak eragiten baldin badira finantzatutako proiektu, ekintza, jokaera edo egoerarako, onuradunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eskatu ahalko diote kalte horiek ordaintzeko.

Onuradunek behar bezala frogatu beharko dituzte ez-betetzeak eragindako kalte ekonomikoak”.

3. artikulua. Aldatu egiten da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikulua, eta 3. eta 4. idatz-zati berriak gehitzen zaizkio:

“3. Diru-laguntzak emateko prozedurak, oro har, urte bakoitzeko urtarrilean zehar hasi beharko dira, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean amaitu, diru-laguntza horiek emateari buruzko ebazpenak emanez, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik; justifikazio hori urte bakoitzeko otsailaren 28a baino lehen frogatu beharko da, ekonomiaren arloaz arduratzen den Nafarroako Parlamentuko batzordearen aurrean.

4. Gizarte ekintzako entitateentzako diru-laguntzen kasuan, horiek emateko prozedura urte bakoitzeko urtarrilean hasiko da, eta organo eskudunak diru-laguntza emateko ebazpena urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen eman beharko da”.

4. artikulua. Aldatu egiten da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 33. artikulua. Hona testu berria:

“33. artikulua. Diru-laguntzen aurrerapena.

1. Arau orokor modura, aldez aurretik ordainduko dira irabazi asmorik gabeko entitateei edota horien federazio, konfederazio edo elkarteei ematen zaizkien diru-laguntzak, gizarte ekintzako proiektu edo programak finantzatzera bideratuak, baldin eta diruz lagundutako jardueraren gauzatzea aldi baterako finantzatzeko baliabide nahikorik ez badute eta inguruabar hori behar adina frogatzen badute.

Aurrerakinak modu honetan ordainduko dira:

a) Emandako diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, ordainketa bakarrean ordainduko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpena ematearekin batera.

b) Emandako diru-laguntza 60.000 euro baino gehiagokoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: horietako lehena diru-laguntza ematea ebaztearekin batera, eta hurrengoa (edo hurrengoak) ebazpen horretan ezarritako epeetan edo epemugetan. Zatitutako ordainketa bakoitza ez da izanen, inolaz ere, 30.000 euro baino gutxiagokoa, azkenekoa izan ezik, diru-laguntza osatzera arteko zenbatekoa ez bada kopuru horretara iristen. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da exekuzioari buruzko agiri bidezko justifikazio ekonomikoa aurkeztea, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokiona, diru-laguntzaren hurrengo ordainketa egiteko.

2. Gainerako onuradunentzat, emandako diru-laguntzaren ordainketak aurreratu ahal izanen dira diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan hori berariaz aurreikusten denean soilik, oinarriok ezarritako muga, betekizun eta, hala egokituz gero, bermeekin, eta, betiere, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzen baldin bada.

3. Lehenengo idatz-zatian aurreikusten ez diren onuradunen kasuan, nahitaez ezarriko dira bermeak aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak direnean, hurrengo kasuetan salbu:

a) Onuraduna administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat denean.

b) Etengabeko prestakuntzako programetan kasuko eskubidea aitortua duten enplegu zentro bereziei defizita konpentsatzeko ordainak ematen zaizkienean.

4. Halaber, zilegi izanen da aurreko idatz-zatian aipatutako bermeak ez eskatzea “Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia” Fundazioari eta irabazi asmorik gabeko kultur entitateei, kasu bakoitzaren inguruabar bereziak kontuan izanik ogasun arloko kontseilari eskudunak erabakitako kasu zehatzetan.

5. Diru-laguntzen aurrerakinak oinarri arautzaileetan ezartzen diren epeetan justifikatu beharko dira, eta diru-laguntzen justifikazioari eta ordainketari buruz oro har adierazitako betekizun berberak bete beharko dira, foru lege honen 32. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako txostena barne dela”.

5. artikulua. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari 33. bis artikulu berri bat gehitzen zaio:

“33. bis artikulua. Exekuzio-epeak.

Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak zenbatzerakoan, oro har, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren data hartuko da hasierako datatzat. Ekintza horiek gauzatzeko epeak hasieran emandako denbora halako bi luzatzen ahalko dira gehienez, oinarri arautzaileetan ezarritakoari baldintzetan.

Edonola ere, gizarte entitateak hala eskatzen badu, hasierako data, behin ebazpena jaso ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena bera baino lehenagokoa izan daiteke, betiere deialdia egin den urte naturalaren barruan izanez gero”.

6. artikulua. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari bi xedapen gehigarri berri gehitzen zaizkio:

“Lehen xedapen gehigarria.–Finantza entitateekiko hitzarmenak.

Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko entitateei likidezia izateko eta kredituak eskuratu ahal izateko erraztasunak emateko, lankidetza hitzarmenak sustatuko ditu Nafarroan jarduten duten finantza entitateekin”.

“Bigarren xedapen gehigarria.–Gerakina.

Edozein arrazoi tarteko, esleitu gabeko gerakinik geldituko balitz Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gizarte entitateetarako aurreikusitako diru-laguntzetarako kredituetan, premiazko deialdi bat onetsiko da aurrekontu-ekitaldi beraren barruan, foru lege honetan aurreikusitakoari jarraikiz”.

7. artikulua. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarra hirugarren xedapen gehigarria izatera igaro da.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa