(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Arau orokorrak :
      • 6/2014 Foru Legea, apirilaren 14koa, Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergari buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

6/2014 Foru Legea, apirilaren 14koa, Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergari buruzkoa

 

(2014ko 81. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 28an)

Zioen Azalpena

Zenbait autonomia erkidegok kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zuzeneko zerga bat arautu dute azken urteotan. Zerga horren zergapeko egintza da kreditu-erakundeek hirugarrenen funtsak atzitzea, edozein izaera juridikoz, eta funtsak itzultzeko betebeharrarekin. Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergari buruzko azaroaren 29ko 14/2001 Extremadurako Legea izan zen onetsitako lehena, eta aurkaratua izan zen Konstituzio Auzitegian, zeinak, azaroaren 14ko 210/2012 zenbakiko epaiaren bidez, ezetsi egin baitzuen konstituziokontrakotasun-errekurtsoa, esanez zerga horrek ez duela eragiten zerga-ezarpen bikoitzik, ez balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, ez jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez ere, ez diela eragiten kapitalen joan-etorri askeari edo kokatzeko askatasunari, eta ez duela hausten lurraldez kanpoko ondasunak edo egintzak ez kargatzeko debekua. Geroago, Andaluziak (abenduaren 3ko 11/2010 Legea), Asturiasek (abenduaren 28ko 3/2012 Legea), Kanariar Uharteek (ekainaren 25eko 4/2012 Legea) eta Kataluniak ere (abenduaren 18ko 5/2012 Lege-dekretua) ezarri zuten zerga.

Azkenik, “finantza-sistemaren funtzionamenduan efizientzia handiagoa bermatzen duen tratamendu fiskal harmonizatu bat ziurtatzeko asmoz”, Finantza publikoak sendotzera eta jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratutako tributu-neurriei buruzko abenduaren 27ko 16/2012 Legearen 19. artikuluak kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga sortu zuen, 2013ko urtarrilaren 1etik aitzinako ondorioekin, Espainiako lurralde osoan eska daitekeen zuzeneko zerga gisa, “Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan eta Nafarroako Foru Komunitatean hurrenez hurren foruetako zerga-araubide diren ekonomia-itunari eta ekonomia-hitzarmenari kalterik egin gabe”.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluarekin bat, Nafarroako zerga eta finantza jarduera hitzarmen ekonomikoaren tradiziozko sistemaren bidez arautzen da, eta Nafarroak bere zerga-araubideari eusteko eta hura ezarri eta arautzeko ahalmena du. Uztailaren 15eko 25/2003 Legearen bidez onetsitako Hitzarmen Ekonomiko indardunaren 2. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateak ahalmena du hitzartutakoez bestelako zergak ezartzeko, baldin eta hitzarmenean jasotako harmonizazio irizpideak eta printzipioak errespetatzen badira; besteak beste, solidaritate printzipioa, benetako zerga-presio orokorra Estatuaren gainerakoan dagoenaren baliokidea izatea, pertsonen joan-etorri eta kokatze askatasuna eta Espainiako lurralde osoan ondasunek, kapitalek eta zerbitzuek libreki zirkulatzea, ondorio diskriminatzailerik eragin gabe.

Xedapen horiek direla-eta, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan sortzea eta arautzea bertako lurraldean jarduten duten kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga.

1. artikulua. Sorrera.

Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga sortzen da, zeina foru lege honetan jasotako xedapenei jarraikiz arautuko baita.

2. artikulua. Zergaren izaera eta xedea.

Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga, izaera zuzeneko tributu bat da, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean jarduten duten kreditu-erakundeetan jarritako gordailuak kargatzen dituena, foru lege honetan ezarritako moduan eta baldintzetan.

3. artikulua. Zergapeko egintza.

Zergapeko egintza da foru lege honen 6. artikuluan adierazitako zergadunek hirugarrenen funtsak mantentzea, mantentze horren izaera juridikoa zein ere den, eta funtsak itzultzeko betebeharra baldin badakar.

4. artikulua. Salbuespenak.

Honakoak daude zerga honetatik salbuetsiak:

1.–Espainiako Bankua eta diru-arauketako agintariak.

2.–Europako Inbertsio Bankua.

3.–Europako Banku Zentrala.

4.–Kreditu Ofizialeko Institutua.

5. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

Zergaldia urte naturala izanen da.

Halere, jarduera hasten bada Foru Komunitatearen lurraldean urte naturala hasita dagoenean, zergaldia izanen da jarduera hasi den egunetik urte naturala bukatu bitartekoa.

Zergaldia betiere bukatuko da zergadunak Nafarroako Foru Komunitatean jarduteari uzten dionean.

Zerga sortuko da zergaldiaren azken egunean.

6. artikulua. Zergadunak.

1. Zergaren zergadunak izanen dira:

a) Kreditu Erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitu beharrari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. artikuluan zehaztutako kreditu-erakundeak, Foru Komunitatearen lurraldean jarduten badute eta lurralde horretan eskuratzen badituzte hirugarrenen funtsak, bai bere egoitza nagusiaren bidez, bai lurralde horretako sukurtsal eta bulegoen bidez; betiere, itzultzeko betebeharrarekin.

b) Atzerriko kreditu-erakundeek Foru Komunitatearen lurraldean dituzten sukurtsalak, jarduketa horiek egiten dituztenak.

2. Aipatu erakundeek ezin diete hirugarrenei inolaz ere jasanarazi zerga honen kuota.

7. artikulua. Zerga-oinarria.

1. Zerga-oinarria da zergaldiko hiruhileko natural bakoitzeko azken saldoaren batez besteko aritmetikoa egitetik heldu den zenbatekoa, kreditu-erakundeen balantzearen pasibo erreserbatuko 4. kontusailari –”bezeroen gordailuak”, egoera-orri finantzario indibidualetan jasotakoak– dagokiona, Foru Komunitateko lurraldeko egoitza nagusiak edo sukurtsalek eskuratutako gordailuei dagokien zatian.

Horretarako, azken saldoari zenbateko hauek kenduko zaizkio: “Jaulkitako partaidetzak eta hipoteka-zedulak” izeneko 4.2.2.4. kontusailean jasotako zenbatekoak, bai eta 4.1.5., 4.2.5., 4.3.2. eta 4.4.5. kontusailetako “balorazio doikuntzak” gisa jasotako zenbatekoak ere.

2. Artikulu honetan aipatutako parametroak dira Espainiako Bankuak kreditu-erakundeei zehaztu zizkienak abenduaren 22ko 4/2004 Zirkularreko II. tituluan eta IV. eranskinean; zirkular hori finantza-informazio publiko eta erreserbatuko arauei eta egoera-orri finantzarioen ereduei buruzkoa da, eta, haren ordezkorik emango balitz, arau berriari jarraituko litzaioke.

8. artikulua. Zerga-kuota.

1. Kuota osoa zerga oinarriari ehuneko 0,03ko karga-tasa aplikatuz kalkulatuko da.

2. Kenkari orokorrak. Erregelamenduz ezarritakoaren arabera kalkulatuz ateratzen den kuotatik ondoko zenbatekoak izanen dira kengarriak:

a) Kuota osoaren ehuneko 40, baldin eta kreditu-erakundearen egoitza soziala Nafarroan badago.

b) 8.000 euro, Nafarroako lurraldean kokatutako sukurtsal edo bulego bakoitzeko; kantitate hori 30.000 euroraino igoko da baldin eta erroldaren arabera 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan kokaturik badaude.

c) Aurrezki kutxen eta horien transformazioaren ondoriozko fundazioen gizarte-ekintzetara bideratuak, eta kreditu-kooperatiben hezkuntza- eta sustapen-funtsetara, betiere kasuan kasuko zergaldian Nafarroan benetan inbertituak izan direnean.

Aurrezki kutxek edo kreditu-kooperatibek kreditu-entitate batean partaidetza badute eta entitate horien bidez gauzatzen badute zeharka beren finantza-jarduera, edota kreditu-entitate horietan partaidetza badute aurrezki kutxen transformazioaren ondoriozko fundazioek edo kreditu-kooperatibek, aipatutako kreditu-entitate horrek ere, zergaren subjektu pasiboa delarik, aplikatzen ahalko du kenkari hori.

d) Kuota osoaren ehuneko 25, baldin eta subjektu pasiboa kreditu-kooperatiba bada.

e) Europar Batasuneko araudiko definizioaren arabera enpresa txiki eta ertainak nahiz autonomoak direnei ekitaldi bakoitzean emaniko zenbateko guztien ehuneko 2.

f) Nafarroako Foru Komunitatearentzat onura publikokoak edo gizarte-interesekoak diren proiektuetarako emaniko finantzaketa, edo lankidetza publiko-pribatuko proiektuetarako emandakoa, proiektuok Nafarroako Gobernuak itunduak eta onetsiak baldin badira, edo, bestela, foru legez ezarritako proiektuetarako emandakoa.

3. Kuota likidoa izanen da tributu-kuotari artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritako kenkariak aplikatzetik heldu dena. Kuota likidoak ez du inolaz ere izanen 0 euro baino gutxiagoko baliorik, eta ezin baldin bada inolako kenkaririk aplikatu, kuota likidoa kuota osoaren berdina izanen da.

4. Kuota diferentziala izanen da egindako konturako ordainketak kuota likidoari kentzetik heldu den emaitza, zeina konpentsatu egin ahalko baita foru lege honetan ezarritako moduan, baldin eta likidaziotik ateratzen den tributu-kuota negatiboa bada, eta positiboa bada, likidaziotik ateratzen den kuotaren zati osoa bada.

5. Autolikidaziotik ateratzen den tributu-kuota izanen da kuota diferentzialari indarreko ekitaldiko konturako ordainketak, itzulketarako eskubidea sortzen dutenak, gehitzetik ateratzen dena, baldin eta negatiboa bada, foru lege honetan ezarritako moduan.

9. artikulua. Kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskaritza.

1. Zergaren kudeaketa, diru-bilketa eta ikuskaritza Nafarroako Zerga Ogasunari dagozkio, eta hori ez da eragozpen izanen kontrolaren xede diren finantza-establezimenduen arabera sektorean eskudun diren ikuskaritza-organoekin lankidetzan aritzeko.

2. Zergadunek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute zergaldiaren osteko urteko uztailean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ezarritako tokian eta moduan.

3. Autolikidazioarekin batera, erregelamendu bidez ezarritako zerrendak aurkeztuko dira, bertan adierazita Nafarroan kokatutako sukurtsal bakoitzak eta/edo entitatearen egoitza zentralak izandako azken saldoa azken lau hiruhileko naturaletako bakoitzean, modalitateen arabera bereizita; ezin izanen da banku-sekretua baliatu informazio horretan datuak ezkutatzeko.

4. Nafarroan bulegoak dituen erakunde batek ez badu kasuko autolikidazioa epearen barruan aurkezten, Nafarroako Zerga Ogasuneko kudeaketa-organoek prozedura abiarazi ahal izanen dute, eskueran dituzten datuekin behin-behineko likidazioa egiteko. Modu horretan egindako likidazioaren betearazpena ezertan ere eragotzi gabe, Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunek egiaztapen eta ikerketa jarduketak abiarazi ahal izanen dituzte, egindako likidazioaren xede den aldiari buruz.

10. artikulua. Konturako ordainketa egin beharra.

Zergadunak behartuta daude konturako ordainketaren autolikidazio bat aurkeztera, kasuko zergaldiarena, ekitaldi bakoitzeko uztailean, aurreko zergalditik heldu den kuota likidoaren ehuneko 50ekoa.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Foru lege honetan eta foru legea garatzeko araudian xedatutakoa ez betetzetik heldu diren tributu arloko arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera kalifikatu eta zehatuko dira.

Xedapen Iragankorra

Foru lege honetan ezarritakoa garatzeko erregelamenduzko xedapenak onetsi arte, eta kobratzea errazte aldera, Nafarroan bulegoak irekita dituzten kreditu-erakundeak behartuta egonen dira zerga aplikatzen den lehen ekitaldiaren hurrengoko urtarrilaren 30a baino lehen Nafarroako Zerga Ogasunari jakinaraztera balizko likidazioa egiteko beharrezkoak diren datuak.

Azken Xedapena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra. Betiere, 2014ko urtarrilaren 1etik aitzina hasitako zergaldietako ondorioekin exijituko da zerga.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa