(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 129/2002 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

129/2002 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2002ko 104. NAOn argitaratua, abuztuaren 28an; akats zuzenketa, 2002-09-25eko NAO. Aldaketak: 79/2008 Foru Dekretua, ekainaren 30ekoa; 77/2013 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa)

Atarikoa

Uztailaren 19ko 224/1993 Foru Dekretuaren bidez, modu sistematikoan arautu ziren ebazteko epeak edo ebazpen faltak sortutako ondorio juridikoak kontuan hartzen ez zituzten tributu arloko prozedurak. Aplikagarri deklaratu zen araubide arrunteko araudi berariazkoa eta, horren faltan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzkoa, Foru Dekretuak kontuan hartzen ez dituen tributu arloko prozedurentzat, haien araudiak ebazteko epea edo ondorio juridikoak, ebazpen espresurik eman ez bada, zehazten ez dituenean.

Bi arrazoi daude Foru Dekretu horren ordezko araudia onetsi behar izateko:

Alde batetik, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra. 87. artikuluan, tributu prozedurak ebazteko gehieneko epea, betiere arau aplikagarrietan beste eperen bat ezarri ezean, sei hilabetekoa dela adierazi ondoren, ezartzen du tributuen arloko prozedura guztiek espresuki arautua izan behar dutela dagokien administrazioaren isiltasuna.

Eta bestetik, 224/1993 Foru Dekretuak indarra hartu zuenetik tributu arloan gertatu diren aldaketak daude. Horrek ekarri du zenbait prozedura gaur aplikagarri ez izatea edo, aplikagarri izanik ere, beste xedapen batzuen kontua izatea edo, azkenik, araudi propioa izatea eta, horrenbestez, ez dira aipatuko Foru Dekretu honetan.

Foru Dekretu honen edukia osatzen duten prozedurak honela bildu dira:

a) Bai epeak bai administrazioaren isiltasunaren ondorioak espresuki aratuak dituzten prozedurak, Foru Dekretu honen eranskinean aipatzen direnak.

b) Eranskin horrek aipatzen ez dituen prozedurak:

-Iraupen epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak berariazko araudian jasota dituztenak araudi horren arabera gobernatuko dira.

-Ebazteko epeak nahiz ebazpen faltaren ondorioak araudian jaso gabe dituztenei sei hilabeteko epe orokorra aplikatuko zaie, Tributuari buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusi bezala, baita 30/1992 Legean adierazitako ondorioak ere.

-Egintza baliogabeak eta kudeaketa bidean direnak berrikusteko prozedura bereziak, Tributuari buruzko Foru Lege Orokorrean aurreikusiak, 30/1992 Legeari jarraituz arautuko dira.

-Premiamendu prozedurak ez dauka ebazteko eperik.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren 15eko Erabakiaren bitartez, nahitaezko irizpena eman zezan.

2002ko maiatzaren 30ean eman zuen irizpen hori, non arauaren edukia Antolamendu Juridikoari guztiz lotua ikusi baitu.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ekainaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua

Foru Dekretu honen eranskinean adierazi dira tributu arloko prozeduren gehieneko epeak eta ebazpena ez jakinaraztearen ondorioak, baiestekoak nahiz ezestekoak.

2. artikulua

Foru Dekretu honen eranskinean aipatu ez diren tributu arloko prozedurak zein bere kasuaren arabera arautuko dira:

a) Iraupen epeak eta administrazioaren isiltasunaren ondorioak berariazko araudian jasota dituztenak, araudi horren arabera.

b) Epeak nahiz ondorioak araudian jaso gabe dituztenak, Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren arabera, sei hilabeteko gehieneko epeari dagokionez, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen arabera, administrazioaren isiltasunaren ondorioei dagokienez.

c) Egintza baliogabeak eta kudeaketa bidean direnak berrikusteko prozedurak, Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 140. eta 141. artikuluetan arautuak, 30/1992 Legearen arabera.

3. artikulua

Tributuari buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko V. kapituluan arautzen den premiamendu prozeduran, kobrantzaren preskripzio epea bitarte luzatzen ahal dira haren jarduketak.

4. artikulua

Honela kontatuko dira Foru Dekretu honek aipatzen dituen epeak:

a) Ofizioz hasitako prozeduretan, haiek hastea erabaki zen egunetik.

b) Interesatuak eskaturik hasitakoetan, haiek tramitatzeko organo eskudunaren erregistroan sarrera ematen zaien egunetik.

5. artikulua

Tributupekoek aurkeztutako eskaerengatik epez kanpo hasitako tributu prozeduretan, ezetsi egin direla ulertuko da, baldin eta ebazpen espresua jakinarazi ez bada Foru Dekretu honetako 1. eta 2. artikuluetan finkatutako epeetan, 4. artikuluak ezartzen duen moduan kontaturik.

6. artikulua

Administrazioari berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura atzeratuz gero, hura ebazteko epea eten eginen da.

7. artikulua

Nahiz eta Administrazioak epeak ez bete, egintza administratiboa ez da iraungiko, baina subjektu pasiboek zilegi izanen dute kexa aurkeztea.

Orobat, kexa aurkezten ahal da tramitazio akatsen aurka eta, bereziki, prozedura gelditzen dutenen aurka edo afera behin betikoz ebatzi aurretik konpon daitezkeen tramiteen omisioa dakartenen aurka.

Kexa onartzen bada, diziplina kontuko espedientea irekiko zaio funtzionario arduradunari, horretarako arrazoirik izanez gero.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik hasitako tributu prozedurak aurreko araudiaren arabera gobernatuko dira.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

A) Hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada ezetsitzat har daitekeen prozedura:

Subjektu pasibo zenbaiti dagozkien aitorpen-likidazioak batera eta dokumentu bakarrean aurkezteko baimena, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.5 artikuluan arautua.

B) Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada ezetsitzat har daitezkeen prozedurak:

1. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan jasotzen diren prozedura batzuk, honako hauek alegia:

a) Fakturatu beharraz salbuesteko baimena, 3.1.d) artikuluan azaltzen dena.

b) Faktura egin beharrean faktura erraztua erabiltzeko baimena, 4.3 artikuluan azaltzen dena.

c) Baimena, faktura erraztuetan erregelamenduaren 7.1 artikuluko zenbait aipamen ager ez daitezen. Baimen hori 7.4.b) artikuluan dago aurreikusia.

2. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduan jasotzen diren prozedura batzuk, honako hauek alegia:

a) Ondasunak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldetik kanpora esportatzen dituzten erakunde batzuei ondasunen entregak salbuesteko eskubidea aitortzea, Erregelamenduaren 9.1.4 artikuluan ezarritako esparruan.

b) Aulki gurpildunean elbarriak garraiatzeko autotaxi edo autoturismo berezi gisa erabiltzekoak diren ibilgailuak, dela zuzenean, dela aldez aurretik egokiturik, hala nola ibilgailu motordunak, aldez aurretik egokiturik edo gabe, mugigarritasun murriztua duten edo aulki gurpildunean ibili beharra duten elbarriak garraiatzen ibiltzeko direnak Europar Batasunaren barrenean entregatu eta erosten direnean zerga tasa murriztua aplikatzeko eskubidea aitortzea, 19/1002 Foru Legearen 37.Bi.1.4. artikuluan ezarri bezala.

c) Garraiobide berrien noizbehinkako salmentetan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga itzultzea, Erregelamenduaren 21. artikuluan arautu bezala.

d) Araubide erraztuan aplikagarri diren indize edo moduluak murriztea, Erregelamenduaren 27. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan adierazitako kasuetan.

e) Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziko konpentsazioak itzultzea, Erregelamenduaren 37.1 artikuluan arautu bezala.

f) Baliokidetasunaren errekargua araubide bereziko merkatariei itzultzea, Erregelamenduaren 62.7.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

g) Esportatzaileen eta beste Eragile Ekonomikoen Erregistroan sartu edo baja hartzeko eskaera, Erregelamenduaren 20.3 artikuluan ezarri bezala.

3. Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legea garatzen duen urtarrilaren 11ko 1/1993 Foru Dekretuan jasoa, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari ez lotzeko eta salbuesteko aldez aurreko aitorpenari buruzkoa.

4. Elizen, konfesioen eta komunitate erlijiosoen onura fiskalak arautzen dituen Foru Parlamentuaren 1981eko ekainaren 16ko Erabakiaren 2. artikuluan jasotakoa.

5. Kultur jardueren gizarte intereseko deklarazioa arautzen duen apirilaren 19ko 118/1999 Foru Dekretuan eta zenbait kirol jardueraren gizarte intereseko deklarazioa arautzen duen azaroaren 13ko 356/2000 Foru Dekretuan jasoak.

6. Ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen Testu Bategineko 22. artikuluko B) letraren 2. atalean jasoa, zenbait proiektu gizarte interesekoak deklaratzeari buruzkoa.

7. Zenbatespen objektiboaren araubideko zeinu, indize eta moduluak murrizteko baimena, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 36.4 artikuluan aipatua.

8. Europar Batasunaren barreneko Eragileen Erregistroan sartu edo baja hartzeko eskaera, Europar Batasunaren barreneko Eragileen Erregistroa sortu zuen Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 29ko 227/2004 Foru Aginduaren 2. artikuluan aipatzen dena.

C) Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada onartutzat har daitezkeen prozedurak:

Entitate edo establezimendu batzuek duten izaera sozialaren kalifikazioa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluan eta Erregelamenduaren 6. artikuluan araututakoaren arabera.

D) Sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada ezetsitzat har daitezkeen prozedurak:

1. Inbertsioen kenkarien araubide berezia aplikatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 288/1988 Foru Dekretuaren 9. artikuluan arautua dagoena.

2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan jasotzen diren prozedura batzuk, honako hauek alegia:

a) Jasotzaileak edo hirugarren batek fakturak egiteko baimenaren prozedura, Erregelamenduaren 5.4 artikuluan arautua dagoena.

b) Baimena emateko prozedura, ez dadin ezinbestekoa izan zuzenketa-fakturetan zuzendutako fakturak zehaztea, eta nahikoa izan dadin zein epetakoa diren jartzea, 15.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa