(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

205/2004 Foru Dekretua, maiatzaren 17koa, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2004ko 69. NAOn argitaratua, ekainaren 9an. Aldaketak: 96/2005 Foru Dekretua, uztailaren 4koa; 49/2006 Foru Dekretua, uztailaren 17koa; 79/2011 Foru Dekretua, uztailaren 18koa; 69/2010 Foru Dekretua, azaroaren 8koa; 23/2013 Foru Dekretua, apirilaren 10ekoa)

Atarikoa

Faktura merkataritzako eragiketa edo kontratuak egin edo burutu direla adierazteko agiria da, merkataritzako trafikoari loturiko egintza bat egin dela egiaztatzen duena. Fakturak ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat justifikatzen du, baina ez du egiaztatzen prezioa ordaindu denik. Faktura merkataritzako agiri bat da funtsean, merkataritzako enpresen eremuan gertatzen diren eragiketak erregistratzen baititu.

Beste alde batetik, tributuak egoki eta zuzen kudeatuko badira, beharrezkoa da tributu arloko administrazioak informazio egokia izatea, batez ere enpresa eta lanbide jardueretan egiten diren trukaketa ekonomikoei buruz. Horregatik da hain beharrezkoa enpresaburu eta profesionalek egiten dituzten eragiketa guztien faktura egiteko ezarrita duten betebeharra zintzo betetzea, baina beren laneko ohiko jardunbidea galarazi gabe.

Hori helburu, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua onetsi zen, enpresaburuek eta profesionalek faktura egin eta emateko gaur egundainoko araubidea ezarri zuena.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 27. artikuluaren bigarren atalak ezartzen du subjektu pasiboek kasuan-kasuan ezartzen diren agiriak gorde behar dituztela. Agindu horren arabera, gastu, murrizketa edo kenkariak agiri bidez justifikatzeko, askotan faktura erabiltzen da. Fakturak zergaren preskripzioaldiak iraun bitarte gorde behar dira, merkataritzako arauek ezartzen dituzten betebeharrak deusetan galarazi gabe.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, faktura egin eta ematea bereziki garrantzitsua da, fakturek Zerga hori ezartzeko teknika egoki aplikatzea ahalbidetuko baitute, izan ere, haien bidez Zergaren zenbatekoa erasaten da. Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten fakturak edukitzea ezinbesteko baldintza da, gero batean, eragiketa jasotzen duenak jasanarazitako kuoten kenkaria egin ahal izateko, hala agintzen baita bai Batasuneko arauetan bai Espainiakoetan.

Hori guztia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean jasota dago, zehazki, 109. artikuluko 1. zenbakian eta 110. artikuluan, besteak beste. Fakturak egiteko araubidean sartutako lege-aldaketen ondorioz erregelamenduzko aldaketa bat ere egin behar da, tributu arloko arauak Kontseiluaren abenduaren 20ko 2001/115/EK Zuzentarauan ezarritakoari egokitzeko. Zuzentarau horren bidez 77/388/EEE Zuzentaraua aldatu zen, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez fakturetan bete beharreko baldintzak sinplifikatu, modernizatu eta harmonizatzeko asmoz.

Arlo horretan egindako lege-aldaketarik nabarmenenak hauexek dira:

-"Balio bereko" eta "antzeko" agirien kontzeptuak kendu dira. Fakturak eta horien ordezko agiriak (tiketak) baizik ez da onartuko.

-Onartzen da, espresuki, faktura eragiketaren hartzaileak edo eragiketatik kanpoko hirugarren batek egitea, subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura.

-Faktura bide elektronikotik egitea onartzen da espresuki, betiere eragiketaren hartzaileak baimentzen badu eta jatorrizkoaren autentikotasuna eta faktura oso-osorik iristen dela bermatzen bada.

-Igorritako eta jasotako faktura guztiak gordetzeko, baliabide elektronikoak erabil daitezke. Lan hori hirugarren batek egin dezake, subjektu pasiboaren kontura eta haren izenean.

Erregelamendu honek artikulu horiek garatzen ditu, egindako eskuordetza aplikatuz.

Dena dela, adierazi beharra dago faktura enpresaburuek edo profesionalek jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuotetan kenkariak egiteko eskubidea erabiltzeko egiaztagiri gisa aurkeztu beharra, Zergari buruzko Foru Legearen 43. artikuluak xedatu bezala, froga tasaturako egiaztagiria izan beharrean, kenkariak egin ahal izateko Europako Batasuneko araudiak eta, horrenbestez, foru lege horrek ezarritako baldintza gisa hartu behar dela. Fakturaren bidez enpresaburuek edo profesionalek jasanarazitako kuoten arabera kenkariak eginen dituzte, hori baita agiri horren bidez egiaztatzen dena, deusetan galarazi gabe kenkariak egiteko Foru Legean ezarrita dauden gainerako baldintzak ere bete beharra.

Fakturazioaren arloko Europako Batasuneko araudia oso azalekoa izan da orain arte, izan ere, Batasuneko estatu kide guztiek fakturetan eskatu beharreko gutxieneko baldintza batzuk aipatu baino ez zuen egiten. Goian aipatu den abenduaren 20ko 2001/115/EB Zuzentarauak, 77/388/EEE Zuzentaraua aldatu zuenak, fakturazioaren inguruko zenbait alderdi arautu ditu Europako Batasun osorako, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez fakturak egiteko modua sinplifikatu eta harmonizatu baitu.

Zuzentarau horretan adierazten da zein kasutan den nahitaezkoa enpresaburu eta profesionalek eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren beste subjektu pasiboek faktura egitea, eta, horrekin batera, Batasuneko estatukideei aukera ematen zaie beste kasu batzuetan ere faktura egin beharra eskatzeko. Baimena ematen zaie, orobat, kasu horietan egiten diren agirien edukia sinplifikatzeko. Era berean, agintzen du Batasuneko kideak behartuta daudela bai eragiketen hartzaileek, bai hirugarrenek egindako fakturak onartzera.

Horrez gainera, Zuzentarauak, barne-merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzeko, Batasun osoko fakturetan nahitaez agertu beharreko datuak ezartzen ditu eta, Batasuneko kide diren estatuek nork bere lurraldean egindako eragiketen fakturetan ordura arte eskatzen zituzten baldintzak harmonizatze aldera. Datu horiek Zuzentarauaren arabera nahitaez egin beharreko fakturetan adierazi beharko dira, nahiz eta Batasuneko kide diren estatuek ahalmena izanen duten, kasu jakin batzuetan, fakturetan agertu beharreko datu horiek sinplifikatzeko. Beste datu batzuk, ordea, nahitaez agertu behar dira.

Eragiketen agiriak nola aurkeztu estatu kidearen esku dagoenean, partikularrek egindako eragiketetan esate baterako, estatu kideek ahalmena dute eman beharreko agirietan agertu beharreko datuak ezartzeko; izan ere, agiri horiek ez dira egiten kenkaria egiteko eskubidearen egiaztagiri gisa erabiltzeko. Markoa hori delarik, fakturen ordezkagirietan, hots, tiketetan, agertu beharreko datuei dagokienez -horrelako kasuetan tiketak eman ohi dira-, Erregelamenduan ez dago aldaketarik.

Azkenik, Zuzentarauak fakturazio elektronikoari buruzko eta fakturen kontserbazio elektronikoari buruzko irizpide komun batzuk ezartzen dizkie estatu kide guztiei, teknologia berrien erabilera sustatzearren, bai fakturak egiteko prozesuan, bai gordetzeko prozesuan.

Bestalde, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua onetsi zenetik gaur egun arte eboluzio bat gertatu da enpresen jardunean, enpresaburu eta profesionalek faktura egin eta emateari dagokionez. Horrexegatik, kontuan harturik aurreko lerrokadetan aipatu den zuzentarau berriak ezarritakoa, beharrezkoa da fakturak egin eta emateko araubidea sakon aldatzea. Hortaz, maiatzaren 7ko 70/1998 Foru Agindua ere nabarmen aldatu beharko da, hots, fakturazio telematikoaren sistema aplikatzeko arauak ezarri zituena, sistema horri sinadura elektroniko aurreratu gisa erabiltzen diren elementuak eransteko. Sinadura elektronikoak sinatzailea identifikatzea eta berak sinatzen dituen agiri elektronikoak autentifikatzea ahalbidetzen duen ziurtapenean oinarritu behar du.

Nolanahi ere den, adierazi beharra dago fakturak, merkataritza egintza bat agertzen baitu, ezinbesteko balioa duela merkataritzaren eta fiskalitatearen arlorako. Hori dela eta, fakturen inguruko arauak prestatzean, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ikuspuntutik haratago joan behar da, eta gure zerga sistema osoa kontuan hartu, baina zerga haren berezitasunak ahaztu gabe. Horrela, fakturak egin beharra ikuspegi zabalago batean justifikatzen da.

Horregatik guztiagatik, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten da.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendu berria errazago ulertu eta bete dadin, kontuan harturik luzea eta konplexua dela, egoki ikusi da artikuluen aurkibide bat sartzea, Erregelamendu honetako aginduak laster aurkitu eta non dauden sistematikoki jakiteko.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, irizpena eman zezan, Nafarroako Gobernuak 2004ko martxoaren 22an hartutako Erabakiaren bidez.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako irizpenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko maiatzaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onestea. Erregelamenduaren testua foru dekretu honen ondotik ageri da.

Xedapen Iragankor Bakarra (indargabetua)

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Xedapen iragankorrean ezarritakoa deusetan galarazi gabe, indarrik gabe utzi da martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretua, fakturak egiteko eta gastu eta kenkariak justifikatzeko arauak eman zituena.

2. Indarrik gabe utzi dira, halaber, foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

FAKTURAZIO BETEBEHARRAK ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA (indargabetua)

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa