(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

127/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 20koa, alarguntza pentsioengatiko kenkariak aldez aurretik ordaintzeko prozedura arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 64. NAOn argitaratua, maiatzaren 21ean. Aldaketak: 215/2007 Foru Dekretua)

Atarikoa

Martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeak, zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzkoak, bere 67 bis artikuluan, urtean 900 euro bitarteko kenkari gehigarri bat ezarri du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboentzat, horiek alarguntza pentsioak hartzen dituztenean, baldin eta pentsioa urtean 2.700 eurotik beheitikoa bada eta Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onetsi zuen ekainaren 20ko Legegintzako 1/1994 Errege Dekretuaren 50. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea badute.

Adierazten du, bestetik, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari kenkaria aldez aurretik ordain dezala eskatzen ahalko zaiola, eta arautu eginen direla horren ordainketa eskatu eta lortzeko prozedura.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hogeian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek hauxe du xedea: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 67. bis artikuluan ezarritako kenkaria, alarguntza pentsioei dagokiena, aldez aurretik ordaintzeko prozedura arautzea.

2. artikulua. Kontzeptua eta pertsona onuradunak.

Ordainketa aurreratua eginen zaie alarguntza pentsioa jasotzen dutenei, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zuen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren 50. artikuluan aipatutako osagarriak jasotzeko eskubidea badute.

3. artikulua. Betebeharrak.

Aurrerakin honetarako eskubidea izateko honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Nafarroan erroldatua egotea eta helbide fiskala Nafarroan izatea, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

b) Alarguntza pentsioa jasotzen dela frogatzea eta Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zuen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren 50. artikuluan araututako osagarriak jasotzeko eskubidea izatea

4. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Aurrerakina jasotzeko eskaerak Nafarroako Gizarte Ongizate Institutura bidaliko dira. Eskabideak toki hauetako batean aurkeztu behar dira: Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, Foru Komunitateko Udaletxeetan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietatik edozeinetan.

Dokumentu hauek erantsi beharko dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Erroldatze agiria.

c) Pentsioa eta osagarriak jasotzearen ziurtagiriak. Nolanahi den, Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuak informazio hori bidaliko dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari.

d) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.

5. artikulua. Laguntza jasotzeko epea.

Aurrerakinaren zenbatekoa urte naturalari dagokiona izanen da, betiere baldintzak betetzen badira. Horrenbestez, horietakoren bat bete ezean, zuzengabean jasotako diru kopurua itzultzeko pausoak emanen dira.

6. artikulua. Zenbatekoa.

Aurrerakinaren zenbatekoa hauxe izanen da: kasuan kasuko pentsio motarako finkatutako gutxieneko zenbatekoaren eta lanbide arteko gutxieneko soldataren arteko diferentzia (bi kasuetan ere urteko zenbatekoak harturik).

Aurrerakina kalkulatzeko, alarguntza pentsioa ez baldin bada jaso zergaldi osoan, zenbateko hori urtera eramanen da. Kasu horretan, zergaldian zehar alarguntza pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen egun kopuruaren arabera kalkulatuko da aurrerakina

7. artikulua. Betebeharrak.

1.-Laguntza hau hartzen duten pertsonek hura jasotzeko baldintzetan gertatutako edozein aldaketaren berri eman beharko diote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean beranduenez. Salbuetsia dago, jakina, pentsioen kobrantzan gertatutako aldaketa.

2.-Bestetik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak egiten dituen kontrolak onartu beharko dituzte. Horretarako, organo kudeatzaileak edo eskumena duten horiek araudi indardunari segituz eskatzen dieten dokumentazioa aurkeztu beharko dute onuradunek.

8. artikulua. Ebazpena.

1.-Eskaerak ebaztea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari atxikitako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoari dagokio.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak arrazoibidez ebatziko ditu eskaerak eta dagokion ebazpena bidaliko dio eskatzaileari, eskaera aurkezten denetik bi hilabeteko epean.

3. Epe horretan berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ez badago, eskaera ezetsi dela ulertuko da, Nafarroako Administrazio Publikoen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua. Ordainketa.

Ordainketa hilero eginen da.

10. artikulua. Laguntza iraungitzea eta itzuli beharra.

Foru dekretu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak eta horiek bete gabe hura lortu eta jasotzeak laguntzaren iraungitzea ekarriko du, baita zuzengabean jasotako diru kopurua itzuli beharra ere. Bestetik, bidezko bada, berandutzako interesak eskatuko zaizkio, laguntza bidegabeki kobratu zenetik kontatuta, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritako kopuruan.

11. artikulua. Aurrekontuko dirua.

Foru dekretu honek arautzen dituen dirulaguntzak Foru Komunitatearen aurrekontuetan ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren kontusailen kargura ordainduko dira.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa