(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

23/1996 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, balioak eguneratzeari buruzkoa

 

(1996ko 159. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 31n; akats zuzenketa, 1997-02-12ko NAOn)

Atarikoa

Enpresari mozkinaren gaineko zergak ahalegina egin behar du enpresaren benetako mozkinak zergapetzen, inflazioaren distortsioak saihestuz.

Zergen ikuspuntutik, inflazioa zuzentzeko teknika da balantzeen eguneratzea, zergapetu daitekeen errentatik moneta-depreziazioaren kopurua kentzeko.

Urriaren 26ko 35/1983 Foru Legeak, zerga-neurriei buruzkoak, ezarri zuen azken eguneratzetik igaro den denbora kontuan izanik, eta baita ere enpresa batzuk ez zirela baimen horretaz baliatu, Foru Lege honek beste eguneratze bat egiteko aukera ematen du, 1983tik hona metatu den inflazioa zuzentzeko tresna gisa.

Zerga-mozkin nominalaren moneta-zuzenketa egiteko bide honek benetako mozkina finkatzeko zehaztasun handiagoa dakar eta enpresen ondare egoera erkatuaren aurkezpen hobea.

Foru Legez onetsitako balio-eguneratzea ezin daiteke berritzat jo, izan ere, ez du alde handirik aurreko arautegiaren babespean egindako eguneratzeekin; hala ere, berrikuntzak sartu dira eguneratze-teknika egungo zerga- sistemari egokitzeko asmoz.

Lehenengo eta behin, ezarpen eremua zabaldu egin da hurrengoak hartzeko: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo izanik enpresari edo lanbide jarduerak burutzen dituzten batzuk.

Bigarrenik, aurreko arautegiak erabili duen eguneratze-bidea ez da irtenbide egokia izan, moneta-zuzenketa ez duelako jarri, funtsean, nor bere baliabideen lormen galtzearen ariora, izan ere, inoren kapitalekin finantzaturiko aktiboetan inflazioak duen eragina mailegu-emaileek jasaten baitute, zorren korritu eta itzulketaren hastapen nominalistaren ondorioz.

Helburu hori lortzeko, Foru Legeak aukera ematen du erregelamendu bidez kontuan hartzeko enpresen finantziazio modua, egunera daitezkeen elementuen balio-hazkundearen koefiziente murriztailea ezarri ahal izateko, enpresak dituen baliabide berekien eta inoren finantzaketaren arabera.

Hirugarrenik, birbalorazio kontuaren saldoa disposizio askeko erreserbetarako gordetzeko aukera ere jarri da, sortu zenetik hamar urteko epea igarotakoan. Erreserbak banatzeak dibidenduen ezarpen bikoitzagatiko kenkarirako eskubidea sortuko du Sozietateen gaineko Zergan eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, moneta-gainbalioaren kopurua gauzatua izan bada, beti ere.

Azkenik, eguneratze-kontuko saldoaren gaineko karga autonomoa eta bakarra ezartzen da, 100eko 3 jotzen duena.

I. KAPITULUA. Ezarpen eremua

1. artikulua. Eremu subjektiboa.

Foru Lege honek arautzen duen balio-eguneratzeari borondatez atxiki ahalko zaizkio:

1. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, baldin eta Hitzarmen Ekonomikoko 16. artikuluak xedatuaren arabera, Nafarroako foru arauen menpe badaude, beti ere kontabilitatea Merkataritza Kodeak xedatuarekin edo arau dituzten xedapenekin bat badaramate.

2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboak eta enteak, zerga-helbidea Nafarroan izanik, errenten eratxikipen sistemaren arabera tributatzen dutenak, enpresari edo lanbide jarduerak burutzen dituztenak, beti ere, eta edozein kasutan, errendimendu garbiak zuzeneko zenbatespeneko araubidean zehazten badira eta hurrengo betebeharrak betetzen badituzte:

a) Enpresari jardueretan aritzen badira, Merkataritza Kodeak ezarritakoari jarraituz eraman beharko dute kontabilitatea. Hala ere, burutzen den enpresari jarduerak, aipatu Kodearen arabera, merkataritza izaerarik ez badu, nahikoa izango da ekainaren 30eko 209/1992 Foru Dekretuz onarturiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 64 artikuluko 2. zenbakiak aurreikusitako erregistro-liburu behar bezala diligentziatuak eramatea.

b) Lanbide jarduerak burutzen dituztenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 64 artikuluko 3. zenbakiak aurreikusitako erregistro-liburu behar bezala diligentziatuak erabili beharko dituzte.

2. artikulua. Egunera daitezkeen ondare-elementuak.

1. Eguneratu ahal izango dira ibilgetu materialeko ondare elementuak, Espainian zein atzerrian izan, hurrengo salbuespenekin: bideango ibilgetua eta entitate errentatzaileek finantza-errentamendu araubidean lagatzeko erabiltzen dituzten elementuak.

Halaber, Kreditu Entitateen Diziplina eta Eskuhartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriko 1. zenbakiak aipatzen duen finantza-errentamendu araubidean erositako ondare-elementuak ere eguneratu ahal izango dira. Orobat higiezinen enpresen orube eta lurrak, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan.

Eguneratzeak nahitaez hartuko ditu egunera daitezkeen ondare-elementu guztiak eta dagozkien amortizazioak.

2. Balantzean edo 3. artikuluak aipatzen dituen erregistro-liburuan jasota dauden ondare-elementuekiko gauzatuko da eguneratzea, beti ere, benetan erabiltzeko moduan baldin badaude eta zergen ondorioetarako amortizatzeke, aipatu artikuluak jasotzen duen egunean.

Ondorio horretarako, izaera horrekin egin behar ziren amortizazioak, gutxienez ere, hartuko dira, ekainaren 13ko 153/1986 Foru Dekretu Legegileak onarturiko Sozietateen gaineko Zergaren Testu Birbilduko 11. artikuluak dioenarekin bat.

3. Ezin izango dira xedapen honetara bildu kontabilitate liburuetan jasota ez dauden ondare elementuak gehitzeko eragiketak, ezta existitzen ez diren pasiboak aipatu liburuetarik kentzekoak ere.

Arau bera ezarriko zaie 1. artikuluko 2. zenbakiak aipatzen dituen erregistro-liburuei.

4. Pertsona fisikoak baldin badira, edota errenten eratxikipen araubideko entitateak, enpresari edo lanbide jarduerei lotuta beharko dute egunera daitezkeen ondare-elementuek, eta eguneratzeak aipatu pertsona edo entitateek burutzen dituzten jarduera guztiak hartuko ditu.

3. artikulua. Denbora esparrua.

Eguneratzea elementuz elementu egingo da, edo elementuen multzo homogeneoka edota instalazio konplexu berezituka, beti ere, kontabilizazioan multzotzat hartu badira amortizazioaren ondorioetarako.

1996ko abenduaren 31n itxitako balantzean jasoko da eguneratze-eragiketen emaitza.

Pertsona fisikoak baldin badira, edota errenten eratxikipen araubideko entitateak, eta merkataritzaz besteko enpresari jarduerak edo lanbide jarduerak burutzen badituzte, aipatu egunean ere jaso beharko dute emaitza Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren Erregelamenduko 64. artikuluak aipatzen duen inbertsio-ondasunen erregistro liburuan.

Hala ere, ekitaldi ekonomikoa bat ez baldin badator eguneratzearen urte naturalarekin, 1997ko urtean ixten den lehenbiziko balantzean jasoko da eguneratzea.

II. KAPITULUA. Eguneratzeko arauak

4. artikulua. Eguneratze-koefizienteak.

Erregelamenduz onetsitako koefizienteak aplikatuz egingo dira eguneratze eragiketak.

Aipatu koefizienteek jaso beharko dute urriaren 26ko 35/1983 Foru Legeak onetsitako eguneratzetik hona izandako depreziazioa, eta hurrengoak hartu ahal izango dituzte kontutan:

a) Subjektu pasiboen finantzaketa-moduari buruzkoak. Ondorio horietarako, egunera daitezkeen elementuen balio-hazkundearen koefiziente murriztailea ezarri ahalko da, enpresak dituen baliabide berekien eta inoren finantzaketaren araberakoa.

b) Subjektu pasiboen jarduketen ondoriozkoak.

5. artikulua. Eguneratze-prozedurak.

1. Hona eguneratze-koefizienteak aplikatzeko moduak:

a) Erosteko prezioari edo ekoizpen kostuari, ondare-elementua erosi edo ekoiztu den urtea kontuan izanda. Inbertsio eta hobekuntzak zein urtetan egin, orduko koefizientea aplikatuko zaie.

b) Erosteko prezioari edo ekoizpen kostuari dagozkion amortizazio zergen aldetik kengarriei, kenketaren urteari begiratuz.

Hala ere, izaera horrekin egin beharreko amortizazioak hartuko dira, gutxienez ere. Ondorio horretarako, gutxieneko amortizaziotzat joko da Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Birbilduko 11. artikuluak definitua.

2. Erregelamenduz ezarri ahalko dira koefizienteak aplikatzeko arau bereziak, eta ondoren aipatzen diren ondare-elementuak jasoko dituzte, bereziki:

a) Finantza-errentamendu araubidean erositakoak.

b) 1983ko abenduaren 31n itxitako balantzean edo hortik aurrera itxitako lehenengoan direnak.

c) Aurreko lerroaldean aipatzen den balantzea ixteko egunaren ondoren birbalorazioak izan dituztenak, Enpresen Bategitearen Zerga Erregimenari buruzko Araua onesten duen Foru Parlamentuaren 1982ko otsailaren 8ko Erabakiak babestuak barne.

d) Ekainaren 3ko 8/1992 Foru Legeak, bategite, zatitze, aktiboen ekartze, balore-trukatze eta matrize-filial sozietateen harremanen zerga-araubideari buruzkoak, bere I. Tituluan babesten dituen eragiketen ondorioz eskuratuak.

6. artikulua. Eguneratutako elementuen balioa.

1. Aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) eta b) letrek xedatua aplikatuz ateratzen diren kopuruen arteko aldeak finkatuko du eguneratutako balio berria, merkatukoa gaindituko ez duena, elementu bakoitzaren erabilpen-egoera kontuan izanik.

2. Erregelamenduz xedatu moduan amortizatuko da eguneratutako balio berria, eguneratzeko eragiketak hartzen dituen balantzea ixteko egunaren ondorengo lehen zergalditik aitzina.

7. artikulua. Gainbalioaren zenbatekoa.

6. artikuluak aipatzen duen elementuaren eguneratutako balio berriaren eta ondare elementuak eguneratzeko eragiketak egin aurreko balioaren arteko aldea, zergen arabera kengarri izandako amortizazioak kontuak izanik, izango da moneta-depreziazioaren ondoriozko gainbalioaren zenbatekoa.

Eguneratutako ondare elementuaren aurreko baliotzat joko da eguneratze-koefizienteak aplikatzearen ondorioei dagokiena.

8. artikulua. Birbalorazio kontua.

1. Elementu ezberdinak eguneratzetik ateratako gainbalioen zenbatekoa hurrengo kontuan abonatuko da: 1996ko Balioak Eguneratzeari buruzko Foru Legearen birbalorazio erreserba. Entitatearen fondo berekien baitan izango da hori.

2. Kontuak ezin izango du zordun izan, ez eguneratze eragiketen multzoarengatik, ezta ondare elementuren baten eguneratzeagatik ere.

3. Kontuaren saldoa erabilgaitza izango da, hurrengo zenbakiak aipatzen duena salbu, zerga administrazioak egiaztatu eta onetsi arte, edota hura gauzatzeko epea igaro arte. Eguneratze eragiketak jasotzen dituen balantzea itxi eta hiru urteko epearen barruan egin beharko da egiaztapena, erregelamenduz xedatu moduan. Egiaztatzeko epea igarotzeak ez du esan nahi hurrengo eragiketak onartuta daudenik:

a) Egitezko hutsen ondoriozkoak.

b) Probatzeko gezurrezko elementutan oinarritzen direnak.

c) 2. artikuluko 3. zenbakiak aurrez ikusten dituenak.

4. Eguneratutako ondare elementuak eskualdatzerakoan sortzen diren galerak gutxitu egingo dira, zerga oinarrian sartzeko, aipatu elementuei dagokien birbalorazio kontuaren saldoaren kopuruarekin, aipatu galerak kontua erabili ezin den aldian gertatu badira, beti ere.

5. Kontua erabili dela ulertuko da baldin eta ondare garbiaren gutxitzea gertatzen bada, eta eguneratze eragiketak egin ziren ekitaldiaren ondoren izandako emaitza negatiboen ondorio ez bada. Eguneratzea gauzatzen den balantzea noiz itxi, ondare garbia egun horri atxikitzen zaiola ulertuko da.

Aurreko lerroaldean xedatua gorabehera, kontuaren saldoa erabili ez dela ulertuko da, hurrengoetan:

a) Bazkidea edo akzioduna sozietatetik bereizteko duen eskubideaz baliatzen denean.

b) Kontuaren saldoa, zati baten edo osorik, ezinbestean ezabatzen denean, bategite, zatitze, aktiboen ekartze eta balore-trukatzei buruzko zerga araubide berezia ezartzen zaien eragiketen ondorioz.

6. Egiaztapena egin ondoren, edota egiaztapena egiteko epea igarota, hurrengoetarako erabili ahal izango da kontuaren saldoa:

a) Kontabilitateko emaitza negatiboak deusezteko.

b) Sozietatearen kapitala gehitzeko. Abenduaren 22ko 1.564/1989 Errege Dekretu Legegilearen bidez onarturiko Sozietate Anonimoei buruzko Legearen Testu Birbilduak bere 214. artikuluan xedatua ezartzen zaien sozietateek legezko erreserba emendatu ahalko dute, kapitalizazioarekin batera, sozietatearen kapitalean sartzen den zenbatekoaren 100eko 20ra arteko kopuruaz.

c) Disposizio askeko erreserbak emendatzeko, eguneratze eragiketak jaso zituen balantzea ixteko egunaz gero hamar urte igaro direnean, eta, gainera, moneta-gainbalioa gauzatua izan denean. Ondorio horietarako, gainbalioa gauzatutzat joko da eguneratutako ondare elementuak kontabilitatearen aldetik amortizatuta daudenean, edo eskualdatuak edo kontabilitate liburuetan baja emanda.

7. Aurreko zenbakiko c) letrak aipatzen dituen erreserbak banatzeak hurrengorako eskubidea emango du:

Sozietateen eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergek aurreikusitako dibidenduen ezarpen bikoitzarengatiko kenketarako.

8. Aurreko 3 eta 5 zenbakiek aurreikusitakoa ez zaie pertsona fisikoei ezarriko.

III. KAPITULUA. Kudeaketa arauak

9. artikulua. Aitorpena.

1. Sozietateen edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergei buruzko aitorpena, eguneratzea hartzen duen zergaldikoa, legez edo erregelamenduz ezarri epearen barruan aurkeztu beharko da eta hauek erantsiko zaizkio: eguneratutako balantzea eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ezarriko duen informazio osagarria.

2. Errenten eratxikipen sistemaren arabera tributatzen duten enteek, eguneratutako balantzea itxi eta hurrengo sei hilabeteko epean aurkeztuko dituzte eguneratutako balantzea eta informazio osagarria.

3. Aitorpenak aurreko zenbakiak ezarri epeetarik kanpo egitea, eguneratze eragiketak baliorik gabe uzteko arrazoia izango da.

10. artikulua. Ez betetzea.

1. Kontuaren saldoa, zati batean edo osorik, erabiliz gero, Administrazioak egiaztatu eta onetsi aurretik edo hori egiteko epea igaro baino lehen, edota 8. artikuluak ezarritakoez bestelakoetarako erabiliz gero, subjektu pasiboak hauxe ordaindu beharko du: Sozietateen gaineko Zergaren karga tasa kopuru erabili edo aplikatuari ezarri ondoren ateratzen den kuota osoa, ezar daitezkeen zehapenen kaltetan gabe eta eguneratze balantzea ixteko egunetik hasita eska daitezkeen korrituak deustan galarazi gabe.

Aplikazioa noiz gertatu den, orduko likidazio aldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko unean egin beharko da ordainketa.

2. 8. artikuluko 5. zenbakiko b) letrak xedatua deustan galarazi gabe, modu berean jardun beharko da desegitea, bategitea, zatitzea eta aktiboen ekarpena gertatzen baldin bada. Azkenengo hiru kasuetarako salbuespena: entitate jarraitzaileak eguneratzeari ekin zion entitateari eskatu zitzaizkion betebehar eta baldintzak betetzea.

Artikulu honetan aurreikusten diren kasuetan ez da bidezkoa izango erabili edo aplkatu den saldoari dagokion karga itzultzea.

IV. KAPITULUA. Plusbalioaren karga

11. artikulua. Plusbalioaren tributazioa

1. Plusbalioaren zenbatekoa ez da Sozietateen gaineko Zergaren edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian sartuko.

2. Aurreko zenbakian ezarritakoaren kaltetan gabe, 1. artikuluak aipatzen dituen subjektu pasiboek eta enteek, eguneratzea egiten dutenean, birbalioaren kontuko saldo hartzekodunen gaineko 100eko 3 jotzen duen karga bakarra ordaindu beharko dute, zerga-zor izaera izango duena.

3. Autolikidazioa eta karga bakarra sartzea 9. artikuluak ezartzen dituen aitorpena aurkezteko epeen barruan egin beharko da.

4. Karga bakarrak jotzen duen zenbatekoa ez da Sozietateen gaineko Zergako kuota edo eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako kuota izango, ez eta aipatu Zerga horietako zerga-gastu kengarria ere, eta birbaliotzearen kontuan zordunduko da.

5. Administrazioaren egiaztatzearen ondorioz birbaliotzearen kontuko saldoa murrizten bada, Administrazioak murriztutako saldoak jotzen duen adinako zenbatekoa itzuliko du.

Lehen Xedapen Gehigarria

1996ko Balioak Eguneratzeko Foru Legeko birbalorazio erreserba kontuaren saldoa sozietatearen kapitalean sartzea salbuetsita egongo da Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Araua, Foru Parlamentuak 1981eko martxoaren 17an onetsia, bere 36. artikuluko B) letraren 15. zenbakian dioenaren arabera.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru Komunitateak Aseguruen Sariei buruzko Zerga arautuko duten xedapenak onartzen dituen bitartean, lurralde amankomunean indarra duten arauak aplikatuko dira.

Azken Xedapenetan Lehena. Arautzeko gaikuntza.

Foru Lege hau garatu eta aplikatzeko behar beste xedapen emango du Nafarroako Gobernuak.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru Lege honek indarra hartuko du, legeak aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa