(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Beste arau batzuk :
      • 136/2013 Foru Agindua, apirilaren 17koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ...

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

136/2013 Foru Agindua, apirilaren 17koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ...

 

(2013ko 89. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 13an)

Atarikoa

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, 27. artikuluan, xedatzen du egindako gastua justifikazio kontuaren bidez justifikatzen ahal dela diru-laguntza emateko egintzan aurreikusitako helburuak eta ezarritako baldintzak bete direla. Diru-laguntza publikoen kasuan kasuko oinarri arautzaileek ezarriko dute nola eman justifikazio kontua eta zein epetan.

Aurreikuspen horrekin bat, bidezkoa da ezartzea, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak eman behar dituzten diru-laguntzetarako, nola eman behar diren justifikazio kontuak, zein epetan eta kontu horiekin batera aurkeztu beharreko txostenak egiten dituzten kontu auditoreen jarduketa profesionalak.

Orobat, auditoreek jarraitu beharreko prozedura arautzen da, hautatzen bada justifikazio kontuaren modalitatea auditorearen txostenarekin batera. Auditore batek egiaztatze lanetan parte hartzeak, foru agindu honetan zehazten den irismenarekin, onuradunari bide ematen dio hirugarrenen aurrean frogatzeko bere betebeharrak konplitu dituela eta diruz lagundutako proiektua egin duela, eta, halaber, diru-laguntza ematen duen organoari errazten dio hura behar bezala justifikatuta dagoela egiaztatzea, eta, horrenbestez, tramitazio administratiboa arindu egiten du.

Bestalde, egungo krisi ekonomiko eta finantzario honetan, hura elementu gehigarria da enpresei finantziazioa erdiestea errazteko. Horretarako, aukera ematen da diruz lagundutako jarduerak gauzatu direlako justifikazio partzialak egiteko, enpresek kredituak eskura ditzaten diru-laguntzen etorkizuneko kobrantzen kargura.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek xede du Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak eman behar dituzten diru-laguntzetarako ezartzea, oinarri arautzaile gisa, nola eman behar diren justifikazio kontuak, zein epetan eta kontu horiekin batera aurkeztu beharreko txostenak egiten dituzten kontu auditoreen jarduketa profesionalak.

2. artikulua. Justifikatzeko epea.

1. Laguntza bakoitzaren berariazko oinarri arautzaileetan bestelako epea jarri ezean, justifikazio kontua gehienez ere hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da, epe osoa bukatu zenetik hasita edo diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epe partzialetatik hasita.

2. Laguntza bakoitzaren berariazko oinarri arautzaileetan jasotzen ez bada ere, onuradunak frogatu behar duenean noraino bete duen diru-laguntzaren helburua laguntzaren organo kudeatzailea ez den hirugarren baten aurrean, justifikazio kontu partzialak aurkez ditzake, soilik hura noraino bete duen hirugarrenen aurrean frogatzeko ondorioetarako, ukatu gabe justifikazio kontu partzial horiek erabil daitezkeela justifikazio kontu osoa prestatzeko.

Justifikazio partzialek ez dute ekarriko diru-laguntza eman zuen entitateak hura ordaindu beharra, ez bada hala begiesten laguntza bakoitzaren oinarri arautzaileetan.

3. artikulua. Nola eman justifikazio kontua.

Modu hauetako batean eman behar da justifikazio kontua:

a) Justifikazio kontua, gastuen frogagiriekin batera.

b) Justifikazio kontua, auditorearen txostenarekin batera.

4. artikulua. Justifikazio kontua, gastuen frogagiriekin batera.

Ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko da justifikazio kontua aurkezten denean gastuen frogagiriekin batera:

1. Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena.

2. Memoria ekonomiko bat, egindako jardueren kostea justifikatzen duena eta ondoko hau jaso beharko duena, non ez den justifikazio kontua hautatzen auditorearen txostenarekin, foru agindu honen 5. artikuluan aurreikusten dena:

a) Diruz lagundutako jarduerari atxikitako gastuen eta diru-sarreren likidazioa, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren kontzeptuen arabera.

b) Likidazioko epigrafe bakoitzari heltzen dioten fakturen eta gainerako frogagirien zerrenda, identifikazio datu guztiak adieraziz, baita zer portzentaje egotzi zaion diruz lagundutako jardueraren gastuei eta ordainketaren justifikazioa ere.

c) Merkataritzako trafiko juridikoan frogarako pareko balioa duten fakturak edo agiriak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko puntuko zerrendan agertzen direnak, eta, hala balegokio, ordainketa frogatzen duen dokumentazioa.

d) Zeharkako kostuak banatzeko irizpideen justifikazioa.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo diru-laguntzen zerrenda zehatza, zenbatekoa eta haren jatorria adierazita.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikulua eta laguntzaren oinarri arautzaileak aplikatuta, onuradunak eskatu behar izan duen dokumentazioa eta hautatutako eskaintzaren justifikazioa.

g) Hala balegokio, itzulketaren ordainketa gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, baita haietatik eratorritako interesena ere.

h) Onuradunaren aitorpena, azpikontratatutako jarduerei buruzkoa, azpikontratazioaren kasuan Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusi bezala, azpikontratistak, fakturatutako zenbatekoak, enpresarekiko lotura (ala lotura eza) zehaztuta, eta onuradunaren adierazpena artikulu horretan aurreikusita betetzeari dagokionez.

5. artikulua. Justifikazio kontua, auditorearen txostenarekin batera.

1. Foru agindu honetako 4. artikuluko memoria ekonomikoan erantsi beharreko informazioa murrizten ahal da, justifikazio kontua aurkezten bada kontu auditorearen txostenarekin batera. Auditore horrek kontu auditore gisa egon behar du inskribaturik kontu Kontabilitaterako eta Kontuen Auditoretzarako Institutuaren menpeko Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean, hurrengo artikuluan adierazi bezala.

Halakoetan, justifikazio kontuak izan beharko du, 4. artikuluko jarduketaren justifikazio memoriaz gainera, ondoko edukia duen memoria ekonomiko laburtu bat: diruz lagundutako jarduerari lotutako gastuen eta diru-sarreren likidazioa, laguntzak emateko ebazpenean ezarritako kontzeptu lagungarrien arabera, eta, hala balegokio, hasieran aurrekontuetan ezarritako zenbatekoak eta izandako desbiderapenak.

2. Laguntzen onuraduna behartuta dagoenean kontu-auditoretzari buruzko araudiaren menpeko auditore batek urteko kontuak ikuskatu diezazkion, auditore berak berrikusten ahal du justifikazio kontua. Onuraduna behartuta ez dagoenean urteko kontuak ikuskatzera, onuradunak berak izendatuko du auditorea.

3. Auditoreak eduki beharko du berrikusitako lana frogatzen duen dokumentazioaren artxiboa, berak egindako txostena daukana. Auditoreak zortzi urtez gorde beharko du egindako lana frogatzen duen dokumentazioa, txostena egiten den egunetik hasita.

6. artikulua. Auditorearen jarduketaren irismena.

Kontuen auditoreak honako irismen hau duela berrikusi beharko du justifikazio kontua:

a) Egiaztatzea foru agindu honen 5. artikuluan zehaztutako agiri guztiak dauzkala eta horretarako behar adina ahalmen duen pertsona batek izenpetu dituela.

b) Egiaztatzea jarduketaren memoriako informazioa eta horrek bat egiten duela justifikazio ekonomikoa berrikusteko oinarri izan diren agiriekin.

c) Berrestea laguntzen oinarri arautzaileetan xedatutakoa bete dela laguntzen metaketari dagokionez. Horretarako, onuradunari aitorpen bat eskatuko dio, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste baliabide edo diru-laguntzen zerrenda zehatza daukana, zenbatekoak zein diren eta nork emanak diren adierazita.

d) Memoria ekonomiko laburra berrikustea. Horrek ekarriko du diruz lagundutako jarduerak egitean izandako gastu guztiak berrikustea eta ondoko puntu hauek egiaztatzea:

1. Memoriako informazio ekonomikoak oinarri duela diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen data, eta, hala balegokio, ordainketaren eguna ere.

2. Entitateak justifikatutako gastuen eta haien ordainketaren jatorrizko frogagiriak dituela, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 27.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eta agiri horiek jaso direla kontabilitate erregistroetan.

3. Zerrendako gastuek eta inbertsioek baldintzak betetzen dituztela diruz laguntzen ahal den gastuaren izaera edukitzeko, laguntzaren oinarri arautzaileetan xedatuarekin bat.

4. Zeharkako gastuak egotzi eta justifikatu direla laguntzaren oinarri arautzaileetan zehaztu bezala.

5. Entitateak hornitzaile baten baino gehiagoren eskaintzak dauzkala Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan, bai eta hornitzailearen hautaketa arrazoiz justifikatzen duen memoria bat ere, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada.

6. Memoria ekonomikoaren gastuak eta inbertsioak behar bezala sailkatu direla, oinarri arautzaileetan xedatuarekin bat.

7. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusi bezala azpikontratatzen denean diruz lagundutako jarduera, auditoreak azpikontratatutako jardueren aitorpen bat eskatuko dio onuradunari, azpikontratistak eta fakturatutako zenbatekoak zehaztuta, baita onuradunaren adierazpen bat ere, artikulu horretan aurreikusitakoa bete duela dioena.

8. Beharrezko koherentzia dutela justifikatutako gastuek eta inbertsioek diruz lagundutako jardueren izaerarekin.

7. artikulua. Auditoreak egin beharreko txostena.

1. Berrikuspena bukatuta, auditoreak txosten bat egin beharko du, foru agindu honen eranskinean jasotako edukiarekin eta ereduari jarraikiz.

2. Justifikazio kontu partzialak egiten badira, justifikazio kontu bakoitzarekin aurkezten den auditorearen txostenean, aurreko justifikazio kontu guztiei eginen zaie aipamena.

Xedapen iragankor bakarra.–Aurretik araututako laguntzei aplikatzea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 10eko 488/2009 Foru Aginduan enpresa inbertsiorako araututako laguntzen onuradunek eta azaroaren 20ko 360/2000 Foru Dekretuan ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako araututako laguntzen onuradunek borondatez justifikatzen ahal dituzte laguntza horiek, foru agindu honetan xedatuarekin bat. Gainerako diru-laguntzetarako, laguntza bakoitzaren berariazko oinarri arautzaileetan xedatuari jarraituko zaio.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

DIRU-LAGUNTZEN JUSTIFIKAZIO KONTUA BERRIKUSTEKO TXOSTENAREN EREDUA

Norentzat: (zer organotik datorren zehaztu).

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren .../... Foru Aginduan aurreikusitako helburuetarako, .......k (adierazi enpresa edo izendapena egin zuen organoa) izendatu gaitu/nau, berrikusteko ......ren bidez (adierazi kontzesioa eman zuen ebazpena edo egintza) ........ri (adierazi diru-laguntzaren onuraduna) ondoko helburu hau izanda (diruz lagundutako jardueraren deskribapen laburra) emandako diru-laguntzaren justifikazio kontua: ..........................

Diru-laguntzaren justifikazio kontuaren kopia bat, guk/nik zigilatua, identifikazio ondorioetarako, aurkeztu da txosten honekin batera eranskin gisa. Justifikazio kontu hori prestatzea eta aurkeztea .................ren (adierazi diru-laguntzaren onuraduna) ardura da, eta gure/nire ardura, berriz, txosten honen 2. atalean aipatzen den lana egitea da.

2. Gure/nire lana egin da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren .../... Foru Aginduan xedatuari jarraikiz, non zehazten baitira aplikatu beharreko prozedurak eta noraino iristen diren. Halaber, ondotik labur zehazten diren egiaztapenak egin dira:

(... foru agindu horren 6. artikuluan aurreikusitakoa oinarri hartuta egindako egiaztapenak aipatuko dira).

Lan hau ez baita kontu-ikuskatzailetza bat eta ez baita Kontu-ikuskatzailetzari buruzko uztailaren 12ko 19/1988 Legearen menpe, ez dugu/dut iritzirik ematen aipatutako araudian auditoretzetarako aurreikusitako moduan.

3. Onuradunak gure/nire esku jarri du eskatu zaion informazio guztia lana egiteko, aurreko paragrafoan ezarritako irismena duela.

4. Egindako lanaren ondorioz, jakinarazten zaizue ez dugula/dudala hauteman araudi aplikagarria edo edo ........ri (adierazi diru-laguntzaren onuraduna) ezarritako baldintzak bete ez direla ekar zezakeen egintzarik edo inguruabarrik, aurreko 1. ataleko diru-laguntza jasotzeko.

Bestela, egintza aipagarririk hautematen denean, honako paragrafo hau sartu beharko da:

Egindako lanaren ondorioz, jakinarazten zaizue badela araudi aplikagarria edo edo ........ri (adierazi diru-laguntzaren onuraduna) ezarritako baldintzak bete ez direla ekar zezakeen egintzarik edo inguruabarrik, aurreko 1. ataleko diru-laguntza jasotzeko.

5. (Atal honetan sartu behar da, bidezkoa denean justifikazio kontu partzialen kasuan, proiektu osoa gauzatzearen bideragarritasunari buruzko iritzia, hura beharrezkoa bada laguntza jasotzeko eta enpresari eskatutako dokumentazioarekin aurkeztu behar bada).

6. (Atal honetan sartu behar da bidezkoa denean). Txosten hau prestatzeko, aintzat hartu dira aurretik eman ziren justifikazio kontu partzialak eta haien auditoretza txostenak. Kontu eta txosten horiek aurkezten dira.

 Eguna: ………………………………………….

 Auditorearen sinadura: ………………………………………..

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa