(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ekonomia :
    • Beste arau batzuk :
      • 79/2009 Foru Dekretua, azaroaren 9koa, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratupeko aldizkako langile finkoek lanaldi osoa eskuratzeko aukera arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

79/2009 Foru Dekretua, azaroaren 9koa, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratupeko aldizkako langile finkoek lanaldi osoa eskuratzeko aukera arautzen duena

 

(2009ko 144. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 23an)

Atarikoa

2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 16. artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak epe bat ezarriko duela 2009ko laugarren hiruhilekoan, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergen Kanpainarako Zerbitzuari eta Zeharkako Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari atxikitako aldizkako langile finkoek aukera izan dezaten beren lanpostua urteko lanaldi osoko gisa finkatzeko behin-betiko.

Aipatutako legezko xedapen hori betetzeko, bidezkoa da foru dekretu hau onestea. Honen bidez aipatutako epea arautzen da, eta baldintzak ezarri dira sartzeko, mantentzeko eta, bereziki, eginkizunak zerbitzuaren beharretara egokitzeko, baita ondorioetarako data ezartzeko ere, betiere arestian aipatutako 2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 16. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 9ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen helburua da epe bat ezartzea Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratupeko aldizkako langile finkoek aukera izan dezaten lanaldi osoa eskuratzeko, kontuan harturik 2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 16. artikuluan aurreikusitakoa, eta hori aplikatuz.

2. artikulua. Aukera hori erabiltzeko epea eta modua.

1. Hamabost egun naturaleko epean erabili beharko da aurreko artikuluan aipatzen den aukera, foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Ondorio horietarako, interesdunek dagokion eskabidea aurkeztuko dute, foru dekretu honen eranskineko ereduarekin bat, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren erregistroko gainerako bulegoetako edozeinetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz.

3. artikulua. Eskaeraren gaineko ebazpena.

Epea bukaturik, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratupeko langile finko gisa sartuko dira aukera hori adierazi dutenak, 2009ko abenduaren 31ko ondorioekin, betiere 2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontuei Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 16. artikuluan aurreikusitako egoeran baldin badaude.

4. artikulua. Eginkizunak egokitzea.

Lanaldi osoa eskuratzen duten lan-kontratupeko langile finkoek Nafarroako Zerga Ogasunari atxikirik jarraituko dute, eta eginkizun hauek izanen dituzte:

1. Goi mailako tituluduna:

a) Zergadunari informazioa eta laguntza ematea PFEZan (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga) eta BEZan (balio erantsiaren gaineko zerga).

b) Zerga eta errekurtso espedienteak tramitatzea PFEZan.

c) Egiaztapenak, frogaketak, likidazio proposamenak eta zerga likidazioak egitea PFEZan.

d) Azterketa, txosten, koordinazio eta lankidetza lanak egitea PFEZarekin loturik.

e) PFEZaren autolikidazioak egitea.

f) Zer zerbitzuri atxikirik dauden, zerbitzu horretako zuzendariak agindutako beste edozein eginkizun, PFEZarekin loturik. Ez dute ikuskatze lanik eginen inola ere.

2. Erdi mailako tituluduna (PFEZa):

a) Zergadunari informazioa eta laguntza ematea PFEZan.

b) Zerga eta errekurtso espedienteak tramitatzea PFEZan, berraztertzeko errekurtsoetan izan ezik.

c) Egiaztapenak, frogaketak, likidazio proposamenak eta zerga likidazioak egitea PFEZan.

d) PFEZaren autolikidazioak egitea.

e) Zer zerbitzuri atxikirik dauden, zerbitzu horretako zuzendariak agindutako beste edozein eginkizun, PFEZarekin loturik. Ez dute ikuskatze lanik eginen inola ere.

3. Erdi mailako tituluduna (BEZa):

a) Zergadunari informazioa eta laguntza ematea BEZan.

b) Zerga eta errekurtso espedienteak tramitatzea BEZan, berraztertzeko errekurtsoetan izan ezik.

c) Egiaztapenak, frogaketak, likidazio proposamenak eta zerga likidazioak egitea BEZan.

d) Zer zerbitzuri atxikirik dauden, zerbitzu horretako zuzendariak agindutako beste edozein eginkizun, BEZarekin loturik. Ez dute ikuskatze lanik eginen inola ere.

4. Administraria (C maila) eta administrari laguntzailea (D maila): Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren barnean beren mailari eta izendapenari dagozkien eginkizunak izanen dituzte.

5. artikulua. Aukera erabiltzen ez dutenen egoera.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratupeko aldizkako langile finkoek, foru dekretu honen aurreko artikuluetan aurreikusitakoaren araberako aukera erabili ezean, oraingo egoera mantenduko dute, eta, plantilla organikoan, "iraungitzeko" izaera izanen dute.

6. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan sartzea.

1. Lanaldi osoa eskuratzen duten lan-kontratupeko langile finkoak funtzionario gisa sartzen ahal dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan. Horretarako eskaera egin behar dute, lanpostu berrian sartu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (717/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako estatutupeko langileak eta lan kontratudun finkoak Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan sartzeko prozedura arautzen duena, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileendako Neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko 8. artikuluan xedatu bezala).

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako aukera egiten ez duten langileek orain arteko lanpostuari atxikirik jarraituko dute, eta "iraungitzeko" izaera izanen dute.

Azken Xedapenetan Lehena. Garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Eskabide eredua

Izen-deiturak: ................................................................., NAN zenbakia:.................................., kalea: .............................................., zenbakia: ....., solairua: ........, posta kodea: ......................, telefonoa: .................

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratupeko aldizkako langile finkoa naiz.

....................................................................................... lanpostua betetzen dut, ............ mailakoa.

2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 16. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen ditut.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Eskaera ezarritako denboran eta moduan aurkezturik, har nazatela Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko gisa, aipatutako legezko xedapenaren eta foru dekretu honen aurreikuspenekin bat.

Iruñean, 2009ko ................ (a)ren .... (e)an.

(Sinadura)

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa